Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Atlas Historikoa»Atlas Historikoa

Merkataritzaren zibilizazioa

Merkatu eguna Euskal Herriko herri batean, Errejimen Zaharraren garaian.<br><br>

 

EGILEA:

Aingeru Zabala Historian doktore, Deustuko Unibertsitateko irakasle eta Bizkaiko Foru Diputazioko artxibozain.

 

Mugak

Erdi Aroaz gero salgaien garraiorako igarobide izatea du ezaugarri Euskal Herriak.

Ez da nabarmentzen ez inportazioen kontsumoan eta ezta –siderurgia izan arren– esportazioenean ere.

Europako iparraldeko produktuak –baita, geroago, Ameriketakoak ere– Aturri eta Nerbioi ibaien arteko kostaldean dauden portuetaraino iristen ziren eta haietatik, herrialdean zehar, Frantziara edo Gaztelara sartzen ziren, Pirinioak oztoporik gabe gaindituz.

Geroago, beste gai batzuk, artilea esaterako, lurralde barneko igarobideetatik sartu ziren Euskal Herrira, kostalderaino iritsi eta Europako merkataritza guneetara zabaldu ahal izateko.

Itsasaldean Baiona, Donibane Lohizune, Pasaia, Donostia, Deba eta Bilbokoak izan ziren porturik aipatuenak, baina badira Miarritze, Orio, Getaria, Zumaia, Mutriku, Lekeitio, Bermeo edo Plentziako portuei buruzko aipamenak ere. Batzuek istiluak izan zituzten elkarren artean, Portugaletek eta Bilbok adibidez, hark Nerbioi ibaian zehar egiten zen merkataritzaren parte bat eskuratu nahi izan zuelako.Lurralde barnean, bestalde, desberdina zen mugetako egoera, iparraldea edo hegoaldea izan. Aragoi aldera sei herrik osatzen zuten merkataritzako muga lerroa: Anso (“Berari”), Tiermas, Sos, Sadaba, Egea eta Tueste-k, bigarren mailako beste zortzi herriekin batera. Hegoaldera, berriz, Ebro ibaiarekin muga egiten, Miranda de Ebro, Haro, San Vicente de la Sonsierra, Logroño, Arrubal, Alcanadre, Calahorra, Soto, Alfaro eta bereziki Ageda ziren administrazioko muga lerroa osatzen zuten herri nagusiak, beste hogeiren bat herriren laguntzarekin; herri horien guztien artean aduana hesi eraginkorra ezarri ahal izan zen.

Medebal aldera, Arabaren hegoaldean, hainbat kontrolgune zegoen. Leku horiek, berez, ez ziren aduanak, baina Urduña, Balmaseda edo Castro Urdiales herrietako aduanekin batera halako muga lerro bat osatzen zuten.

Baina itsas portuez eta lurralde barneko igarobideez osaturiko hesi horrek hutsuneak zituen Iparraldearen mugan. Izan ere, han, iparralde-iparraldean –garai hartako agirietan Aturri ibaia zen Euskal Herriaren iparraldeko muga– aduanak soilik Baiona, Ahurti, Gixune eta Donapaleun zeuden, eta horiek ekialdea eta mendebala arteko joan-etorriak eta sartu-irtenak zaintzen zituzten, ez iparraldearen eta hegoaldearen artekoak.

Egituraketa hori, nolanahi dela ere, goitik behera aldatu zen XIX. mendean, Frantziak eta Espainiak lurralde barneko aduanak edo mugak bertatik kendu eta itsasaldean edo Pirinio aldean ezarri baitzituzten. Aldaketa horrekin bertan behera utzi zen Euskal Herrirako merkataritza sistema bereizi edo bateratu bat bideratzeko aukera, merkataritza nazional –frantses edo espainiarra– bakarraren mesedetan.

Aduanen lekualdakaeta Iraultzarekin batera hasi zen Frantzian. Espainian berriz geroago, 1820-1841 bitartean, gauzatu zen. Horrenbestez, Pirinioetako muga zehaztu eta aduanak itsasaldeko hiri nagusietara aldatu ziren, Bilbo, Donostia eta Baionara alegia.

