Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Atlas Historikoa»Atlas Historikoa

Errejimen Zaharraren krisia eta iraultza liberala

Irungo babeserako armak Konbentzioko Gerran (Jaime Rodríguez Solís Bilduma).<br><br>

 

EGILEAK:

Joseba Agirreazkuenaga Zigorraga Historian doktorea. Irakasle titularra. Euskal Herriko Unibertsitateko Gaur egungo Historiako Departamentua. Eusko Ikaskuntzako lehendakariordea.

José Ramón Urquijo Goitia Historian doktorea. Consejo Superior de Investigaciones Científicas-eko ikertzailea.

Comité Español de Ciencias Históricas-eko idazkaria (International Committee of Historical Sciences).

Mikel Urquijo Goitia Historian doktorea. Irakasle laguna. Euskal Herriko Unibertsitateko Gaur egungo Historiako Departamentua.

 

Konbentzioko Gerra (1793-1795)

Karlos IV.ak, ideia iraultzaileak zabalduko ziren beldurrez, mugak itxiarazi zituen.

Iraultzaren inguruko berriak argitaratzea debekatu zuen, bai eta, hala berean, bere ideien aurkako kritikak eta frantses agerkariak zabaltzea ere. Euskal Herriak, mugako herrialdea izanik, portuen bidez hartzen zituen informazioak, bereziki Donostiako portutik; Donostian, iraultzaren aldekoak Konstituzioaren Adiskideen Elkartearen inguruan bildu ziren. Bi urteren buruan, galaraziak ziren paper eta dokumentuetarik 400 ale baino gehiago bahitu zituzten. 1793ko urtarrilaren 21ean Luis XVI.a Frantziako erregeari lepoa moztu zioten gilotinaren bidez; gertakari horrek asaldura handia eragin zuen Europako gorte guztietan, eta Frantziako Konbentzioaren aurka jotzeko prestamenei ekin zieten. Karlos IV.a eta Godoy gobernu burua Frantziari gerra egiteko prestatu ziren. 1793ko martxoaren 7an Frantziako Konbentzioak gerra deklaratu zion Espainiari, eta 23an Espainiak Frantziari. Horren ondorioz, Euskal Herria eta Katalunia gudatoki bihurtu ziren. Egoera hori 1808an errepikatu zen; bien bitartean tirabira handiak izan ziren.

Gerrak hiru aldi izan zituen. Lehenengoan, 1793an, Espainiako gudarosteak aurrea hartu zion etsaiari: 32.000 gizon jarri zituen Euskal Herrian, 18.000 Katalunian eta 5.000 Aragoin. Gipuzkoak 4.600 gizonez osatutako milizia antolatu zuen Narros-eko markesaren agindupean. José Fernando Echave Azu Romero eta Joaquín Barroeta-Zarauz Aldamar aukeratu zituzten gerra prestamenak Gipuzkoako Aldunditik kudeatzeko, eta 1793ko ekainean Errenterian egindako Batzar Nagusietan beren jestioaren berri eman behar izan zuten. Geroago, 1794ko uztailean, Batzar Nagusiek ahaldun nagusi kargurako izendatu zituzten.

1793ko udaberrian, beraz, gerra ekimenari dagokionez, espainiar gudarosteak aurrea hartu zuen: Aldude, Sara eta Hendaia beretu zituzten. 1794ko uztailean, alabaina, 38.000 gudariz hornituriko Konbentzioaren gudaroste batek –Ventura Caro jeneral espainiarra buru zuena horren erdia zen– Baztan aldetik jo zuen kontraerasoa; Hondarribia bereganatu eta Donostian sartu zen, ia erresistentziarik aurkitu gabe. Espainiar gudari sailen hondamendia erabatekoa izan zen. Egoera hartan, goian aipatu gipuzkoar buruzagiek negoziatu nahi izan zuten frantsesekin, helburu garbi batekin: probintzia frantses errepublika berriaren eraginpeko herrialde neutral eta burujabetzat ezagutu zezatela. Frantses Konbentzioko buruzagiek, ordea, lurralde konkistatu gisa hartu zuten probintzia. Robespierre-ren mistika guztiz barnatua zuten komisario politikoek.

Baina ondoko urteko guda aldian, Robespierre desagerturik, taktika aldatu zen. Hala, Moncey jeneral berriak probintzien neutralitatea lortu nahi izan zuen.

1795eko Maiatzaren 10ean Chaudron-Rousseau, Konbentzioaren ordezkariak Gipuzkoako erakunde tradizionalak errespetatuko zituela agindu zuen probintziako arduradun politikoen aurrean. Probintziaren izenean, Echave Romerok erantzun zion: “Gipuzkoako herria Errepublikaren patu distiratsuarekin bat egiteko duin da, eta zuen falange garaileak hurbildu direnean berriro aldarrikatzen du bere independentzia, gobernu maltzur baten nahikerien aurrean bostehun urtez defendazen jakin zuena… Frantses errepublikazaleen baionetek jakingo dute Gipuzkoako errepublikazaleen independentzia gogoak laguntzen, bai eta gure amankomuneko etsaien oldarretik lurraldea defenditzen” ere.

Bitartean, Arrasaten, lehen gerra lerroan, “gerrarako” Aldundi berri bat eratu zen, Espainiako monarkiari leial eta tradizionalismoaren printzipioen defendatzaile, Frantziako konbentziozaleen aurkako erresistentziaren zilegiztatze politikoa moldatzeko helburuarekin. Baina 1795eko ekainean, Moncey jeneralak espainiarren defentsa desegin zuen, Urretxutik eta Debatik sartuz. Bilbon, elite aginpidedunek, Frantzia iraultzaile hartan gertatu zenaren jakitun zirelarik, beldurturik aldegin zuten bertatik, bai frantses gudarostearen ekintzek eta bai herritarrek eragin zitzaketen matxinadek izuturik.

