Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Euskara eta Euskal Literatura»Euskara eta Euskal Literatura

Aro berriaren erreferentzia guneak

Euskaltzaindiako kideak, erakunde honen ohiko bilkura batean, 1927. urtean. Ezkerretik eskuinera: Zutik: Nikolas Ormaetxea, Martin Landerretxe, Sebero Altube, Julio de Urquijo eta Raimundo Olabide.<br><br>Eserita: Eguzkiza, B. Etxegarai, R. M. Azkue eta Georges Lacombe.<br><br>

 

Pentsakeraren ildoak

Azken aldi honetan bizi izan dugun hainbat krisialdiren pean periodizazio bat aurkitzen dugu, «Mendebaleko» gizarte osoarena eta, zer esanik ez, Euskal Herriarena islatzen duena. Guztiz interesgarria deritzogu azken urteen azterketa baten bidez hasteari, geroari buruzko arrastoz beteta baitago.

1.- Lehenik, euste, izualdi, mikeztasun, dezepzio, aldaketa gura fase bat izan zen; laztasunak, sakrifizioak, nekez geldiarazitako indarkeria-egunak. Horrela izan zen Bigarren Mundu Gerra ondorengo egunetan. Eta horrela izan zen, han, XVIII. mendeko urruneko garai haietan, esfortzuaren izpiritualtasunak modernitatearen hasiera bermatu zuenean.

2.- Gero, planifikazioaren eta esfortzuaren fruitu beharrezko gisa, garapenkeria eta kolonizazio ideologiko berri baten euforia etorri ziren. Gizarte berri baten fedea adierazten zuen, arrazionaltasunaren eta ongizatearen posibilitateetan gauzatzen zena, gogo bero sortzaile baten erdian. Nola hala, berriz ere XIX.. endeko europar gizartearen espantsionismoa bizitzea bezalako zerbait zen.

Orduan ere herriak beraien gaitasunarekiko eta beraien proposamenaren ontasunarekiko sinesmenean bizi baitziren.

3.- Fase honi, fede horrekiko krisialdiak jarraitu zion, desegokitasunak konpontzeko edo murrizteko gauza ez zelako izan hain zuzen. Horrekin batera, modernitatearen bideari eutsi zioten garapenkeria-kredo guztien hondoraketa etorri zen. Ematen zuen hirurogeiko hamarkadako azken urte haiek berriro mende hasierako urte guztiz miketzetara eramaten gintuztela, aurreko ereduen akiduraz beteak, larriak, etsiak.

4.- Kaos sentsazioaren errepikapenak, kontrako jarrerek ekar zitzaketen ondorioenaurreko erreakzio posibilista ekarri zuen. Egia ukatu gabe, egiaren beldur ginen. Eta botere soziala kokildu egin zen, jada lortutakoa galtzeko arriskuaren beldurrez, orain etor litezkeen aldaketak dimentsio unibertsalak izan zitzakeenaren jakinean.

Posibilismo berri hau, aztoratutako kontzientzia interesatu batetik sortzen zen, gizakiari dagokionak hartu dituen dimentsio berriak direla-eta. Horren aurrean, lehengo politika-kontzeptuek ez zuten zer esanik. Jada inork ezingo zuen autonomo izan, independente, ez baitzegoen besteen ereduetatik aparte pentsa zitekeen giza-eredurik. Ekonomiaren inertziarako bakarrik egongo bailitzan tokirik, hila pentsakera, hilak sistemak.

5.- Hamarkada posibilista horrekin, beharbada, aurreko ziklo handiarekiko paralelismoak bukatzen ziren. Gaur egunhori garbi ikusten dugu, beraren barruan baitzegoen nongotasun berri baten kontzientzia, orain dimentsio unibertsalak izango dituena. Mundu guztian zabalduta zegoen perzepzio berri hau: besteekiko erlazioan baino ez garela. Dendena naturaren eta gu guztion historiaren umontzi izugarrian zegoela, paradigma berri bat agertzen zela, globaltasunak markatua. Etxe horri begira, aurreko hamarkadak posibilista izateari uko egiten dio, aro berri baten emagin bilakatzeko.

6.- Hortxe gaude orain bertan eta talaia horretatik uste dut ekin behar diogula gure izatearen fruitu eta isla den gure azken ehun urteotako literaturari, nolabait bigarren karlistaldiaren ondoren Aranak eta berarekin batera orduko gizon-emakume argitsu talde batek bultzatutako prozesuari.Ihardueraren hasiera XVIII eta XIX. mendeetako pentsakeran jarri behar da, Euskal Herria inon ezin koka daitekeen isla bilakatu nahi ez badugu bederen.XVIII eta XIX. mendetako pentsakeran bada halako orientabide espezifikoa Europan zehar: isiltasuna eta esfortzua direla benetan garrantzia dutenak, politikaren zuzendarien ofizialtasunetik urrundurik egon arren. Bestalde arrazionaltasun modernoaren talantea ulertezina gertatzen da; orduan, errealitateari atzea emanez bizi den gizartean gaude, non portaerak errepikatzea besterik ez den gelditzen, prozesu gero eta zailagoa, intenporala izateagatik hain zuzen.

Eta ezin dugu ahantzi, ondorioz, morala azpimarratzen duen portaera etikoa gailentzen dela batik bat.Bestalde, burgesen XIX. mendeko ordena berria premisa multzo batean oinarritzen da: alde batetik, ekonomiaren birmoldaketa dago, kapitalaren mugimenduaren internazionalizazio hasi berriak, nazioko eta nazioarteko garraioak posible egingo dutena.

Hauen eskutik, lan eta produzkio sistema berria sortuko da: industriala. Bestalde, mundu guztiak paradigma arrazionaletan oinarritutako lanaren organizazioan sartu beharko du, bi produkzio sistematan bai komertzializazioan zein kontsumoan. Gerra ankerra hasiko da, bidegabekeria beldurgarriz betea, gupidagabea. Azkenean, gizatiarra den ororen ideia berri bat gailendukoda, sailkapenean, eraginkortasunean eta hazkundean oinarritua. “Aurrerapen” izen ponposoa hartuko du.

Garai guztiz interesgarria da, talante berria dakarrena. Gizadiak berehala ediren zuen merezi zuela aurreko belaunaldia izan zena baino gehiago izaten saiatzea. Horri, ordea, zerbait gehiago lotu behar zaio, nonahi azaldu den izpiritu iraultzailearen «gehiegikerien» aurkako kristau-erreakzioa, zeina Antzinako Errejimenaren kristau-ordenamenduaberrezartzen saiatuko den. XIX.. endeko Euskal Herrian bereiztezinak izango dira, gu aztertzen ari garen idazleengan, herrien bizimodua modernizatzeko eta herri horiexek berkristautzeko egingo diren saioak.

Foucault filosofo estrukturalistak, bere errealitatearekiko ikuspegi eszeptiko eta desesperantzatutik, Europa osoan eta, nola ez, Euskal Herrian, eman den modernizazio prozesua modu guztiz iradokitzailean interpretatzen irakatsi digu. XX. mendearen amaierako egunotan, delako «aurrerapena»ren ondorioekiko halako zalantza izugarria dugunean, oso da adierazgarria.

Estrukturalismoak dio, azken batez zera honetan datzala «aurrerapen» modernoa: ordenak aurrera egitean, gizartean nahiz munduan. Edo, agian, ordenaren inposaketan, hedapenean bainoago. Ikuspegi estrukturalistaren arabera, ez dago benetako «aurrerapenik», organizazioa baizik. Horren arabera, giza-erakundeek helburu bera izango dute: gizartea bere baitan ezarritako ordenaren bitartez «progresiboki modernizatzea».

Lanaren eta komunikabideen eraginkortasuna eta errentabilitatea bermatuko lituzkeen orden horrek, bizitza murriztapen izugarri baten mende jartzea suposatuko luke: ordena ezin daitekeena ez da existitzen, hots, ordena baten barruan jar daitekeena bakarrik existitzen da.

Giza formazioa, pertsona izatea, Europan adina Euskal Herrian ere, ordena horretarako barne-hurbiltzean gauzatuko da.1880tik 1914ra doan garaia oinarri bezala hartu dugun ez bezalakoa da ordea.

Europan aldaketaren belaunaldia da. Desberdina da, beste zentzu bat dauka: orain arteko aldaketa, aurretik zetorrenaren baieztapenean oinarritutako aldaketa zen; oraingo hau, orain arteko guztiaren ukapenean oinarrituko da. Bi aldaketa aurkako, prozesu beraren baitan: ezagunaren betetasunarena eta heriotzarena. Mende bakar batean gizarte europarrak konfidantzatik lilura galtzea doan bidea egin du.

XIX. mendearen amaiera bizi duen belaunaldia, hutsunearen antzeko zerbaitetan bizi da, suspense garai baten hasieran, aurreko formulen lausotze, ihartze sentsazioa besterik ekarriko ez diguna. Amaiera baten testigantza da.

XIX. mendea hiltzen ari den momentuan, gure hemengo gizarteak M. Weberrek egunotan aipatzen duen kontraesaneko egoera bizi du: bizitzaren zentzu aszetiko eta izpiritualetik bizi da, mundu honen eta den-dena justifika dezakeen sistema baten eraikuntzara emana egon da… baina, batbatean, sorrera eman dioten proposamenmoral eta izpiritualak zentzurik gabe utzi dituen oparotasunean aurkitu da.

Mendearen amaierako drama bere oparotasun ekonomikoan eta zentzuaren hutsunean adierazten da, bai Sabino Aranarengan hala Azkuerengan hain zorrotz somatzen dena. Mende eta erdi lehenago justifikazio teologikoarekin gertatu zen bezalaxe, orain mundua, bihotz eta arima eman zitzaion justifikazio hori gabe aurkituko da: moralik gabe. Jada ez dago zintzotasun etikorako tokirik, kapitalak kapitalaren izenean zilegitutako legitimitatean ito baita.Istiluak anarkisten manifestazio batean, Bartzelonako Paraleloan, 1901eko «La Ilustración» aldizkariko estanpa baten arabera. Aranaren ustez Euskal Herriaren araztasuna galaraziko zuten eragileetako bat izan zen industrializazioa eta harekin batera hedaturiko emigrazioa, anarkismoa, etab.<br><br>

 

Ekonomiarekin estu lotutako prozesua

Sabino Aranaren garaitik Azkueren ia azken urteetaraino luzatzen den garaia, ataletan zati ezina da eta hari berean hartzen ditu Sabino nahiz Txomin Agirre, Lauaxeta, Lizardi eta Azkue, eta guztiz garrantzizkoa irizten diogu bi belaunaldi hauek lotuko dituen garaiko ekonomiari ekitea, lehen pentsakeraren diskurtsoarekin egin dugun halatsu. Batik bat horien guztien hats bultzatzaileizango den Sabino Aranaren ihardueran nolako garrantzi definitzailea izan zuen kontutan harturik.

Garai honen hasieran eta, zehazkiago, gure historia eta literaturarako 1876-1896 bitarte horretan, Euskal Herria, Manuel González Portillak «ziklo berri historiko» gisa definitu duen horretan sartzen da. Horren arabera, gizarte tradizionala krisialdian erortzen da, batez ere Antzinako Errejimenaren ekonomia ereduaren hausturaren ondorio bezala. Motiboa, produkzio modu gisa ematen den oinarri industrial indartsuko kapitalismoaren bermaketa izango da, 1 zeina 1960ko ekonomia arloko miraria gertatzen den arte –pentsakeraren arloan aipatu duguna– ez den bere lozorrotik irtengo. 2 Hain zuzen, espainiar estatuak Europarekiko jasaten duen nolabaiteko atzerapen ekonomikoa, areagotu egingo da XIX. mendean zehar, batez ere, Mundu Berriko espainiar migrazioaren hondoraketa dela-eta, merkatuen galeraren ondorioz.

Halere, lurraren arloko egitura arazoak izan ziren ekonomiaren garapenerako eragozpen nabarmenenak. Laborantzaren erreforma eraginkor baten porrotak, batik bat lurraren jabegoari zegokionak, zerau suposatu zuen, industria arloa –oraindik guztiz hasi berria eta tokiz-tokikoa izan arren– laborantza atzeratuaren zoriarekin lotuta aurkitu zela, Sabino hasieran konturatu ez zen arren. Berriztapen teknikorik gabeko laborantza, kostuak gutxituz eta industriarako eskulana liberatuz produktibitatea gehitzeko gauza izan ez zena, eguraldiari begira beti iraupen mailako errendimendua baino ematen ez zuten lur idorrak.

Populazioaren hazkunde tasei ezin eutsi zien produkzio sistema honi beste zenbait faktoren eragina eransten badiogu, iraultza liberala, 1853tik aurrera emigrazioa erraztuko duten legeak eta lurralde hartzaileenekonomian sortarazten diren aldaketak, besteak beste, orduan, badirudi halako zerikusirik sortzen dela emigrazio-tasa, demografia-dentsitatea eta krisialdi ekonomikoaren artean.

XIX. mendearen lehen erdialdeko demografia-hazkunde izugarria eta errekurtsoen gain eragin zuen presio izugarria izan dira, irteera masiboa bultzatuz, emigrazioaren motibo gisa behin eta berriro aipatu direnak. Fenomeno hau alboraezina da Sabino eraikitzen ariko den sistemaren egituran.

Baina, berriz ere esan behar da: ez da gure artean bakarrik gertatzen.

Europa zeharkatzen duen mamu malthusiar honek bat egin zuen Penintsulan dentsitate altuko probintzietatik eman zen emigrazio-jario bortitzarekin, zeinak garbi utziko zuen «gehiegizko demografia izan zela fenomenoaren motiborik garrantzitsuena» (Jordi Nadal).

Planteamendu honen arabera, beraz, migrazioa, populazioak errekurtsoen gain ezartzen duen presioa biguntzeko mekanismo erregulatzailea izango litzateke. Hain zuzen, errekurtsoak nahiko ez zirenean edo populazioak behar ez beste eboluzionatzean, nolabaiteko desoreka estrukturala somatzen da Antzinako Errejimeneko krisialdi orokorrarekin erlazionatzen badugu.

Argudio hori dela-eta, baditugu gure zalantzak, Sabinoren idatzietan modu erdi ezkutuan ere sumatzen direnak. Nola liteke Ameriketarako euskal emigrazioaren indizerik altuenak 1876-1913 bitartekoak izatea, hain zuzen euskal industriaren «take off»a eta Euskal Herriko gizarte kapitalistaren finkatze prozesua ematen diren une berean, hain zuzen? Dena dela, kanporako emigrazioan pentsatu aurretik, hirigune hurbilenekoetarajotzea eta industria arloan nahiz zerbitzuenean saiatzea izango litzateke irtenbiderik logikoena. Euskaldun askok, aldiz, Euskal Herriaren ekonomiaren gorakada nabarmenena gertatzen den arren, nahiago izan zuten kanpora jotzea. Bi izan litezke horren arrazoiak: bat, Lehen Mundu Gerra aurreko urteetan euskaldunek proletarizatzeari erakusten dioten erresistentzia; eta, bi, euskaldunaren independentziarako joera, W.A. Douglas eta Jon Bilbaoren hitzetan: «hirian lan egiteak besteen kontrolpean lan egitea suposatzen baitzuen».

Horrez gainera, Euskal Herria euskal nazionalismoaren bermatze prozesuan aurkituko da, nolabait, neurri batean behintzat, Euskal Herriko eta, batez ere, Bizkaiko indutrializatze prozesuak sortarazitako gatazkei aurre egiteko jaioko dena. Puntu hau gero askoz zehatzago analizatuko dugun arren, esan dezagun, sarrera gisa, Penintsulatikdatozen etorkin edo «maketo»en etorrerak «oinarrietaraino ustelduko duela Euskal Herria» 3. Erakunde sozialistak, klaseen arteko borroka, kapitalismoaren jokaera eta industrializazioa bera, «urrikal-ez, inmoralitate, birao, krimen, pentsakera libre, sinesgabekeria eta anarkismoaren» 4 sinonimo izango dira. Bizkaia errurala, aldiz, balio positiboen, antzineko ohituren, lurrarekiko atxekimenduaren eta berdintasunaren eremua izango da. Elorzaren iritzirako honako honetan datza Aranaren eraikuntzaren giltzarria: «Bizkaitik kanpoko langileen inmigrazio masiboak sortarazitako zitalkeriaren eta Euskal Herriaren araztasunaren arteko kontrastean» (Op.ait. or. 469) Honek, dudarik gabe, gizarte erruralaren goralpena dakar berarekin. Agirreren Garoa eta Kresala ikusi besterik ez dugu, Orixeren «Euskaldunak» edo, Lizardiren poesia, neurri batean. Ipar errural honek zuzendukodu, hasieran, Aranak fundatutako nazionalismoaren norabidea, industrializazioaren aurkako jarreraren ondorio logikoa.

«Hemen erruralkeria aberri izan zen, eta hirikoitasuna aberriaren ukazioa» 5.

Beraz, arazoa ez zen, hasiera-hasieratik ikuspegi nazionalista batetik euskaldun ez zen industriako kapitalista, baizik «proletargo gorria» zeritzon industria horretako proletargoa.

Hau horrela, eta Euskal Herrian lurrak kapitalismoaren bereganatzea jasango duenez, lurra utzi ala proletargo «gorri» horren zati izan artean, lehenengo aukera egingo dute.

Halaz ere, ezin dugu esan lehenengo aukera izan zuten emigratuek beren etxea «utzi» zutenik, orduko bertsolarien testuen arabera oso gutxitan planteatu baitzuten itzulerarik gabeko irteera.

«Ni urrutira joan arren, illtzen ez bagera, bilduko gera oraindik gure bazterrera; ametsak narabillde atzera eta aurrera, San Antongo menditik Zarautzko ondarrera». 6Beti izango da familiakoren bat etxearen kargu geldituko dena, emigratuek bidalitako diruaren bitartez hobekuntzak bere ardurapean hartuko dituena. Beraz, alboratu egin beharko genuke «utzi» kontzeptua.

G. de Ustarizen iritziz, indianoen diru-laguntza hauek rol guztiz erabakiorra jokatu zuten familia askoren giza eta ekonomia hobekuntzan, «ahaide askok eta askok posible egiten baitzuten laguntza horren bidez doterik gabeko gizonezko zein emakumezkok bestela ezinezko izango zitzaiekeen maila har zezaten». 7 Zoriontsu bakan batzurentzat emigrazioa botere-estrategia bilakatzen zen, lurralde hartzaileak emandako aukera ekonomikopolitikoetaz baliatu eta ameriketak egin ahal izateko. Gehienentzat, ordea, ez zen inolako botere-estrategia; garrantzizkorik ez, bederen: garbi dago denak ez zirela aberastu.

Baina egia da ere euren filosofia erruralari irtenbidea ematen ziola, kapitalismoak itotze zorian jarri zien bizimodu jasangaitzetik ihes eginez. Eta, uste dugu, batzukzein besteak, Sabino Aranaren nazionalismo sortu berriaren ajente hedatzaile izan zirela, 1936ko diasporaren ondorengo Hego Ameriketako euskal literaturak erakutsiko digun bezala. Hala eta guztiz ere, XX. mendean sartzen garen heinean, eta batik bat 1914-1918ko Lehen Mundu Gerraren garaian, behin Sabino hilda, baina bizi-bizirik bere hazia bai Azkue bai Txomin Agirrerengan, abaguneak horretara bultzatuta, «euskal laborariaren proletarizatze prozesuaren azkartzea» 8 ezagutuko dugu, seguraski gerrateak bultzatu egin zuelako euskal kapitalismoa.

Garoa irakurri besterik ez dugu, fenomenoak gure idazleei ez ziela ihes egin konturatzeko.Baina gatozen berriro deskribatzen ari ginen prozesura. Gogoratu beharrean gaude euskal metalurgia industriak Antzinako Errejimenaz geroztik ezin izan zuela barnemerkatua hornitu; hain zen izugarria orduko burdingintza aurreratuenaren –britainiarrena– eta gurearen arteko alde teknikoa. Alabaina, 1856 inguruko Bessemer prozesuaren ondoren eta britainiarrek egindako mea eskaerarekin batera, 1870eko hamarkadatik aurrera, Sabinoren garaian, Euskal Herria batez ere lurralde esportatzaile bilakatuko da.Kalitate goreneko mineralaren ugaritasunari esker eta ikatz egokien eskariagatik, burdinaren industria «lehenengo fusioko lingotea esportatzera kondenaturik zirudien eta, horren truke, kanpotik zetozen materiale elaboratuagoen etorreraren pean egotera» 9.

Bizkaiko burdin mea garraiatzen zuten ontziak «Galeseko hegoaldeko» 10 ikatzez beteta etortzen ziren eta honek merketu egiten zuen errekinaren prezioa. Honek guztiak eta kanpora eginiko salmenten irabaziek asko lagundu zuten euskal kapitala gehitzen, azken aldiko Aranak ohartuko duen bezala. Beraz, 1870eko hamarkadaren amaieran Euskal Herriko gizarte kapitalistak «take off» horretan jarriko ditu bere oinarriak.

Egoera hau, ordea, aurrez aurre Espainiako laborantza azpigaratuaren eredu kapitalistaren aurka egongo da eta Espainiako haziendaren funtzionamendu tamalgarriak okerragotu besterik ez du egingo.

Oroitu beharrean gaude mendearen amaierak munduko espazioaren berrantolaketa ekarriko duela eta nazio boteretsuenek euren artean banatu zituztela pobreagoen koloniak. Horixe izan zen Espainiaren kasua eta, kolonietako gerren ondorio bezala, batez ere Estatu Batuen aurkako gerra zela-eta, haziendak defizit ikaragarria izan zuela. 1898ko desastrearen ondoren, non Espainiak itsasotik haraindiko inperioaren azken aztarnak galdu zituen, izugarrizko esfortzua egin behar izan zuen aurrekontua orekatu eta zorrak kitatzeko.

Ekonomia atzeraldia izan zen krisiaren hastapena eta Euskal Herriarentzat 1890eko hamarkadan kanpoko merkatua galtzea, horren guztiaren ondorioa. Orduan, merkatu aldaketa gertatu zen eta asko indartu zenmerkatua. Berarekin batera ekonomia-politikaren aldaketa, libretrukatzailetik protekzionista pasatuz. Emaitza 1891koAranzela izan zen. Neurri honek bermatu egin zuen jatorrizko industria-kapitala atzerrikoaren gainetik eta bermatu ere arlo babestaileen interesak (euskal burdingintza eta katalandar oihalgintza), orain barne merkatuarekin zeharo lotuta daudenak.

Honela, Espainiako ekonomiak etapa berri bat hasi zuen eta hauexek ziren bere ezaugarriak: «gero eta autarkia handiagoa, ekonomiaren nazionalizatze eta monopolizatzea, patronal euskal-espainiarra izanik agintaritza-klasekoen artean prozesua lideratuko duena» 11. Fenomeno honek garrantzi itzela izango du Sabinoren obran eta berepentsakeraren bilakaeran eta berdin mende erdi bat geroago Arestirenean, hain nabaria ez den arren Azkue, Lizardi (kazetaritza lanetan) eta Lauaxetarenean.