Merkataritzako eredu horrek –zuzenketa batzuk gorabehera, antolakuntzari dagozkionak gehienbat– XX. mende bukaera arte iraun du, hots, Europako estatuentzat merkataritza harremanetarako mugak desagertu eta merkatu batua eratu arte.

 

Itsasportuak

Euskal Herriko merkataritzaren erabidean garrantzi handiko tokia izan dute itsas portuek. Izan ere, garraioa errepidez egitea zaila izanik, itsasora zuzendu baitzen salerosketarik gehiena.

Hasieran, eta merkataritzari dagokionez, Euskal Herriko portuek oso sare zabala osatzen zuten: Pobeña, Portugalete, Bilbo, Plentzia, Bermeo, Mundaka, Lekeitio, Ondarroa, Mutriku, Deba, Zumaia, Getaria, Orio, Donostia, Pasaia, Hondarribia, Donibane Lohizune, Zokoa eta Baiona.

Hala ere portuetako jarduera horiek leku jakinetara bilduz joan ziren eta tokian tokian ezaugarri bereziak hartuz, eta horixe izan da gaur egun arterainoko joera.

Bizkaian, adibidez, Bilbo laster gailendu zitzaien gainerako itsas herriei. Bien bitartean Portugaletek, Plentziak eta Mundakak gaboteriara –kostatik gertu egiten den itsasketara, alegia– jo zuten, eta Santurtziko eta Algortako portuek atoe ontzien bidezko garraiora. Gainerakoak arrantzara bideratu ziren ezinbestean.

Gipuzkoaren historiako porturik behinena hautatzea ez da batere samurra, Pasaiako ezkerraldea Donostiaren eskumendean zela eta, izan ziren tirabirengatik batez ere. Baina ez horregatik bakarrik; izan ere, XVII. mendean zehar, Deba sartu-irten handi samarreko portua baitzen artean.

Guztiaz ere, badirudi XVIII. menderako Gipuzkoako portu nagusia Pasaia izatearen aldeko erabaki sendoa hartu zela. Portua Erregeren eskumende jarri zenez gero behin-betikotzat har daiteke erabaki hura.

Lapurdiko kostaldean Baionakoari aitortu zitzaion betidanik bertako berezko portu nagusi izatearen ohorea, inolako aitzakiarik gabe aitortu ere, zeregin jakin batzuetan izan ezik: gaboterian, kortsoan eta bakailaoaren arrantzan, izan ere, jarduera horietan Donibane Lohizuneko marinelak gogor lehiatu baitzitzaizkien.

Hala, bada, Historiak berak bereizi edo hautatu ditu portuak: kokalekuagatik segurtasun handiko tokiak zirenak, inguruneagatik aurrera egiteko baldintza egokiak zituztenak, eta kaiko ur sakonera handitzeko aukera eskaintzen zuten aurrerapen teknikoetara molda zitezkeenak; izan ere, 1870. urtetik aurrera, izugarri handitu baitzen mundu osoan itsasontzien edukiera.

 

Lurralde barneko bideak

Salgaiak, herrialdean sartzeko zein ateratzeko, ibilbide jakin batzuetatik igarotzen ziren, lurralde batetik besterako igarolekua zaintzen zuten errejistroen arabera antolaturiko bideetatik.

Iparraldean, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa artean, bederatzi igaroleku zeuden lehen bi lurraldeen artean eta sei azken bien artean.

Pirinioez gaindi ibiltzeko 18 kontrolgune zegoen gutxienez, mendialdearen alde batean zein bestean banaturik.

Zabalagoa zen Nafarroa Gipuzkoarekin eta Arabarekin komunikatzeko igarolekuak banatzen ziren eremua. Gainera, askotan, bi tokitan izaten ziren kontrolguneak, eta hortaz, Nafarroan –baita beste lurralderen batean ere–, errejistro kopurua bikoitza zen. Guztira hamazazpiren bat pasabide zegoen.