Egoera berriak sortu zituen aukeren aurrean, Nafarroako erresuman ere eztabaidak izan ziren.

 

Baionako Batzarretik (1808) Independentziako Gerrara

Napoleonek, Espainiarekiko zekartzan egitasmoak aurrera eraman ahal izateko, beharrezkoa zuen dinastia aldaketa Jose anaiari erregeaulkia emanez, eta konstituzio testu bat idaztea. Hori zela eta, Baionan espainiar handikien batzarra biltzeko agindua eman zuen, antzinako estamentuen tradizioaren arabera, baina baita Nafarroa, Bizkaia, Gipuzkoa, Araba, Ameriketako lurraldeetako… ordezkariak ere barne hartzen zituela. Euskal lurraldeetako Aldundietako eta kontsulatuetako ordezkariak honako hauek izan ziren: Ortuño Mª Aguirre del Corral, Montehermoso-ko markesa, Arabako Aldunditik; Juan José Mª Yandiola, Bizkaitik; José Mª Lardizabal, Gipuzkoatik; Luis Gainza eta Miguel Escudero Nafarroatik; Gabriel Mª Orbegozo Bilboko Kontsulatutik, eta Francisco A. Echagüe Gipuzkoakotik.

Calahorrako Apezpikuaren izenean Manuel Mª Upategi, Arrasateko bikarioa joan zen. Baionako Batzarreko idazkaria Mariano Luis de Urquijo bilbotarra izan zen, Karlos IV.aren erreinaldian Estatuko Idazkari izan zena eta Jose I.aren monarkia berrian kargu bera izango zuena.

Frantses legedi berria zen testuaren iturria, elementu tradizional batzuen bertutez moderatua agertzen zelarik. Euskal ordezkariek foru lege eta erakundeen iraupena lortu nahi zuten eta “Foru Konstituzioa” deitzen zioten. Euskal probintziak Konstituzio berriaren alde jartzea lortzearren, bere 144. atalean honako hau zioen: “Nafarroa, Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako foru bereziak lehen Gorteetan aztertuko dira, probintzia horien eta nazioaren mesedetan onuragarriena iritziko zaiona erabakitzearren”.

Euskal Aldundiek, alabaina, ez zuten beren joko politikoa garbi erakutsi nahi.

Euskal Herriko sektore liberal eta erreformazaleak, hiriguneetako merkatariak eta lurjabe handiak bereziki, Napoleonen erreformen aldekoak ziren. Guztiarekin ere, oposizio armatua hedatzen hasi zen eta lehengo jabeen aldeko jarrera ahuldu egin zen, 1810etik aurrera agerturiko aldaketa sakonak zirela eta.

1810ean, Frantses Inperioaren muga berria Ebro ibaian kokatu zen. Modu horretara, Euskal Herri guztia Inperioaren barne zegoen eta militarrak zituen buruzagi: Thouvenot zen “Biscaye”-ko gobernu burua eta Dufour Nafarroakoa.

Garat lapurtarrak Euskal Herriko lurralde guztiak bilduko zituen eta Frantses Inperioaren barne izango zen administrazio erakunde autonomo bakarraren proiektua prestatu zuen Napoleonentzat.

1808ko abuztutik aurrera, gerrillari talde batzuen ekintzak nabarmendu ziren: frantses konboien aurka jotzen zuten, baina baita agintari berrien jarraitzaileen aurka ere, iraultza liberalaren printzipioak gauzatu zirelako erakusgarri baitziren.

Nafarroan ari ziren gerrillari talde anitzek Minaren agindupeko dibisio bat osatu zuten. Ondoko urteetan, fenomeno hura zabaldu egin zen. 1811n, apaizek eta lurjabeek Batzorde bat eratu zuten Bizkaian; frantsesen aurkako borroka armatua erabiltzearen aldekoak ziren, liberalak ziren aldetik. Azkenik, frantses gudarosteak, 1813an, Gasteizko eta San Martzialeko guduetan garaitua izan ondoren, atzera zeharkatu zuen Bidasoa ibaia.

Frantsesen aurkako oposizioaren garaian, konstituzio liberala idatzi eta onartu zuten Cadizen (1812). Arabako eta Gipuzkoako Batzar Nagusiek onetsi zuten bitartean, Bizkaiko Batzar Nagusiek ez zuten guztiz gogo onez onartu.

 

Fernando VII.aren itzulera eta Liberalen Hiru Urteak

Fernando VII.ak, 1814an itzulitakoan, Espainiatik irten aurretik indarrean zegoen sistema ezarri zuen berriro. Horrela, Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako erakunde multzoa berriro indarrean jartzeko baimena eman zuen. Egoera horrek 1820 arte iraun zuen, urte hartan militarren altxamendu batek berriro jarri baitzuen indarrean 1812ko konstituzioa. Harrezkero, Foru Aldundiak mantendu egin ziren hasieran, Foruen eta Konstituzioaren arteko auzia erabaki gabe zegoelarik. Handik berehala, ordea, Konstituzioak zioena aplikatu eta, Probintziako Aldundiak sortu ziren.

