Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Historia»Erdi aroa - Lurraldearen eraketa

Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiaren eraketa

Arabako hiribilduak Erdi Aroan.<br><br>

Gaur egungo Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabaren eraketa historikoa Erdi Aro osoan zehar gauzatu zen. 1200. urtea arteko aldia aztertuko da batez ere lan honetan, orduan marraztu baitziren hiru probintzien muga historikoak. Hiru probintziek elkarren oso bilakaera desberdina izan zuten. Hala ere, itsasaldeko lurraldeek antzekotasun handiak izan zituzten zenbait gauzatan. Arabak, aldiz, antz handiagoa izan zuen bere bilakaeran Burgos iparraldearekin Gipuzkoarekin eta Bizkaiarekin baino.

Has gaitezen Bizkaia eta Gipuzkoarekin.

Zalantza handiak daude bi lurralde horien jatorriaz, eta elezaharrekin nahasten dira, Bizkaiaren kasuan behintzat. Izan ere, garai horri buruz oso dokumentu gutxi dago lurralde horietan, eta lurralde horiei buruzko aipamenak ere urriak dira oso. Gipuzkoa hamarren bat dokumentutan aipatzen da, ez oso modu argian, Nafarroako erreinuaren bazterreko lurralde gisa ?ikus mapa: ?Gipuzkoa 1200 baino lehen??. Erregeen aginpidea 1000. urtetik aurrera hasi zen finkatzen tokian tokiko abarka handizurenen ahaide ziren ofizial ordezkarien bitartez.

Bizkaia lehenago agertu zen agiri idatzietan.

Alfontso III.ak aipatu zuen bere kroniketan,X. mendearen hasieran: Asturiasko erreinuak Garape eta Karrantza gutiziatzen zituela zioen. Handik hara, Goi Erdi Aroan, bada Bizkaiari buruzko zenbait berri idatzi: ?Reja de San Millán? delako zerga dokumentuak eta beste zenbait monasteriotako agiriek (Oña, San Juan de la Peña?) Bizkaiko gizarteak zer bilakaera izan zuen sumatzeko bidea ematen dute behintzat.

Baina badira datu gehiago ere gizarte horien eraketa historikoa sakonago aztertzeko.

Funtsezkoa da, esate baterako, Kantauri itsasertzeko beste eskualde batzuen bilakaera aztertzea, Bizkaiaren eta Gipuzkoaren antzekoa izan baitzuten, baina lehenago. Arkeologiak ere garrantzizkoa izan behar luke Goi Erdi Aroko lurralde hauek ulertzeko. Orobat toponimiaren eta jendeztatzearen azterketatik gizarte horien bilakaerari buruzko aztarnak bil daitezke.

Bizkaia eta Gipuzkoa, oro har, inguruko lurraldeak baino beranduago garatu ziren Goi Erdi Aroan.

Erromako inperioa desegin eta bisigodoak Iberiako penintsulan sartu ziren garaiko guduek (VI. mendearen hasiera) ere datu gutxi utzi dituzte. Bertako biztanleak ahaidetasun loturek sorturiko leinu handietan banatuak zeuden nonbait, artzantzan jarduten zuten eta mendien goialdean bizi ziren. Gizarte antolamendu hori Asturias eta Kantabria aldean 300 urte lehenago izan zutenaren antzekoa zen. Iparraldeak ez zuen inolako interesik bisigodoentzat. Horregatik ez zuten konkistatu. Ebro ibiaren erriberan gotorlekuak eraikitzera mugatu ziren, beren erreinua bertakoen erasoetatik babesteko.

Arabiarrak Toledoko erreinura heldu eta ia penintsula osoa konkistatu zutenean (VIII. mendea), ahaidetasun loturek sorturiko leinu handietan antolatua zegoen oraindik ere Kantauri itsasalde osoa, leinu konfederazio moduko batzuetan edo. Sortaldeko muturrean, Gipuzkoa, atzeratuagoa zegoen.

Oraingoan ere musulmanak ez zirenlurraldeaz batere kezkatu eta Ebro ibaiaz hegoaldera finkatu ziren.

