Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Atlas Historikoa»Atlas Historikoa

Euskalerriaren Adiskideetatik unibertsitate publikora

Oñatiko Unibertsitatea. 1540an zabaldu eta 1902an itxi zuten; bien bitartean gorabehera asko izan zituen.<br><br>

 

EGILEA:

Idoia Estornés Zubizarreta Filosofia eta Letretan lizentziatua. Historian doktore. El MUNDO DEL PAIS VASCO egunkarian idazten du. Euskal kulturari eta Euskal Herriaren historia politikoari buruzko zenbait liburu idatzi ditu, besteren artean La construcción de una nacionalidad vasca (1990).

 

Euskal kultura XIX. mendean

Kulturari dagokionez, gaizki hasi zen XIX. mendea Euskal Herriarentzat; gaizki hasi, eta okerrago jarraitu: herriaren bizimodua hankaz goratu baitzuten –mugaren bi aldeetan, baina Espainia aldekoan bereziki– behin eta berriz gerrek, hala gerra zibilak nola nazioartekoek. Azken hauek –Konbentzioko gerra (1793-1795), Napoleonen esku hartzea Espainian (1808-1814), Espainiaren esku hartzea Frantzian (1815), San Luisen 100.000 semeen inbasioa– eragin handia izan zuten Euskal Herrian, mugaren bi aldeetan, ekonomia jarduera eta azpiegitura desegiteraino.

Hondamendiak, zorrak, eta eritasunak (izurritea) are gehiago gogortu zutenmendean zehar luzatu zen krisi hura, gerrek ez ezik –karlistaldiak, itsasoz haraindikoak– Napoleonen inbasioa bitartean Ameriketako merkatua galdu izanak –honek batez ere– iraunarazi zutena.

Oñatikoa izan zen iraun zuen unibertsitate bakarra –Iratxeko beneditarrena, gainbeheran, azkeneko urteak zituen, eta, Iruñeko domingotarrena itxi egin zuten unibertsitatearen erreforma zela medio (1711)–, eta lurralde honetako gorabehera politiko, militar eta ideologikoen ispilu gertatu zen: 1807-1814 bitartean itxita, 1814-1822 bitartean zabalik, 1822-1828 bitartean ezeztatua, 1828an eskola bihurtua, lehen karlistaldia ondoren itxita. Foru Aldundiak diruz lagundu zion lehenengo aldiz ikastexeari, baina, hala ere, laguntasunik ezak eta irakaslegoaren urriak Espainiako unibertsitatean egin ziren berrikuntzetatik at utzi zuten Oñatikoa.

Euskalerriaren Adiskideen Elkartea, bestalde, XIX. mendeko bi gertaerak ia behin betiko desagartzera behartu zuten. Alde batetik, Napoleonen inbasioak aurreko urteetako loraldia eten zuen. Bestetik, Fernandoren errestaurazioak –guztiz atzerakoia eta antiliberala– eta elizan alderdirik uzuenaren nagusitasunak euskal Ilustrazioa –abantaila galduta– birsortzea eragotzi zuten. Bai XIX. mendean zehar bai hurrengoan ahalegin asko egin ziren Euskalerriaren Adiskideen Elkartea sustatzeko, baina, hala ere, Elkartea ez zen 1945 arte berriz agertu, Espainiako gerra zibilak gainerako erakunde guztiak deseginda zituelarik.

 

Euskal kulturaren berpiztea

Izen hori eman zaio nazionalismoaren aurreko kultura higikundeari. Aurretiaz ere, 1860-1870 urteetan, izan zen gisako higikundeen zantzurik, baina ez zen Bigarren Karlistaldia igaro arte indarrean agertu, gerrak berak –izan zuen bukaerak batez ere– euskal herritar eta intelektual askorengan eragin zuen hondamendi sentimenduak bideratua gainera.