Buruzagitzako eliteak, jabe handiak bereziki, sistema politiko berrian esku hartzearen alde azaldu ziren, eta Probintziako Aldundi berri haietan beren aginpidea gauzatzen saiatu ere bai. Halaber, garai hartan probintzien inguruko antolaketa egiteko proiektua zabaldu zen; hartan Provincia Vascongada delakoa sor zitekeela aurrikusten zen, hirurak barne hartu behar zituena, Bizkaia ordea horren aurka azaldu zen.

Konstituzionalismo liberalaren aurkako jarrera laster hasi zen agertzen, berriro sistema tradizionala ezartzearen aldeko orri eta agirien bidez. Bizkaian argitaratzen zen El buen vizcaino izenburukoa da, adibidez, horietako bat, debekatua izan arren jaurerrian luze-zabalean hedatu zena. Gipuzkoan ere banatu ziren gisa horretako panfletoak, haietan arazo zehatzak plazaratzen zirelarik: aduanak kostaldera eraman ondoren kontsumorako gaiek jasan zuten garestitzea; paper zigilatua derrigor erabili beharra; presio fiskalaren emendatzea; lege berrien ezartzea edota nahitaezko soldaduzka. Damu kalteen zerrenda horren aurrean, Espainiatik bereiztea eta frantsesen babesa hartzea proposatzen zuten: “Eta oraingo Ministroek indarrez menderatu nahi izateko ausardia izango balute, zuen naziotik bereiztea zuen esku dagoela erantzun ahal izango duzue, hala independente bilakatzea nola Frantziako errege itzaltsuaren babespean jartzea”.

Liberalismoaren aldekoak Sociedad Patriótica izeneko elkarteetan bildu ziren.

Ezagunena, Donostiako La Balandra izan zen, Collado merkatariaren inguruan eratu zena. Hala berean, Milicia Nacional zeritzana sortu zen, elkarte liberaletan behinena, eta Iruñean, paradoxa badirudi ere, 1812ko Konstituzioaren aurkakoak buru zituena.

Luzaro gabe, erregezaleak aurka egotetik oposizio armatura pasa ziren.

1821eko apirilean altxamendu bat gertatu zen Agurainen, gerora karlisten jenerala izango zen José Uranga buru zuena. Urtebete geroago erregezaleen taldeen koordinazioa abiatu zen, Fernando Zabalaren eta Gorostidi edo Gezala apaizen agintaritzapean, liberalen aurkako altxamendua prestatzearren. Gobernuak gerra egoera ezarri zuen barruti militar osoan.

1823an, Angulemako dukea buru zuen frantses gudarosteak erasoa jo zuen; horren ondorioz, absolutismoa ezarri zen berriro, eta, noski, hiru urte horietan nabarmendu ziren liberalen aurkako errepresioa bideratu zen.

 

Hamarraldi Absolutista (1823-1833)

Absolutismoaren ministro berrien artean Joan Bautista Erro zegoen, euskal tradizionalismoaren buruzagietako bat zena. Erregearen erabakiaren zain egon gabe, kontrairaultzaileak foru sistemaren arabera hasi ziren jarduten: Batzar Nagusietarako deialdia egin zuten, eta Aldundi berriak hautatu zituzten, Foruaren arabera.

Zenbait oztopo gainditu eta gero, aduanak lehengo lekura aldatu zituzten (Balmaseda, Urduña, Gasteiz eta Ebroko muga).

Liberalek kontrol zorrotza jasan behar izan zuten Aldundien aldetik; Batzar Nagusietan parte hartzea ere galarazia zuten. Berriz ezarri zen monarkia absolutuaren gobernu berriak Voluntarios Realistas (Erregearen aldeko Boluntarioak) taldea antolatu zuen kontrairaultza babesteko, lehenago, iraultza liberala babesteko, Milicia Nacional taldea sortu zen bezala. Nafarroan talde horiek Espainian zuten izen bera hartu zuten; Araban, berriz, Naturales Armados esaten zitzaien, Bizkaian Paisanos Armados, eta Gipuzkoan Tercios Forales. Tokian tokikoekin antolatzen ziren talde horiek, Aldundiak armez eta tresneriaz hornitzen zituela, gudaroste ahaltsua osatu zuten; bestelako iritziak onez ezin eramana zuten ezaugarri nagusia, eta jarrera horrek beraiekiko goganbeharra eragin zuen Fernando VII.aren gobernuaren baitan ere. Horrenbestez, Uhagon bilbotar liberalak erresistentziaren alderdia deitu zuen hura gauzatua zen jadanik.

Aldundiaren mendeko azpiegitura militarrak, berez, nolabaiteko autonomia lortu zuen. 1830. urtetik aurrera Don Karlosen alde egingo zuen alderdia buruzagitzako karguak bereganatzeko prestamenak egiten hasi zen, eta horregatik lortu zuen karlisten altxamenduak halako arrakasta hasieran, Bizkaian eta Araban.

 

Lehen Karlistaldia (1833-1839)

Euskal Herriko karlista auzia, errege oinordetzako gatazka zena hasieran, Foruen aldekoen eta aurkakoen artean sortu ziren tirabiren mende egon zen. Euskal gizartea bitan banatu zen: alde batekoak, nekazari girokoak, Foruen alde agertu ziren; beste aldekoak, berriz, salerosleak –gehienbat hirietan bizi zirenak–, Foruak aldatzearen edo desegitearen aldekoak ziren. Bestalde, Fernando VII.ak Foruak kentzeko ahalegina eginagatik ere, foruzale gehienek bat egiten zuten absolutismoarekin.