Handik gutxira, Iruñea eta Asturiasko erreinuak sortu eta, monarkiak sendotu ahala, bi erresumen hedatze politika hegoaldera soilik zuzentzen ez zenez, aztergai ditugun lurralde hauetara zabaltzen hasi ziren. Une honetatik aurrera (IX. mendea), bilakaera berankorragoa izan bazuten ere, inguruko lurraldeen bilakaerarekin berdinduz joan ziren geroz eta azkarrago. Erregeek, nafarrek batik-bat, funtsezko papera jokatu zuten bilakaera horretan.

Gipuzkoako leinu talde handiak ?barduliarrak eta baskoiak? zatituak zeuden barrutik. Autrigoiek eta karistiarrek antzeko bilakaera izan zuten Bizkaian. Gipuzkoaren eta Bizkaiaren garai hartako bilakaera historikoa ulertzeko ezinbestekoa da jakitea gizartearen barne bilakaerak feudalismoa ekarri zuela eta horrekin estu loturik gizarte talde berri bat sortu zela, abarka handizurenen aristokrazia txikia. Hain zuzen ere, gizarte talde horretxek markatu zuen antzinako gizarte leinuetan antolatutako batetik gizarte feudalera igarotzea.

Ahaidetasun loturak lausotu ahala sendotu egin ziren auzotasun loturak. Hau funtsezkoa izan zen, zeren ahaide taldeko buruzagitzak ematen zuen aginpide moralari, auzoko ahaltsuena, aberatsena eta eraginkorrena izatea gehitu zitzaion. Gaztela iparraldean IX. mendean gertatu zen bezalaxe, IX.. endetik XII. mendera bitartean antzinako leinuetako buruzagiek komunitatetik eratorritako aginpideak gehitu zizkieten lehenagotik zituztenei. Maila apaleko aristokrazia bat sortu zen horrela, lurraldea feudoetan banatzea eragin zuena. Bizkaia aurreratuagoa zegoen Gipuzkoa baino bere bilakaeran.

Hala, XI. mendearen azkenerako, lurraldeaz kanpoko beste aginte batzuk nabarmendu ziren, eta horri esker azkartu egin zen haren bilakaera. Hain zuzen, gauza bera gertatu zen Gipuzkoan ondorengo mendean. Ahaide loturen ordez auzotasun loturak nagusitu zirenetik erregeek, monasterioek eta handikiek geroz eta eragin handiagoa izan zuten lurraldean.

Bestalde, goi mendietako biztanleria erdi nomada haranetan finkatzen hasi zen.

Biztanleria gune berri horiei ?unibertsitate? deitu zitzaien Gipuzkoan eta ?elizate? Bizkaian, eta Erdi Aro osoan iraun zuten. Elizate horiek izan ziren Bizkaian hiribilduez kanpoko lurraldearen antolamenduaren oinarria: Lur Zabala. Biztanleria gune txiki horien barruan gizartea zatitu egin zen berehala: ahaltsuak batetik eta behartsuak bestetik; biztanle guneak ere berdin, bereizi egin ziren, ahaltsuak batetik eta ahulak bestetik. Ahaltsuak hiribildu bilakatu ziren eta besteak, aldiz, hiribilduen mendeko auzo. Herri gutunak dira horren erakusgarri.

Gizatalde horietako buruzagiek, zuten statusari eutsi eta handitu nahian, beste zenbait jardueraren artean, ibai bokaleetara heltzen ziren merkatari arrotzekin lehengaiak trukatzeari ekin zioten.

Gero, merkatari arrotzekin zituzten harreman onei esker, kaiak prestatzen hasi ziren ontziak lehorreratzeko tokirik egokienetan.

Kai horietatik erresuma barruraino eramaten ziren salerosgaiak bide bihurrietan zehar. Orduan finkatu ziren harreman sendo eta iraunkor baten oinarriak.