González Portillak azpimarratu egiten du Lehen Mundu Gerraren aurreko hamarkadan Euskal Herrian finantziar kapitalismoak jokatzen duen rola, «kapitalismo monopolistarako joera nabarmentzen zaiola» (ibidem, 123. or.).

Bestalde, burgesia kapitalista honen eskuetan industria indartzen ari zen bitartean, laborantzak ahaleginak egin zituen bere horretan mantentzeko XIX. mendean zehar jasandako okertzearen ondoren. XX. mendearen hasieran hobekuntza txiki bat somatu zitzaion, batez ere Diputazioak autonomoak zirela-eta, kontzertu ekonomikoeiesker. Gipuzkoa eta Bizkaiko errepide sareak hautsi egin zuen mundu erruralaren isolamendua eta merkatu hiritarrek gero eta lur-ekoizpen gehiago eskatzen zuten.

Egia esan, lurraren hobekuntzaren ondoren, industriako kapitalistek interesgarritzat jo zuten lurrean inbertitzea, gero industrian pilatu zitzaketen lurraren errenten balizko pilaketa gisa, irabaziak gehituz. Horrela eskuratu zituzten Euskal Herriko herri-lur gehienak, beraietan maizterra jarri eta errenta jaso ahal izateko. Fernández de Pinedok eskaintzen digu XIX. mendearen bigarren erdiko datu hau: badirudi Bizkaiko maizterren kopurua % 64,3koa zela eta 72,45ekoa Gipuzkoakoa. Beraz, garai hartan maizterren kopurua jabeena baino handiagoa bada, hauxe da gure ondorioa, Izaskun Andonegik dioenez, Lehen Mundu Gerratearen bezperan ere berdin samar jarraituko duela maizter eta jabeen arteko proportzioak, batez ere garai hartan laborantzak izan zuen eboluzio tamalgarria eta burgesia industrialak burutu zuen lurraren espekulazioa kontutan hartzen badugu.

Kapitalista hauen eskuetan jabegoa pilatzeak gehituarazi egingo du lurraren balioa, eta errentena; ez, ordea, produkzioa.

Ondorioz, laborariaren egoera zitalagoa bilakatuko da. Hau kontuan hartu gabe ia ezinezkoa egiten da Sabinoren hasierako jarrera fundatzailea ulertzea. Ingurune horretan lur ezin hobea aurkituko du bere asmoak.

Bestalde, egoera hau laborarien egonkortasunaren aurkako atentatua zen.

Hain zen handia laborariak jabearekiko zuen mendekotasuna non «bere hautagaien alde botoa emanarazten baitzion hauteskundeetan, laborarien asmo euskaldun eta katolikoen aurka». 12 Laboraria azken hauekinidentifikaturik egon arren, indartsuagoa zen egozketaren mehatxua. Horrelaxe zioen garaikide batek: «laborari guztiek, batik bat maizterrek, sentitzen eta pairatzen dute egoera tamalgarri hori; halabeharrezko kalamidade gisa hartzen dute, ordea» 13.

Manuel Chalbaud Errazquinek, berriz, honela zioen laborariak hain garrantzizko zuen egonkortasunari buruz: «gizona bermatzeak familia bermatzea suposatzen duela denboran nahiz espazioan» 14. Denboran, berau zelako belaunaldietan zehar jarraipen historiko-sozialaren oinarri; espazioan, egoitzarekin lotzen zuelako «etxeari josiz, lurrari, aberriari». Nolabait, euskal familia baserritarrarekin identifikatzen duen egonkortasun kontzeptu hau zeharo kontrajartzen zaio hiriaren izaera mugikorrari, Agirrek setatsuki azpimarratzen duen bezala, Chalbaudek dioenarekin bat etorriz: «mutilak lantegietan irabazten hasten diren momentuan familia desagertu egiten baita unitate ekonomiko gisa» (ibidem).

Bestalde, Etcheberryk dioenez, lurraldean edo, beharbada, herrian familiak izan dezaken giza-itzala, denbora eta espazioarekiko iraunkortasunarekin lotuta dago.

Hain zuzen ere, oinetxekotasuna baita Euskal Herriko lurrari buruzko legedi zibilaren oinarrietako bat. Erakunde honek, Oinetxekotasunarenak, hauxe du helburu: odolaren lotura, hau da, familia, baserriarekin bat egitea.

Lehen Mundu Gerran hartutako neutraltasunaren ondorio gisa emango den pilatze kapitalistak aldatu egingo du euskal nazionalismoaren eboluzioa. Nazionalismoak agerian jarriko ditu ordura arte burgesia kapitalistak euskal laborantzan egindako espekulazioa eta monopolioa. Familiaren sostengurako ustiapen-unitate izateaz gain, baserria «euskal nazionalitatearen santutegia izango da, non gordeko eta betierekotuko diren gure hizkuntza, gure ohiturak, eletzarrak eta aholkuak, gure folklorea… eta non gordeko diren araztasun handienaz gure herriaren bertuteak» 15.

Planteamendu horretan oinarriturik eta balio tradizionalak jasaten ari ziren krisialdia zela-eta, maizterrek baserria erosi bitartez saiatuko dira zulotik irteten.

Aldiz, zilegi zaigu pentsatzea, dagoeneko ematen ari zen industrigunetako ekonomiaren gorakadak eragin handia izan zuela mundu erruralean. Irabaziak burgesiaren eskuetan pilatzeak eta industriako soldaten igoerak, batik bat Bizkaian, lurreko produktuen eskaeraren gorakada ekarri zuten eta eskulan erruralaren erabilpena. Douglasek eta Bilbaok diotenez, «laborari askok baserriak utzi eta hirietara jo zuten, merkatari bezala ala industri-lanetan hasi ahal izateko.

Baserrian jarraitzen zutenak joandakoak bezala jokatzen saiatzen ziren, produktu manufakturatuekiko mendekotasunean behintzat» 16.

Elorzaren iritziz, badirudi hiriranzko bidaia nabarmena dela, «egoitza errurala eta hirigunetako lanaren arteko lotura erakarriz» 17. Ondorioa, maizterren ekonomiaren hobekuntza izango da, baserriak erosteko bidea emango diena. Zenbait jabek, diruak eraginda, onartu egin zuten baserriak saltzea.Gerra ostean krisialdiaren lehen ezaugarriak azalduko dira Europan. Lehen esan bezala, kapitalaren pilatzea espekulatiboa izan zen, langileen bizkarretik eta laborariei ezarritako errenta eta zergen bitartez egina izateaz gain. Euskal burgesia industrialak «industria oinarritik egituratu beharrean, beroien kontu korronteak loditzera destinatu zituen irabaziak, lur erruralak eta hirikoak erosiz» 18.

Baina 1920ko hamarraldiaren hasiera arte luzatu zen euskal industriaren garapena itzaltzen joan zen, Primo de Riveraren diktadura garaiko babeste politikagatik ere.

Gerran parte hartu zuten nazioetako ekonomiek poliki-poliki deuseztatu egin zituzten euskal industriaren aukerak, kanpoko eskaerak murriztu egin ziren eta berriro agertu zen barruko lehia.

Ekonomiaren egonkortasun ezari dagokion egoera honen aurrean, industria-burgesiak berriro lurraren jabegoan inbertituko du bere kapitala. Ondorio bezala, lurraren prezioak oraindik gorago jo zuen eta presio handiagoa jasan behar izan zuen maizterrak, errenten igoera periodikoa zela-eta.

Hain zuzen, 1920an hasitako krisialdia, nekazari guneetan ere garbi sentitu zen eta laborariei zaila gertatu zitzaien errenten igoerari aurre egitea. Baserritarren ziurtasun eza izan zen erreakzioa, eta baserritik egotziak izateko arriskuan zeudenen Ameriketarako migrazioaren bizkortzeari eragin zion, batez ere Ameriketako mendebalekoari.

Errepublika garaian erabakitako Lurraren Erreformak, nahiz eta ez zituen konpondu laborarien arazoak, badirudi, nazionalisten presioei esker, maiztertzari buruz hartutako erabakiak bigundu egin zuela egoera. 1923an Lafitte jaunak lurraren jabe izateko baserritarren gogoa adierazi zion Gipuzkoako Aldundiari. Hain zuzen, lurra, Errepublikarekin, lantzen duenaren eskuetan geldituko da; honek jabeari eginiko kalte ordainketa eskatuko du. Jabeak, desjabetzearen aurrean eta inbertsioaren fruitua galtzeko arriskua ikusi ondoren, saldu egingo du. Maizter erosleei, berriz, Aldundiek eta Aurrezki Kutxak luzatu zizkieten erosketarako behar izan zituzten kreditoak.

Hala eta guztiz ere, Gerra Zibilaren eztandarekin egoera zitaldu egin zen, eta berriro ere Ameriketarako euskal migrazioa eragin zuen. Baina honek bigarren emigrazio mota baten atarian jartzen gaitu, emigrazio politikoarenean, hain zuzen, eta gure garaitik at gelditzen da, Orixe, Zaitegi eta beste asko horren fruitu izan arren.

 

Garaiko euskal literaturaren espazio mitikoa

«Garaiko» idatzi dudan arren, uste dut inolako beldurrik gabe esan dezakegula «Orduz geroztiko», gure ustez benetan giltzarri den momentu honetan jokatzen baita gure geroko arimaren eitea.Agosti Xahok fundaturiko «Ariel» aldizkariaren lehen eta azken aleen lehenengo orrialdea.<br><br>Xahoren eskutik, besteak beste, hedatu zen Euskal Herrira erromantizismoa.<br><br>Erromantizismo berantiar baten azken urteetan ari gara eta erromantizismoaren bi mataza desberdin eta, halaber, konplementarioetatik iristen zaizkigu Europan jokoan dauden korronte existentzial eta estetikoak, Elissambururenetik, alde batetik, eta Xahorenetik bestetik.

Badira zenbait gauza bien eskutik batera iritsiko zaizkigunak, beste hainbatetan bereiztu beharrean aurkituko garen arren.Biek gogorarazten digute, sarritan modu subliminalean bada ere, Europan gertatzen ari dena. Modernitatearen maisuek taxuturiko gizakia eta munduari buruzko irudiak irmo dirauela. Descartes, Locke, Kant, Hegel eta Marxek jarrera guztiz baikorra dutela, arrazonamenduarekiko konfiantza osoosoan ardaztua. Ilustratuak zirenez, arrazonamendu organizatzailea eta gizakia jartzen zuten pentsakeraren, gizartearen eta giza proiektuaren ardatzean. Kritikoak ziren oso, pentsamenduaren jarduera librearen aurka zihoan edozerrekin, eta sinetsi egiten zuten arrazonamendu libreak gizarte libre, bidezko eta arrazionala sortuko zuela.

Gaur egun badakigu postmodernitatearen maisuek, hainbat iraultzen gailurretik (zientifikoa, politikoa, industriala, soziala…) behatzen dutela arrazonamendu ilustratuaren utopia eta begirada lausotu egiten zaiela agintzariaren eta errealitatearen, egitasmoaren eta bere kostuaren arteko aldea ikustean. Ez gaude batere ziur historiaren gezia zuzen-zuzen aurrera doanik; ezta aurrerapen tekno-ekonomikoek gizakia gizakorrago egin dutenik ere, edota arrazonamenduak nahi eta ez arrazionaltasuna sortaraz dezakeenik.Badute halako susmo bat, mozorro ikaragarri batek garapenkerian eta produktibitatean datzan burgesa bilakatu duela ilustratua.

Eta postmodernoek ilustrazioarekiko fedea galdu badute, esan beharrean gaude ilustrazioaren paradigmak modernitatean bertan ere izan zituela bere etsaiak. Beti izan dira modernitatetik sortu diren munstroak zelatatu eta salatzeko prest egon direnak, hasieran aipatu ditugun erromantikoak batik bat: Byron, mugarik gabeko nia goraipatuz; balio burgesen aurka arituko den Baudelaire, Hölderlin eta Rimbaud, gizaexistentziaren dimentsio guztiak ikertu nahian eta beraiekin guztiekin batera, gure artean, Xaho.

Xahok, beste edonork baino hobeto prestatuko du bidea, Sabino Aranak, Azkuek, Txomin Agirrek, Lauaxetak eta Lizardik biziko duten sasoirako, gure aburuz, konpartimentuetan bereiztezineko garai historikoa baita, sailkatze ñabardurak egin badaitezke ere.

Xahok arraza kontzeptua kaleratuko du berriro eta, ekimen bereiztaile gisa aurkeztuko du, ametserako oihal bilakatuz gainera, bere hizkera suhar eta iradokitzailea medio.

«Nire arrazako gizonek, barbaroen artean izen desberdinez deituak badira ere, gizadiaren sehaskan xuxurlaturiko izen adierazkor hau daramate: EUSKALDUNA. Hitza eta keinua asmatu baino lehenagotik dator bere sorburua; izaera ororen misterioenaztertzaile diren azti eta igarleen begiek ikusi zuten ene arraza, Jainkotasunaren sabelean.

Zer garrantzi du antzineko ibaia agorturik egoteak eta zer garrantzi honenbeste herri sortarazi zituen odol garbi hartatik piska bat besterik ez geratzeak? Aitorren Jainkoaren aurrean eskua altxatzeko euskaldun bakar bat gelditzen den bitartean, hizkuntza sakratuan esan ahal izango du bere izen gorena: nire arbasoen Aita handia izan zen lurretik sorturikoen artean. Gure arrazako gizona izan zen izadi birjin eta basatiarekin esposaturiko lehena, kreakuntzaren lehen garailea: EUSKALDUNA».

Eta Xaho izango da goian aipaturiko ekimen bereiztaile horri xenofobia eta indarkeria kutsua emango dion lehena, XIX.. endeko Espainiako senatuan euskaldunekiko sarritan azaltzen denaren antzekoa.

«Baiona ondoan zalgurdiaren gidariari errepidean utz nintzan eskatu nion. Zenbait oztopo jarri zidan. Hirian bakarrik sartzean, agian poliziaren begi zelatarietatik ihes egiteko asmoz nenbilela pentsatuko zuen. Ez zatekeen batere erraza izango, bost edo sei bider eskatu baitzidaten pasaportea.

Mikeztasun handienez pentsatu behar izan nuen napar gerrak hasi zirenetik ajente zikinen saldoek zikindu egin zituztela beren Pariseko lokatzez nire mendietako zuhaiskak. Arbasoen ataritik sapai abegikorraren misterioak zelatatzen zituen polizia frantziarra 89. urtetik honuntza Euskaldunak jasan duen morrontza nazkagarriaren sinbolo iruditu zitzaidan.» Baina mitoa da, hain zuzen, hemen gehien erakartzen eta kezkatzen gaituena, definitzaile gertatuko baita aztertzen ari garen garaiko gure literatura ulertu ahal izateko.Lehenik eta behin esan dezagun oso garbi utzi behar dugula «mito» eta «talante mitikoa»ren arteko aldea: lehena narrazio edo pertsona zehatzei dagokie; bigarrena hastapenak batu ahal izateko izpiritu eta jarrerari, bizitzaren iturburuak hizkera mota horretan baino ezingo balira bezala adierazi.

Errelato fundatzaileekin batera doan mitoa seguraski talante erromantikoaren haurra da (XIX. mendearen hasieran Alemanian eta Frantzian adibidez, Hölderlin eta Chateaubrianden eskutik); gure artean dexente geroago azalduko da: Navarro Villoslada, Xaho… Katalunian Verdaguer agertzen den garai bertsuan.

Agian Northrop Fryeri jarraituz, hiru adiera desberdinetan har genezake mito hitza, hirurak –batak besteak baino gehiago– garrantzi itzela dutenak Arana, Azkue, Lizardi eta Lauaxeta ulertu ahal izateko.

Lehenik, hitzaren zentzu degradatuan, a posteriori eginiko emozionalizazioa nolabait, behin zirrararen arloan, baina ez arrazionalki aldarrikatua izan ondoren, jendetza martxan jartzeko gai dena. Halakoetan ideia edo ideologia dator lehenik, gero mitifikazio prozesuan jarriko dena. Horregatixe, hasieratik mito ez izanagatik, deitu dugu mito degradatua. Halakoen artean jarriko genituzke Ilustraziotik sorturiko progresoarena, sistema marxistatik sorturiko proletargoarena… Gure ustez, hau norberaren gogapenen ondoren pertsonalki erabaki behar den zerbait baldin bada ere, neurri batean, behintzat, bada halakorik gure artean, gure idazleek bizi dutena gizarteak une espezifiko hartan bizi duenaren isla izaki. Agian, nazionalismoaren sorreraren inguruan sortutako mitogintzari aplika diezaiokegula esan genezake, edo Foruen defentsaren inguruan sortutakoari. Horregatik ez dugu inola ere txarra denik esan nahi, edo beharrezkoa ez denik. Askotan herri batek bere nortasuna defenditu ahal izateko ezinbesteko izaten du mitogintza prozesua, eta ez da herri bakar bat ere halako prozesuan sartu ez denik.

Hau da gertatzen dena: prozesu hori aspaldi egina duten estatu ahalguztidunek begi txarrez ikusten dutela oraindaino estatu izate bidean diren nazioek burutzen dutenean.

Boteretsuen zinismoa.

Benetako mitoan, bestalde, bereiztapen bat egin behar dugu, mito zaharraren eta mito berriaren artekoa, biek gauza bera amankomunean izan arren, hots, biak hasieratik pentsamendu mitiko izatearena eta ez mitifikatua. Zera honetan datza aldea: mito zaharra historia baino lehenagokoa dela eta, jainkoen eta gizonen arteko oposizioan bezala, historiaren fundatzailea dela.

Mito modernoa, historiaren barnean sortzen da, baina historia gaindituz ala gainditzen saiatuz. Gainditze hori modu desberdinetaneman daiteke. Sinbolikoki burutu daiteke, ezarritako ordena ala desordena era poetiko batean urratuz, hautsiz, trasgredituz.

Eta gainditu, absolutuki gainditu nahiko du, Faustoren mitoaren kasuan bezala, zeinak Mefistofelerekiko hitzarmenaren bitartez berbizi egiten duen eta ez soilik errepikatu Prometeo, Luzifer, Luzbel. Haren profanazioa, eta profanazio positiboa gainera, zera honetan datza: bere infinitasun egarriaren bitartez Jainkoarekiko parekatze ahaleginean aritu direla.

Beharrezko bereizte honen ondoren, gure arkadiaren mitogintza prozesuak hiru esparrutatik jasotzen duen arren, gehien bat lehenengo arloan ibili garela esango nuke.

Esteban de Garibayk formulatu eta gero Xahoren «Azti begia»n jasotakoa da lehenengoa: Euskal Herriaren antzinakotasunarena eta, ondorioz, herri guztien ama gisa joa izatearena. Askotan azaltzen da bertsolarienartean ere. Adibidez, honela dio Manex Etchamendy, Esterençubiko bertsolariak: «Bai, Euskal-herri maitea Herri guztien ama da» Bigarrena, «odol garbitasuna»rena da, gureak ez diren literatura askotan ere azaltzen dena. Antonio Zavalak gogoratzen digun bezala, Ameriketara joandako bertsolari anonimo baten hitzetan: «Adiyo, euskal erri odol garbikoak…» Hirugarrena, «kantabrismo»arekin, «Jaun Zuria»renarekin eta Gipuzkoako «Bardulia Fidelissima»rekin du zerikusirik. Hitzok,Zavalari esker jasotakoak hauek ere, Foruen galera garaiko bertsolari batenak dira: «Gure mendi eta aritzak etzuten ikusi arrotzik egundaño berentzat nagusi; Euskal- Erria beti libre oi zan bizi, ai, gure zorigaitzak dira orain asi» Horrekin guztiarekin batera bada zerbait gehiago, gero Salbatore Mitxelenak maisuki «Abendats» deituko duena, Herderengandik alemanek «herriaren izpiritua» formulapean jasotako herri bakoitzeko folkloreari, usadio eta tradizioei dagokiena, sinetsiz benetan eta egiaz bizituriko herriaren bizimoduak eta jakituriak adierazten duela herriaren izpiritua, muina, esentzia.

Ez dakigu noraino jo ditzakegun Europa erdialdetik etorri moda horren adierazle gisa gure orduko zenbait idazle garaikide (Emeterio Arrese, Arresebeitia…) baina duda gutxi gelditzen zaigu Schlegel anaien ondoren etorri ziren Fernán Caballero, Alarcón, Galdós, Mesonero Romanos eta Peredak ezarritako estiloak jarraitzaile asko izan zuela gure artean eta Txomin Agirrek bazuela non elikatu Auñamendiko Lorea, Kresala eta Garoarekin sartu aurretik.

Agian horregatik beste zenbaiten ikuspegiekiko antitesian bizi garela, Txomin Agirrerekin adibidez, esango nuke. Badirudi batzuek, hain bortizki ainguraturiko bizimodutik ihes egitearren, aldaketara joko dutela.

Gogoratu Larrak berak zioena: «Bizitzak bakarrik ez nau kezkatzen, bizituz bakarrik alda bainaiteke». Mariano Jose de Larraren kasuan balio subjektiborik gorenena, beraz, ez da bizitza bera izango, baizik norberaren transzendentzia. Horregatik, bizitza aldaketarako baliagarri gertatuko ez zaionean, bere buruaz beste egingo du.

Gure idazle gehienengan kasua guztiz alderantzizkoa da. Aldaketa, badirudi, une luze nahiz labur batez jasan behar den zerbait izango da, behin asmaturiko aldaketaezera itzultzeko. Kontzeptu guztiz garrantzizkoa aztertzen ari garen sasoiko euskal literatura ulertzeko.

Honako hau da honi buruzko gure galdera ekidiezina: Zerbait esan nahi al du, Aranak inauguratuko duen aro berri honetan mitogintza bermatu eta eskuratu izanak? Dudarik gabe, bai. Garai honetan indartzen eta legeztatzen baita modernitatearen arlo arrazional-organizatzailea. Eta hau, ES- PAZIO PUBLIKOaren eraketaren bitartez egiten da; hau da, arlo sozialaren legeztatzea bere barne-egitura logikoaren gunean, potentzialki perfektua eta, beraz, beti bila daitekeena.Eta orduan, halabeharrezko osagarri gisa, ESPAZIO MITIKOA sortzen da, hastapena legeztatzeko, bizigarri duguna, sozialorganizatzaileaz gain hor dagoena. Eta hori guztiori 1890-1915 belaunaldiaren garaian, Euskal Herrian dimentsio sozio-politikoa hartuko duenean, ideologia sozialaren eta Estatu/alderdiaren eredu berria gauzatzen denean.