Halaxe, bada, zegoen taldeko sentimenduari –aurreko garaietako kantabrismoan eta vasco-iberismoan gordea– beste bi gehitu zitzaizkion: batetik, erromantizismoak herri berezi bateko kide izatearen sentimendua piztu zuen, eta, bestetik, 1789-1876 bitartean Foruak desagertzeak autogobernu maila handia galdu izanaren sentimendua zabaldu zuen.

Europan izandako gisako beste mugimendu batzuetan bezala –txekiarrak, poloniarrak, katalanak, flandriarrak…– Euskal Herrikoan ere eragin handia izan zuen hizkuntzak. Besteak beste “Euskaria” hitza sortu zen, eta euskaldunei “euskaros” deitzen hasi zitzaien; “Euskalerria” hitza berreskuratu zen, urte askotan erabili izan ziren “país”, “nación”… “bascongada” esapideen ordainetan. Intelektual euskaltzaleei “euskaros” edo “euskalerriacos” esan zitzaien, eta haiek argitaratu zituzten aldizkarietan ere barra-barra erabili zen deitura hori, euskal lurralde osoan ageri zen ideologia –jatorriz liberal-kontserbatzailea– ahaidetasun baten ezaugarri gisa.

Hainbat kultura gizonek –Iturralde, Olóriz, Olabe, Campión, Herrán, Sagarminaga, Delmás, Manterola, Guilbeau– gerra aurreko “Laurak Bat”-etik abertzaleen “Zazpirak Bat”-era egin zuten bidea (horien abertzaletasuna, baina, banakuntza zentzurik gabe ulertu behar da beti ere). Politikan huts egin zuten, baina oso itzal handia izan zuten euskal erromantizismo berankorrean –hala euskal hizkuntzan nola latin hizkuntzetan; historian eta literaturan, nola arte plastikoetan eta pentsamenduan–, 98ko Belaunaldiraino eta I. Mundu gerraren atariraino hedatu zena.

 

Kulturaren indarberritzea

Urte askotan zehar erromantizismo berankor hori izan zen euskararen inguruko kezkak eta kultura ekintzak bildu zituena; hartan egin zituzten erroak foruzaletasunak lehenbizi eta Aranaren abertzaletasunak gero. Nolanahi ere, Europako iparraldetik eta erdialdetik –zientziak eta kultura aurrerabidean zituzten industria lurraldeetatik alegia– bestelako pizgarri batzuk heldu ziren; hirien eta herrien urbanizazio prozesuak, garraiabideen hedatzeak, irratiaren zabalkundeak, edo zinema, hegazkintza, telefono eta abarrenak elkarrengana hurbilarazi zituen gizabanakoa eta gizartea, eta horren ondorioz, mendetako talde banaketa eta horien arteko ulertezina deuseztu.

Foruzaletasun zaharra, Europa aldeko haize berriak eta Espainiaren egoera berezia (1898ko krisia) elkartu izate hartatik belaunaldi kritikoa sortu zen Euskal Herrian, guztiz sentibera Europako nazionalismoen gorabeherekiko; belaunaldi horren kezkabide nagusia Euskal Herriak unibertsitate mailako irakaskuntzarik ez izatea zen (Oñatikoa 1902an itxi zuten behin betiko, eta Deustukoa osagabea zen, eta elitista).Egoera horren eta 1917an autonomiaren aldeko higikundea hasi izanaren ondorioz sortu zen Eusko Ikaskuntza (1918), Araba, Gipuzkoa, Nafarroa eta Bizkaiko Foru Aldundien babespean, bi helburu nagusi zituela: Euskal Unibertsitatea sortzea, eta unibertsitatearen ordezkoak egitea hura sortzeko baimena –Errege Dekretua– lortu artean. Eusko Ikaskuntzaren lehen neurrietako bat Euskaltzaindia sortzea izan zen (1919).

Eusko Ikaskuntza izan zen Vasconiako kultura erakunde nagusia Espainiako gerra zibila (1936-1939) artean. Hartara bildu ziren orduko nahikari desberdinak, kultura sareak sortu zituen, eta munduan zehar sakabanatuak ziren euskaltzale hautenen elkargune bilakatu zen.