XII. mendearen azken hamarraldietan, Gipuzkoaren historian funtsezkoa izan zen zerbait gertatu zen. Merkatari arrotzen eta itsasertzeko unibertsitate eta elizateen arteko harreman bikainekin du zerikusia gertakari horrek. Kanpora irekitzearen ondorioz, merkataritza harremanak indartu egin ziren, eta ingelesen eta frantsesen arteko politika gertakarien eraginez, Baionako merkatari talde bat, hiritik ihes egin beharrean gertatua ?harekiko harreman estuekin jarraitu bazuten ere?, horietako bi kaietan finkatu ziren. Bestalde, Nafarroako erregeek merkataritza bideak indartzeko zuten interesa eta merkataritzarako tokien ezagutza erabakigarri izan ziren Gipuzkoako lehenengo bi hiribilduak fundatzeko: Donostia eta Hondarribia, 1180an bata eta 1203an bestea, gutxi gorabehera. Donostia fundatzean kanpotik etorritako biztanleekiko loturak sendotu zituzten nafar erregeek, erraztasun guztiak eman baitzizkieten han finkatzeko eta merkataritza jarduerak antolatzeko.

Biztanle berriek, beren interesen araberako araudia behar zutenez, franko forua eman zien erregeak: Lizarrakoaren berdina, hain zuzen, haientzat funtsezko jarduera zen itsas merkataritzarekin zerikusia zuten zenbait hobekuntza sartuta.

IX. menderako Gipuzkoa eta Bizkaiko gobernariek gaitasun harrigarria erakutsi zuten egitura soziopolitiko berrietara egokitzeko,eta hala, ahaidegozko buruzagi horien esku egon zen (eta kanpotik heldutako beste batzuen esku ere bai Gipuzkoan) Erdi Aro osoan lurraldeko aginpide politikoaren kontrola. Gizartearen bilakaera geroz eta bizkorragoa izan zen. XI. mendearen azkenetan agertu ziren lehen monasterioak Gipuzkoan, Bizkaian lehentxeago ezarriak baziren ere. Gipuzkoako eta Bizkaiko lurraldeak eliz barrutietan antolatzeak eskualde horietan sortu zen gizarte errealitate berriaren esparrutzat balio izan zuen. 1000-1200 bitartean, Gipuzkoa eta Bizkaia batetik bestera ibili ziren Gaztelako eta Nafarroako erresumen artean. Bi erresumei interesatzen zitzaien lurralde horiek kontrolatzea: ustiatzeko gauza asko ez ezik itsasorako irtenbide egokia eskaitzen zuten, eta itsas merkataritza indartzen ari zen une hartan.

Orain artean, antzekotasun nabariak ikusi ditugu Gipuzkoaren eta Bizkaiaren bilakaeran. Pareko bilakaerak izan ziren, denboran alde pixka bat izan bazuten ere.

Hala ere, bada alderdi bat nabarmen bereiztu zituena Erdi Aro osoan zehar. Gipuzkoari, beranduago garatu baitzen, hegoalde aurreratuagoko noble ahaltsuek oso kasu gutxi egin zioten. Bizkaiak, ordea, berehala piztu zuen inguruko handikien interesa, eta beste bide bat hartu behar izan zuen. Bizkaiak ?jaurerria? osatzen zuen.

Jaurerri horren jatorria elezaharretan galtzen da, eta zituen ezaugarri bereziek Erdi Aroan Iberiako penintsulan zeuden beste jaurerrien artetik nabarmenarazi zuten.

Harotarren jatorriari buruz, hauek izan baitziren Bizkaiko Jaunak harik eta XIV.. endearen erdialdera jaurerria Koroara gehitu zen arte, ez dago dokumentu sinesgarririk.

Erdi Aroan sortu zen elezaharra.

Pedro de Barcelosen Livro dos Linhages liburuan (1325-1345 inguruan idatzia) kontatzen da Ingalaterrako erregearen anaia Froom eta haren semea bota egin zituztela erresuma hartatik 860 urte aldera; Bizkaiko kostara iritsirik, lurraldeko nagusi zen eta zerga bidegabeak kobratzen zituen asturiar konde zital baten aurkako matxinada zuzendu zuten; garaipenaren ondoren, Bizkaiko konde izendatu zuten ingelesa, eta haren seme eta ondorengoek jarauntsi zuten haren titulua. Lope García de Salazarrek Las Bienandanzas e Fortunas liburuan (XV. mendearen bukaeran idatzia) jasota dauzkan beste elezahar batzuetan agertzen denez, Eskoziako erregearen biloba Zuria izan omen zen Leongo erregearen semearen aurkako altxamenduan, Arrigorriagako guduan, buruzagi. Elezaharrak alde batera utzita, beraz, Erdi Aroan zehar argi eta garbi bereizitako hiru eskualdeetatik abiaturik ?Jatorrizko Bizkaia, Durangaldea etaEnkarterriak?, jurisdikzio barruti bakar bezala eratu zen Bizkaia, eta bertako jaunek, Harotarrek, erregearen izenean ordezkatutako gobernu eskubideak zituzten. Baina ez Behe Erdi Aroko beste edozein jaurerritan bezala (Araban XIV. mendetik aurrera, adibidez), Frantziako Capet dinastiako printzerri haiek bezalatsukoak baizik, gure ustez.