Kontrairaultzak Europan eragin zituen gatazken arteko beste bat zen gerra hura, eta horregatik izan zuen eragina beste herrialde batzuetan. Herrialde kontserbadore ahaltsuek (Austria, Prusia eta Errusia) ez zuten Isabel II.a erreginatzat ezagutu, eta Don Karlosen alde egin zuten, isilpean bada ere; Frantziak eta Britainia Handiak, ordea, aliantza bat izenpetu zuten (1834ko apirilaren 22an) Espainiarekin eta Portugalekin, bi herrialde horietan liberalismoa finkatzen laguntzeko.Gerraren bilakabidean aldi hauek bereiz daitezke: 1.- Altxamendua: 1833ko urria-abendua bitartean. Aldi horretan karlistek garaile irten zuten Bizkaian, Araban eta Gipuzkoako mendebalean, baina Nafarroan huts egin zuten.

2.- 1833ko abendutik Zumalakarregi hil artean (1835eko ekaina). Karlistek, garaituak izan ondoren, indarrak berriz batzeari ekin zioten; egiteko horretan bi pertsona gailendu ziren: Fernando Zabala mendebalean (Bizkaia eta Kantabria) eta Tomas Zumalakarregi ekialdean (Gipuzkoa, Araba etaNafarroa). Zumalakarregik, gero, euskal lurraldean ziharduten gudaroste karlista guztien buruzagitza bereganatu zuen. Gerraren nazioartekotasunari dagokionez, Elliot hitzarmenak (1835eko apirilaren 27a) borroka indartzat ezagutu zituzten karlistak.

3.- 1835etik 1837ra. Buruzagi karlistek gudu irtenaldien bidez gerra zabaltzeko ahaleginak egin bazituzten ere, huts egin zuten. Argi agertu zen gerra irabazteko eta Euskal Herritik –hiriburuak izan ezik, mendean zutena– kanpora zabaltzeko ezintasuna.

4.- 1837tik 1839ko abuztura. Hondamendia aurrikusten zutela, karlisten arteko lehenengo zatiketak gauzatu ziren. Gobernu liberala, bestalde, karlismoa eta foru auzia bereizten saiatu zen, eta, horretarako, Juan Muñagorri zuzendari zuen “Bakea eta Foruak” proiektua diruz lagundu zuen. Baionako Batzordea Muñagorriren proiektuaren alde agertu zen; erbesteraturiko lurjabe euskaldunek osatzen zuten Batzorde hura eta, Foruak mantenduz gero, gatazka bukatzearen aldekoak ziren haiek. Marotok hartu zuen Don Karlosen gudarosteen kontrola, eta fusilarazi egin zituen gerra jarraitzearen aldeko batzuk. Modu horretara, bi aldeetako militarren arteko antolabide baterako bidea ireki zen, militar karlisten geroa gudaroste liberalaren barne ziurtatzen zutela. Benetako arazoa, ordea, foruak iraunarazteko baldintzak ziren. Azkenik, akordio batera iritsi ziren Bergaran; haren arabera, Espartero jeneralak Gorteetan Foruak mantentzea gomendatzeko konpromezua hartu zuen eta, bestalde, ofizial karlisten egoera bermatzen zen gudaroste liberalaren barnean. Bizkaiko eta Gipuzkoako gudarosteek onartu zuten ituna, ez ordea arabarrek eta nafarrek; horiek, gerrari jarraipenik ezin emanez, Frantziara erbesteratu ziren. Hurrengo urtean, 1840an, amaitu zen gerra Espainian.

 

Foru sistema Konstituzioan

Euskal probintzietako Foruak sistema liberalaren ordenamendu juridiko berriarekin bateratzea arazo handitzat hartu zen oinarrizko legedia prestatzeko egin ziren lehen saioetatik bertatik.

Karlistaldia amaituta, eta sistema liberala erabat ezarri zelarik, berriro azaldu zen arazoa. Foruei buruzko aipamena zela eta, Bergarako Itunak kontuan hartzen zuen arazo politikoa, eta horrenbestez, badaezpadako formula batekin bazen ere, Itunak militarren arteko akordio korporatibo hutsa izateari utzi zion. Hala, bada, Batzar Nagusiez gaindi zeuden Espainiako Gorteek argitu beharko zuten foru erakunde publikoek indarrean iraun behar zuten ala ez. Horretan, 1839ko urriaren 25eko lege famatua sortu zen. Legeak Nafarroako eta euskal probintzietako Foruak berresten zituen, konstituzio batasunari kalterik eragin gabe (1. artikulua), eta dei egiten zien Gobernuari eta Aldundiei foruen inguruko antolabideari ekin ziezaioten (2. artikulua). Horrenbestez, nolabaiteko konponbidea eman zitzaion lehengo arazoari, baina beste bat sortu zen: zer esan nahi zuen konstituzio batasunak? Zenbat aldaketa egin behar zitzaizkien foruei Konstituzioarekin adosteko?“Forua aldatzeko” proiektuak: 1839-1876 bitartean Foruak aldatzeko proiektu bat baino gehiago prestatu zen, foruak konstituzioari egokitzeko xedez. Ahalegin horiek ez ziren nekerik gabe burutu, eta esperientzia hartan oinarriturik, kontzientzia politiko berria moldatu zen Euskal Herrian.

1840ko maiatzean bildu ziren Madrilen euskal probintzietako ordezkariak.

Bizkaitik Casimiro Loizaga, Francisco Hormaeche, Manuel M. Aldecoa eta M. A.

