Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Euskara eta Euskal Literatura»Euskara eta Euskal Literatura

Literatur euskalkiak

Louis-Lucien Bonaparte.<br><br>

Euskalki esaten zaie euskarak eremuaren arabera hartzen dituen itxura desberdinei, esan nahi baitu euskararen dialektoei.

Joan den mendean egin ziren dialektologiazko lehen ikerketak eta Bonaparteren eskutik eratu zen orduan, geroztik aldakuntza txiki batzuk (erronkariera, zaraitzuera eta aezkerarentzat bereziki) proposatuak izanik ere, gehienik baliatua izan den euskalki mapa, 1863. urtea dakarren arren, zortzi bat urte geroago argitara eman azkena.

Hartan zortzi euskalki bereizten dira, ekialdetik mendebalera:zuberera: Zuberoa eta Erronkari biltzen zituena Bonaparteren arabera; geroztik, haatik, bai Azkuek, bai Mitxelenak erronkariera, gaur egunean hila den euskalkia, euskalki berezitzat jo nahiago izan dute.ekialdeko behe-nafarrera: Beskoitze eta inguruak, Amikuze, Garazi eta Zaraitzu; Mitxelenak, haatik, Zaraitzuko euskalkia bereizi zuen.mendebaleko behe-nafarrera: Uztaritzetik eta Ezpeletatik barne hartuz Lapurdiko ekialdea, Baigorri, Aezkoa; aezkera ere euskalki berezi gisa kontsideratzea proposatu zuen Mitxelenak; gaurko zenbait ikertzailek goi-nafarreraren parte egin nahiago dute.lapurtera: Arrangoitzetik Ainhoaraino eta Lapurdiko itsas bazter guztia Bidartetik hegoalderantz.iparraldeko goi-nafarrera: Nafarroako iparraldea eta Gipuzkoan itsasoraino sarturik Errenteria eta Hondarribiaren arteko lurraldea, Oiartzun harturik.hegoaldeko goi-nafarrera: Iruñearen inguruetakoa, gaur egun hiltzat jo dezakeguna.gipuzkera: Gipuzkoako parterik handiena hartzen duena, eta Nafarroan Burunda eta Etxarri-Aranaz ere.bizkaiera: Bizkaiko euskal eremu guztia, eta Gipuzkoako mendebalean Eibar- Bergara-Oñati-Eskoriatza eskualdea.Joan den mendean mapa horiek egin zituelarik, garbi zeukan L. L. Bonapartek ez zirela bereizi zituen zortzi euskalkiak berdin erabiltzen idazterakoan, eta horregatik berak lau literatur euskalki bereizi zituen, esan nahi baitu idazterakoan molde berezian erabiltzen ziren lau euskalki: zuberera, lapurtera, gipuzkera eta bizkaiera. Geroztik hona zenbait aldakuntza, batzuk funtsezkoak, gertaturik ere, euskal literaturaren historia bere osoan ikusiz beti balio du partikatze horrek.

 

Zuberera

Zuberera XVII. mendean agertzen da literatur euskalki gisa. Aurretik Tartasen eta Oihenarten lanetan oso modu desberdineko hurbilketak ikus badaitezke ere, Belapeyreren dotrinarekin (1696) finkatzen da zuberera literatura euskalki gisa XVII. mendearen ondarrean.

Orduz geroztik, J. Egiategiren lana (1785 inguruan idatzia, baina berriki arte argitara eman gabea eta ezezaguna) bazterrean uzten bada, zuberera bereziki elizako irakaskuntzako zereginetan eta behar praktikoeierantzuteko erabilia izan da idatzian, eragin gutxi zutelarik hango idazkiek handik kanpoan. Dakigun bezala, guztiz bestela gertatu da ahozko literaturan, kantuari esker bereziki Euskal Herri guztira hedatu baita zubererazko koblakarien ospea.

XIX. mendean zubereraren ezagutza eta arautzea aitzinatuko da euskalari zuberotar batzuen gramatika lanei esker (D’Abbadie, Xaho, Archu, Gèze, Inchauspe).