 

Gerra ondoko urte latzak

Topiko hutsa baino gehiago da gerra ondoko urteei “isilaldia” deitzea, edo mortu tristea, non ekimen zibiko-kulturalak, sortu aurretik beretik, hilotz ziren. Gerra ondo guztiak dira gogorrak; are gehiago gerrari erabateko diktadura jarraitzen bazaio, eta ez badago, Espainiako gerra ondoan bezala, iraute hutseko egoera arinduko duen Marshall planik.

Sortu ziren lehenengo kultura ekintzak epel samarrak ziren, noski, eta aukera gutxi eskaintzen zuten ezarrita zegoen ordenari erantzuteko edota iritzi desberdintasuna eragiteko. Ez zegoen gatazkarik sortzeko aukerarik, gobernuaren zentsurak edo autozentsurak eragozten zutelako.

1960-1970 bitarteko urteak bihurgune puntutzat har daitezke: erbesteratuetako asko itzuli zen; belaunaldi berri bateko kideek heldutasuna iritsi zuten, horietako batzuek berrikuntzaren eta hausturaren ernamuina beren baitan zutela; literaturgintza berpiztu zen; ikastolen mugimendua berriz abiatu zen. Garrantzi handiko gertaera bat Ez Dok Amairu mugimenduaren sorrera izan zen (1965): inkonformismo moderno-antzekoaren arte adierazpidea –musika, folklorea, poesia, plastika–, kutsu etnizista handiz zipriztindua. Aitzindaritzat “euskal kantagintza berria” izan zuten, eta ideia mintegitzat mugaren bi aldeetako abertzale berrien belaunaldia.1966ko Prentsa eta Inprimeria Legearen ondorioz, zentsurak zentzu handiagoz jokatu zuen: argitaletxe berriak sortu ziren, 1958an antolatu zen Auñamendiren ondotik. Diktaduraren azken hamar urteetan handitu egin zen politikari eta kulturari buruzko kezka, munduko beste toki batzuetan bezala –Berkeley, Mexiko, Paris, Erroma, Alemania, Tokio…–. Baziren berezitasunak –nazionalismoa, sekularizazioa, diktaduraren aurkako borroka–, baina 1968ko Euskal Herria ezin da, ezta gutxiagorik ere, uharte bakartutzat hartu.

 

Mende bateko euskal kulturgintza

1887 Asociación Euskara de Navarra.

“Laurak Bat” elkartea, Montevideokoa.

1878 Revista de las Provincias Euskaras (-1879).

1879 Elizondoko Lore Jokoak.

1880 Euskal-Erria aldizkaria, Donostiakoa.

1881 Colegio Norteamericano de San Sebastián.

1882 Revue Historique du Béarn de la Navarre.

1883 Revue des Basses Pyrénées et Landes… Iruñeko Revista Euskara (-1883).

1884 Unamunoren tesia: Crítica del problema sobre el origen y prehistoria de la raza vasca.

1886 Deustuko Unibertsitatea. Euskal Hizkuntzaren Akademia sortzeko proiektua, Artiñanorena. Bilboko Kurding Club.

1895 Zazpiak Bat, Charles Bernadou-rena.

1895 Boletín de la Comisión de M. H. y A. de Navarra (-1936).

Oñatiko Unibertsitateak ateak zabaldu berriro.

1896 Bilboko lehenengo Euskal Jaiak.

1897 Agakia, Sabino Aranarena.

Donibane Lohizuneko Euskal Jaiak.

Azkue ikastola, Bilbo.

1900 La casa de Aizkorri, Pío Barojarena.

1901 Eskualtzaleen Biltzarra.

1905 Diccionario Vasco-Español-Francés, Azkuerena.

1907 Eusko Ikaskuntzen Nazioarteko Aldizkaria.

1908 Euskal-Esnalea. Sarasate hil zen.

1909 Bilboko Esperanta Gazeta (-1912).

1910 Geografía General del País Vasco-Navarro.

1911 Euskalerriaren-Alde. Euskal Artisten Elkartea.

1913 Del sentimiento trágico de la vida, Unamunorena.

1914 Gipuzkoako lehenengo ikastola.

1916 Bilboko Ateneoaren Idearium-a (-1918).

Donostiako Ateneoa.