Aipatu dugun espazio mitiko horretan euskal ARKADIAren kontzeptuari emango genioke lehentasuna. Arkadia eta herrimina elkarrekin agertzen dira gure idazleengan adina gure bertsolariengan. Beharbada, esango genuke Arkadiak suposatzen duen aberriaren, aberri txikiaren idealizazioak sorturiko herrimina normalean urruntasunarekin loturiko zerbait dela. Hain zuzen, herriminari buruz hitz egiten dugunean, bere indar zentrifugoa soilik hartzen dugulako kontuan, lurretik urrundu den bihotza atzera lurrera erakartzen duena. Ahantzi egiten dugu herriminak berarekin daraman mugimendu diastolikoa, lurretik ateratzeko joera.

Zentzu horretan, aztertzen ari garen garaiko idazleak, emigrante eta etorkin direla esango nuke, biak batera, hori baita lurrarekiko nahiz Sabinoren modura definituriko aberriarekiko harremana. Bihotzaren migrazio inguruko zirraren mundua, horretarako emozionalki egokia den lurralde batean ematen baita eta paradoxa baten pean: zernolako indarrez jalgitzen den idazle horiek hain beharrezkotzat jotzen duten lurretik aldentzeko irritsa, nahiz eta gero urruntasunak inposatuko duen bere herrimin izugarria.

Ikusi, bestela, Emeterio Arreseren poesian ala Lizardiren “Asaba Zaarren Baratza”-n eta hainbat poematan azpitik doan ibaia.

Oso da bitxia, gure idazle horiengan guztiengan herrimina amaren figuraren inguruan gertatzen dela: Ama Lurra, Ama Euskera, Ama Natura… Ez da gure artean soilik gertatzen den zerbait. Fenomeno nahikoa unibertsala da eta horregatik dio Kunzek amarekiko lotura dela urruntasuna sumatu ahal izateko baldintza ontogenikoa. Amarekiko, ama orokor horrekiko loturak elikatzen du urruntasunaren erosa. Oraintxe bertan, gure idazle horiengan, hurbiltasunik izugarriena urruntasunik izugarriena bilakatuko da: horizontearen gailur urdinean, oroimen zaharraren urruntasun kontsolagarria.

Urruntasunaren «urdintasun» hau da gure poetak eta idazle asko beren intimitatetik besteengana bultzatuko dituena. Adibidez, bai Rilke bai Novalisentzat –ezagunenetakoak aipatzeagatik–, lurraren sabelean bilatu behar den lore urdin zoragarria da maite izan dituzten emakumeen sinboloa. Eta oker geundeke urruntasun urdin hori irudi poetikoa soilik dela uste izango bagenu.

Heideggerek zerbaitegatik definitu du gizakia «urruntasunaren izakia» bezala.

 

I.- Euskara

Herrimina, nire aburuz, hain da errealitate definigarria aztertzen ari garen gure literaturaren aro honetan, non geroxeago bertara itzuli beharko dugun, sakonean aztertzeko.

Bitartean, esan dezagun EUSKA- RA dela euskal arkadia horren seinalerik agian nagusiena. Zenbait xehetasun desberdin hartzen du. Halako sarrera batean ezin ditugu kontzeptu guztiak behar bezala aztertu, baina esan dezagun bai Sabinorengan nahiz Azkue eta Lizardi, Lauaxeta eta Agirreren lanetan, euskara seinale izateaz gain, nabarmendu egiten dela «eredugarri» izan arte; Euskal Herriarekin batera bizitzeko modurik egokienetakoa egiten zaigu; fedea ere euskal arkadiaren osagarririk garrantzizkoenetakoa denez, euskarak eta fedeak elkarrekin joan behar dute, biak bat eginda. Euskara arkadiaren lehen ezaugarria da, markatuena, nagusiena; noizean behin aipatu egiten da euskararen jatorri ezezaguna; osagarri afektiboz beteta dago; izugarrizko eraso etengabea jasaten ari da; euskal herri guztien lokarririk estu eta egokiena da. Horrela ikusten dute, hori adierazteko janzkera batetik bestera dexente aldatzen den arren.

 

II.- Natura

Natura jarriko genuke bigarren elementu gisa. Edo, apika, paradisua esan beharko? Baina modu zabalean ulertutako paradisua, idazle hauek posibilitateen paradisu gisa egiten baitute euskal arkadiako bizitzaren goralpena bere arlo guztietan, natura barne. Eta natura horren sinbolo gisa honako hauek aipatuko nituzke nabarmenenak bezala: txoria, askatasun eta kanta; igaliak, ugaritasunaren sinboloa; haizea ere aipatuko nuke, izpiritua adierazteko, Koranean bezala ala indiarren Manu jainkoaren arabera, nahiz Greziako Eolo, Akilon, Boreas, Austro, Euro eta Zefiro, Shelley poeta erromantiko ingelesak zioen bezala: «Oi, Mendebaleko haize basati, espektroen xarmalari.

Edonon ari zaren izpiritu gogor, suntsitzaile eta salbatzaile: entzun, oi entzun! Oi, kontsolaezin hori! mendekaitz, azkar, harro! Izan zaitez, izpiritu bortitz hori, nire izpiritu! Izan zaitez ni, odol-beroko.

Eraman itzazu nire pentsamendu hilak unibertsoaren gainetik hosto lehorrak bailiran sorkuntza berri bat azkartzearren.

Eta bertso honen xarmari esker zabal itzazu, sute itzalgaitzetik bezala,errauts eta garrak, nire hitzak gizadian.

Izan zaitez nire ezpainen bitartez igorpen baten turuta oraindaino iratzarri ez dagoen lurrarentzat.

Oi, haize, negua baletor, akaso hain urruti ote udaberria?» Haizearen ondoren, ura aipatuko nuke.

Ura darion iturburua Bizitzaren Zuhaitzaren oinetan sortzen da, paradisuaren erdian, gero, espazioaren lau puntuetara abiatuko diren ibaiei bizitza emanez. Terminologiaren arabera, bizitzaren iturria da, hilezkortasunarena, gaztetasunarena eta jakituriarena.

Ez da Lizardi eta Lauaxetaren sinbolo bakarrik. Irlandar mitologian Mag Tured izeneko guda garaian osasun iturrian sartzen dira Tuatha De Danann, Dana jainkosaren leinuetako gizon zaurituak, hurrengo eguneko borrokarako prest egon daitezen. Gainera Diancecht, jainko sendagileak, lurrean sortu diren belar sendakari guztietatik bat jarri du iturburu horretan, sendatze sinbolismoari garbiketarena erantsiz. Urarekin ezin estuago lotuta, ibaia agertzen da, Hesiodok zioenari adi: «Ez itzazue emari eternaleko ibaien urak otoitz egin aurretik zeharkatu».

Gogoratu ere gogoratuko dugu nola infernuetako ibaien izenek zerikusirik zuten bertako torturekin: Akeronte (minak), Flgeton (erredurak), Kozito (lanturua), Styx (izua), Leteo (ahanztura), gure poetengan hain sarri agertzen diren kontzeptuak. Eta nola urak eramango gaituen ere paradisura, Dantek zioen bezala: «Oi, zuok, niri entzuteko irrikaz, kantuan doan nire barkuaren atzetik txalupatxoan uretaratu zaretenok, itzul zaitezte berriro ikustera zuon hondartzak! Ez zaitezte sar ur handitan, agian desbideratuko baitzarete behin ni galduta.

Inork ez du inoiz gurutzatu nik gurutzatuko dudan ura.

Minerba dut hatsa, Apolok narama eta Hartzak erakusten dizkidate bederatzi musek…»(PARADISO, CANTO II)Eguzkia izango da laugarrena, izotz ondoko eguzkia, polibalentea bezain kontraesanez betea. Ernalkorra da, erre egin dezake eta hil. Orfikoentzat, munduaren adimena.

Argiaren, beroaren eta biziaren iturri eta, berarekin batera, agortearen eragile eta, horregatixe, heriotzarena.

Eta, azkenik, ILARGIA, mendetasuna eta hastapen emea, periodizitatea eta berriztapena.

Itxuraldatze eta hazkuntza printzipio.

Etorrera ziklikoaren peko arlo kosmiko guztiak kontrolatzen ditu: urak, euria, landaretza, emankortasuna… Esan dezagun euskal arkadiako naturaren elementu hauek babesle, hurbil eta samur agertzen direla batik bat, gure idazle hauengan.

Azken batez, modu batera zein bestera, gure bizitza ororen urruntasunean, hau da, haurtzaroan, gelditzen baita paradisu baten oroimena. Paradisu horretan ez zegoen ez subjekturik ez objekturik eta gu geu gauza bat eta bera ginen, batasun bat; ez zegoen gizon-emakume egiten gaituen izpiriturik, ezta izpirituan inplizitoki dagoen herio potentziala ere. Arrazoiaren bitartez jasotako ziurtasun berria bera ez zen beharrezkoa, amarekiko sinbiosiaren ziurtasun biologikoari uko eginez. Herrimina, herio txikia, heriotzarik gabeko paradisu horren nostalgia da, bere irritsa. Irrits betegaitza, baina haren bitartez askatzen da gizakia bere izaeraren egituraren azken hondoan, herio potentzialaren halabeharrezko presentziatik.

Paradisu galdu honen nostalgia ez da ez kontzientea ez inkontzientea, ez da bizikizun zirraragarria bakarrik; honetaz haraindi, giza existentziaren erdigunean datza, giza izaerari atxekita.

Horrez gainera, eta hau litzateke bere bigarren berezitasuna, ez da nostalgia soila, sinbiosi amatiarraren barneko izaeraren egoera primarioa; aldiz, funtsean, ziurtasun primigenio baten irritsa da, bizikizuna. Gizakia herriminez hiltzen da, gizakia dela dakielako, ziurtasun horretatik desherriratua.

Beraz, herrimina mundura bota izanaren adierazpen logiko-afektiboa da, azken batez, babesten gaituen babes-eza esentziala.

Horregatik, bakardadea bera, geurekiko bakardadea, urrutiko ama horren ordezkoa da, gure bizitzaren horizonte urrunean, nostalgian, herriminean babesten gaituena. Herrimina, beraz, errealitate existentziala da.

Bere esentziari dagokio herri bakoitzak berea desberdina izan dadin nahi izate hori.

Bereizten saiatzen gara «saudade», «heimich», «añor» eta «herrimina». Eta hori guztiz bidezkoa da, desberdina baita arima kolektibo bakoitzari, Mitxelenaren «Abendats» bakoitzari, bizikizun ahaztezinean, izatearen batasuna esperimentatzea eman zaion bizitzaren amaren atarira hurbiltzeko modua.

Eta horixe izango litzateke herriminaren hirugarren bereizgarria. Bere izpirituaren ekintza bakoitzean gizakiak ez du herio potentzialaren agerpen ezabatzailea bakarrik bizitzen, baizik baita bere osotasun-ezaren sentimendua ere. Behin izan zuen osoa izateko une bat, non batasun argitsua osatzen zuen, non bere tasunean, bere izaeraren erdigunean ez zeukan egolatrikoa, absorbentea, narzisista izan beharrik.

Bizitza guztian arituko da amets horren atzetik. Bere tasunetik irten eta, besteen bitartez, lagun hurkoaren bitartez, Jungek gizakiaren posibilitate guztien integrazio harmoniko deitzen duen batasun berri batera iritsi nahi izatea.

Herriminean, hiru osagarri hauek: amarenganako joera, ziurtasun primigenioarenirritsa eta gure azken batasunaren nostalgia, hirurak, koherentzia sakonenean emanak daude. Horregatik, nostalgia, amaigabeko aseezintasunez betea, hedatu egiten da bere erdigunetik halako deribaziotan: zorionaren irritsa, heriotzarena ala urruntasunarena.

1876-1950 bitartean egiten den euskal literaturaren bizkarrezurra dela uste dut, lehen aipatu ditugun osagarriak erreferentzia gisa hartuta.

 

Erromantikoengandik jasotako barneondarea

Sei arlo desberdinetan adierazi nahi genuke erromantikoek utzi diguten barneondarea, usuarki aztertu izan diren topikoetatik urrun, batik bat gure poesia kultuenean izan duen eragina itzela izan delako susmoak hartuta, nola-hala, modu ezkutuan bada ere, Lizardi eta Lauaxetaren poesiagintzaren tenorean iradokituko dudan mundu hau hor dagoelako.1.- Lehenengoa Kleisten «Gizon adieraztezina naiz» izango litzateke. Arimak badu inori sarbiderik eskaintzen ez dion eremu bat. Eremu hau barrurantz hedatzen da: hainbat eta handiagoa kanpoko presioa, orduan eta barrurago jotzen dute gure mugek.Kleisten aitorpen honek europar kulturaren punturik sentiberenen gain jartzen gaitu. Zentzu modernoan ulertutako nortasunaren hedatzeak askatasuna suposatzen du une berean: hesi metafisikoetatik, itxuraz behintzat, gizakiaren «atzetik» dauden botereetatik askatzea.

Halaz ere, logikoa denez, adierazezintasuna da askatasunagatik ordaindu beharreko bidesaria, zeren infinitasuna adierazi ezin den bezalaxe, berau mugatua bilakatu gabe, horrela ere gizabanakoaren askatasuna, kanpoko hesiak handitzen diren hein berean hazten da.

Novalisek zioen: «Unibertsoan zehar bidaiatzearekin amets egiten dugu. Unibertsoa ez al dago, bada, gure barruan? Ez ditugu ezagutzen gure izpirituaren sakonak. Bide misteriotsuak barrurantz garamatza. Eternitatea, bere mundu guztiekin, iragana eta geroa, gugan dago ala ez dago inon. Kanpoko mundua iluntasunen mundua da eta argiaren erreinura bidaltzen ditu bere itzalak». Erromantikoak, beraz, nortasuna defendatzen saiatu ziren, den-dena zapaltzen duen orokortasunaren aurka. Mundua da egiazko bizitzarako eragozpenik nagusiena; horregatik sortu zuten mundu berri bat arimaren mugetan. Guztiz nabari den prozesua, «Bide barriak» ireki zituzten gure poetengan.

2.- Bigarrena, aniztasunaren aldeko erronka izango litzateke, guztiz sinesturik baitaude den-dena uniformea denean ez dagoela gogaitasunetik eta akiduratik ihes egiterik. Eta gogaitasuna, zerbait jasan beharra izateaz gain, nortasunaren burutze negatiboa da. Gogaituak denborari iragaten uzten dio eta badoan denboran eskaini zaizkion eta aprobetxatu ez dituen aukerak ikusten ditu.

Denboraren iraganak gogaitua hustutzen doala adierazten du. Horregatik, gogaituak negatiboko erliebean bailitzan bizi du bere nortasuna.

Gogaitasunak malenkonia modernoak barru-barruan daraman dilemara luzatzen du hatza: gauzek gero eta ulergarriagoak dirudite (Ilustrazioa), gero eta atzemangarriagoak denontzat (demokratismoa) baina ezin dute estali dena izendatu eta interpretatu nahiari darion gabezia kutsua. Erromantikoak, eta horrela ere gure poeta modernoak, beraiengandik jaso dutelako ondarea, guztiz dira gabezia horrekiko sentibera eta misterioa hautematen dute adierazpide itxuraz behin-behinekoetan.

3.- Hirugarrena, Fichteren filosofian oinarritutako printzipio hau izango litzateke: ezagutzen duen gizakia eta ezagutu behar den objektua bereiztezinak dira.

Kanpoko errealitatearekin lotzen garenean, errealitate horren arduradun bilakatzen gara. Fichtek gauza bat eta bera jotzen zituen izatea eta ekitea, eta errealitatea ez zuen ikusten konkistatu beharreko objektu neutro bezala, baizik gizakiak sortu beharreko zerbaiten antzera.

Erromantikoek posibilitatea errealitatea baino garrantzitsuagotzat jotzen dutenean, esan nahi dute gizakia ez dela mundua onartzeko jaio, bere berezko mundua sortzeko baizik eta horregatik emanda hartu dugunak eta sortutakoak batasun bereiztezina osatzen dutela.

Ia erromantiko handi guztiak gaztaroan hil ziren, Lizardi eta Lauaxeta halatsu.

Bazekiten gizabanakoak mugatua haina mugarik gabea daukala. Bi terminoak bat egin ezinagatik hil ziren eta ondare izugarri hau utzi digute: gizabanakoak, bizitza orok, berreskura ezin daitekeelako hain zuzen, egia esklusiboa, behin betikoa eta ezeztaezina daukala.

Honek definitu egiten du gizakiaren tokia unibertsoan: erromantikoek etsipengarritzat jotzen zuten gogoeta hori.

Inola ere ezin zuten onartu emandakora, momentuko baldintzetara egokitzea bizitzaren helburu izan zitekeenik. Gizakiak sorturiko balioak betierekoak ez badira, guztiz irrigarria da bizitzaren helburu bezala beraietara egokitzea hartzea.

4.- Laugarrena, existentziarekiko jarrera horretatik sorturiko sufrimenduaren arazoa da. Existentzia atzeman ezinaren sentimendua gutaz jabetzen denean, beldurrak hartzen gaitu. Ondorio logikoa lehen bait lehen ihes egitea dirudi, nork bere patuari ihes egitea. Baina helmuga, aurretik sumatu ezina da, gizakia konturatu egiten da ez daukala berea ez den beste laguntzarik; baina bere barruan lasaitasuna aurkitzen dueneko, existentzia mehatxalariaren ganga gainera datorkio.

Eta Lizardik nahiz Lauaxetak arazoari fede erlijiosoaren irtenbidea aurkitu bazioten ere, inortxok ez zien horregatiko sufrimendu-anoa ekidin. Erromantikoentzat arazoa biziki larria zen, ikuspuntu objektibo baten ausentziari, «egiaren» ausentziari, barruan ihesbidea aurkitu ezina elkartzen baitzitzaion. Halakoetan gizakiak kanpoz barruko arantzurdea dirudi: kanporantz haragi biluza, dantzari nerbioak, eta barrurantz arantzak.

Baina gure poetengan ikus daitekeen bezala, sufrimenduak badu alde onik, objektuaren alde anitzak ikustea ahalegiten baitigu eta existentziaren beraren izaera polifazetikoa. Ondorioz, existentziarekin modu asko eta desberdinetan erlazionatu beharrean gaude.5.- Bosgarrengoz, gure poesia modernoari utzi dioten tristezia puntua adieraziko nuke. Hilkor den edozerren hauskortasun kontzientziak ez digu uzten ilusio handiegirik izaten. Eta horretarako ez dira behar historiaren filosofiaren ikuspegi handiak: nahikoa da topaketa frustratu bat, unez uneko haserrea, haur baten edertasunaren aurreko zirrara.

Orduan konturatzen gara zein aldakorra den gure bizitzak, betierekoak balira bezala, oinarritzen saiatzen garen lurra.

Tristezia ikusezin hori minbizia bezala hedatzen da, une hutsaren eternitatea baita eternitaterik tristeena.

6.- Azkenik, heriotzaren presentzia orokorra legoke. Beharbada, Rilkek adierazten zuen moduan: «Heriotzaren ordua gure orduen arteko bat bakarra da eta ez da bereziki bat. Gure izaerak etengabe iragaten ditu eta atzean uzten aldaketak… Eta batak bestea aldaketa horren punturik erabakiorrenean utzi beharko dugun bezalaxe, ez genuke batak bestea lotu behar, batak besteari joaten utzi beharko genioke, behin eta berriro katez lotu ordez».

 

Sabino Arana, Azkue… prozesu baten ardatzak

Ehun urte joanak dira dagoeneko XIX.. endearen azken laurdenean egitura bat hasten, tinkotzen eta krisialdian sortzen hasi zenetik; orduantxe bertan Bizkaian sortzen den industri-gizartea. Prozesu luze eta mingarria, non adiurre desberdin askotako pertsonaiek tokirik duten, inolako dudarik gabe zerikusi handia baitute nola edo hala Unamunok, Aranak, Azkuek, Truebak eta Dolores Ibarrurik berak, une eta esparru desberdinetan izan arren. Den-denak bizkaitar gizartean ematen den orekaren HAUSTU- RAREN fruitu dira eta, neurri batean, baita eragile ere. Haustura sortaraziko duten aldaketak hiru motakoak izango dira batik bat: demografikoak, ekonomikoak (industrializazioarekin lotuak) eta kulturalak.

Baina esan dezagun ehun urte hauek pasa eta gero, Gerra Zibilean eta frankismoan gailurra jo zuten aldaketa bortitzen azpitik, egituren jarraipenak nolabait adierazi egingo lukeela nazionalismoak nola aurrera egiten duen oraindik.

Hasieran dagoen Sabino Aranaren pentsakera XIX. mendean zehar sortzen diren osagarri ideologikoen sintesi erradikalizatua da, berriztapen erradikala bainoago.

Gogoan dugu nola 1857an Friedrich Engelsek, Agiri Komunistaren, Luis FelipeOrléansgoaren erorialdiaren eta geroko Les Atéliers Nationauxen testuinguruan, gizartearen eta historiaren bipolarizazioa egin zuen ERREAKZIO versus LIBERALIZAZIO terminoetan, nolabait orduko bretoiak, korsikarrak eta euskaldunak «zabor-herri» izenpean jarriko zituena. Eta bazirudien 1876 arteko euskal historia politikoak arrazoia ematen ziola, kontuan hartzen baditugu bi erregegai absolutisten alde galdutako bi gerra karlistak, Ameriketarako migrazio izugarria eta euskararen atzerakada, Sabinori «hau badoa» esanaraziko diona.Gizarte tradizionalaren krisialdia larrituz, Bizkaiko industrializazioak erantzun baten posibilitatea irekitzen du eta erantzun hori ez da prozesuaren buruan jarriko den burgesia handiaren aldetik etorriko; ezta espainiar erreferentea izango duen mehatzaritzako proletargorenetik. Erantzuna, maila ertaineko burgesia autonomoaren aldetik etorriko da, burgesia honetako zenbait sektorek aukera bikoitza ikusiko baitute proiektuaren alde disfuntzionaletan: proiektu erregionalista/fueristaren aurkezpena alde batetik, «Euskalduna» astekariaren inguruan gauzatuko dena; Sabino Aranak haragiztatuko duen nazionalista bestetik, honako ezaugarri hauekin: gorantz doazen taldeekiko loturarik eza; Bizkaia Espainian integratu ahal izatearen arbuiapena, behin Foruak galdu eta gero; kapitalismoaren transformazioen arbuiapena; modernitatea arbuiatu izanetik sorturiko nazionalismoa.

Bestalde esan genezake Larramendiren eta Mogelen garaitik, aldaketaren aurkako erresistentziak poliki-poliki euskal gizarte tradizionalaren irudi berria taxutu duela, edukin politiko eta moral positiboen karga handikoa eta Espainiari aurre egin nahia sustatu duena.

Oinarrian, odol garbitasuna egongo da, euskal noblezia unibertsalaren lehen euskarri bezala; foruak izango dira horren berme politikoa; euskara, nortasun zeinua; bertako bizimodu errurala, etorkinen existentzia deserrotua baino moralki jatorragoa, gaur egungo Salman Rushdie eta Hanif Hureishi bezalako idazleengan sumatzen den tratueraren antzekoa; bertan dago Arakistain, Vicente Arana eta halakoen literatur-erresumina; eta, zirkulua ixteko, Xahoren eskutik heldutako mitoa.