XX. mendean Zuberoako idazleek euskaldun guztientzat idatzi nahi izan dutelarik, zubereraz beste euskalki batez baliatu izan dira maizenik: adibidez, bai P. Lhandek, bai P. Mirandek, bai eta gaur egun T.

Peillenek edo J-L. Davantek ere, beste euskalki batzuk erabili dituzte euskal irakurleria zabalarentzat idazterakoan: edo gipuzkera, edo lapurtera klasikoa edo honen ondotikako lapurtar behe-nafarrera. Ez da jokabide berria izan hori egiazki: funtsean Oihenartek ere ez zuen zuberera bera erabili bere okerkiak argitaratzerakoan (1657), eta kazetari gisa egin zituen lan apurretan, erdialdeko euskalki desberdinak baliatu zituen Xahok ere (1849).

Aitzitik, Zuberoako berezko tradizioei loturiko generoetan (kantugintza barne) idazleek zuberera lantzen segitu dute. Gaur egun literatura idatziaren parte diren pastoraletan bereziki nabaritu da atxikimendu hori (A. Aguergaray, J. Cazenave, J-L. Davant, …), eta zuberera teatro mota horri esker bereziki bizi da literatur euskalki gisa.

 

Bizkaiera

Bazterreko euskalkia izanagatik hura ere, bizkaiera ez da inondik ere zubereraren egoeran. Lehenbizikorik hiztun kopuru handia baitu (euskaldunen heren bat baino gehiago bizkaieraren eremuan bizi da gaur egun), bigarrenekorik Bizkaia izan baita azken bi mende hauetan, eta bereziki azken honetan, ez soilik ekonomian baina kulturan eta politikan ere garrantzi handiena izan duen euskal herrialdea. Pentsa zitekeen, beraz, zubereraren kasuan ez bezala, bizkaierak har zezakeela literatur euskalki gisa toki bat izan duen baino handiagokoa, eta erreferentziazko euskalki bihur zitekeela beste euskaldunentzat. Ordean, saio bat edobeste agertu izan bada molde horretakorik mende honen hastapenean S. Aranaren jarraitzaile zenbaiten partetik, horrelako asmorik ez da egiazki sekula obratu.

Bizkaiera literatur euskalki gisa berandu sortzen da XVIII. mendearen erditsuan edo bigarren partean jaio ziren idazle batzuekin: P. A. Añibarro, hiru mogeldarrak, (Juan Antonio, Bizenta, Juan Jose), bi astarloarrak (Pablo Pedro eta Pedro), eta F. Bartolome.

Ordu arte badirudi Bizkaian ere gipuzkera dela nagusi idatzian, eta ez dira gutxi bi euskalkietan idatzi zuten idazleak (Kardaberaz, J. A. Mogel, B. Mogel, …).

Ohargarria da bizkaierazko literatura horren emaitzarik garrantzizkoena, J. J. Mogelen Peru Abarka mende honen hasieran idatzia izanagatik, aski berandu (1883) argitara eman zela eta ez zuela izan XIX.. endean mereziko zuen bezalako oihartzunik ez Bizkaian, ez eta Bizkaitik kanpo ere. Bizkaieraren gaineko ikerlan gramatikalak ere ez dira publikatzen: lehenbizikoa Zabalarena Gipuzkoako probintziak argitara ematen du (1848), baina P. A. Añibarroren Gramática bascongada, 1820an idatzia eta bizkaiera, beste bi literatur euskalki nagusien parean ematen duena, 1969an bakarrik publikatuko da.

Euskalkiak euskalarien ikergai bihurtzen direnean, XIX. mendearen bigarren partean, ez du lortu bizkaierak nahikoa ospe, gipuzkeraren pareko agertzeko Hegoaldean.

Adierazgarria da, Bonapartek gipuzkera hautatuko duela biblia Hegoaldeko euskalki batean itzularazteko orduan, nahiz luma egokiagorik Gipuzkoan ezin aurkiturik, Uriarte bizkaitarrari eskatu zion azkenean itzultzea (ez zen argitara eman azkenean lan hori).