Ozamiz-Jausolo; Arabatik Blas López eta Pedro Egaña; Gipuzkoatik Valentín Olano, Fausto Otazu eta Santa Ana kondea. Liberalak ziren guztiak, baina moderatukontserbadoreak eta foruzaleak joeraz; Espainiako Konstituzio liberalak foru sistema ezartzetik sortu ziren erakunde politikoak kontuan hartu behar zituela aldezten zuten. Horretarako, baina, Espainiako Konstituzioaren aldaera federala onartu beharko zen. Nafarroako probintziako Aldundi berriak Fausto Galdeano, Pablo Ilarregui, Tomás Arteta eta Fulgencio Barrera bidali zituen; Foruei dagokienez, tesi progresistetatik hurbil ziren; hau da, gehienbat administrazio eta zerga egoerari eustera mugatzen zirenetakoak.

Gobernua duda-mudatan zebilen estrategia zehazteko orduan: negoziazioa banaka, probintziaz probintzia egin, ala guztiekin batera egin. Maiatzaren 26an lau probintzietako ordezkariak bildu ziren, guztien artean estrategia bat erabakitzeko, baina nafar ordezkariek bestelako jarrera agertu zuten, eta ez zen batasunik lortu. Nafarrek garbi zeukaten aduanak lekuz aldatu behar zirela, mugaraino alegia, eta baita Nafarroako Aldundiak indarrean jarraitu behar zuela ere. Prest zeuden halaber Gobernuarekin hitz harturiko diru kopurua ordaintzeko, gizonezkoak gudarostera deitzeko, eta sistema judiziala indarrean jartzeko ere. Nafarroa, erresuma izatetik probintzia izatera pasa zen, zerga eta administrazio alorrean eskumen bereziak zituela beti ere. 1840an, Bizkaiko ordezkarietako batek, Hormaechek, honela laburbildu zuen nafarren jokabidea: “Nafarrak probintziako Aldundiaren buruzagitza hartzearekin konformatzen dira, eta Erresumako politika lege guztiak onartzen dituzte. Beren Gorteak, Kontseilua eta Erregeordea ezabatzeko baimena ematen dute; ekonomia eta udal administrazioa kontserbatu nahi dituzte; estankoak, sarrera eskubideak, paper zigilatua eta kintak ipintzearen aurka azaltzen dira; eta ametsezko esperantzatan oinarritu bide den suhartasunez –guk ezin itzaliko duguna– aduanak mugan ezartzea eskatzen dute.

Puntu honetan bereizten gaituen aldea, zuk dakizunez, guztiz da handia, eta oso nahigabe garratzak ekarri behar dizkigu. Hasiak gara lanean, eta gogotsu eutsiko diogu gure eginbideari, asmoz alda dezaten, asmo hori ez betetzeak haiei bezala guri ere abantaila handiak ekarriko dizkigula sinistarazteko; nolanahi ere, ez gara fruitu handia lortuko dugun ustean”.

1840 eta 1841ean nafar ordezkariek Foruak aldatzeari ekin zioten; lan hark 26 artikulu eman zituen. Administrazio eta ekonomia alorretara mugatu zen autonomia; politika alorrari zegokiona, berriz, galdu egiten zuten. 1841eko abuztuaren 16an onartu zuten Gorteek Nafarroako Foruen aldaketa. Beste hiru probintziek egoera luzatzeko estrategia aukeratu zuten, foru erakundeek konstituzioaren barruan iraun zezaten lortzeko. 1840tik aurrera hiru probintzietako ordezkariek harremanak estutu zituzten. Hala, ahaldun nagusiek bilkurak egin zituzten aldian-aldian, denon onerako gerta zitezkeen puntuetan elkar hartzeko xedearekin.

Euskal Herriko foruzaleek parte hartu zuten 1841eko urrian jeneral moderatuek burutu zuten altxamenduan; horren ondoren, Baldomero Espartero erregeordeak, dekretu bidez (1841eko urriaren 29an), liberal progresistek eskatzen zituzten aldaketak gauzatu zituen, euskal probintziak –aduana, lege eta erakundeei dagokienez– Espainia osoarekin berdinduz. Guztiarekin ere, “Foruak aldatzea” eginkizun zegoen.

Esparterok aldegin eta moderatuek aginpidea eskuratzean, berriro plazaratu zen foru auzia. 1844ko uztailaren 4ko dekretuaren bidez Batzar Nagusia eta Foru Aldundia berriz ezartzea erabaki zuen gobernu berriak. Batzar Nagusiei eman zitzaien Foruen behin-betiko moldaera gobernuarekin negoziatu behar zuten ordezkariak izendatzeko ardura; gobernuak Nafarroarekin lortu zenaren antzeko konponbidea nahi zuen. Batzar Nagusiei euren esku izan zituzten auziak tratatzeko baimena ere eman zitzaien, errege xedapenen aurka joko ez zutelakoan beti ere. Egoera hartan, foru sistemaren iraupena kolokan zuena, Pedro Egaña arabarrak, “política vascongada” esango zitzaionari aurrea hartuz, euskaldunguztiek Foruen aldeko ekimenean bat egin zezaten eskatu zuen: “Horretan ez daude karlistak eta liberalak, moderatuak edo muturrekoak, foruzaleak baizik; hau da, euskaldun zintzo eta leialak. Herri batek duen nazio-izatea galtzeko zorian jartzen dutenean, herritar gaizto da bere herriaren zatiketaren alde agertzen dena…” (1844.VII.10) 1848an Blas López arabarrak eta Ascensio Ignacio Altuna gipuzkoarrak Foruak aldatzeko aurreproiektu bat prestatu zuten. Hura izan zen euskal ordezkarien lehenengo ekimena. Proiektu hartan euskal probintzietarako estatutu berezia antolatu zuten: Foru Aldundiak eta Batzar Nagusiak bere horretan uzten ziren, lehengo zereginak eta eskumenak gordeaz. Probintziek beren bizkar hartzen zuten zorra ordaintzeko erantzukizuna, eta baita Elizari eta Apaizei ordaintzekoa ere. Aduanak kostaldean uztea onartzen zuten, baina tabakoaren salerosketa aske uztea eskatzen zuten, eta saltzeko debekua zuten beste produktu batzuetatik kopuru jakin bat saltzeko eskubidea ematea. Ogasunari urtero 1.500.000 erreal ordaintzea onartzen zuten. Betiere euskaldunek ez zuten soldaduzka egin beharrik izango, baina Goardia Zibilaren ordez ordena publikoaz arduratuko zen Foru polizia mantentzea beren bizkar hartzen zuten probintziek.