Jaurerriaren eraketa, beraz, hiru eskualde horietatik abiatu zen ?ikus mapa: ?Bizkaia 1200 baino lehen??, eta XII. mendearen bukaeran eta XIII.aren hasieran gauzatu zen. Harotarrek Deba eta Nerbioi ibaien artean zituzten lurralde sakabanatuek osatzen zuten hasieran jaurerria. Jatorrizko Bizkaia deitzen zaio gune horri. 1212an Durangaldea erantsi zitzaion, Diego López de Harok eskuratu baitzuen Navas de Tolosako guduan izan zuen portaeraren saritzat. Hirugarren eskualdea, Enkarterriak, jaurgo txiki askoz osatua zegoen, baina Harotarrak tartean sartu ziren Bizkaiko bigarren jauna jauntxo horietako baten alaba Ticlo Díazekin ezkondu zenean. Handik hara lurralde guztia kontrolatu zuten. Ahaide harremanei esker, beste era bateko mendekotasun harremanei esker, eta zenbait erosketari esker, berehala bihurtu ziren Harotarrak lurralde osoko jaun eta jabe, eta XIII. mendearen lehen herena amaitzerako, irmo finkatuak zeuden Bizkaian. Hala eta guztiz ere, nola Enkarterriek, hala Durangaldeak, Erdi Aro osoan zehar eutsi zieten euren nortasunari eta erakundeei. Balmaseda eta Urduña, ordea, ez ziren Erdi Aroan Bizkaiko Jaunaren mendeko izan, nahiz eta, inoiz edo behin, Harotarrei emanak agertu. Leinu horrek beraz funtsezko papera jokatu zuen Bizkaiaren garapenean. Abarka handizurenekin basailutza sareak sortzea eta hiribildu batzuk bultzatzea izan ziren garapen horren bi faktore nagusiak.

Gipuzkoak eta Bizkaiak ez bezalako bilakaera izan zuen Arabak ?ikus mapa: ?Araba 1200 baino lehen??. Burgos iparraldeko eskualdeen antz handiagoa izan zuen Arabaren eraketa prozesuak, nahiz eta bereberezitasunak badituen, aitoren semeen kofradia bat sortu zelako, batik-bat: Arriagako Kofradia. Baina, has gaitezen hasieratik.

Crónica de Alfonso III delakoaren eskutik sartu zen Araba historian, aurretik Bizkaia bezala. Dokumentu horren arabera badirudi musulmanek ez zutela menderatu, han inguruan bazebiltzan ere, Ebro ibaia aldean. 1025ean Donemiliaga Kululako monasterioak zerga ordaintzen zioten lekuenzerrenda egin zuen (10 bizilaguneko, golde burdin bat ordaindu behar zioten urtean esandako monasterioari). Dokumentu horretan, ?Reja de San Millán? deitua, argi eta garbi azaltzen da garai hartan Arabako Lautadan zenbat etxalde eta biztanle zegoen: 305-308 herriska 16 barrutitan banatuak.

Erregeek konderrietan antolatu zuten lurraldea, eta konfidantzazko handikiei eman zieten buruzagitza, lurraldea haien izenean administra zezaten. Konderri bakoitza ere barrutietan banatua zegoen. Barruti horiek administrazio eremuak ziren, herriskez osatuak. Herrisketan, berriz, erregeren mendeko nekazariak eta lurjaberen bat edo beste bizi ziren. IX. mendetik aurrera auzoak eta barrutiak nobleen esku uzten hasi ziren erregeak. Barruti aberatsenak edo geoestrategiaz interes handiena zutenak besterik ez ziren geratu monarkiaren jabetzapean.