1917 Hermes, J. de Sarría-ren zuzendaritzapean.

Barandiaran-Aranzadi-Egurenen ikerketa lanak aztarnategietan.

1918 Eusko Ikaskuntzaren I. Biltzarra.

1919 La crisis del humanismo, Maezturena. Euskaltzaindia.

1920 Eusko Ikaskuntzaren II. Biltzarra.

1921 Iparraldeko Gure Herria. Donostiako Argia.

1922 Baionako Euskal Museoa. Eusko Ikaskuntzaren III. Biltzarra.

1924 Vida Vasca, Vitoriarena.

1925 Nafarroako Euskeraren Adiskideak.

1926 Euskeltzaleak. Eusko Ikaskuntzaren IV. Biltzarra.

Azkueren sarrera Espainiako Hizkuntza Akademian, euskararen ordezkari gisa.1930 Eusko Ikaskuntzaren V. Biltzarra.

1932 Nicanor Zabaletaren lehenengo kontzertua.

1933 Yakintza. Revista de Cultura Vasca (-1936).

Itxaropena Argitaletxea, Zarautz.

Les modes de vie, Lefebvrerena.

1934 Beñat Idaztiak argitaletxea, Donostia.

Elgar hilabetekaria, Paris.

Eusko Ikaskuntzaren VI. Biltzarra. Iparraldeko Aintzina.

1936 Euzko Ikastola Nagusia / Universidad Vasca.

Eresoinka abesbatza, erbestean.

1940 Príncipe de Viana aldizkaria, Nafarroako Foru Diputazioa.

1942 Cántico Espiritual, Blas de Oterorena.

Ekin argitaletxea, Buenos Aires.

1943 Instituto Americano de Estudios Vascos de Argentina.

Los pueblos del Norte de la península ibérica, Julio Caro Barojarena.

1945 Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen Aldizkaria.

Historia del Nacionalismo Vasco, García Venerorena.

1947 Ensayo de Bibliografía Navarra, Pérez Goyenarena.

1948 Aranzadi Zientzia Elkartea.

1949 Les Basques, Veyrinena.

1950 Euskaldunak, Orixerena. Guatemalako Euzko Gogoa.

1952 Estudio General de Navarra.

Kuliska Sorta, Itxaropena Argitalpenak.

1953 M. Larramendi katedra, Salamankako unibertsitatea.

Donostiako Zinemaldia.

1954 Colección Ipar, Gómez Argitaletxea (Iruñea).

1955 Academia Errante-ren lehenengo bilerak.

1956 Euskaltzaindiaren lehenengo Biltzarra.

1958 Auñamendi argitaletxea, Donostia.

1960 Estudios Técnicos y Universitarios de Gipuzkoa.

1961 Rapsodia euskara, Gabriel Celayarena. Labeguerie.

1962 Igela, Paris.

Tiempo de Silencio, Martín Santosena.

Sobre la esencia, Zubirirena. Vasconia, Krutwigena.

1963 Quosque tandem, Oteizarena. Santo Tomas Lizeoa, Donostia.

1964 Harri eta Herri, Arestirena. Gaur taldearen manifestua.

1965 Ez Dok Amairu. Durangoko I. Liburu eta Disko Azoka.

1966 Euskal artisten taldeak: Gaur, Emen, Orain, Danok.

1967 Kriselu Argitaletxea, Donostia.

1968 Herri Gogoa eta Txertoa argitaletxeak, Donostia.

Enciclopedia General Ilustrada del País Vasco-ren lehen probak, Auñamendi argitaletxea. Bilboko Unibertsitatea. Euskaltzaindiaren bilerak Arantzazun. Ama Lur filma, Larruquert eta Basterrechearena.