Proiektu horren xedea foru sistema 1839ko urriaren 25eko legeari egokitzea zen.

1850ean Foruak konstituzioaren arabera moldatzeari ekiteko unea zela pentsatu zuten Gipuzkoako eta Arabako ordezkariek. Bizkaiko Batzar Nagusiak, ordea, proiektu horren aurka azaldu ziren: “dena ala ezer ez” zioten. Bizkaitarren proposamena hau zen: lehen buruan Foruak oso-osorik ezartzea berriro; hori egin eta gero, eta orduan bakarrik, onartuko zuten foruei buruz negoziatzen hastea.

Estrategia horren atzean karlistak zeuden. Proiektuaren aurka azaltzean, Madrilen ziren Bizkaiko ordezkariek dimisioa eman zuten, Bizkaiko Batzarraren jarrera maximalistaren aurka baitziren. Horrela apurtu zen hiru lurraldeen arteko kontsentsua. Araba eta Gipuzkoa ez ziren alde bateko negoziazioari ekitera ausartu, eta foruei buruzko zehaztasunik eza bere horretan geratu zen.

Hurrengo urteetan ideologiak eta politikak urratu zuten bidea dela eta, “euskal politika”-z hitz egin daiteke, hiru euskal probintzia horien batasunaz alegia.

1855ean hau idatzi zuen A. I. Altunak: “Euskaldunen xedeak nazioa tamalez banaturik dagoen alderdi politiko bakar batenarekin ere loturarik ez izatea nahiko luketenek ez dute ezarrita dagoen aginpidea –edozein delarik aginpide hori– zirikatzen”.

Hurrengo hamarraldian R. Ortiz de Záratek egin zuen “euskalduntasunaren” aldezpena, baina beste ideologia batez zipriztindurik. Dena den, euskal barrutietan hautatu ziren parlamentarioei erreparatuz gero, bada zer azpimarratua: 1839rako errotua zen aniztasun politiko-ideologikoa. Euskaldunek Espainiako Parlamentuan egin zuten lana euskal foruen inguruko eztabaidengatik uste daitekeena baino askoz handiagoa eta aberatsagoa izan zen. Euskaldunen esku hartzea handia eta eragingarria izan zen liberal progresistei dagokienez, eta geldoa eta mugatua liberal-foruzaleei dagokienez. Nolanahi ere, lan hori erabakigarria izan zen bide politiko-ideologiko berriak sustatzeko.

 

Demokraziazko sei urteak: gerra berriro

1868an, Borbondarren monarkia erori ondoko hauteskundeetan, hautagai katoliko-foruzaleak nagusitu ziren euskal probintzietako barruti gehienetan. Gorte Konstituziogileetarako hauteskundeetan (1869), lehenengo aldiz gizonezkoen sufragio unibertsala aplikatu zelarik, Euskal Herriko parlamentario guztiak bloke tradizionalista-karlistakoak ziren. 1871n Donostia, Tutera eta Baztan salbuespena izan ziren, hiru barruti horietan hautagai liberalak nagusitu baitzitzaizkien Don Karlosen aldekoei. Hurrengo hauteskundeetan –1872ko apirila– berriro irabazi zuten tradizionalistek, azkeneko aldiz garai hartan. Gorte Konstituziogileetan diputatu karlistak erlijio batasunaren gidari bihurtu ziren, eta Konstituzio demokratikoaren aurka egitea gurutzadatzat hartu zuten. Urte hartan bertan Arístides Artiñano-k, Bizkaiko karlisten buruzagiak, Jaungoicoa eta Foruak. La Causa Vascongada ante la Revolución Española liburuxka argitaratu zuen. Liburu horretan iraultza berriaren aurka egitea erlijio auzitzat hartzen zuen, eta foruak berriro indarrean jartzea aldezten zuen, 1839. urte aurreko egoera aplikatuz beti ere.

Pentsalari tradizionalistek foru eta erlijio arazoak batu zituzten. Foruak eta erlijioa gauza bat eta bera ziren, Espainia jatorraren, tradizionalaren muina biltzen zuen oskola osatzen zuten. Hura defenditzeagatik aberriaren batasuna bera hausteko prest zeuden, bakea eta ordena berreskuratu arte. Azkenik, “mendira jotzea” aldarrikatzen zutenen ideia nagusitu zen karlisten artean. Jainkoa, Erregea eta Foruak –teokraziaren araberako zentzuan– defenditzeko parlamentu estrategiaren ordez armak hartuta altxatzea hobetsi zuten.