Pentsakera fuerista honetan garbi azaltzen dira dagoeneko Sabinoren sintesirako materialeak, eta horietako zenbait ardatz 1885ean Arisides de Artiñanok argitaratu zuen «El Señorío de Bizkaia, histórico y foral»ean artikulatzen dira. Sabinok, bizikizun pertsonaletik sortutako dimentsio berriak erantsiko dizkio: azken gerra karlistan jasandako porrotaren aurreko jarrera; lehen katalanismoaren taxutzea, Espainia inmoralitatearen lurralde bezala erakutsiko duena eta Gaztelakoa «herri guztiz erori eta endekatu» gisa, Almirallen formulazioaren arabera; Europan gora egiten duen literatura arrazista; industrializazioarekin batera gertatutako demografia, kultura eta ekonomia aldaketak.

Sabino Aranaren planteamenduan, nazionalismoa erlijioaren eremuan mugitzen da eta eremu horretan blaitzen da bere edukinez.

Sabinorentzat nazionalismoarekin bat egiteak, askatasun nazionala eta Euskal Herria Jainkoari sagaratzea, biak batera, lortu nahi dituen bitartekotza sagaratuaren onarpena suposatzen du. G.E.T.E.J. «Gu EuskeriarentzatTa Euskeria Jaungoikoarentzat» akronimoaren bitartez adierazten du, nazionalismo gehienen bi ezaugarri hauek azpimarratuz: aberria entitate sagaratu gisa hartzea, eta militantea sinestedunarekin bat egitea.

Sabinoren garaia ulertu ahal izateko azpimarratu ditugu puntu hauek guztiak, baina berriro diogu honetan ez dela orijinala eta antzeko planteamenduak aurki daitezkeela Madrileko parlamentuan urte haietan egiten ziren aldarrikapenetan, beste nazionalismo baten izenean, hain zuzen, eta Europan zehar.Joera bera ere, Azkuek bere 1895eko Vizcaytik Bizkaira obran islatzen duena, arras ezaguna nonahi, hemendik at: «Euskaldunak, euskaldunak gara bizi beite betiko gure euskera.

Erdal-erritik datoz maisuak eunka dsaurti ta amildu nirik or bilin-balaunka geure erritartasuna ta euskera gozua lege ta ekanduen giltz urre gorrizkua» (orr 53) Bestalde, eta geroko bilakaera prozesua kontutan hartuz ez deritzot zilegi nazionalismoaren eta modernitatearen arteko harremana kontraesanean oinarritzen dela baieztatzeari. Azken mendeotako Europaren garapenean nazionalismoa eta modernitatea eskutik hartuta joan dira bai, eta batik bat, modernizazio endogenoaren kasuan etabai estatu nazionala modernizazioaren eragile izan denetan. Beraz, egoera horren aurrean esan dezakegu euskal nazionalismoa ez dela sortzen ez modernizazio-indar endogeniekin batera, eta ez Euskadiren modernizazio eragile eta faktore bezala.

Euskadin ematen den modernizazio prozesu azkar baten aurka eta modernizazio horrek euskal gizartean eta kulturan sortarazten dituen aldaketen aurreko erreakzio gisa gauzatzen da.

Horrekin batera, gogora dezagun zer suposatzen duen, funtsean, modernizazioak: erlijio tradizioaren planteamendu bikoitzarekiko haustura alde batetik; tradizioarekiko askapen prozesua bestetik; objektibitate arrazionalak sortzea nola naturaren hala gizartearen arloan; industrializazio prozesua; adiurre demokratiko eta liberaleko estatu nazionalen sorkuntza prozesua.

Eta, onartzen badugu ere hasieratako Sabinoren euskal nazionalismoa ez dela modernitatearen interpretazio-eskemetan sartzen, ezin dugu ahantzi zer-nolako garrantzia izan dezakeen euskal nazionalismoa behar adinako botere politikoaren jabe ez izateak, bertatik Euskal Herriaren modernizazioari ekin ahal izateko.

Ezin baitugu ahantzi espainiar estatu nazionala dela Euskal Herriko industrializazio-modernizazioaren eragilea eta estatu hori oso urruti gelditzen dela estatu-nazio eredugarri izatetik. Espainiako modernizazio prozesua, prozesu zatikatua da, aurrera nahiz atzera egiten duena, gizartearen egiturak aldatzea lortuko ez duena; eta erakunde politiko egonkor eta egiaztatuak ezartzeko gauza izango ez dena.

Gauza garbia dirudi bai Sabino Aranak bai Azkuek modernizazioa bortxaz inposatutako industrializazio prozesu gisa ulertzen zutela, hasieran bederen, gazteleraz mintzatzen zen etorkin multzo izugarri batekin batera ematen dena. Horrekin batera, prozesu horrek ez du inondik ere erakusten sinesgarri gerta daitekeen osagarri sinboliko, egiaztatzailerik; ez eta egitura onargarririk ere. Orduan, hutsune izpiritual eta psikologikoa sortuko du –zenbait euskaldunen artean behinik behin–, nazionalismoa betetzen saiatuko dena.

Hor oinarrituta egingo du Sabinoren nazionalismoak euskal historiaren berrinterpretazioa.

Eta egia bada ere Sabinok arrazan oinarrituta taxutu zuela euskaldunen kolektibitatea, ezin izango dugu isildu laster etnolinguismoa izango dela proiektu nazionalistaren oinarria, euskara jarriz euskal nortasunaren ardatz bezala. Horrek suposatuko du, ad intra, identifikapen osagarria izango dela eta bereiztapen osagarria, ad extra. Beharbada, esan beharko genuke ad intra identifikapen horrek baduela gure herriaren kulturaren historia aztertzera behartzen gaituen osagarri kezkagarririk.

Ez da sarrera honen helburu nagusia Sabinoren bilakaera prozesua aztertzea, industrializazioarekiko eta Espainia federal batekiko hurbiltze prozesura eramango gintuzkeena.

Prozesu hori eman, eman zen, eta hor dago.

Baina hizkuntza izango denez, batik bat, Sabino Arana eta Azkue, bi erraldoi hauek, lotuko dituena, irakur dezagun Unamunok zer zioen honi buruz: «… eta gainera bada gaiaren beste punturik; gaur egun ez dagoen bezala isolamenduan bizimodu modernoa eta kulturazkoa bizi dezakeen herririk, hori bera gertatzen da hizkuntzarekin: hizkuntza batek ezin du benetan kultoa izan, besteekiko komertzioaren, libreganbioaren bitartez ez bada. Hizkuntza-protekzionismoa, luzaroan beste edozein protekzionismo bezain pobretzailea eta kirtentzailea da».

Guztiz bitxia izango da ikustea hizkuntzaren arazoari buruz zer-nolako gogoeta egiten duten Unamunok, Aranak eta Azkuek eta zer-nolakoa den bakoitzaren hizkuntzarekiko praxia. Unamuno hizkuntza baten egoeran oinarrituta saiatuko da hizkuntza hori hitz egiten duen herriaren izaera eta egoera aztertzen; berarentzat hizkuntza bati buruzko gogoeta filologikoa, hizkuntza horren bidez mintzatzen den herriaren historiari eta bere arazorik larrienei buruzko gogoeta baita. Berarentzat kastizismoa, puritanismoa, zibilizazioaren garapenari uko egitea da, kietismoa da, konformismoa: adierazpenaren arazoa, ekitearen arazoa besterik ez da. Hizkuntza gizartearen aldaketa adierazi behar duen forma dinamikoa da.Akademizismoak hizkuntza baten aurka egin daitekeen krimenik larriena egiten du: «finkatu» nahi izanarena. Orduan, herri bat atzeratzen denean, zer egin? Erantzuna derrigorrezkoa da: beste edonon produzitu den berria geureganatu. Eta berria kanpotik baldin badator, nola ez da kanpotik etorriko berri horren izena? Hizkuntzak, beraz, aberastu egin behar du, neologismoak eta kanpotik etorritako hitzak onartu behar ditu, krisialdiak jasan, forma zaharkituak hautsi, dinamizatu.

Unamunoren iritzirako, garaiko kulturaren aurrean, atzeratuta gelditzen direnak, hizkuntz arkeologikoan adierazten dira, gaur eguneko erabilpenerako era guztiz desegokian.

Eta oker daude hitz berriak maileguan hartu eta gure hizkuntzara egokitzea nahikoa dela uste dutenak. Garapenaren barrutik bakarrik pentsa eta hitzegin daiteke garaibateko hizkuntza, berau baita izpirituaren forma, pentsamoldearen adierazpena.

Garbi dago, bai Aranak bai Azkuek jaso egin zutela Unamunok botatako erronka eta, nor bere erara, gero puntualizatuko ditugun ortografia arazoak, Eusko-Ikaskuntza eta Euskaltzaindia medio, erantzuten saiatuko dira. Hasiera-hasieratik, ez legoke soberan gogoratzea euskararen kasua ez dela gaztelera nahiz frantsesarena, Unamunok zioena logikoa izan arren, euskararen egoera guztiz desberdina zela eta modu nolabait desberdinean ikusten zutela hizkuntzaren funtzio soziala.

Batik bat Azkueren hizkuntzalaritza arloko lan izugarria aldarrikatu eta gero, Villasantek eta Mitxelenak eginiko bi aipamen hauen bitartez emango diogu amaiera sarrera honen lehenengo zatiari. Villasantek hau dio: «Gizonak zer bilatzen duen eta, gehienetan, hura aurkitzen du (edo aurkitu uste du). Ene iduriko, Azkue, hiztegia egitean, urrezko pitxi ezkutuen bila zebilen. Jatorrizkoa dena, autoktono dena, aurkitu nahi zuen eta argitara atera. Liburuetako euskera ere estimatzen zuen, noski, baina agian, ez hainbeste. Guti asko kutsatua zela iruditzen zitzaion. Ahozko euskera ere kutsatua zen, baina, agian, euskaldunen ezpainetatik, hor nunbaitetako zoko urrunetan bizi diren euskaldun garbien ezpainetatik uste zuen posible zela pitxi ezezagunak jasotzea, hots, gauzak izendatzeko euskarak izan behar zituen hitz jatorrak eta orduan horiek sarraraziko zituen, kanpotikoak baztertuaz.

… Hiztegian ageri den joera hau literaturara pasako da eta, hala lortuko da purismo mota bat, Aranarena ez bezalakoa, baina hizkuntzaren barnean bereizkeriarik egiten dituena eta, azken finean, herriko euskeratik gehiago edo gutiago aldentzen dena…» Mitxelenak, berriz: «… Ez zen beinere orbel-biltzaile izan, ez zen osto iharren bila ibili. Ernamuinak nahi zituen, kimu berriak, eta, ihartzeko zorian zegoenik aurkitzen bazuen,bere baratze zabalera aldatuko zigun berehala, arretaz eta maitasunez biztu eta ernaberritzeko asmoz. Liburu zaharren orri iharretan bildurik zetorkiona ere bizi zen harentzat, eta luzaz bizi zedin jaso zuen.

Haren lana, aere perennius egiazki, eta haren izena elkarrekin biziko dira, bata besteari loturik iraungo dute gizonaren lanak eta izenak iraun dezaketen adina. Munduan euskaldunik deino, bai, behintzat».

 

Lau errealitate

Hiztegiaz gain, esan dezagun beste lau arlo desberdinetan jardun zela adore bereziz Azkuek, eta horiexek azpimarratuko ditugu orain gehien bat, normalean behar adina nabarmentzen ez direlako belaunaldi adoretsu haien osperako agian. Beraiek baitira garai hartako fruiturik ederrenetakoak.

 

«Gipuzkera Osotua»

1933ko maiatzaren 19an Iruñean Euskaltzaindiak egin bileran inoiz baino garbiago adierazi zuen Azkuek berak zertan zetzan «Gipuzkera Osotua»ren asmoa. Hasteko, martxoaren 30ean, Donostian irakurritako lerro batzuk aipatzen zituen Azkuek eta honela zioen: « Lerro hauen egileak badu beste arrazoirik hemen bukatutzat emateko Euskal Morfologiaren eranskina: Gipuzkeraren aditz-jokoa; une hau guztiz aproposa baita eranskina baino zerbait praktikoagoa egiteko. Euskaltzain jaunek gogoan izango dute lau bilera egin genituela gure hizkuntzaren batasunerako: Bilbon, Donostian, Elizondon eta Hazparnen. Bilbon egin biltzarrean, beste zenbaitekin batera, Bitor Garitaonaindia idazle joriak parte hartu zuen, zeina gaztaroan deitu zuen Jaunak bizitza hobera. Bere hitzak aipatuko ditut: «Nire aburuz gipuzkoar izkelgia autetsi bear da, beste izkelgiak baño obari geyago dituelako bere alde. Errezagoa bai zabaltzeko eta bai ulertzeko. Beste guztien erdian arkitzen da; ta errezago da erdikoa bere inguru eta alboetara zabaltzea, ertzak bat egitea baño. Bizkaitarrak ulertzen dute Gipuzkoarren izkera, gipuzkoarrak ez bizkaitarrena.

Gipuzkoar ta Zuberotar eta Lapurditarren artean ori ber-bera jazotzen da.

Idazle guzien aukera ori ez da izango gaur egunian itz edo idazten dan Gipuzkoera, baizik osotua, apaindua. Orretarako, euskaltzainak lan egin bear dute. Artu, bai Bizkaiko ta Zuberoko ta bai Napar ta Lapurdiko izkelgi edo izkerak dituzten edertasun ta obekuntza bereziak eta Gipuzkoar izkelgiari ezarri».

«Lan horretan ihardun nahi nuke, bilera bakoitzean nire lagunen azterketara aurkeztuz nire lana, orain arte egin ohi izan dudan bezala. Eskuartean ordu asko eskatzen didan beste lan bat daukadanez, beste norbaitek hartu nahi izango balu lan hau, gustora utziko nituzke bere esku gaiari buruz zirriborratu ditudan gauzak».

Azkuek berak Gipuzkoako Aldundiari egindako «Prontuario de la Lengua Vasca» liburuaren eskaintzan hauxe zioen: «Gure euskera zar oni, aintzinako izkera guziai bezela, umetsua izateak beronen bizitzea erruz erkintzen dio. Bakarra izan balitz, euskaldun geienok ezkenduke adiskide-artean erderara jo bear izango. Ezin bakartu dezakegu, batu bai. Beredin izkelki-motaren gainean (Italian eta Alemanian eta Frantzian eta Inglaterran eta lurbira zabaleko Erri andi geyenetan bezela) oso ta non-nai zabaltzeko indardun bizi izango litzate, bategitea eskuratu ezkero. Gipuzkoako izkelkia dugu onetarako gaiena. Beronen gainean izkera batu liteke, bazterreko izkelkien gainean ez, erraz beintzat».

Beste arrazoirik ere ematen du Azkuek proposamen hori aurrera eramateko. Bere aburuz, ordura arte bezala, nork bere euskalkiaren alde lan egingo balu edo, okerrago oraindik, jaio den tokian jaio izanagatik, euskarak hainbat mendetan bizirik iraun eta gero, hitzez eta ebakeraz beteta hilko litzateke, anemiko batasun ezagatik, sapa biziaren urritasunagatik. Onartu ere, Azkuek onartzen du gipuzkera ez dela beste euskalkiak baino aberatsagoa nahiz filosofikoagoa; ulerterreza izanak ematen dio abantaila.Azkuek adibiderik ere eman zuen, gipuzkeraren eskasiak beste eskalkien zenbait elementuekin osatu behar zirela adierazteko.

Esaterako, «batzuk» hitzeko «tzu» sufijoa, beste zenbatzailetara zabaldu beharko litzateke eta galdezkoetara, Bizkaierak egiten duen bezala, hau da, «bitzuk», «zenbatzuk», «nortzuk»… Berdin ekialdeko euskalkietako «egun», «gaur egunean» adierazteko erabili beharko litzateke, eta «gaur», berriz, «gaur gauean» adierazteko… Lanerako motiboak argitu ondoren, lau zatitan ikusten zuen Azkuek lanaren nondik norakoa, eta lauak aztertu zituen. Lehenengo zatian alfabetikoki ordenaturik emango zituen beste euskalkietatik hartutako AFIJOAK, adberbiozkoetan, loturazkoetan, deklinabidezkoetan, eratorrizkoetan, determinatzaileetan eta graduatzaileetan sailkatuz.

Bigarren zatian SOLEZISMOAK aztertuko ditu, adberbiozkoetan, anaforikoetan, loturazkoetan, deklinabidezkoetan, eratorrizkoetan, erakusleetan, lexikaletan eta aditzezkoetan sailkatuta. Hirugarren zatiak AR- KAISMO lexikal eta aditzezkoak hartuko ditu. Lanaren azken zatia, Azkuek jada egina zeukan gipuzkerako ADITZAren azterketaren laburpena izango zen. Bukatzeko, eranskin gisa, bi edo hiru atal idatziko zituen.

Lekeitiar handiak bazekien hori egitean batek baino gehiagok euskalki-nahastea egin nahi izanaren salakuntza egingo ziola.

Azkuek berak dio hori «Txori-erritarren prakak» janztea bezalako zerbait izango litzatekeela, XIX. mendearen azken laurdenean gizonezkoen artean modan jarri zena gogoratuz: galtza zurien gainean figura geometrikourdinak jostea: laukiak, zirkuluak, erronboak eta izartxoak ere bai behin baino gehiagotan. «Hori litzateke, dio, «ekarri»ren ordez erronkarierako «eragu» jarriko bagenu, «etorri»ren ordez, «yin, xin edo dxin»; «sorgin»en ordez zubererako «belagile», bizkaierako «esan daustazu» «esan didazu»ren ordez.

Zereginak lau atal izango lituzke: a) hutsuneak betetzea; b) aditz-flexioen hautapen zorrotza egitea; c) arkaismoak proposatzea, onargarrienak aitatuz; d) solezismoak kentzea.

Esan beharrik ez dago, Azkue buru belarri jarri zela lan horretan, urrats handi bat eginez euskararen batasun prozesuan.

 

Ortografia

Azkuek 1921eko apirilaren 23ko Euskaltzaindiaren bileran ortografiari dagozkion zenbait arau proposatu zuen. Euskaltzainburuak garbi zeukan euskaldun guztien artean guztiz uniformeak ez ziren fenomeno fonetikoak aztertzen hasi baino lehen, erabat beharrezkoa zela horietako zenbait fenomeno Euskaltzaindiak onartu ahal izateko arauak ezartzea. Besteak beste, hauek ziren proposatutakoak: a) Euskalki batean salbuespenik gabe erabiltzen den fenomenoa, euskalki horretan idatzitako testuetan behatuko da, nahiz eta fenomeno hori beste euskalkietan ez den erabiltzen. Adibidez, bizkaierako «arrebea» eta «direala»; behenafarrerako eta zubererako «xin dea?» galdezkoa («da+a»ren ordez); bizkaiera eta gipuzkeraren hasierako «x» eta «t»ren «tx» permutazioak: «txerri», «xerri»ren permutazioa den «zerri»ren diminutiboa.. ) Euskalki baten nahiz batzuren zenbait lurraldetan bakarrik erabiltzen diren fenomenoak ez dira kontuan hartuko, beraien aurkakoak hobeto egokitzen bazaizkio hizkuntzaren senari: adibidez, «zurixe» «zuria»ren ordez; «uarra» «oarra»ren edo «abindu» «agindu»ren ordez.. ) Zenbait fenomeno partikular erabiltzea nahiz baztertzea gomendatzean, Euskaltzaindiaren xedea honako hau izango da: euskaldun guztiek lau literatura euskalkiak hobeto ulertu ahal izatea, horrela literatura hizkuntza bilakatzeko gai izan dadin.. ) Fenomeno batzuk, euskalkiaren hedapenari dagokionez arruntak izanik, lexikoki partikularrak direnean (hau da, hitz batzuetan erabiltzen direla eta antzeko beste batzuetan ez), erabilerak erabakitako hitzetan beteko dira. Adibidez, «ri»k, «i» galdu eta «r» «l» bilakatzen duhonako hitzotan: gari, ugari, bazkari, apari, gosari, eskari, eri (galondo, ugaldu, bazkalaurre, apalondo, gosalordu, eskalmai, elbarri) eta ez «uri», «zuri», «zori» hitzetan (Uriarte, zuritu, zorigaitz).

Halako gauzak kontuan ez izanagatik aipatzen ditu Azkuek orduko «euskaldun barri edo barrioidek» (berea da hitza) sortutako neologismo barregarriak: «bitxabal» «bide zabal»en ordez, edo «bitxañ» «bidezain» en ordez.

Behin lege horiek ezarrita, hamar puntu desberdinetan zatitu zuen ortografia legeei buruzko azterketa: 1) bokal permutatuak: A-E; 2) «E»ren permutazioak; 3) «I»ren permutazioak; 4) «O»ren permutazioak; 5) «U»ren permutazioak; 6) epentesi bereziak, 7) bokal-asimilazioak; 8) kontrakzioak; 9) bokal bikoitzak eta bokal luzeak; 10) palatizazioak edo palatalizazioak.

Emandako legeen arteko adibide bat emateagatik «I»ren permutazioen arloan aipatutako azkenaren berri emango du: Euskaltzaindiak latinezko «i»z idaztea erabakitzen du bokal horrek diptongoko azken tokia hartzen duen kasutan: gei, lai, dai… nahiz eta atzetik beste bokal batek jarraitzen dion: geiago, laietan, egin daien…

 

Eusko Ikaskuntza

1918an Oñatin euskal aldundien babesean egin zen batzarrak, gure herri honen iragana aztertzea baino garrantzizkoagotzat jo zuen etorkizunean gure herriaren nortasunarekin zerikusirik duen guztiarekiko konpromezua, bide berriak irekitzearren.

Horretara jotzen zuten bertatik atera ziren ondorioak, han bildu ziren guztien asmo eta irritsen zeinu. Eta hori guztiori aurrera eraman ahal izateko «Euzko-Ikaskuntza» izenekoerakundea eratu zen, batzarraren lanari jarraipena eman ziezaion, gure kulturaren piztueraren elementu bateragile eta gidari izan zedin.

Batzarrak zazpi sail desberdinetan ihardun zuenez, arlo bakoitzak bi batzordekide izendatu zituen. Horiek izan ziren 1918ko abenduaren 22an Gipuzkoako Aldundiaren jauregian bildu zirenak lau euskal aldundietako ordezkariekin batera. Arturo Campión izendatu zuten ohorezko lehendakari, honako jaun hauek batzordekide zituela: Lehendakari: Julian de Elorza; Julio de Urquijo eta Pierre Broussain, lehenengo eta bigarren lehendakari orde; Angel de Apraiz, idazkari; Gregorio de Mujika, idazkariorde;Leonzio de Urabaien, diruzain eta Víctor Artola, diruzainorde.