Bizkaierak izan zezakeen pizkundea XIX. mendearen bukaeran gerta zitekeen.

Euskal abertzaletasunak han hartu zuen indar gehienik, eta pentsa zitekeen haren ideologia federalista euskalkien aldekoa gerta zitekeela. Halakoa zen S. Aranaren pentsamoldea, baitzioen probintzia historiko bakoitzak bere euskalki batua izan behar zuela.

Hain zuzen garai hartan sortu zen bizkaiera batu eta arautu baten moldatzeko xedea. Zorigaitzez, euskararen ustezko logika artifizial baten arabera eta aurreko tradiziotik kanpo eratu nahi izan zen bizkaiera batu hori, gero Mitxelenak hiperbizkaiera deituko zuena. Azkue gazteak eman zion oinarri teorikoa eredu horri bere Euskal-Izkindean (1891), eta S. Aranak ere bultzatuko zuen. Esan beharra dago joera horrek ez ziola batere lagundu bizkaierari gorputz hartzen aurreko tradizioarekiko haustura bortitza ekarri baitzuen.

Halere bizkaierak izan zuen orduan pizte bat ezin ukatuzkoa, E. Bustinzaren (Kirikiño) kronikek, D. Agirreren lehenbiziko binobelek edo J. M. Etxeitaren lanek, eta geroxeago E. Urkiaga (Lauaxeta) baten goi mailako poesiak, ezin hobekiago irudikatzen dutena.

Euskalaritzako munduan bizkaitar batzuk nabarmentzen dira, hala nola oroz gainetik R. M. Azkue, XX. mendeko lehen erdiko euskalari emankorrena eta aipagarriena izan zena.

Mendearen hastapenean, eta bereziki Euskaltzaindia sortu ondoan (1918) euskalarien erantzukizun nagusia euskara batu bat eraikitzean datza. L. Eleizalde, A. Campión edo P. Broussain bezala, Azkue ere horre-Luis Eleizalde.<br><br>

 

Lapurtera: lapurtera klasikotik lapurtar behe-nafarrerara

Lapurtera klasikoa da dudarik batere gabe XIX. mendearen azken laurdena arte garrantzi handiena izan duen literatur euskalkia.

Lapurtera klasikoak bi itxura izan zituen hastapenean. Lehenik J. Leizarragak XVI.. endean eman ziona, eredu elitista dudarik batere gabe, arkaismoetan eta erdara nagusien moldeen egokitzapenean finkatua.

Eredu horrek bi helburu zituen nabarmenki finkatuak: alde batetik ekialdeko eta iparraldeko euskaldunei begira euskara batu bat eratzea (ez dirudi mendebaleko euskalkiez kezkatu zela Leizarraga, edo haien euskaraz berri handirik zekiela), bestetik euskara hura XVI. mendearen bigarren parteko Europako kultura landu eta jasoa adierazteko tresna egoki bihurtzea. Zorigaitzez, ez zuen segidarik izan proiektu horrek, eta XX. mendearen bigarren partean bakarrik sortuko dira eredu haren ildoan koka daitezkeen proposamenak, F. Krutwig euskaltzainarena oroz gainetik.

Lapurtera klasikoaren bigarren itxura, benetakoa —esan nahi baita bi mende t’erdiz eredu gisa egiazki baliatua izan dena—, XVII. mendearen lehen partean sortu zen. Lehen liburua tradizio horretan idatzia, E. Materre izeneko euskaldun berri batek idatzi dotrina liburu bat izan zen, 1617an argitara emana lehen aldiz. Ez du gordetzen egileak bere obra idatziz, jendeak kristau gisa argitzeaz gainera, nahi izan ziela erakutsi nola behar den Euskara eskiribatu eta irakurtu. Halere, Axularren Guero liburua (1643) emanen zion lapurtera klasikoari literatur dialektoek oinarrien finkatzeko behar duten prestijiozko obra.