Errepublikazaleak Eibarren bildu ziren, Pi i Margall ere tartean zela; Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroaren arteko federazio hitzarmena izenpetu zuten, eta Espainia osoa hartuko zuen federazio hitzarmenean parte hartzeko borondatea ere azaldu zuten. Errepublikazaleen presentzia hiriguneetara mugatu zen; haien ideologiak –beste tokietako errepublikazaleen antzekoa bazen ere– zenbait ezaugarri berezi zituen, eguneratu beharreko kode demokratikotzat hartzen baitzituzten Foruak.

Alderdi liberalak ere hirietan zituen jarraitzaile gehienak; zatiturik zegoen baina: alde batean sektorerik kontserbadoreenak zeuden, karlismora hurbildu zirenak; bestean, berriz, aurrerakoienak, Irurac-Bat aldizkariaren inguruan bildu, eta monarkia demokratiko berriaren alde azaldu zirenak.

1868ko iraultza hasi zenetik karlistek bi bide urratu zituzten oposizioko lanean: politiko-elektorala, batetik, alderdiaren sektore neo-katolikoak bultzatua; eta militarra, bestetik, militante zailduen gidaritzapean. Bigarrengo bide hau nagusitu zitzaion lehenengoari, eta parentesi labur baten ondoren –1872an Amorebietako Ituna izenpetzean amaitu zen udaberriko altxamendua–, gerra hasi zen abenduan, hurrengo urtean eta 1874ko lehen erdian oso gogorra izan zena.

Karlistek, euskal lurralde gehiena kontrolpean zutelarik, estatu karlista moduko bat moldatu zuten euskal probintzietan; halaber, gudaroste bat sortu zuten, gatazka hasi zenetik bertatik borrokan ari ziren taldeetan oinarriturik. Ez zen ez arazorik gabe gauzatu hura dena: Aldundiak erregearen aginpide zentralizatuaren aurka azaldu ziren, eta gerrillari buruzagi batzuek ez zuten gogo onez onartu errege gudarostean sartu beharra.

1874ko maiatzetik hasita karlismoak behera eta behera egin zuen, eta 1876ko hasieran amaitu zen gerra.

 

1876ko uztailaren 21eko legea

Gerra amaiturik, berriro hasi zen foruei buruzko eztabaida. Espainiako iritzi publikoak Foruei egozten zien karlismoaren indarra, eta haien guduzalekeriari bi gerra eragin izana. Antonio Cánovas del Castillo buru zuen gobernuak Foruak aldatu nahi zituen behingoz, euskal probintziak Espainiako beste probintziekin berdintzeko, zergak Estatuari zuzenean ordainaraziz, gazteak gudarostean sartzera behartuz, eta Batzar Nagusiak eta erakunde politikoak ezabatuz. Euskal Herriko liberal foruzaleek Gobernuari beti leial iraun zutela esaten zuten; ez zutela karlismoaren kausaz halako traturik merezi. Alferrik izan ziren, ordea, protesta haiek: 1876ko uztailaren 21ean Gorteek foruak aldatzeko legea onartu zuten, Foruak ezabatzeko legetzat hartu izan zena.

Lege horren aurrean bi jarrera bereizi ziren: batzuek legea indarrean jartzea nahi zuten, foru sistema erabat desegin zedin eragozteko; besteek, berriz, erabat aurka egonik, legea indarrean jartzea galarazi nahi zuten. Cánovasek Batzar Nagusiak eta Aldundietako bilerak debekatu zituen. 1877an Batzar Nagusiek hautatu zuten Bizkaiko Aldundia kargurik gabe utzi zuen Cánovasek. Arabako eta Gipuzkoako Aldundiak, berriz, legearen aplikazioa negoziatzen saiatu ziren, baina ez zuten ezer lortu, eta urte horretan bertan desagertu ziren horiek ere.

Gobernuak erakunde horien ordez Probintziako Aldundiak antolatu zituen.

Foruzale ezagun batzuek –Pedro Egaña, Joan Tellitu Atuñano– neurri horren aurka egin zuten, arrakastarik gabe baina. Egañak Aldundi berri horiek eratzea onartu zutenak kritikatzen zituen; Tellituk zera eskatzen zuen: “Pirinioen eta Ebroren artean estatu burujabe bat, Suitza txiki moduko bat, eratzeko ezin ukatuzko eskubidea”.

Estatuaren administrazio aparatuaren ahulezia zela eta, legea indarrean jartzeko eta estatuko Ogasunak kobratu behar zituen zergak biltzeko, erabaki iragankor bat hartu zen 1878an, gerora ere luzatu zena. Horren arabera, Probintziako Aldundiek zergak biltzen jarraituko zuten, eta estatuari kopuru bat ordaintzea hitz eman zuten. Horrela, bada, lehenengo kontzertu ekonomikoa izenpetu zuten, izatez Foru Aldundiek zuten indar politiko-administratiboaren emaitza izan zena. Nafarroan, berriz, indarrean jarraitu zuen 1841eko legeak.

 

XIX. mendearen kronologia

1778 Estatu Batuen independentzia.

1789 II-11 Frantses estatua departamendutan zatitu zuten.

Ipar Euskal Herria Basses Pyrenées departamenduaren barne geratu zen.

1790 II-8 Basses Pyrenées departamendua barrutitan zatitu zuten, euskal lurralde tradizionalen mugen arabera.

1793 X-30 Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Ordezkariak Conferencia deiturikoetan bildu ziren Bilbon, beren arteko harremanei instituzio maila ematearren.

1794 VIII-4 Frantziako Konbentzioaren Gudarosteko gudari taldeak Donostian sartu ziren.

Gipuzkoako Batzar Nagusiek, Getarian bilduta, Gipuzkoaren independentzia aldarrikatu zuten.