Aipatu ditugun zazpi sailetako ordezkariak, berriz, honako hauek izan ziren: Gizarte eta Zientzia politikoen sailetik: Víctor Artola eta Santiago Cunchillos; Enda sailetik: Telesforo de Aranzadi eta Enrique de Eguren; Hizkuntza sailetik; Julio de Urquijo eta Luis de Eleizalde; Historia sailetik: Carmelo de Echegaray eta Juan de Allendesalazar; Arte Ederreak sailetik: Angel de Apraiz eta José de Orueta; Irakaskuntza sailetik: Eduardo de Landeta eta Leonzio de Urabaien; Eusko Ikaskuntzatik: Esteban Bilbao eta Javier de Gortazar; Gipuzkoako Aldundiaren aldetik: Julian de Elorza; Bizkaiko Aldundiaren aldetik: Cosme de Elguezabal; Arabakoarenetik:José María de Unda, eta Juan José Juanmartiñena, Nafarroakoaren aldetik.

Errege Alfontso XIII.ak onartu zuen denen ohorezko buru izatea. Egoitza, Gipuzkoako Aldundiaren jauregian jartzea erabaki zen eta lau Aldundiek laguntzak emango zizkiotela.

Apraiz jaunak idatzitako lehen txostenean garbi adierazten ziren zein ziren «Euzko-Ikaskuntza»ren lehenengo lorpenak: organizazio eta propaganda lanak oso onuragarriak izan ziren eta horri esker lortu zuten Aldundietan, Udaletan eta beste zenbait erakundetan araudia eta harpidetza txartelak zabaltzea; badirudi prentsan bertan uste baino oihartzun handiagoa izan zutela.

Horrela, ehundik gora dira laguntzeko konpromezua hartu duten udalak.

Hori kontutan izanik eta, behar hainako diru-laguntzaren jabe, martxan jarritako asmoen berri ematen zuen. «Euzko- Ikaskuntza»k irakaskuntzari eman dio haren kezken arteko lehentasuna eta eskolakEuskal Herrian duen egoerari buruzko azterketa egin ondoren, buru-belarri jarri da euskarazko testu-liburuak prestatzen, hauxe izanik beharkizunik larriena. Ezin izango dugu ahantzi, urteetan zehar egindako ahaleginen fruitu izan zirela, besteak beste, «Eusko Abestiak», «Aurrakuntza-Irakastia», «Xabiertxo», «Umearen laguna», «Martin Txilibitu», «Irritsa», La Salleko Anaien Bruñok argitaratutako «Zenbakiztilengaien Ikastia», «Lege Zarra ta Lege Berria»…Euskararekin zeharo lotuta «Euskarako Katedrak» sortzea erabakitzen da, beraien premia larrien sentitzen den tokietan eta, hori dela-eta aipatzen da Gasteizko Institutuan sortu eta on Manuel Lekuonaren esku gelditu dena.

«Euzko-Ikaskuntza»ren beste kezka nagusietakoa baserritarren eta arrantzaleen formaziorako hiltzaldiak antolatzea izango da, batik bat euskaraz emango direla azpimarratuz.

Ez dugu ahantzi, Menéndez Pidal jaunaren aburuz, zein garrantzizkoa den metodologia eta kultura handiko hitzaldiak prestatzea nazioarteko jakintsuek euskal fenomenoaren berri izan dezaten Bilbon nahiz Madrilen egin daitezkeen kongresoetan.

Azkeneko honekin zeharo lotuta gelditzen da Euskal Unibertsitatea lortu ahal izateko kezka.

Honen guztiaren inguruan egindakoren berri ere ematen du Apraizen txostenak etabesteak beste, Aranzadik, Barandiaranek eta Egurenek Toloño inguruko Faidu eta beste zenbait kobazulotan egindako azterketa-lanak aipatzen ditu. Etnologiaren arloan egin dute Herri-Ohituren batzordea, hasteko, ezkontzarekin lotutako galdeketa egiten ari zena. Euskal Herriko artelanen katalogoa ere martxan zegoen, azken batez, Euskal Herriko errealitate ahalik orokorrena mapatan jarri ahal izateko.

Eta, azkenik, esan dezagun Euzko-Ikaskuntzak eragin erabakiorra izan zuela aztertzen ari garen garaiko emaitzarik beharbada ederrenetakoaren sorreran: Euskaltzaindiarenean, hain zuzen.

 

Euskaltzaindia

Orain dela hogei urte pasatxo honela zioen Aita Villasantek Euskaltzaindiaren «Euskera» aldizkarian: «Euskaltzaindia instituzio bat da, 1918. urtean Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako lau Diputazioen babespean sortua. Helburu eta xede bezala du euskararen alde lan egitea, hizkuntza honen idazlegintzarako argibideak eta arauak ematea, eta abar. Euskal Herriko eskualde, euskalki eta euskera mota guztien ordezkariak daude bertan. Euskaltzaindiak kultur-jakintzaz bakarrik du zer ikusi eta deus ez politikaz ezta inongo taldekeriaz ere. Pluralismorik jatorrena egon da beti eta dago orain ere haren barnean. Euskaltzaindiak garbi ikusi du beti euskera herri baten ondasuna dela, eta herri osoarena, gainera, eta hain zuzen horrexegatik, ez du nahi ondasun hori talde baten eskuetan eror dadin» (1973, orr 237).

Euskara maite zutenek aspalditik zeukaten Euskaltzaindia bezalako erakunde bat sortzeko irritsa, hizkuntzaren enbor zaharrari bizi berria emateko, bere garapena zaintzeko eta zuzentzeko, hizkuntzaren beraren ikerketak sortaraz zitzakeen arazoei adorez eta maitasunez ekiteko. Ez zen Aldundiek horretarako beraien ordezkariak izendatzen zituzten lehenengo aldia; idatzi ere idatzi zen funtzionamendurako egitasmo baten zirriborroa baina halako lan batekin ezkondu ezineko sezesionismoek bertan behera utzi zuten.

Gogora dezagun 1830 inguruan Darrigol izan zela halako lanetan saiatu zen lehena, baina herio goiztiarrak ezinezko egin zuen asmo hura. Garai hartan bertan ildo beretik ari ziren Okendoko Ulibarri taldeko euskalzaleak. Berrogeita hamar urte geroago, Aristides de Artiñanok «Proyecto de Academia Vasca» lana aurkeztu zuen Durangoko Euskal Jaietara, Sabino Aranak Donostiako «Euskal Erria» aldizkarian goratuko zuena.

Geroko historia, 1919-1920ko «Euskara»ren eskutik datorkigu. 1896 arte, K. Kannemann eta T Linschmann aleman euskalzaleek,Berlinen, beren Baskische Gesellschaft edo Euskal Lagundia jaso zuten, eta orduan, hamar urtez iraun behar zuen «Euskara» aldizkaria sortu zuten. Handik hamalau urteren buruan, gure artean azkenekoz biztu zen Euskal Herriko euskalzale guztiak elkarganatzeko asmoa. Euskalkiak bateratzekotan, 1901eko abuztuaren 11n Hendaiako batzarrak erabaki zuen alderdi guztietako euskalzaleen artean Lagundi edo Elkartasun bat egin behar zela. Hurrengo urtean hori bera aitatu zuen Arbelbide apaiz jaunak Urruñako euskal jaietan, baina, handik laster, sail horri burua emateko Euskalzaleak Hondarribian bateratu zirenean, beren aburuak ezin elkarri josi izan zituzten eta bakoitzak bere aldera jo zuen.

Batzurentzat egun miketzak izan ziren.

Sabino Aranaren urteak ziren eta euskal letren mundua guztiz zatikaturik zebilen.

Ademak, batez ere, barru barrutik biziko zuen arazoa eta aspaldiko zenbait adiskidetasun galtzeaz gain, mingostu egin zizkion zahartzaroko urteak. Peru Broussain (Pierre Loti) eta Azkueren arteko gutunek egingo digute gertatutakoaren urratsen bat.

Hiru adibide baino ez dugu emango. 1901 hartan honela ziotson Broussainek Azkueri, frantzesez: «Euskal Batzordeak (Levy lehendakari!!!) euskalzaleen bilera prestatu du euskal ortografiaren batasunaren arautzeko… Nik ez dut inola ere onartu eta uste dut Adema ere horretan dabilela. Batzorde honetako bazkide nagusiak honako hauek dira: Dodgson, Vinson, de Charencey, Levy judua eta abar…, hau da, ez arrazaz ez sentimenduzinolako euskal kutsurik ez dutenak. Biziki penatzen nau Arturo Campión euren artean izanak eta berak babesteak Endaiako bilera…» Baina, dirudienez, aurrera egin zuen eta Aranaren jarrera gogorrak jendea estutzen zuen heinean, batzuek alde batera zein bestera egiten zuten eta, hurrengo urtean, hitz oso gogorrak erabiliko ditu BroussainekBatzordearen buru zen Adema zaharraren jokaera, haren usterako malguegia, gaitzestean.

Azkueri idatzitako gutun batean, euskaraz oraingoan, zera dio: «Egun arratsaldean Arbelbidek bildu gaitu bere etchean Darricaere, Daranatz, Lassalle, Hiriart eta ni, elgarrekin erabakitzeko zer egin behar dugun Donostian egun Guilbeauk eta Ademak onesten badute Sabinoren iritzi berria. Atzo Adema gaishoa gurekin zegoen gogoz eta treinean sartu da bihotza shede onez betea, baina Donostiara orduko ez ete da beste bat bilakatuko? Beldur gara Aranak, menturaz, bere hitz ederrez bereganatuko duela. «Shori buru» erraiten diegu hemen Adema bezalako gizoner eta ba´dakizu zoin aldakorra den xoria. «Sagarraren adarraren puntaren puntan zegoen xoria kantari. Tshiruliruli…».

Eta jadanik bilera guztiak porrot egin eta gero, apaiz zaharrari botako diote, Sabinoren aurka ez egiteagatik, errua eta krudelki kondenatuko dute olerkari zaharraren joera. 1902ko maiatzaren 16an idazten zion Broussainek Azkueri, Hazparnetik oraingo honetan, frantsesez: « Adema zahar gizarajo honek zera dio alde guztietan, guk hondatu dugula bilera eta aurkako bilera baten prestakuntzan ibili garela. Daranatzi ez zaio batere erraza gertatu leiendatzar hau gezurtatzea, Ademak edonon zabaldu duena. Orain egun batzuk, gotzainaren mahaian aurkitu ziren biak eta Ademak ez omen zion hitzik ere ihardetsi Daranatzi.

Honetan guztian, gauza bat dago garbi: Adema guztiz jota dagoela berak zuzendu bileraren porrota ikustean. Eta porrotaren zioak bere kaskarintasunean eta ezjakinean bilatu ordez, nahiago izan du errua besteen gain botatzea. Herenegun Arbelbide lagunak oso zorrotz zioen bezala: «Txupetea galdu eta denon aurrean negarrez dabilen haur itxura hartu du Ademak».

Handik urte batzutara Oñatiko Biltzarrean piztu zen bihotzeko suak bakarrik lortuko du haraino areriotuta iritsi zena bat egitea; eta handik irten zen, aho batez, Euskaltzaindia martxan jarriko zuen egitasmoa.

Ponentziak 1918ko udazkenean idatzi zituen Bilbon erakunde berriaren estatutuak eta behin prentsan argitaratu eta zenbait aldaketa onartu, Eusko Ikaskuntzaren eskuetan jarri zuen, aurrera egin zezan. Eusko Ikaskuntzak, berriz, Aldundien eta denen onespena eta laguntzarako agintzaria lortu zuen. Proiektuaren arabera bildu behar zirenak Gipuzkoako Aldundiaren jauregian bildu ziren: Resurrección María Azkue, Arturo Campión, Luis Eleizalde eta Julio de Urquijo, proiektuan bertan euskaltzain izendatuta zeudenak. Hauen ardurakizuna izango zen beste erakunde guztien izenean eta beraien onarpenarekin, Euskaltzaindia osatuko zuten beste euskaltzainak izendatzea.Honako hauek hautatu zituzten: Txomin Agirre, Pierre Broussain, Adema, Ramon Inzagaray, Jose Agerre, Juan Bautista Eguskiza, Raimundo Olabide eta Pierre Lhande.

Urriaren 5ean egindako hurrengo saioan Ademaren gutuna irakurri zuten non orduantxe zeuzkan lanek ez ziotela horretarako betarik uzten eta, horregatik, uko egiten ziola izendapenari esaten zen. Haren ordez, Landarretxe abatea izendatu zuten.

Gero karguen hautaketa egin zen. Azkue jarri zuten buru; Agerre jauna, diruzain; Urquijo jauna, Artxibari eta Bibliotekari; idazkari, berriz, Eleizalde jauna. Eusko Ikaskuntzarekin izango zituen harremanak aztertu ziren eta hori erabakitzearen arduradun Azkue, Eleizalde eta Olabide izendatu zituzten.

Egoitza Bilbon izango zela erabaki zen, bilerak beste zenbait tokitan ere egingo ziren arren.

1920ko urtarrilaren 8an, Donostian, Euskaltzindiaren lematzat «EKIN ETA JARRAI» hartu zuten eta Haritz Gurutzeduna ikurtzat.

Horrela hasi zen euskararen gerorako hain garrantzitsua izan dugun erakundea.

Azkue izan zuen buru Euskaltzaindia sortu zenetik lekeitiar handia hil zen arte, 1919tik 1951ra. Gerokoak, berriz, Inazio Maria Etxaide (1952-1962), Jose Maria Lojendio (1964- 1966), M. Lekuona (1968-1970, Luis Villasante gero eta Jean Haritschelar dugu buru oraintxe bertan.

 

Txomin Agirreren belaunaldia: nobelaren bideak

Mendeetan zehar nobelak bere kasa, bere logika jarraituz, existentziaren esparru ezberdinak aurkitu ditu, Kunderak zioen bezala. Cervantesen garaikideekin abentura zer den galdetzen dio bere buruari; Samuel Richardsonekin «barruan gertatzen dena» aztertzen hasten da, sentimenduen bizi sekretua azaltzen; Balzacekin historian errotutako gizona aurkitzen du; Flaubertekin egunerokotasunaren lur ezkutua arakatzen du. Tolstoirekin irrazionaltasunak giza portaeran eta erabakietan duen eraginera hurbiltzen da. Nobelak denbora ere zundatu du: iragan atzemanezina Marcel Proustekin, oraina atzemanezina James Joycerekin.

Thomas Mannekin denboraren hondoenetik gugana etorri eta gure pausoak zuzentzen dituzten mitoei buruzko galdera egiten du. Milan Kunderarekin errelato fundatzaileen hausturaren eragina ikertzen du… Modernitatearen hasieratik etengabe lagundu dio gizakiari bidean. «Ezagutze-pasioa» berauen jabe egin da, gizakiaren bizimoduzehatza arakatu eta «izatearen ahanzturaren» aurka babes dezan; «bizitzaren mundua» manten dezan, etengabeko argitasunaren pean. Hori bera baitzioen Herman Brochek «nobelak bakarrik aurki dezakeena aurkitzea da nobelaren zeregina» esaten zuenean edo «ezaguera da nobelaren moral bakarra», Kunderaren hitzetan.Eta nobelak, logikoa den bezala, Aro Modernoak egin duen bide bera egin du.

Kafkak paradoxa izugarri honen aurrean jartzen gaitu: modernitatean, arrazonamendu kartesianoak lurrera bota zituen Erdi Arotik jasotako balioak, baina, ilustrazioarekin batera, arrazonamenduak garaipen osoa izango zuela zirudien momentuan, mota askotako zenbait iraultza pasa eta gero, berriro ere irrazionaltasuna jabetu dela munduaz konturatu gara, erreferentzia puntu gisa izan zitezkeen balioen heriotzarekin batera.

Bestalde, Modernitateak amestu zuen munduaren batasuna gertatu da, baina ez hark espero zuen bezala, arrazonamenduan oinarrituta. «Gaur egun planetaren historia batasun bereiztezina da», dio Kunderak, « baina gerra amaigabeko eta ibiltaria da aspalditik amestu dugun gizadia baiesten duen zalduna. Gizadiaren batasunak hauxe esan nahi du: inork ezin duela inora ihes egin».

Txomin Agirreren belaunaldiko sistema filosofikoek bermatu egin zuten hainbat eta hainbat bizi-jarrera eta sorkuntza artistikoen antierrazionalismoa. Mendearekin bizitzaren fisolofia berria sortuko da, eskemetara laburbil daitekeen mekanizismoa arbuiatzen duena. Filosofia berri honek gizabanakoari dagokion bizikidetasunean oinarrituta aurkitu nahi izango dio existentziaren arazoari irtenbidea. Gogora dezagun, garaiko nobelaren oinarrian dagoen Henry Bergsonen(1859-1941) pentsakeran izakia «élan vital» dela, bizi bulkada, eta iraupenak «la durée», gure existentzian bakarra eta errepikaezina den guztia azpimarratzen duela: etengabeko jarioa, hazkunde, garapen eta bulkada dena, arrazional eta eskematikoki atzemangaitza.

Horrek intuizioaren mundura bultzatuko du gizakia, esparru berrietan aurki dezan ihesean doan errealitatearen konpasa.

Teoria hauek, poetikoak oso, askatzaileak zentzu bat baino gehiagotan, beste moral mota bati buruz ari zaizkigu, moral sozialaren aurkako gizabanakoaren moral intuiziozko eta sortzaileaz. Baina, horrekin batera, balio moral, historiko nahiz sozialak errespetatzen ez dituzten bulkada gaiztoak eta indar suntsitzaileak askatu dituzten teoriak ere badira.

W. Diltheyren (1833-1911) psikologismoak eta Husserlen (1859-1938) nahiz Scheleren (1874-1928) fenomenologiak gure garaiko filosofia elaboratu zuten, lehen aipatutako hipotesien gainetik. Geroxeago etorriko da literatura garaikiderako hain garrantzitsua izan den existentzialismoa, baina aztertzen ari garen sasoitik at gelditzen zaigu.

Aro honi dagokion literatura korronteak aztertzean, berehala konturatzen gara, Europan zehar, batik bat bi bereizgarri agertzen direla nonahi: desberdintasuna eta oparotasuna.

Ezin esan bereizgarri «neutroak» direnik, desberdintasun ideologikotik eta emandako soluziobideen dispertsiotik sortuak baitira.

Ikuspegi guztiz literario batetik esan genezake, hasteko badela literatura mota bat, XIX. mendeko errealismo eta naturalismoarekin nahiko estu lotuta dagoena. Orduan nagusi den ideologia burges batean oinarritutako obra da, sinplea gaiaren aldetik eta egituraren aldetik, berriz, kontserbadorea, garaiko baldintza sozio-historikoekiko irazgaitza, aldaketarik eza izango baita literatura mota hori sortaraziko duen ideologiaren iraunkortasunaren bermea.

Deribazio post-erromantikoek –adibidez, itxuraz erregionalista diren nobela errealista zaharkituak, foiletoiak, antzerkimelodramak– arlo horretan sortzen dira. Ingurunea bere osotasunean ikusi nahi ez duten nostalgikoen babesleku dira. Askotan literatura tradizioa eta betiko balioen (aberria, familia, maitasuna, ohorea…) defentsa hartuko dituzte aitzakiatzat literatura mota hori defendatu eta justifikatzeko.

Herder idazleaz geroztik alemanak, horrela, pluralean, hartutako «herriaren izpiritua»ri buruz pentsatzen hasi ziren, hau da, historikoki sustraitutako folklorean, ohitura eta usadio tradizionaletan adierazitako herri bakoitzaren topikoenean, berezienean.

Bene-benetan bizi direnean, herriaren esentzia eta izpiritua erakusten duten herriaren bizimodua eta izpiritua.Sakoneko berezitasun bezala ulertutakotik, tipismora pasatzen da, azaleko adierazpenetara.

Espainiako literaturan Estébanez Calderón izango da generoaren erorketa hau hobekien adierazten duena. Baina idazten denaren sustraian, ideologikoki guztiz positibotzat jotzen duten zerbait dago ezkutatuta: herriarekin lotutako bizimodu tradizionalaren goralpena; batik bat orduantxe bertan mehatxu bikoitz baten pean zegoelako: erregimen politiko berriak inposaturiko uniformitatea, alde batetik, eta hiriaren garaipena bestetik. Dudarik gabe, Schlegel anaiei jarraituz, Fernán Caballero, Bölh de Faber alemanaren semeak, egindako ahaleginak esparru horretan sartu behar dira.

Alarcónek modu guztiz koloristan egin zituenak bezalaxe edo Peredak, ideologia karga askoz handiagoarekin oraindik. Hor du, gure ustez, tokirik Txomin Agirrek, bere obrarekin.

Geroxeago, generoa «hoztu» eta desideologizatu egingo da eta Galdósengan, adibidez, argudioa girotzeko deskribapen bilakatuko da batik bat. Halarik ere, lehen adierazi dugun bezala, errealismoak eta naturalismoak dagoeneko egina zeukaten neurri handi batean beraien bidea, eta oso markatuta zeukaten geroko literaturari utzi zioten ondarea. Adibide garrantzizkoenak baino ez ditugu aipatuko, saihestezinak direnak. Balzacek Le Père Goriot idatzi zuenean zioen: «Liburu hau zure esku zurietan hartu, besaulki eroso batean eseri eta zeure buruarentzat ‘Agian dibertitu egingo nau’ pentsatzen duzun hori, jakizu hau ez dela ez fikzioa ez nobela. All is true, hain da egiazkoa non nork berean ezagutu ahal izango dituen osagarriak, bihotzaren barruan beharbada…».Eguneroko banalkeriaren historia, egiatasuna dramatikoa delako, baldin eta ikusten, ulertzen eta sentitzen saiatzen bagara bederen. Flaubert hitzaren egiazko mendeko egingo da, orri bera hamabost edo hogei aldiz hasteko gauza baita, harik eta gustora gelditu denaren asetasunaz azken puntua jarri arte. Idazle setatiaren itxura ematen digu, torturaraino ia. Hortik bere irritsak, bere nekeak, hasitako lana inoiz ezin bukatu izango duenaren larrimina. Hortik ere, batzutan bere estiloari somatzen zaion monotonia, atezuegia, perfekzioa hain gogor jo nahi izanagatik. Gure Txomin Agirreren motako paisaje, askotan erruraletan, mugitzen den aro errealista eta naturalistako Guy de Maupassant, bere estiloaren indar artegagatik nabarmenduko da, adierazpideen xalotasunagatik. Zirrara betea dario islatzen saiatzen den munduko apal, ezdeus eta behartsuen dramari. Emile Zolak, bestalde, La Bête humaine liburuan idatzi zuen hain eraginkor izango zen nobela mota berriari hasiera eman zion testu ezaguna: «Familiak ez zuen jada orekarik; neurri handi batean urradurak jota zegoen.