Axularrek Leizarragak ez bezalako jokabidea hartu zuen ordea. Erdibideko jokabidea dei dezakegu hark bultzatu zuena: erdibidea beheko eta gaineko mailen artean (ez dut liburutto haur letratu handientzat egiten. Eta ez xoil, deus eztakitenentzat ere), erdibidea jatortasuna zaindu beharraren eta erdal ereduak egokitu beharraren artean, erdibidea bere herriko euskararen eta beste euskaldunek ere konpreni ahal zezaketenaren artean.

XVIII. mendean ahulduko da lapurtera klasikoaren eragina, eta piskanaka lotuko zaizkio behe-nafarrerari harturiko zenbait ezaugarri, hizkuntza maila oro har gero etaherrikoiagoa egiten delarik. Halere, XIX.. endearen erdian euskalari guztientzat erreferentzia nagusia da lapurtera klasikoa Iparraldean: Bonapartek horrela ikusten du eta seguru asko horregatik eskatu zion J. P.

Duvoisini Biblia lapurterara itzul zezan.

Bizkitartean handik laster, mende laurden baten buruan itzalia bezala geldituko da lapurtera klasikoa, haren azken emaitzetan J. B. Elissambururen Piarres Adame famatua dugularik. Horren ondotik lapurteraz idatzi lanak edo arras beste bide batetik joanen dira, J-P. Harisperen Karmela bertsuzko antzerkian (1884-86) ikus daitekeenez, edo Lapurdi eta Nafarroa Behereko euskara batu modernoaren itxurari hurbilduko zaizkio, hala nola ikus baitaiteke jadanik E. Lapeyreren Kredo delakoan (1891), eta geroago nabarmenkiago Elissalderen edo P. Larzabal idazle lapurtarren lanetan.

Lapurdi eta Nafarroa Behereko euskara batua, lapurtera klasikotik Lafittek lapurtar behe-nafarrera deitu zuen literatur euskalkira iragaitean, ez da haustura bortitzik gertatu eta kalapita gutxirekin joan da, azken urratsa laborantzako munduari buruz bereziki itzulia zen euskarazko kazetaritza baten sortzeak (Eskualduna, Herria gerra ondoan) eginarazi zuelarik. J. Hiriart-Urruty (zaharra mendearen hastapenean eta gaztea gerraren ondoren), J. Etchepare, J. Barbier, Saint- Pierre, J. Moulier (Oxobi), L. Leon, P. Lafitte, E. Salaberry, P. Narbaitz, X. Diharce (Iratzeder), J-B. Etcheberry, J-B. Dirassart, bai eta Larzabal ere antzerkigintzan, izan dira azken mende honetan literatur euskalki horren erabiltzaile nabarmenenak.Jean-Pierre Arbelbide.<br><br>

 

Gipuzkera

XVIII. mendean hasten da gipuzkera euskal literaturan bere tokia hartzen: toki gutxi mendearen lehen partean, baina handiagoa bigarren partean, ezen euskalki hura izan zen euskarazko liburuetan parte handiena izan zuena mende erdi hartan.

Ez da harritzekoa, beraz, gipuzkeraren agerpen indartsu hau Larramendiren figurarekin lotua izan bada. Honek goraki zioen gipuzkerak, euskalkiez inguraturik zegoen euskalki bakarra izanik, hobeki gorde zuela euskal hizkuntzaren funtsa eta jatortasuna, ahozkoan behintzat, zeren idatziari zegokionez, aitortzen baitzuen lapurtera zela garai hartan ororen nagusi.

Dakigunaz, Larramendik oso euskara apain eta aberatsa bazerabilen ere bere idazkietan, gutxi idatzi zuen euskaraz, eta haren eragina euskararen alde egin zuen bestelako lanen ondorioa izan zen batik bat.

Bultzatzaile garrantzizkoa izan zen garai bereko beste euskal idazle batzuentzat, eta bereziki Mendiburu goi-nafarrarentzat eta Kardaberaz giputzarentzat. Haren gramatikak (publikatua izan zen lehenbiziko euskal gramatika, 1729an), bai eta haren hiztegiak ere, fama handia izan zuten, bai Gipuzkoan bai eta Euskal Herri guztian ere.

Seguru asko euskalari hari zor dio partez behintzat gipuzkera garai haietan hartzen hasi zen itzala.