1801 XII-31 Abandoko ertz bietan salerosketan aritzeko baimena eman zuen Errege Dekretu batek, Zamacolak nahi zuen bezala.

1804 Zamacolak Errege Gudarostea bertako gizonez hornitzearen alde egin zuen Batzorde Nagusietan; proposamena onartua izan zen.

V-18 Napoleonek Enperadore izendatu zuen bere burua.

1805 Novísima recopilación de las leyes de España argitaratu zuten. Bertan foru sistema onartu zen.

1806 Juan Antonio Llorenteren Noticias históricas de las tres provincias vascongadas y del origen de los fueros.

1808 III-17/18 Aranjuez-eko matxinada eta Karlos IV.aren abdikazioa.

1808 VII-7 Baionako Konstituzioa.

1810 II-8 Frantses Inperioaren babespean, J. Dufour jeneralak Nafarroako Gobernua eratu zuen.II-20Frantses Inperioaren babespean, Thouvenot jeneralak Bizkaiko Gobernua eratu zuen (Araba eta Gipuzkoa barne).1812 III-19 Cadiz-eko Konstituzioa.1814 IV-11 Napoleonen abdikazioa.V-4 Fernando VII.aren dekretu batek Cadiz-eko GorteenVII-29Foruak berriro ezarri ziren, Errege Dekretu baten bidez.1820 III-7 Fernando VII.ak 1812ko Konstituzioa onartu zuen.

Foru Aldundiak desagertu eta Probintziako Aldundiak sortu ziren.

III-24/26 Bizkaiko Batzorde Nagusiak bildu ziren Konstituzioa aztertzeko, baina ez zuten onartu.

1823 X-I Fernando VII.ak Konstituzioa eta Hiru Urteetako lege guztiak baliogabetu zituen; Foruak berriro indarrean.

1833 IX-29 Fernando VII.a hil zen eta Isabel II.aren erreinaldia hasi zen.

X-3 Don Karlosen aldeko altxamendua Bilbon; karlistaldiaren hasiera.XI-30Dekretu baten bidez oraingo probintzien araberako zatiketa egin zen.1834 IV-10 Errege Estatutua.1835 VI-10 Bilboko lehen setioaren hasiera.X-26 Bilboko bigarren setioaren hasiera.1837 VI-18 Konstituzio progresista.VI-29Desamortizazioa, Elizaren jabegoko ondasunak saldu ziren.1839 VIII-29 Bergarako Ituna.X-25 Foruak berretsi zituen legea.1841 I-5 Foru pasea kendu zen.V-8 Espartero jenearalaren erregeordetza hasi zen.VIII-16 Nafarroako Ley Paccionada.X-5 Esparteroren aurkako altxamendua; foruak osoosorikX-29 Aduanak kostaldera aldatu ziren.1843 VIII-30 Espartero jeneralaren erregeordetzaren amaiera etaHamarraldi Moderatuaren hasiera.1844 VII-4 Batzar Nagusiak eta foruak ezarri ziren berriro, zenbait aldaketarekin.1845 V-25 Konstituzio moderatua.1848 Matiners deitu karlisten altxamendua Katalunian.

Gipuzkoako saioak huts egin zuen.I K. Marx eta F. Engels-en Manifestu Komunista argitaratuII-25 Frantziako II. Errepublika.1852 XII-2 Napoleon III.a Enperadore izendatu zuten.1854 VI/VII Gobernuaren aurkako altxamenduak eta Biurteko Progresistaren hasiera.1856 IX-15 1845eko Konstituzioa ezarri zen berriro, Akta Gehigarri batekin.X-4 1845eko Konstituzioaren Akta Gehigarria kendu zuten.1860 IV-2 Karlistak San Carlos de la Rapitan lehorreratu ziren.1862 IV-23 Gasteizko Eliz Barrutia eratu zen, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa probintziak barne hartzen zituela.1864 IX-23 Langileen Nazioarteko Elkartea sortu zen.XII-8 Pio IX.aren Syllabus errorum.1867 III-10/13Gorteetarako hauteskundeak.1868 IX-17 Itsas Armada altxatu zen Cadizen. Iraultzaren hasiera.IX-30Isabel II.ak Espainiatik aldegin zuen, Lekeitioko uda tokian zela.X-10 Yarako oihua. Kubako Independentzia lehen gerra.1869 VI-1 Konstituzio demokratikoa.VII Karlisten altxamendu saioa Nafarroan.XII-8 Vatikanoko I. Kontzilioaren hasiera.1870 IV Karlisten buruzagiak erregegaiarekin bildu ziren Vevey-n (Suitza).VIII Karlisten porrota Escodada deituan.IX-4 Frantziako III. Errepublika.XI-16 Saboyako Amadeo Espainiako errege hautaturik.XII-27 Prim jenerala hil zuten.1871 III-28 Parisko Komuna aldarrikatu zuten.1872 IV-21 Erregegai karlistak matxinadarako deia egin zuen.V-24 Amorebietako Ituna, foruak bere horretan utzi ziren, eta matxinatuei indultua eman zitzaien.XII Karlistak berriro altxatu, eta gerra hasi zen.1873 II-11 Amadeo I.aren abdikazioa. Errepublika.XII-28 Bilboko setioaren hasiera.1874 IV Karlisten hondamendia Somorrostron.V-2 Bilboko setioaren amaiera.XII-29 Martínez Campos jenerala Sagunton matxinatu.

Alfonso XII.a Espainiako errege.1876 II-27 Karlisten erregegaiak Frantziara aldegin.VI-30 VII-21Konstituzio kontserbadorea.

Gorteek foruak ezabatzeko legea onartu.