Noizean behin, gustora sentitzen zen urradura hereditario honekin; ez osasun txarrekoa zelako, bere krisialdien beldurrak eta lotsak aspaldian baitzuten ahuldua; baina baziren bere izaeran bat-bateko orekarik ezak, hausturak, zuloak eta beraietatik ihes egiten zion bere tasunak, den-dena desitxuratzen zuen beira ketu baten erdian…» Zolak gai izugarria kaleratzen du, beste formetan eta beste bitartekoen bidez literatura modernoak jasoko duena: urraduraren gaia, alkoholismoarekin pribilejiozko tokia hartuko duena (Fitzgerald, Malcom Lowry…).

Ingalaterrako garai hartako idazleen artean bi aipatuko genituzke. George Eliot, lehenik, Txomin Agirrek bezala, probintzietako bizimodua, askotan errurala, gaitzat hartu zuena. Eta Thomas Hardy, haiekin batera. Hardyren Far from the Madding Crowd, egilearen izenik gabe argitaratu zenean, kritikari askok George Elioten lantzat hartu zuten. Hau, ordea, baserriko bizimoduan bainoago, erdi mailako klasean zegoen interesaturik. Hardyrengan herri poesiako baladen eragina da nabarmenena eta horrexek ematen dio bere idazkerari ukitu poetiko malenkoniatsua, inon bainoago Tess of the D’Urbervilles nobelan sumatzen dena.

Guztiz Txomin Agirreren garaikoa da, baina Hardyk Victoria erreginaren garaiko gizartearen balio moralei egiten dien kritika basatiak ez du parekorik Agirrerengan.

Europan badira kostunbrismo kontserbadoretik urrun, goian aipatu ditugun idazle horien unibertsoko aurrerapausoak jaso eta urrats berriak egiten saiatuko diren idazleak.

Egoera historiko berriari emandako erantzunak izango dira eta horietako batzuek garrantzizko literatura korronteak osatuko dituzte.Mende amaierako leherketak, hasteko, paradisu estetikoranzko ihesa ekarri zuen, errealitate historiko miketzetik urrun; modernismo izenez ezagutzen duguna. Erroizte politikoa eta giza antagonismoak gainditu nahi izan zituen, arazoa zuzen-zuzenean planteatuz; zeinu sozialeko literatura. Izan ziren euren egoera historikoa dramatizatu zutenak, berauen existentzia tipifikatuz edo luzatuz. Marcel Prousten ahalegina ez dabil azken arlo honen hasieratik guztiz urrun eta imajina daitekeen ezbezala. Prousten estiloa ez da batere itxuratia. Bihurritua baldin bada, makurra, xehetasun zorrotzez eta pazientzia handiz landutako irudiz betea, kontzientziaren egoera nahaspilatuak islatzen saiatu delako da, eta iragana aztertzen sekulan aspertzen ez den oroimena. Gainera, idazleak berak esaten zuen bezala, adierazi nahi dituen estuasunak eta nahasmenduak «pentsakeraren berezko martxa» errespetatzea beste helbururik ez dute. Arte berri baten atarian gaude, «deszifratzen» saiatzen den estilo mota baten aurrean, izaeraren muinetaraino sartu nahi izango duena, berarekin batera herrestan irakurlea eramanez, idazlearen ikerketa mingarrietan barna.

Hauexek lirateke Ernesto Sábatoren arabera nobelistika berriaren berezitasunak: lehengoz, «niaranzko jaitsiera»; XIX. mendeko nobelagileak kanpoko munduaren deskribapen objektiboan saiatzen ziren. Gerokoek euren existentziaren misterioa hartuko dute kanpoko mundura jotzeko abiapuntutzat.

Horrela, bigarrengoz, «barne denbora» sartuko da, larrimin, zoriontasun eta oinaze unetan neurtuko dena eta ez ordu eta minututan. Hirugarren, niaranzko jaitsiera horrek inkontzientearen mundura eramango gaitu eta hortik sartuko da nobelan irreala, absurdua, itxuraz ilogikoa dena. Ilogizismoa izango litzateke laugarrena, behin leize horietara jaitsiz gero nobelagileak arrazonamenduari uko egin beharko baitio eta ustezko argitasunari berarekin batera. Bosgarren, niatik ikusitako mundua; eszena niatik sortzen da, arimaren egoerak, ikuskariak, sentipenak eta ideiak kontuan hartuz.

Seigarren, intersubjektibitate baterako bidean jartzen gara, «bestearen» agerpenerantz, horrela erromantikoen subjektibitatek hutsa gaindituz. Zazpigarren, gizakiaren gainetik legoken munduari uko egitean, nobelagileak gaurko gizakiaren arazorik larrien eta sakonenei aurre egin beharko die, bakardadeari, komunikaziorik ezari. Zortzi, gizakia jada ez da existitzen «egoera gardenean», haragiztatuta baizik. Gizakiaren alde fisikoa guztiz beharrezkoa da bakardadea hautsi eta pertsonen arteko komunikaziorako: sexuak, lehenengo aldiz letren historian dimentsio metafisikoa hartuko du. Eta, azkenik, horren guztiorren ondorio bezala, esan dezakegu literatura berbaliotu egin dela, zeregin berri baten eskutik: adimenarenetik.Sarrera hau bukatzeko eta euskal literaturaren erreferenterik hurbilena gaztelerazkoa denez, nola-hala sailkapen edo periodizazio bat egin nahi genuke, argitasun piska bat ematearren. Naturalismoak 1869-1890 epea hartuko luke. Gero, Zilarrezko Aroa gisa ezagutzen duguna etorriko litzateke, 1890etik 1939ra luzatu eta bost etapa hartuko lituzkeena: Joeren gurutzaketa eta Trantsizioa. (1890-1902); Berriztapena, (Modernismoa eta 98ko belaunaldia) (1902- 1913); Europar novecentismoa eta abangoardiako mugimenduak, 1913tik Lehen Errepublika bitartean; Artearen konpromezua, Errepublika garaian (1931-1936) eta azkenik Artea propaganda politiko bezala (1936- 39).

Beharbada, ez genuke ahantzi behar badirela gazteleraz idatzi zuten bi nobelagile euskaldun, azken bost etapa hauek zeharkatu eta argi bereziz dirdiratu zutenak: Unamuno eta Pío Baroja.

 

Jean Barbier (1875- 1931)

 

Zenbait datu biografiko

Jean Barbier, euskal idazlea, Nafarroa Behereko hiriburuan, Donibane Garazin, jaio zen, 1875eko uztailaren 9an. Oso txikia zelarik etxeko supazterraren ondoan aiton-amonen ipuin, kanta, pasadizo eta istorio anitz aditu zituen, gero, beranduago, bere erara moldatu eta aberastuko zituenak.

Barbierren bizitzaz mintzatu zaizkigunen iritzien arabera ikasketak Hazparnen, Larresoron eta Baionan egin zituen. 1898an apaiz egin zen. Okzitaniako Tolosako Institutu Katolikoan teologiako doktoretza eskuratu zuen. 1900ean Larresoron irakasle dugu eta han euskara aberastu zuen; ondoren, 1905ean, Baionako katedralean bikario izan zen, 1913an Senpereko parrokiaren ardura eman zioten arte. Hortxe, herrixka eder eta atsegin horretan, eman zituen hil arteko egun guztiak, alegia, 1931ko urriaren 31 arte.

Neurri batean esan daiteke bederen, Axularrentzat Sara izan zena Jean Barbierrentzat Senpere izan zela. Izan ere, garai hartan, hau da, XX. mendearen hasieran, Senpere euskal idazleen biltoki bilakatu zen, eta gure idazlearen kritikoen arabera, Jean izan zen, beste ororen gainetik, literatura bilkura haiek piztu, adoretu eta sustatu zituena eta, bidenabar, gorputz eta arima edukiz betetzen saiatu zena. P. Lafittek dioskun bezala, han sortu ez bazen ere, Gure Herria aldizkaria Senpereko presbiterioan bataiatua izan zen.

Gure idazlearen kantuez, poesiez, teatroez, nobelez eta ipuinez osatu ziren lehen aldizkarienorrialdeak. Badakigu jakin Eskualduna aldizkarian ere era guztietako lanak argitaratzen zituela. Euskara eta musika biziki maite zituen eta hamaika bertso eta kanta egin zuen bere parrokian ez ezik inguruetako beste zenbait parrokiatan ere abesteko. A. Villasantek Historia de la Literatura Vasca liburuan besteak beste esaten du kantua gure idazlearen baliabiderik handienetakoa izan zela. Garai hartako zenbait euskal apaizek jardun zuten bezala, hau da, erlijioa eta euskara eskutik hartuta, aidanez, Jean Barbierrek ere halatsu jardun zuen. Aita Lafitte da berau azpimarratu eta nabarmendu diguna: “Barbier jauna, errotik apeza zen, eta uste dugu zinez, ez zituela euskara eta euskal ohidurak hain arroski ikertuko eta sustatuko, ez balitzaio iduritu euskaldungoa bere eliza lanetarik bat bezala, fedearen eta herriaren sustengu”.

 

Idazlanei dagokienean

Jean Barbier apaizak literaturak dituen arlo asko ukitu zituen. Aita Villasanteren lehen aipatu liburuan ondorengo hau gogoratzen zaigu: garaztarra ipuingilea, eleberrigilea, olerkaria, musikagilea, folklorezalea eta komediografoa izan zela. Jakina da arlo hauetan guztietan egin zituen lanak ez zirela neurri berean meritu berdinekoak izan. Ipuin sailari bagagozkio Supazter xokoan lana aipatu behar da lehenbizi. Liburu hau beste literatura genero batzuen lanez osatuta dagoen arren, hogeita bost ipuin ere biltzen ditu. Baionan, 1926. urtean, azaldu zen. Aita Villasantek dioskuipuin hauek Axular handia bera gogorazten diguten zaporea dutela. Herrietan jasotako kutsua darie. Era berean, sail honetan Ixtorio-mixterio deitu ipuin bilduma sartu behar da. Baionan azaldu zen, 1929. urtean.

Liburu txikia da eta herri ipuinez osatuta dago: euskaraz eta erdaraz. Eleberri sailari gagozkiolarik Piarres aipatu behar da. Batzuek, bi tomotan eginda dagoen lan honi, eleberri folklorista deitu diote. P. Lafittek, esaterako, eleberri baino gehiago idilio bat, hots, maite-eresi bat dela esan du. Bertan euskaldunen ohiturak, jolasak, jaiak, elizkizunak, euskaldunek egindako gerrak, hiletak, ezkontzak, eta abar, erakusten dizkigu Jean Barbierrek. Aita Villasante da ongien azaltzen duena eleberri hau zertan datzan: “Nobela hau XX. mendearen hasierako euskal ohiturei buruzko monografia duzu”.

Eleberri honen lehenengo zatia Baionan azaldu zen, 1926. urtean, eta bigarrena Baionan, 1929. urtean. Antzerkigintzari dagokion atalean ez da garaztarra hain aipatua eta, are gutxiago, goraipatua izan, baina herritarrei zuzendutako zenbait lanetan, berauen euskararekiko zaletasuna pizteko eta sustatzeko balio handia izan zuten antzerki eta komedia aipagarriak utzi dizkigu: Sorginak (1922), Zubietako debrua (1922), Kauserak eta kruxperak (1924), Gauden euskaldun (1926), Eskila xarmanta (1922)… besteak beste. Antzerki hauen guztien helburu nagusiaezen ez bakarra, barre eginaraztea da. Olerkiari, kantuari eta musikari ere garaztarrak tarte eta ahalegin zabala bezain aberatsa eskaini zion. Horien artean aipatzekoak dira Nere kantuak (1910) eta Ama Birjina Laurden (1926). Denetara laurogei bat kantu dira, gehienak erlijio gaidunak.

Kantuetan agertzen diren testuei dagokieneankritika zorrotzak egin zaizkio Jean Barbierri. P. Lafittek dio errazegi sortzen zituela eta ez zituela bigarren irakurketa batez egokitzen. Zaldubyk ere hauxe bera leporatzen zion. Hitz gutxitan esateko, Barbierrek musikari testuari baino garrantzi handiagoa eman zion. Olerkiari gagozkiolarik, berriz, olerkari handia izateko gaitasuna zuena –iritzi honetakoa dugu S. Onaindia karmeldarra– nonbait bide-erdian gelditu zen. J. Artetxeren iritzia kontuan hartzekoa da: ba omen zuen garaztarrak edertasuna ikusi eta nabaritzeko dohaina baina hitz neurtu eta estuetan jartzeko, ez, ordea.

Hala ere, esanak esan, S. Onaindiak Euskal Literatura IV liburuan ez dio meriturik kendu nahi Jean Barbierren poesiari eta bi ezaugarri on nabarmentzen ditu. Alde batetik, garaztarra euskal poesia tradizionalari lotzen zaiola diosku eta haren olerkiak egituraz bikain kateatuak daudela. Beste aldetik, Jeanek olerkietan neurri desberdinak erabiltzen dituen arren, gehienbat 7/6, hots, zortziko txikia, eredutzat hartu zuela. Karmeldarraren ustez olerkirako joria “Irrintzina”, “Amaxo”, “Supazter xokoan”, “Meza bat bortuan”, “Galerna” poemetan ikus daiteke, besteak beste.

 

Ezaugarriei dagokienean

Beharbada, Jean Barbierren meriturik handienetakoa euskal herri literaturaren tradizioari atxeki izana dateke, bai ipuina sortzen duenean, bai antzerkiaz herrietako jende xumea ekartzen duenean, bai eleberri izan nahi duena egiten saiatzen denean eta, baita ere, olerkien eta kantuen bidez barneko sentimenduak erakusten dituenean.

Bestalde, garaztarra ez da euskara hitz berriez eta bortxatuez zaildu nahi duen horietakoa.

Alderantziz, herria bilatzen du eta bilatze irrikatsu horretan herri xume horri berari bururatutakotik puskarik freskoena eskaini nahi dio, modurik egokienean. Izan ere, freskotasun eta bizitasun horren ispilurik argiena, besteak beste, hainbat eta hainbat aldiz erabiltzen dituen onomatopeiak dira. Baliabide logikoa da lanetan oro har eta ipuinetan era bereziz, maiz ahozko ipuin kontalari baten gisa jarduten baitzaigu.

Hitz errepikakor hauek etengabe erabiltzen ditu, testuei ekintza bizia adieraztearekin batera soinu sarkorra eransten dielarik, inolako bortxarik gabe gainera. Idazkerari gagozkiolarik Jean Barbier garaztarra izan arren, Lapurdin urte mordoa eman baitzuen, haren idazteko moldea nafar-lapurterara lerratzen da. Bada beste datu bat Jean Barbierren gainean ahaztu ezin dena. Euskal eleberrigintzaren hastapenaren garaian bizi da eta ezin zaio sorrera horretan izandako partaidetasuna ukatu; euskal pizkundearen berezko izpia erein zuen. P. Lafittek dioskun bezala, badu Dasconaguerreren eleberriak beste hegazkadarik eta, Piarresen barneko mataza makal samarra bada ere, erakusten duen argiztapenez eta berezkotasunez harena baino maila handiagokotzat eman daiteke. Jakina, Barbierrek ez du Txomin Agirreren lanak (Kresala eta Garoa) duen maila erakusten, baina bai ordea, Anabitartek Yolandarekin eta J.B.

Elissamburuk Piarres Adamerekin erakutsi zutena bezainbat. Izan ere, Barbierrek idaztankera bere-berea du: bizia, sarkorra eta zolia. Norbaitek emetasun apurño bat, berezko intuizioarekin eta sentiberatasun bereziarekin batera, ikusi nahi izan du garaztarraren idazteko moldean.

 

Jean Baptiste Dasconaguerre (1844-1927)

 

Zenbait datu biografiko

Oro har, ez da gauza asko J.B. Dasconaguerreren bizitzari buruz ezagutzen duguna.

Izan ere, gehiago dakigu egin zuen lanaren gainean izan zituen gorabeherez bere bizitzari berari buruz heldu zaiguna baino. Dena den, badira zenbait datu biografiko haren nortasuna nolakoa izan zen erakusteko baliagarriak gerta dakizkigukenak.

Jaioterriari dagokionean badirudi Lapurdiko bi hiri lehiatzen direla semetzat hartzeko orduan. Batzuek, gehienek, Donibane Lohizunen jaioa zela dioskute. Beste batzuek, aldiz, Baionan. Begi-bistakoa da arazoa garrantzi gutxikoa dela; baina egilearen enkarguz egin zen lanaren euskal bertsioak erakusten digu Donibane Lohizuneko euskalkiaren moldean egina egotea exigentzia edo baldintza ezinbestelakoa izan behar zuela lanak, argitaratu ahal izateko.

J.B. Dasconaguerreren familia apala eta umila zen nonbait. Oso ongi ezagutzen ez diren arrazoiengatik, badakigu, ordea, Gipuzkoako Pasaian lehenbiziko ikasketak egin zituela, gerokoak Parisen osatu zituela eta hantxe zuzenbide ikasketak amaitu zituela, aldi berean historia ikasketak egiten zituelarik. Haren bizitza aztertu dutenei esker badakigu jakin filosofia, literatura eta hizkuntzak oso gogoko zituela. Zaletasun hauek beste pertsonaia batzuekin harremanak izatera bultzatu zuten gure idazlea. Parisen Chateaubrianden ilobarekin eta Malakoffeko dukearekin egin zen adiskide.

Berauek laguntza izugarri baliotsua eskaini zioten geroago, eleberria idazten hasi zenean.

Ikasketak amaitu eta Euskal Herrira itzuli zenean, Bastidan notari edo eskribau jarri zen. Urte batzuk geroago, Baionan lanbide bera bete zuen. Urte batzuetan pogusialitikari emana dugu eta hala diputatu aukeratua izan zen behin baino gehiagotan. Izan ere, bada datu bat honako hau ziurtatzen duena, eta hauxe da. Dasconaguerrek egindako lana Louis-Lucien Bonaparte Printzearen babespean jartzen duela esateko egiten dion eskutitz laburraren azkenean, sinatzen duenean, hala sinatzen du: Dasconaguerre, Kontseilu Jeneraleko menbra. Honez gain, frantsesez lana argitara eman zuenean titulu luze batekin eman zuen: Les Echos du pas de Roland par J.B. Dasconaguerre, membre du Conseil général des Basses- Pyrénèes. Haren bizitzan bada biografoek gehiegi argitzen ez diguten datu bat, alegia, akademiko izan zela, bai, Baionakoa, baina ez dizkigute zehazten zer-nolako akademia eta titulu mota ziren berauek. Bestalde, lehentxeago jaioterriari buruz adostasunik ez dagoela esan badut, oraingo honetan ere nongo akademiko zen esateko orduan iritziak ez datoz bat, Frantziako akademiko izan zela esaten duenik badago eta. Aidanez, eta idazlearen ezaugarri honetaz zalantzarik ez dagoela dirudi, “Ohorezko Legioko Zaldun” izan zen. Dasconaguerre Donibane Lohizunen hil zen 1927. urtean.

 

Idazlanei dagokienean

Egia esan, ez da asko J.B. Dasconaguerrek idatzi zuena eta, are gutxiago euskaraz.

Alabaina, garai haiek euskal eleberrigintzaren hasierak zirela kontuan hartzen bada eta aldi berean batek baino gehiagok Dasconaguerreren lana hastapen horietako adibide bat ez ezik euskal eleberriari bidea ireki zionetako bat ere kontsideratzen baitute, ez da zail ulertzea zergatik hartzen den hain gogoan lapurtarraren ekarpena euskal literaturaren mundu txiki honetara. Donibane Lohizuneko idazlearen lan nagusiaren euskarazko izena Atheka-Gaitzeko Oihartzunak da. Errolba Bozas-Urrutiaren ustez euskarazko lehenengo eleberria da hau.

1870. urtean agertu zen. Euskal eleberrigintza euskal literaturaren beste zenbait generori gertatzen zaion bezala berantiarra da, eta Dasconaguerreren Atheka-Gaitzeko Oihartzunak lanari Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae lanari bezala antzinatasun kutsua nabari zaio, alegia, gaiaren aldetik zein idazkeraren aldetik idatziak izan ziren garaikoak baino zahartsuagoak dirudite: iritzi berekoa da L. Mitxelena zeinak Historia de la Literatura Vasca liburuan euskal literaturaren berandutze horren aitzakiak eta arrazoiak azaltzen baitizkigu. Eleberri hau argitaratu baino lehen hamaika arazo pairatu behar izan zuen egileak. J.B. Dasconaguerrek ospea lortu baldin bazuen frantsesez argitaratu zuen Les Echos du pas de Roland par J.B. Dasconaguerre, membre du Conseil général des Basses-Pyrénées. Traduitdu Basque (1867) lanarengatik izan zen.

Baina, jatorrizko bertsioa, euskarazkoa, eskatu ziotenean ez zen inon eta inoiz agertu.

Azkenean, irakurlegoak hainbeste eskatu zionez bere burua behartua ikusi zuen euskarara itzultzera. Ahalegin bat baino gehiago egin ziren azkeneko euskal bertsioak argia ikusi arte. Larregi Senpereko apaizak egin zuen lehenbizikoa baina ez zuen guztia itzuli. Gibert, Larresoroko ikasle gazteak egin zuen bigarren saioa baina hau ere ez zen idazlearen gustukoa izan. Azkenean, Errolba Bozas-Urrutiak, beste talde batekin, eman zion hasiera eta bukaera 1870. urtean argitara eman zen lanari, Vinsonen azkenukitu batzuekin. Bestalde, gaur ziurta dezakegu J.B. Dasconaguerreren lana hiru hizkuntzetara, gutxienez, itzulia izan dela: euskarara, frantsesera, gaztelerara. Bada norbait ingelesera eta alemanierara itzulia izan zela dioena baina ez dago arras ziurtatzerik.

J.B. Dasconaguerrek eleberrian Ganix izeneko kontrabandista hartzen du protagonista nagusitzat. Liburuaren azken kapituluan, Akabantza izena daraman atalean alegia, egileak zerk bultzatu duen liburua idaztera esaten digu. Ganix zaharturik, ezindurik, miseria gorrian ikusi omen zuen bulegoan sartzen gure gizonak, eta merezi gabeko zorigaitz hartaz urrikaldurik, Ganix kontrabandistaren historia kontatzea deliberatu omen zuen, salmentaren diruarekin kontrabandista zaharrak erakusten zuen egoera tamalgarria, neurri batean bederen, itxuratzeko. Lan honen mataza honetan datza. Lehen karlistaldian Ganix mugalariakBeirako printzesa bere lehengusu eta senargaia zen Don Karlosekin bateratzen lagundu zuen Espainiara eramanik, frantses gobernuaren zelatariak aho bete hortz utzirik.

Idazlearen lanari dagokionean donibandarrak beste obra bat utzi digu —batzuen iritziz amaitu gabe— Le Golfe de Gascogne izenarekin, 1880. urtean.