XIX. mendean finkatu zen gipuzkeraren tokia, idazleak ere ugaltzen direlarik (Agirre, Iturriaga, Iztueta, Lardizabal, …) eta anitz euskalarirentzat hura zen Espainiako aldean euskalki nagusia, lapurtera zelarik Frantziako aldean. Lapurteraren ahultzearekin, are agerikoagoa izanen da gipuzkeraren indartzea.

Euskalkien ikerketa zientifikoa bideratu zuen Bonapartek argi ikusi zuen gipuzkera nagusitzera zihoala, bai Hegoaldean, bai eta Euskal Herri guztian ere: Onartzen dut [lau literatur euskalkien artean] biga, gipuzkera eta lapurtera, zuzen osoz euskararen ordezkari legitimotzat hartu behar direla, lehenbizikoa Espainian, bigarrena Frantzian.

Ordean, baldin Frantzia edo Espainia kontuan hartu gabe baina euskara bere osoan kontsideratuz, erabakibehar balitz zientifikoki zein den bi euskalki horien artean euskararen ordezkaritzat jo behar dena, uste dut erakuts ahal nezakeela, Europako hizkuntzalariak gogobetatuz, gipuzkerari zor zaiola aitorpen hori.

Bonapartek Beterriko aldaera hobetsiko du gipuzkera idatziarentzat, eta horren arabera hitz hartuko du J. A. Uriarterekin Biblia gipuzkerara nola itzuli finkatzerakoan.

XX. mendean are indartuko da gipuzkeraren alderako aipatu joera. P. Lhande zuberotarrak beren lehen eleberria idatzi nahiko duelarik gipuzkera hautatuko du, hala nola egin baitzuten Mogeldarrek ere mende bat lehenago, eta eginen ere geroago beste zuberotar idazle batzuk (Mirande, Peillen).

Lehen mundu gerraren ondoren, euskararen batasuna euskalarien gai nagusia eginen delarik, gipuzkera agertuko da autore askorentzat erdiko habe gisa. Azkuek bereziki, Bonaparteren ideiari jarraikiz, defenditu zuen gipuzkera batasun oinarritzat hartzeko proposamen hori: Gipuzkoako izkelkia dugu onetarako [euskara batzeko] gaiena: beronen gainean izkera batu liteke; bazterretako izkelkien gainean, ez, erraz bientzat, zioen 1917an.

Luzaz gipuzkeraren garrantzia arrazoi soziologikoengatik bereziki aldarrikatua izan da, nahiz ez diren eskas izan euskalki horretako idazle trebeak: gerra aurrean edo ondoan berean hor ditugu, adibidez, T. Alzaga (teatroan), P. M. Urruzuno, Lizardi, aipatu gabe D. Agirrek gipuzkeraz egindako Garoa nobela, J. Etxaide, edo Orixe bat ere, honek nafar-gipuzkeraz lapurterazko osagarriez aberasturik idatzi baitzuen gehienik (nahiz bizkaieraz ere ari izan gerra aurrean ere).

Azken hiruzpalau hamarkada honetan, euskara batua bultzatua izan den garaian hots, giputzak izan dira erabiltzaile ugarienak eta emankorrenak, bai idazle gisa, bai eta euskararen inguruko antolamenduzko eta irakaskintzako zereginetan. Modu horretan Azkueren asmoa nolabait betez, gipuzkera agertzen da gaur egun euskara batuaren oinarri nagusi gisa, gutxi edo gehiago lapurterazko literatura tradizioak, eta beste euskalkietako ekarpenek, goi-nafarrerako idazleenek (gaur egunean A. Epaltza, P. Perurena, P. Zabaleta, …) oroz gainetik, aberasten dutelarik. Ezin aipa ditzakegu hemen joera horren barnean sar daitezkeen izen guztiak: K. Mitxelena, J. A. Arrieta, J. L.

Alvarez Enparanza (Txillardegi), J. Irazu (B.

Atxaga), J. M. Irigoyen, K. Izagirre, J. M.

Lekuona, A. Lertxundi, R. Saizarbitoria, …