Garrantzi handiko hiribilduak fundatu ziren horietako barruti batzuetan: Gasteiz eta Agurain, esate baterako. Muga lurralde zen neurrian garrantzi handia zuela jabeturik, Gaztela eta Nafarroako monarkiek oso ongi zaindu eta babestu zuten Araba garai hartan.

Arabako konderria erregearen hurbileko noble baten agindupean egoten zen, eta horrek zuen erresuma zaintzeko ardura.

Bertakoa edo ingurukoa izaten zen kargudun hori. XI. mendearen bukaeran ?milites?-ak azaldu ziren, gizarte eta ekonomi maila handiagoko jauntxoak, alegia. Horien artean Mendozatarrek, esate baterako, protagonismo handia izan zuten Behe Erdi Aroko historian. Geroago, XIII. mendean, Arabako erdialdeko nobleak batuta egon ziren euren interesen defentsan. Arriagako Kofradia eratu zuten horretarako. Baliteke Kofradiaren jatorria XII. mendeko milites arabar horietan egotea. Noble horiek lurren eta elizen jabe ziren, eta beraien mendeko pertsonak ere gero eta azpirago eduki zituzten noblezia autoktono hori eratu eta sendotu bitartean. Inguruko monasterio handien jokabideak ere sendotu egin zituen nekazarien mendekotasun loturak, jaun feudalen gisa jokatzen baitzuten. Mendekotasun hori gorabehera, hazkunde handia izanzuen Arabako nekazaritzak, eta horixe izan zen hain zuzen XIII. mendearen hasieraz gero egin zuen aurrerakadaren oinarri nagusia.

Araban, ekonomiaren hazkundearekin oso loturik, garrantzi handiko beste prozesu bat hasi zen ?eta ondorengo mendeetan jarraitu zuen? Goi Erdi Aroan: hiribilduen sorrera, alegia. Hiribilduek pribilejiozko estatutuak zituzten bertan bizi zirenentzat, eta lurraldea antolatzeaz gainera ekonomi jarduera berriak bultzatzen saiatu ziren. Merkataritza bideen babesean sortu ziren ekonomi jarduera berriak Europa osoan. Arabako hiribildu guztiei eman zitzaizkien franko foruak, Logroñokoen eredura.

1181ean fundatu zen Vitoria, Gasteiz izeneko herriskaren gainean, eta handik hara bera izan zen Arabako hiribildu nagusia.

Beste zenbait hiribildu interes estrategikoen itzalean sortu ziren. Nafarroa-Gaztelaren arteko mugari esker jaio ziren zenbait: Antoñana, Bernedo, Biasteri eta Labraza, esate baterako. Hiribilduetako asko arrazoi militarrengatik sortu ziren Hispaniako erresumen arteko mugaldean. Arabako muga hiribildu horiek orain Nafarroaren jabetzakoak bezala, Gaztelakoak ziren hurrengoan, eta hori zela eta, Arabako sortaldeko mugak ez ziren XV. mendearen bukaera arte behin-betiko finkatu.

Lurralde horiek eskuratzearren nafarrek eta gaztelauek 200 urte borrokan eman ondoren ?ikus mapa: ?Nafarroaren eta Gaztelaren arteko mugak Euskal Herrian (1000- 1200)??, 1200. urtean, eta Gipuzkoako leinuen onespenarekin, Bizkaiko Jaunen leialtasun aldaketarekin, Gasteizen konkistarekin eta Arabako handikien baimenarekin, behin-betiko erantsi ziren Gaztelara Gipuzkoako lurrak, Bizkaiko Jaurerria eta Arabako lurraldeak. Gaztelako koroara igarotzeak ez zuen inolako aldaketarik eragin lurralde horietako gizartearengan. Gaztelako erregeek tokian tokiko leinu nagusiekin eta gaskoinekin hitzarmenak egiten jarraitu zuten eta lurraldea antolatzeari ekin zioten.

Hiribildu asko sortu ziren, bata bestearen ondotik?, baina hori beste kontu bat da, beste alor bateko aztergaia.