 

Ezaugarriei dagokienean

XIX. mendearen bukaerako eta XX.. endearen hasierako euskal idazleen helburu nagusietako bat, oro har, euskara piztea izan zen eta ez hainbeste, literatura, zentzurik zehatzenean, egitea. Euskal pizkundearen garaia da, hots, karlistaldiak bukatu eta ondorengo urteetan euskaldun jakitun batzuen lanen loraldiaren garaia. J.B. Dasconaguerrek ere talde honetan esku hartu zuen, eta goi-lerroetan aipatu helburu nagusia nabarmen ikusten zaio. Atheka-n hizkuntzak garrantzi handia du. Izan ere, eleberria argitaratu baino lehen bitan edo hirutan orraztu behar izan zen, besteak beste, Donibane Lohizuneko hizkera garbia erakutsi nahi zuelako idazleak, eta hori lortu arte ez zuen etsi. Honez gain, J.B. Dasconaguerreren lana erlijio giro eta sentimenduez hornituta dago, baina ezaugarri honek ere normala dirudi aipatzen ari garen garai hartako euskal idazle gehientsuenen artean, batik bat, kontuan hartzen bada euskaraz herriarentzat idazten zuten idazle ia gehienak apaizak izaten zirela. Lapurdiko eta oro har Bidasoaz bestaldeko idazleei nabari zaien beste ezaugarri bat joskerarena da. Jakina da joskera lasaiagoa erabiltzen dutela; ez dutela esaldia eta perpausa gehiegi estutzen, eta joera horrek idazkiari airostasuna eta grazia ematen dizkiola, eta hau ere Athekan biziki ongi ikus daiteke.

Agian, litekeena da, alde batetik, Dasconaguerrek kontatu nahi zuenak ez zuela inolako korapilorik eskatzen mataza osatzeko eta, beste aldetik, litekeena ere da kontakizuna bera, ia lan guztia kontakizun hutsa baita, hots, Ganixi gertatutako zenbait pasadizo, kontatzeko literatura generoaren joera linealaren bitartez helburua lortuko zuela uste izatea. Dasconaguerreren garaikoei eta pixka bat beranduagokoei ere erromantizismoaren kutsua nabari zaie.

Nobeletako pertsonaiei idealizazio kutsu nabarmena hartzen diegu: onegiak, zintzoegiak, eguneroko errealismo gordinetik pixka bat urrun bizi dira eta eredugarriegiak suertatzen dira, beharbada. Bukatzeko esan behar da, euskal eleberriaren hastapenetan egin zen beste ahalegin baten aurrean gaudela eta euskal literaturaren faboretan horrek adierazten duen meritua egileari berari eman behar zaiola.

 

Jose Manuel Etxeita (1842-1915)

 

Zenbait datu biografiko

Jose Manuel Etxeita Bizkaikoa dugu, Mundakan, 1842ko abenduaren 13an, jaioa.

Ama, Maria Josefa Luzarraga, Mundakakoa zen eta aita, Markos Etxeita Duñabeitia, Garaikoa. 1867ko otsailaren 25ean Joana Abaroa Ajuriagoxeaskoa mundakarrarekin esposatu zen. Lau egun geroago Liverpoolen berretsi zuten ezkontza egiunea. Elkartze honetatik Salbador izango zuten ondorengo bakarra. Gure gizonaren lehenengo urteak, hots, umealdia eta gaztealdia Mundakan bertan eman zituen, baina kozkortu zenean, hamabi bat urterekin, itsas bizitzaren gogorra ezagutzeko parada izan zuen, ontzi-mutil edo “txo” joan baitzen. Urte batzuk geroago Bilbon dugu Nautika Eskolan, hain gogoko zituen ikasketak egiten.

Berauek bukatu zituenean Europako eta Ameriketako hamaika paraje ederretan barna ibili zen, eta berak egin zuen hautapen honetan bertan itsas bizitzak dituen une latz eta gogorrak oso bertatik ezagutu zituen.

“Larrinaga y Compania” etxekoekin jardun zuen lanean urte mordo batean; garai honetan Jose Manuel Etxeitak ardura eta kargu asko eta desberdinak izan zituen. Manilan hamasei urte eman zituen lehen aipatu itsas etxearen kargu. Besteak beste Kaia Batzordeko partaide izan zen; Filipinetako Administraritza eta Tabako Elkarteko aholkulari; Itsas Bazkuneko zuzendari eta Merkataritza Ganbarako lehendakari. Han, ikus daitekeenez, erantzukizun handiak izan zituen, baina beharbada aipagarriena Manilako bertako alkate izana izan daiteke. Bere lanak zirela kausa Woyler eta Polavieja jeneralekin harremanak izan zituen. Haatik, gaztetasunak dituen adore eta kemena ahuldu ahala, bere jaioterrira, Mundakara, itzultzea erabaki zuen, oraingo honetan betiko.

Jose Manuelen zaletasunak lantzeko, aukerra ederra eskainiko dio Bizkaiko herri txiki eta eder honetan arnas daitekeen bakeak.

Itsas astronomiaz jardungo du; musikari ekingo dio, eta marinel zaharrak —hainbeste urte atzerrian iragan eta gero— erabat ahaztu ez zuen euskarari arreta eta lana gogo beroz eta atseginez eskainiko dizkio. Mundakan azken urteetarako eraikiarazi zuen etxean emango zituen ezagutzera, euskarari dagokionean bederen, euskal mundu txiki honi oparitu zizkion lanik baliotsuenak.

Puntu honetan behintzat gure mundakarrak badu antza Lloyd George galestarrarekin, honek ere Ingalaterrari bizitzako izerdirik baliotsuenak eskaini ondoren, bere herrikohizkuntza, hots, gaelikoa, lantzen eta sakontzen jardun baitzuen, bere bizitzaren azkenaldian.

Atsegina, adiurre onekoa eta mazala, buru-argia eta langile fina, gizon osoa izan zen. Jose Manuel Etxeita, jaio zen herrian bertan, Mundakan, hil zen 1915eko maiatzaren 1ean, hirurogeita hamahiru urte zituela.

 

Idazlanei dagokienean

Euskal eleberria ibilbidearen hastapenetan dugu garai honetan. Jose Manuel Etxeitak badaki euskal letren munduan idazle taldetxoa lanean dabilela –Mogel, Jean Barbier, J.B. Dasconaguerre, Elissamburu, Domingo Agirre– beste nazioetako idazleek urte batzuk lehenago egiten saiatu ziren gauza berbera egiten: eleberria. Euskal idazle hauen lanak, batzuenak gutxienez, ezagutzen dituela dirudi, eta berak ere esku hartu nahi du hain gogoko zuen euskal literaturaren zabalkundean. Beraz, euskal aurre-eleberri dei diezaiokegun proiektuan buru-belarri sartuta ikusten dugu, batik bat, itsasoko zereginak utzi eta Mundakako etxera biltzen denetik. Zalantzarik ez dago. Euskal Herrian Bigarren karlistaldia galdu ondoren mugimendu euskaltzale berriaren sorrera ematen da. K. Mitxelenak berak esaten digu, XIX. mendearen azken hamarraldian suma daitezkeela gure literaturaren ezaugarriak nabarmenki aldatuko dituzten “espiritu berri” baten zantzuak. Jose ManuelEtxeita idazle oparoa dugu: kazetari, ipuingile, itzulpengile, olerkari, eleberrigile…, nahiz eta ezagunagoa dugun eleberrigintzan utzi dizkigun ondorengo idazlan hauengatik, hots, Josetxo eta Jaioterri Maitia nobelengatik.

Garai hartako idazleek bezala, Etxeitak lur ongarritua aurkitzen du idatzitako lanak argitaratzeko. Izan ere, RIEV (1907), Euskal Esnalea (1908), Euskalerriaren Alde (1911), Jaungoiko-Zale (1912)… aldizkarietan eta baita zenbait egunkaritan ere, emango ditu argitara genero laburrak, konplikazio gabeko narrazioak, fikziozko edota benetako elkarrizketak eta abar. Ipuinei dagokienez, mundakarrak aldizkarietan ematen ditu ezagutzera, batik bat, Euskal Esnalea deitu aldizkarian. Oso ezaguna da Etxeitaren ipuinen artean 1910. urtean Eskuegundiya izeneko argitalpenean publikatu zuen Mari Jesus eta iru artzaiak izenekoa.

Aipatu argitalpen horretan beste idazle ezagun askoren lanak agertzen ziren, hala nola A. Campiónenak, J. de Urquijorenak, T.

Aranzadirenak… Bestalde, Jose Manuel Etxeita dugu Trueba ipuinlari ospetsuaren lanak euskarara itzultzen saiatu zenetako bat. Hala, bada, Truebaren “Creo en Dios” “El Expósito” “Juan Palomo”, Etxeitak Ziñistuten dot Jaungoikoa´gan, Urikoa, Jon- Uso titulupean itzuli zituen. Hauek ez dira itzuli zituen ipuin bakarrak, noski. Badu beste bat Zorijona izenpean –hau ere Truebarena– itzulitakoa. Etxeitak olerkiak eta bertsoak egiteko dohain berezia du. Nobeletan bertan zenbait pasadizotan erabiltzen ditu. Koplak, bertsoak eta olerkiak mundakarraren literatur mundua osatzen duten elementu osagarriak ez ezik garrantzizkoak ere badira, berak duen nortasunaren isla direla esan daiteke. Etxeitak 52 olerkiz osatutako liburuxka eman zuen argira Au, Ori ta Bestia izenarekin. Olerkiotan itsasoa, euskara eta bizitzako gorabeherak ukitzen ditu batik bat. Samurtasuna eta minberatasuna adierazten duten olerkien ondoan zirikatzeko eta alaitasuna adierazteko direnak dituzu; inoiz edo behin elkarrizketa gisa emanak ere aurki ditzakezu. Eusebio Erkiagak diosku Etxeitaren zenbait bertso eta olerki kantatzeko direla eta kantatuak ere izaten direla oraindik. Honen adibidea duzu, Manilan zegoela, Mundakako Santa Katalinaren ermita erori zenerako paratu zituenak.

Badirudi, halako joerarekin orduko gizartean zegoen giroarekin bat egin nahi izan zuela. Euskalerriaren Aldek Zarauzko Euskal Jaietan eratu zuen olerki-sariketan esku hartu zuen eta baita saria lortu ere Itsasoan izeneko olerki sortarekin. Eleberriei buruz, lehentxeago esan dudan arren, berriro errepikatu behar da. Jose Manuel Etxeitak euskal literaturan jaso duen ospea eta izena, idatzi zituen bi nobelei zor die, inolako zalantzarik gabe. Honetan bat datoz kritikoak. Bera berehala ohartu zen euskal literaturaren sorkuntzak erritmo geldoegia zeramala, eta bere burua gaitasun urrikoa ikusten bazuen ere –“Utsune asko topako dozuz, irakurlea, irakurgai honetan”– dio Josetxoren hitzaurrean eta –“Olako irakurgaiak nik baiño milla bider obeto egingo leukezan euskaldunak dagoz”– berresten du Jaioterri Maitiaren berbaurrean, hala ere, edota, beharbada, horregatixe, lanari ekin zion. Baina Etxeitak, eleberria edo irakurgaia egiten hasten denean, erreferentziarik apenas duen: sei-zazpi eleberri baino ez zeuden kalean, eta, egia esan, seizazpi eleberri hauetatik bik edo hiruk baino ez zituzten betetzen orduan eleberri batek horixe izateko –kritikoen iritziz– eduki behar zituen baldintzak: luzera, originaltasuna eta eleberritasuna, nolabait esateko, eta hauek Auñamendiko Lorea eta Kresala ziren, Domingo Agirrerenak. Josetxo Durangon argitaratu zen 1909. urtean. Josetxo izeneko umezurtzaren bizitza kontatzen zaigu.

Liburu mardula da, 368 orrikoa. Ohitura eta abenturazko eleberrien sailean sar dezakegu. Batzuen ustez eleberri honek kutsu biografikoa ere badu. Lan honetan Añibarroren bidetik jotzen duela dirudi.

Mataza oso lineala du. Familia euskaldun batek ijito batzuei erositako umezurtz usteko baten istorioa da. Erosten dutenetik mutilak hogeita hamar urte bete arte, hainbat gorabehera, atzerrialdi, bidaia eta jazoera gozo eta garratz jasaten ditu, jaioterrira itzultzean, bere benetako gurasoak aurkitzen eta ezagutzen dituelarik. Jaioterri Maitia du bigarren eleberria. Hau ere Durangon argitaratu zen 1910. urtean. 255 orrikoa da. Protagonistak Ardibaso izeneko Arkadia antzeko batean kokatzen ditu Etxeitak. Ekintzak Mexiko eta Euskal Herriaren artean kokaturik daude. Artzain giroko eleberria da. Bigarren lan honetan Mogelek eraiki zuen ildoan ikusten dugu mundakarra.Oroitzapenak lana du hirugarrena, baina argitaratu gabe dago. Eskuizkribua da. Honetan Etxeitaren pasadizo, gertaera eta bizitzako gorabeherak batzen direla esan daiteke: itsasoari eta atzerriari dagozkionak, etxekoen harremanei dagozkienak ahaztu gabe.

 

Ezaugarriei dagokienean

On da gure euskal letretan pertsonalitate pixka bat izan dutenen iritzia gogoan hartzea eta gure mundakarraren gainean esandakoa irakurtzea. E. Erkiagak, adibidez, Etxeitaren poesiari buruz honako hau esaten digu: ”Musika-zale zanez, neurriz artez eginak dira, izkera errezean… itzak moztu ta itsusitu gabe, euskera osasuntsuan.

Samurtasuna ugari dabil izneurtu askotan,an hor hemen sentimentu bikain ta gardena erakutsiaz. Minberatsuen ondoan, ba ditu bertsu zirikatzaileak bere, alaikorrak…” (Olerti, 1962, 115. or.). M. Zaratek Josetxo eleberriaz diharduenean zera hau diosku: “Erromantiku usaiña dario, baiña erreza eta polita da”. Etxeitaren kezkarik handienetakoa hizkerarena da eta honetan badu antza bere garaiko euskal idazle gehienekin.

Mundakarrak gogoan ditu Campión, Azkue, Arana Goiri eta Domingo Agirre, idatzi behar duenean; baina, adibidez, hizkuntzari dagokionean Agirrerekin erkatzen badugu, esan behar da ez duela ondarrutarraren maila erdiesten: Etxeitaren euskarak ez du Agirreren euskarak duen aberastasuna, jatortasuna eta jariotasuna. Agirreren pertsonaiak, bestalde, mugigaitzak dira, Etxeitarenak, aldiz, bidaiariak; mundakarraren pertsonaiek, batzuetan, Pío Barojarenak gogorazten dizkigute. Oro har esan daiteke Jose Manuelek bai gaia, bai gaia garatzeko tresna, hurrenez hurren, herri xumea gogoan izanik erabiltzen dituela. Urte asko kanpoan eman zituelako edo lehen aipatu zenbait idazleren eragina zela medio, garbikeria usaina –ez asko– hartzen zaie idatzi zituen lan batzuei. Jakina, idazkerari dagokionean herriari oso ulerterraza egiten zaion bizkaiera darabil. Hala ere, apur bat mugatua dugu esakune, lokuzio, hiztegi eta adierazkortasunaren aldetik. Zerbait leporatu beharko balitzaio joskeraren erabilera ahula izango litzateke. Baina egia esan behar da. Hizkuntzaren batasun-eza zelaeta, batzuetan, Añibarroren bideari ekingo dio; beste batzuetan, Mogelen bidetik abiatuko da; eta izen larriei dagokienean Sabino Arana hartuko du maisutzat. Garai hartako idazleek egin zuten bezala, Etxeitak ere pertsonaia idealizatuegiak sortzen ditu, eguneroko errealitatetik nahikoa urrunduak.

Umorea da Etxeitaren idazlanetan ikus daitekeen beste ezaugarri bat. Berea da honako pentsamendu hau: “Jarraitu beti aurrera, esan oi dan lez, esanaz: lenengoan parkatu, urrengoan urkatu”. Bestalde, idazlanetan umorea nabari zaion bezala, antzematen zaio abertzaletasuna. Bere garaiko semea da. Foruak galdu aurreko gizartea du gogoan Etxeitak; ikuskera horretan aberri mina eta iragan mina uztartzen saiatuko da. “Euskaldun-fededun” lema gogoan duela idazten du, sarritan moralkeria eta didaktismoa erakutsi nahi dituelarik.

Jaioterri Maitia eleberriaren paragrafo batean hala diosku: “Zenbait bider gogoratu ete jaken Jaungoikuak zeatu ebala bere gizabide okerragaitik…”. Bukatzeko, K. Mitxelenaren gomendioari kasu emango diogu: “Ia ahazturik dagoen aintzindari bat, ahaztuegi beharbada, Jose Manuel Etxeita bizkaitarra dugu”.

 

Ebaristo Bustinza “Kirikiño” (1866- 1929)

 

Zenbait datu biografiko

Durango aldeko Mugarra eta Untzilaitz mendien artean dagoen herri txiki batean, Bizkaiko Mañarin, jaio zen Ebaristo Bustinza eta Lasuen, 1866ko urriaren 26an. Karlosek eta Julianak mundura ekarri zuten. Migel eta Josepa aita-ama pontekoak izan zituen.

Jaio “Etxanoa” izeneko baserrian jaio zen baina, gerora, zazpi urte zituela, “Zumelaga” izeneko beste baserrira aldatu zen, aitak etxe berri hau erosi zuelako. Hain zuzen ere, etxe hauxe izango zen Ebaristoren atseden lekua eta Bilbotik erretiratu zenean hainbat eta hainbat idazlan burutu zituen egoitza. Lehenbiziko urteetan herriko eskolan ikasi zuen eta geroxeago Durangon.

Hamabi urte zituela, ordea, 1878an, aitaren ogibidea zela medio, Mañaria utzi eta Albaceteko Almansa herrira aldatu zen.

Herri hartan Ebaristoren aitak bazuen anaia bat, apaiza, eta arreba bat, ezkondua. Beraz, Almansan amaitu zituen Mañarin eta Durangon hasitako ikasketak. Hamazazpi urterekin Madrila jo zuen Unibertsitateko ikasketak egitera. Hasi, bide ingeniaritza egitekotan hasi zen, baina ikasketa hau utzi eta zientzia fakultatean sartu zen ikasle.

1891ko ekainaren 17an, fisika-matematika zientzietako lizentzia lortu zuen, hogeita bost urte zituenean. Madrilen eman zituen urteek urrats sakona utzi zuten gure idazlearengan.

Han ikasi zuen bizitza aurrera ateratzeko lanari gogor ekin behar zaiola eta han sortu zitzaion euskaltzaletasuna. Bi gauza hauek moldatu zuten, neurri batean, geroagoko bizkaitarraren nortasuna. Martzeko Torrontegi ezagutu zuen, euskaltzalea berau, eta honekin izandako berbaldiak euskararen gainean izanik, gure hizkuntzarekiko garra piztu zitzaion. Ebaristok berak diosku elkarrizketa haietan sendotu zitzaiola euskal arloan jarduteko erabakia. Madril utzi eta zenbait urtetan Siguenzan dugu matematika irakasten. Baina, 1899an, Siguenza laga eta Bilbora jo zuen. Bizkaiko hiriburuan finkatu zen, Gran Vian zegoen “Sociedad Minera de San Antonio de Montellano” lantegiko kargudun, eta euskarazko lanak egiten hasi zen buru-belarri. 1909. urtean bere iloba zen Basili(a) Bustinza Ozine mañariarrarekin ezkondu zen. Berrogeita hiru urte zituen. Ez zuten seme-alabarik izan. Bilbon hasi zituen harreman estuak R.M. Azkuerekin.

Izan ere, honek zuzentzen zuen “Euskalzale” aldizkarian plazaratu zen Bustinza euskal letren mundura eta, aldi berean, hementxe azaltzen da gure idazlearen lehenengo lana Zerutiar bat izenarekin. Aldizkari honetan idatzi zuena Manari goitizenez izenpetu zuen. “Euzkalzale” desagertu zenean, R.M. Azkuek “Ibaizabal” aldizkaria sortu zuen, 1901ean, eta Bustinzari zuzendari-lana eskaini zion. Hemen argira emandako lanak Bloa goitizenez izenpetu zituen: aidanez, bere lau deituren lehen letrak dira.

S. Onaindiak diosku inoiz edo behinBoldro goitizena ere erabili zuela. 1913an, “Euzkadi” egunkarian dugu Euskal atala zeritzon saila zuzentzen. Hamasei urtetan jo eta ke jardun zuen sail horretan bere lanak argitaratzen eta besteenak zuzentzen.

Egunkari honetan geroago aldatuko ez zuen goitizenarekin izenpetu zituen idazlan guztiak, alegia, Kirikiño-rekin. Bustinzaren lana, ordea, ez zen mugatu aldizkarietara eta egunkarietara bakarrik, Bilbon euskara irakasten du eta, aidanez, su eta gar ez ezik baita ikasbide eta didaktika miresgarriekin ere. Hala bilbotar askoren bihotzak euskarara bildu zituen. Beraz, Kirikiñoren nortasuna laburtzeko asmoz esan daiteke: idazle, kazetari, irakasle eta hizlari ere izan zela.

Honez gain, gure gizonaren izakera aberatsa azaltzeko, lerro hauetara ekarri behar da X. Lizardik Kirikiñori buruz zehatz eta labur dioskuna ere: “…euzkelzale oro maite zituan, edozein ustetarikoak zirala…” eta bigarren gauza bat ere: “Kirikiño´ k beti bai esakeraz bai gayaz, errijarentzat idatzi izan du…”. Bilbo aldean nahikoa lan egin ondoren, gure haritz sendo eta lerdenajaioterrira, Mañarira, itzuli zen. Dirudienez, zahartzaroa gozo eta atsedenean eman nahi zuen, baina 1929ko urtarrilaren 31n Zumelagan hil zen arteriosklerosiak jota. Haren entzutea eta ospea gaur ere bizi-bizirik daude.

Garai hartako euskal idazlerik onenek hitz hunkigarriak eskaini zizkioten: Orixek, Otxoluak, Lizardik, Azkuek… Harez gero ekintza asko egin dira Kirikiñoren omenez: “Kirikiño Saria” literatura saria sortzeko asmoa bazen, baina diru-ezak proiektua pikutara eraman zuen; idazlea hil eta handik hiru urtera omenaldia egin zitzaion plaka bana jarriz jaio eta hil zen etxeetan, hots, Etxanoan eta Zumelagan; Bixente Larreak, bestalde, 1967an “Kirikiñoren omenez” eskultura egin zuen; eta seguraski omenaldirik aipagarriena izan daitekeena, hark idatzitako lan gehienak argitaratu egin dira, sei liburutan bilduta.

 

Idazlanei dagokienean

Badira euskal idazleen artean Kirikiño, Orixerekin batera, gehien idatzi duena izan dela dioskutenak. Hala ere Kirikiñok ez zuen libururik argitaratu, haren lanak aldizkarietan eta egunkarietan gelditu dira sakabanatuak orain gutxi arte. Aipagarriak ditu irakurgaiak; hala deitzen ditu egileak: “irakurgaitxu oneik”. Lehenbiziko liburua Abarrak izenarekin azaldu zen Bilbon 1918an. Guztira 21 irakurgai edo ipuin dira, idazleak berak esango digun bezala “geyenak jazorikuak.

Batzuk antxiñakuak, nik neure aitari antzunak, eta berak bere aititari; beste batzuk neuk batu dodaz or-emen neure aldijan; beste batzuk neuk asmauta be ba-dira, gustitara”.

Hau da bera bizi zela egindako argitalpen bakarra. Bigarren liburua Bigarrengo Abarrak da. Zornotzan azaldu zen 1930ean. 43 ipuinek eta 3 olerkik osatzen dute liburua. “Euzko Pizkundea” erakundeak egindako argitalpena da. Kontaera laburrak eta barregarriak dira, ongi taxutuak.

Egilea hil eta gero argitaratu zen. Hirugarren liburua Abarrak… eta abar izan zen.

Liburu honetan lehen aipatu bi liburuetako kontaerak osorik daude eta hauekin batera “Euskalzale” eta “Ibaizabal” aldizkarietan agertutako lanak doaz. Bilbon azaldu zen 1966an. Liburu hau Mañariako herriak Kirikiñori egindako omenaldia zela-eta S.

Onaindiak egindakoa da. Liburuan lau atal bereiz daitezke: 1. euskararena; 2. jakingarriak; 3. bertsoak eta izkirimiriak; 4. albistak.

Kirikiñoren ipuinak edo irakurgaiak, nahiz eta ez beti osorik, sarritan argitaratu izan dira euskal aldizkari eta egunkarietan.

Euskaltzaindiak idazle honen bost ipuin eman zituen argitara 1956an, Donostian, bizkaieraz eta gipuzkeraz, A. Ayalderen marrazkiederrez apainduak. Hala ere, ipuin hauetako asko daude argitaratu gabe. Xabier Pereak 16 tomo loditan ditu bilduta.

Labayru Ikastegiak Bilbon argitaratu ditu batzuk, hiru aletan. Aipagarriak dira, besteak beste, “Zerutiar bat” –jada aipatua–, “Garagarrillean edurra” eta “Itotxurak lekukotzat” –azken hau giza jokabideari buruzko irakaspen antzekoa–, XIX. mendeko folletin delakoaren eredutik nahikoa hurbil. Kazetaritza lanei dagokienez, Kirikiñok luzaroan atera zuen “Egunekoa” zutabea “Euzkadi” egunkarian. zutabe horien bilduma da Egunekoa hau Bilbon, 1981ean, argitaratua.

Hemen mota askotako gaiak daude: politika, euskara, jaiak, Gabonak, euskal historiako gertaerak, jazoerak eta pasadizoak.

Dena den, ugarienak pasadizoak dira. Hurrengo liburua Edo geuk edo inork ez izan zen. Euskeraren alde Bilbon argitaratua dago, 1984an. “Euzkadi” egunkaritik hartuak dira. Lan hauen gai nagusiak aberria eta euskara dira. Lan honek Kirikiñoren pentsakera ezagutzeko bidea eskaintzen digu. Sail honetako beste lan bat ere aipatu behar da: Guda Nagusia (1914-1918), Bilbon argitaratua, 1989an. Guda Nagusiko kronikak dira. Lan honek Kirikiño idazle barre eginarazle izateaz gainera gai serioak ukitzen badakiela ere oso garbi erakusten du. Baina, Kirikiñok gehienbat narrazioa landu badu ere olerkari-bertsogile ere badugu.

Jon Kortazarrek Euskal Literaturaren Historia Txikia liburuan “Poetak ala bertsolariak?” titulupean ondorengo hau esaten digu: “Azkuek mahai gainera dakar oraindik argitu gabeko arazo hori. XIX. mendean Euskal Herriko poesia guztian bertsolaritzaren ereduetara hurbilketa bat gertatzen da, eta horrek zalantza sortzen du, bertsolarien ala poeten aurrean ote gauden. Hain zuzen, gaiari buruzko azken monografiatako baten izenburua XIX. mendeko “olerki-bertsogintza” da”. Kirikiño ez da salbuespena.

Bigarren Abarraken hiru olerki sartu zituen.

Bertsolariak zirikatzen eta aupatzen ibili zen eta hainbat kopla ere bereak dira, esaterako, “Ene aberri polit ederra”, “Jagi, jagi”, “Santa Ageda” koplak, “Lora polita ontzijan”, “Zetara ator ona”, “Oi xori polita”, eta abar. 1901eko abuztuaren 26an, Bilbon, euskal jaietako Lore-Jokoak ospatu ziren, eta “Fides” izeneko lanarekin saria irabazi zuen. Epaimahaian Miguel Unamuno izan zen. Antzerki lanen sailean ere utzi zuen arrastorik. Antzerki gutxiren egile badugu ere, batzuk euskarara itzuli zituen. 1914an antzeztu zen Kirikiñoren Anton Berakatz.

Alfredo Etxaberen Lelo euskaratu zuen. Eta era berean, Jose Elizondoren Txomin Arraio, komedia, 1912an. Abelino Barriolaren Meza Barriya euskaratu zuenean Euzkelzale-Bazkunak argitara eman zuen. Bestalde, ez dakigu literatur generoa denentz hitzaldiena, baina aipamena merezi du. Bigarrengo Abarrak-en azkenean dator, baina 1928ko abenduaren 2an “Euskal Esnalea” aldizkariak Donostian eratutako hitzaldietan egileak honako hau irakurri zuen Gaztela-mutillak.

L. Villasantek Historia de la Literatura Vasca liburuan jakinarazi digunez Gaztelako mutilak ez dira gaztelakoak Euskal Herritik Gaztelara –Lehen karlistaldiaren ondoren– ogibide bila joan behar izan zuten euskaldunak baizik. Kirikiñok, hitzaldian, euskal mutil horiei gertatutako hainbat eta hainbat pasadizo biltzen ditu. Hizketan dorpeak eta trauskilak omen, baina onak, leialak eta jatorrak ere bai.

 

Ezaugarriei dagokienean

Ebaristo Bustinza euskal literaturaren pizkundea gertatzen ari zeneko garaiko semea dugu: seme aktiboa gainera. Beste garaikide batzuei gertatu zitzaien bezala Mañarikoari ere Foruak galdutakoan abertzaletasuna piztu egin zitzaion eta, ondorioz, lanean jardun zuen hizkuntzari eta euskal girotze-lanari zegozkien arloetan. Euskarari dagokionean gure gizona bidegurutze baten aurrean aurkitzen da: euskara “garbiak” eskatzen zuen bidea hartu —honek kanpotar jatorriko hitzak baztertu eta asmatu berriak erabiltzea esan nahi zuen, eta euskaldun gutxiengo batentzat idaztea—, edota herriko jende xumea gogoan hartu eta euskara “herrikoia eta ulerterraza” erabili. Belaunaldi osoko idazle gehienak lehenbiziko joerari lotu zitzaizkion. Kirikiño dugu, ordea, salbuespen bakarrenetako bat. Egia da Mañarikoak, batik bat, Azkueren garai “garbizale” hartatik zerbait xurgatu zuela –seguraski Azkue maisutzat hartu zuelako eta honez gain adiskide zuelako– eta lan mota batzuk “berba garbiekin” moldatu zituela.

Hala ere, Azkueren joera garbizalea emetzearekin batera Kirikiñorena ere halatsu gertatu zen eta herriko jendea gogoan hartuta idatzi zuen. Mañarikoaren jarrera honen balioa eta garrantzia denek aitortu arren, ez zuen apenas jarraitzailerik izan. Are gehiago, aidanez, Azkuerengandik aldendu egin zen, baina literaturatik at dauden arrazoiengatik, nonbait. Bustinzak helburu argia du: idatzi herri xumearen artean irakurtzaletasuna pizteko idazten du. Jakina, honen ondorioz, burutuko dituen lanak errazak, laburrak, atseginak izango dira. Baina honek ez gaitu eraman behar kontaera eta narrazio horiek kalitaterik gabekoak direla pentsatzera, ezta hurrik eman ere. L. Mitxelenak honako hau diosku: “Kirikiñoren ipuinak, kondaira eta lilura, beren laburtasun eta gora eskas samarrean ere, kontatzaileazkarraren doahin bereziak ez dizkigute ahaztarazi behar; egileak hauei esker, izan ere, maisu-lan txikiak burutu zizkigun gai benetsu eta hala nahiz, umore onekoetan”.

Kirikiñok gai asko ukitu ditu idazlanetan: eguneroko gaiak, momentuan pil-pilean eta guztien ahotan zeudenak, ohiturak, jaiak, pasadizoak… baina gairik begikoenak euskara eta Euskal Herriarekin zerikusia dutenak ditu, eta hauek errealismo handiz aztertzen ditu, elkarrizketa argi eta zoliz, adierazkortasunez eta herri-hizkeraren berezitasunak ondoen erakutsiz. Elkarrizketa eta umorea Mañarikoaren idazlanetan ikusten diren ezinbestelako bi elementuak dira.

Zergatik? Irakurlearekin komunikazioa eta harremana sortzeko bide egokia delako.

Lehen esan bezala, ezin zaio ukatu zenbait lanetan garai bateko hitz “garbi”-en aldeko joera hori, baina tentuz egingo du, sarritan eta egoerak hala eskatzen dionean sinonimiaren laguntzaz baliatuko dela. Bestalde, irudimen handiko idazlea eta halaber freskotasuna erakusten duena dugu. Eusebio Erkiagak, besteak beste, ondorengo hau gogorazten digu: “Kirikiño il ta urrengo urteetan, izan ere, gure izkuntzarentzat halako askatasun aize garbiagoa eratu zan ezkero, euskaltzaletasunak garra artu zuan”.

Ebaristo Bustinzak gizartean “giro” berezi bat sortu zuen. Idazle askori idazteko zuten konplexua eta lotsa kendu zizkien. Idazle gazte eta berriengan konfiantza jarri eta eragile-lana egin zuen. Haren maisutasuna gazteek ez ezik kulturan jantziagoak zirenek ere azpimarratu zuten. Sebero Altube dugu horietako bat. Honen ustez, Mañarikoak, berak bakarrik, erabili zuen euskara herrikoia eta jatorra zela medio, irakurle gehiago ekarri zituen euskal letretara, euskara “garbia”-ren aldekoek, guztiek, ekarri zituztenak baino.

 

Domingo Agirre (1864-1920)

 

Zenbait datu biografiko

Domingo (edo Txomin) Agirre Ondarroan, Bizkaian, jaio zen 1864an. Familia txirokoa zen eta, sarritan aitari aroztegian lagundu behar zionez, ezin izan zituen bere lehenbiziko ikasketak behar bezala egin.

Baina, barruan apaizgorako deia sentitzen zuelako edo, On Mariano Ibarguengoitiak, Bilboko arzipreste jaunak, berarekin hartu eta Bilbora eraman zuen han ikasketak egiteko aukera izan zezan. Eta horrela izan zen, urteak iragan ahala, geroko apaiz ministeriorakopresta zezaketen latina, filosofia eta teologia ikasi baitzituen. Apaizgaitegira joan eta karrera laburreko apaiza izan zen nonbait, diru eskasa zuelako seguraski.

Azkueren laguna zen eta Azkueren aldizkarietan artikulu eta lan asko argitaratu zituen.

Harreman horren ondorio izan zen Txomin Agirre Euskaltzain aukeratu izana Euskaltzaindiaren hasierako urte haietan. Agirrek, alabaina, ez zuen maite ageriko bizimodu publikoa eta, apaiz zelarik, Zumaian eman zituen, bertako moja Vedrunen ikastetxean, bere azken urteak, 1920an hil zen arte.

Ezagutu zutenek diotenez gizon otzana, gozoa eta egonarri handikoa izan zen.

 

Idazlanei dagokienean

Txomin Agirrek lan mota asko egin zituen.

Halarik ere bost arlo hauetan bereiz ditzakegu: biografiak, hitzaurreak, kondairak, poesiak, hitzaldiak. Dena den, nobelak izan ziren idazleari benetako ospea eman ziotenak.

Eleberrien alorrean Auñamendiko Lorea, Kresala, Garoa eta Ni eta Ni idatzi zituen, baina azkenaren parte batzuk bakarrik eman zituen argitara.

Lehena, Bilbon, 1898an argitaratu zuen.

Eleberri historikoa da. Zazpigarren mendeko Ipar Euskal Herriari eta kristautasunari buruz ari zaigu. Riktrudis gaztea du protagonistarik garrantzitsuena eta bizkaieraz idatzita dago.

Kresala Durangon argitaratu zen, 1906an. Eleberri honetan bere jaioterriko, Ondarroako, bizitza eta ohiturak azaltzen ditu. Nobelan Ondarroari “Arranondo” deitzen dio eta bizkaieraz idatzita dago.

Agirreren lan ezagunena, ordea, Garoa da. 1912an eman zen argitara, nahiz eta 1907an RIEVen ere azaldu zen. Hau ere ohitura liburua du, baina nekazari giroan kokatua.

Ni eta Ni eleberriak, azkenik, eleberri historikoa izan nahi zuen, baina ezin izan zuen amaitu. Garaian modan zegoen nobela mota baten estiloari jarraituz, Navarro Villosladaren Amayak zuen tankera bera eman nahi izan zion amaitu ez zuen nobela honi.

 

Ezaugarriei dagokienean

Txomin Agirre euskal nobelagilerik onenetakoa dugu; askok euskal nobelaren sortzailetzat hartzen dute. Mitxelenak dio: “Se sigue considerando a Domingo Agirre como el mejor de los novelistas vascos.” Bere lanetan euskara oso landua erabiltzen duAgirrek: garbia, herrikoia eta bizia. Haren euskarari freskotasuna, naturaltasuna eta jatortasuna darizkio.

Gaurko kritikoek, baina, akats batzuk egotzi dizkiote. Karlos Otegik zera dio Agirreren nobelari buruz: “Giro eztiegia, pertsonaiak artifizialegiak, kontaeraren mataza ahula, erromantizismo gehiegi…”. Agirrek errealitatea arakatu eta pintatu egiten du, baina alde batetik arrantzaleen eta nekazarien mundua bakarrik, hau da, mundu tradizionala hartzen du erreferentziatzat, hirietako mundua ahantzi edo gaitzetsiz; eta bestetik, deskribatzen duena ez da egiazko errealitatea baizik berak gizarterako nahiko lukeen ideala.

Agirreren idazlanak astun eta geldo samarrak gertatzen dira gaur eguneko gusturako: ia gertaerarik gabekoak, historiaren mataza ahulekoak, aspergarri samarrak, apika. Bestalde, moralismo eta didaktikotasun handia darie eta bere ideologia hiru ardatz nagusi hauen inguruan mamitzen da: euskaltzaletasuna, abertzaletasuna eta kristautasuna eta ideologia horren zerbitzuan jartzen dituen pertsonaiak arketipikoak eta idilikoak bilakatzen ditu. Guztiz zintzoak edo gaiztoak, pentsakera mota baten mirabe askotan: Joanes, Anjel eta Mañasi, Riktrudis… Ez denak, ordea, batzuk benetakoak baitira: Brix, Tramana, Ana Josepa, Patxiko… Nobeletako gaiak oso zehatzak eta errazak dira gogoratzen: itsasoa, baserria, ohiturak… Batzuek Kresala Garoa baino meritu handiagokoa dela diote. Horien artean daude Orixe eta Joan San Martin.

Azken honek hala dio: “ …ez dago dudarik Kresala obea dana. Kresala dogu euskeraz egin danik nobelarik onenetakoa…”. Beste batzuen iritziz ordea, Garoa da hobea.

Hauen artean Aita Villasante eta Koldo Mitxelena daude. Aita Villasantek hara zer dioskun: “Garoa es por muchos conceptos la obra cumbre de Domingo Aguirre. En ella ha alcanzado la perfección de su estilo…”.

Esan daiteke Kresalak bizitasun, gatz eta errealitate gehiago daukala, eta Garoak, berriz, helduagoa eta osoagoa dirudiela.

 

Resurrección María Azkue (1864-1951)

 

Zenbait datu biografiko

1864ko abuztuaren 5ean jaio zen Lekeition euskal letrek ezagutu duten pertsonaiarik handienetakoa. Langile erraldoia, hats sakonekoa eta setatsua zen. Txiki-txikitatikeuskaltzaletasunaren iturri jori eta gardenetatik edan zuen: Eusebio María Azkue, poeta famatua, zen bere aita eta Karmen Aberasturi, mundakarra, ama. Azkuek beti aitortu izan zuen amarengandik jaso zuela bere bilduma lan izugarriaren zati garrantzizko bat.

Herriko eskolan egin zituen bere lehen ikasketak eta Bilboko institutuan batxilergoa bukatu ondoren Gasteizko apaizgaitegira jo zuen 1881ean. Zazpi urte emango zituen teologia, biblia eta elizaren legediari buruzko ikasketak egiten, Gasteizen aurrena eta Salamancan gero. Hogeita lau urte zituela apaiztu zen, 1888an.

Geroztik euskararen munduan murgilduta ikusiko dugu beti. 1897an martxan jarri zuen «Euskalzale» aldizkaria. Han aurki ditzakegu Eusebio María Azkueren, Felipe Arrese Beitiaren, Urruzunoren eta beste askoren lanak. 1902an «Ibaizabal» kaleratu zuen “bizkaitarrez eta gipuzkoarrez egina” berak dioskun bezala. Han arituko dira, aurrekoez gainera, Emeterio Arrese, Jose Artola, Kirikiño, Txomin Agirre, Zamarripa… Ordurako Euskaltzaleen Biltzarreko kide zen Azkue, eta baita 1901ean sortutako Euskal Elerti Bazkunekoa ere.

1903an euskal eskolaren sorkuntzan saiatu zen, “Colegio del Beato Fr. Valentin Berrio Otxoa” eskola elebidunari hastapenetan eta guztiz euskaldunari gero hasiera eman nahiz.

Azkue musikazale sutsua eta musikari trebea zen. 1895ean Vizcaitik Bizkaira zarzuela estreinatu zuen Bilbon, hiru ekitalditan.Eguzkia nora obra bi urte geroago.

1909an Brusela eta Koloniara jo zuen musika ikasketak osatzearren. Handik itzuleran Ortzuri opera estreinatu zuen; 1911n, berriz, Itsasora; 1914an Urlo; eta Aitaren beldur zarzuela 1917an.

1922an euskal folklorean hain eragin handia izango zuen Cancionero Vasco argitaratu zuen bederatzi aletan.

Euskaltzaindia sortu zenetik Azkue izan zuen buru, harik eta 1951ko udazkenean lekeitiar handiak bere azken arnasa eman zuen arte, Bilbon.

 

Idazlanei dagokienean

Lehenengo lan aipagarria Euskal Hizkindea-Gramática Euskara (Bilbo, 1891) du.

Gaztaroko lana da, eta berak ez zuen oso gogoko. Hizkuntzaren erroetara jo nahi izan zuen, bere ustez antzinakoak izan behar zuten forma zaharretara. Prozeduran hutsegin zuen, herriak edonon erabiltzen zituen formak baztertu eta gure lurraldeetan hizkuntzak jasan duen eboluzioa mespretxatuz, alkimista baten destilazio kimikoan jardun baitzuen. Dodgsonek zioenez: “Ori ez da vascuence, ascuence baino”.

Azkuerena da, halaber, Diccionario Vasco-Español-Francés (Tours, 1905-1906), herri xumea eta euskal idazleak zituena iturri.

Hitz asmatuak ez ditu onartzen eta ez die sarrerarik ematen, hitz zahar eta ahantziei ez bezala, bere hiztegian. Hiztegiaren hitzaurrean adierazi zuenez, hasierako asmoa askoz zabalagoa zen, hiru zatitan egin eta argitaratu nahi baitzuen. Ezagutzen ditugun bi aleak lehenengo zatia besterik ez ziren.Gerorako “Castellano-Vasco” hiztegirako beste bi aleen asmoa zuen eta sarrera gisa idatzi nahi zuen bosgarren ale bat.

1923an Morfología Vasca argitaratu zuen Bilbon. Bi zati ditu lan honek, eta 930 orri.

Lehenengo zatian atzizkiak aztertzen ditu, hitzen deribazioari garrantzi berezia eskainiz; bigarrenean esaldiaren zatiak sailkatzen ditu: izenaren, adjektiboaren, izenordainen eta abarren funtzioak. Azkenik Bizkaiko aditzaren paradigma ugari aipatzen du.

Lan handia du Euskalerriaren Yakintza ere (Madril, 1935, 1942, 1945, 1947). Lau ale ditu: lehenengoan ohiturak eta sineskeriak daude; bigarrenean, ipuin eta irakurgaiak; hirugarrenean, atsotitzak, esakerak, haurren hizkuntza, aho-korapiloak, goitizenak, igarkizunak; laugarrenean, herri otoitzak, herri olerkiak, haurren jolasak…

 

Ezaugarriei dagokienean

Azkue hogeita lau urterekin euskal munduan murgiltzen denean, zurrunbilo izugarri baten erdian aurkituko da: alde batetik oraindik bizirik diraute 1876ko txingar goriek (amaitu berri dira karlistaldiak eta haragi bizitan dago Foruen galera); bestetik, oihartzun handia du gure artean erromantizismo berantiarrak; sortzear dago Espainiako literaturan hain emankorra izango den 98ko belaunaldia, hiru euskal izenek loriaz jantziko dutena: Unamuno, Baroja eta Ramiro de Maeztu; eta horren guztiaren erdian Sabino Aranak bideratuko duen nazionalismoa.

Bere lanerako metodoari buruz, zera zioen Unamunok: “Azkuek hiztegia egitean erabilitako metodo okerra kritikatu nahi dut, hain zaharrak izan eta aspalditik euskaran txertatuta zeuden latinetik hartutako hitzak baztertu baititu”. Villasantek, berriz, diosku:“Hiztegian ageri den joera hau literaturara pasako da eta hala sortuko da purismo mota bat, Aranarena ez bezalakoa, baina hizkuntzaren barnean bereizkeriak egiten dituena eta, azken finean, herriko euskaratik gehiago edo gutxiago aldentzen dena…”.

Sabino Aranaren jarraitzaile sutsua izan zen Azkue, eta hau diosku Aranari buruz: “Nori zor zaio, Jainkoaren urrengo, euskal Pizkundea bere agermen atsegingarri guztietan? Funtsean, oroz gainetik, Arana Goiritar Sabini.

Gora dezagun duinkiro aren gomuta”.

Halaz ere, hizkuntzalaritza arloan, Aranaren erreforma aprioristikoak borrokatzen eman zuen bere lanaren zati handia. Hortik, beraz, erroko euskararekiko kezka mingarria, hortik hizkuntzaren zutabeak harkaitz sendoan oinarritu nahia.

Idazle eta kritiko askoren iritzirako, Félix Marañarentzat besteak beste, Azkue euskal kulturak eman duen gizonik handienetakoa da, handiena ez bada.