Bizkaia, Araba eta Gipuzkoa artean, berriz, ez zen halako mugarik salgaien sarrera-irteerarako. Hala, salgaiak, kostatik lurralde barnera sartzeko, Altube, Barazar, Urkiola eta Frantziako bide zaharretik barrena, hots Etxegaratetik, igarotzen ziren, inolako kontrolik gabe. Antzeko egoera zuten Bizkaiak eta Gipuzkoak ere, beren arteko merkataritza harremanetan, batez ere Ermua/Eibar, Elorrio eta Markinatik zehar bideratzen zirenak.

Ez da ahaztu behar, bestalde, Lapurdi, Gipuzkoa eta Bizkaia arteko salerosketak ez zirela, noski, lehorretik egiten, itsasotik baizik.

Aduana sistema desegitearekin kontrolgune horiek guztiak desagertu egin ziren. Aurrerantzean gaboteriako itsasbideak eta Pirinioetako muga igarotzeko bideak baino ez ziren araupetu. Mugako bide horiek saihestuz, bestalde, kontrabandoko joan-etorri asko egiten zen orduan.

Gainera, garraiabide berrien eraginez –errepideak eta burdinbideak– salgaien barne banaketarako ibilbide sarea beste era batera antolatu zen.

 

Erakundeak

Merkataritzak Euskal Herriko ekonomian zuen indarrak eraginda laster hasi ziren erakundeak eta horiek arautzeko legediak antolatzen.

Hasieran Hegoaldeko portuak Kantabriakoekin ere elkartu ziren. Hala, 1296.. rte inguruan, Hermandad de las Marismas deituriko erakundea sortu zuten.

Baina, batetik, erakunde barneko harremanak gaiztotu izanak, bestetik, elkartea osatzen zuten portuak zein bere ezaugarriekin sendotzeak, eta, azkenik, sorreran elkartekoak ez izanik ere, itsaso merkataritzan gero eta indar handiagoa hartzen ari ziren beste portu batzuen aurrerabideak, Lekeitio eta Debakoarenak esate baterako, Hermandadearen egitekoa, garrantzi handikoa bide batez esanda, galarazi zuten.Hermandadearen krisiaren ondotik Euskal Herriko portuak hitzarmenen bidez elkartu ziren hainbat denboraz, portu bi edo bi baino gehiago elkartuz. Hitzarmen horietan, gehienetan behintzat, Baionak ere parte hartu zuen, eta baita, inoiz edo behin, Lapurdiko beste porturen batek ere.

Baina politikaren bilakaerak berak era horretara antolaturiko erakunde independenteen aurrerabidea eragotzi zuen, eta hala, Aro Berri edo Modernoaren hasieran, izaera zabalagoko erakundeak sortu ziren, elkartzeko ordura arte izandako askatasun hura nolabaiteko kontrolpera ekartzen ahalegindu zirenak. Kasurik aipagarriena Burgosko Kontsuletxea da, 1494. urtean sortua.

Garai eta egoera hartan, beraz, euskaldunek merkataritzarako egitura sendoak sortu zituzten beste herrialde batzuekiko. Hala sortu zen, esate baterako, Bruggeko kontsuletxea eta baita, Bilbo eta Nantes-en artean, elkarrekiko merkataritza harremanei lehentasuna emateko ituna ere.

Baina burgosek ezin izan zuen Euskal Herriko merkataritzaren aurrerabide bizkorra mendean hartu, eta hala, 1511n, Bilboko salerosleek beren kontsuletxea eraikitzeko baimena lortu zuten.

Debak ere berea edukitzeko ahaleginak egin zituen, eta ekinaren ekinez, Donostian izatea lortu zuen, 1682an. Baionak, berriz, askoz geroago erdietsi zuen pribilejio hori, 1726. urtean, hots, Merkataritza Ganbara sortu zenean.

Espainian XIX. mendean izan ziren aldaketen ondorioz kontsuletxeak desagertu (1829) eta, haien ordez, Merkataritza Juntak eratu ziren. Junta horietatik, berriz, Merkataritza Ganbarak sortu ziren: 1886ko maiatzaren 28an Bilbokoa, handik hilabete gutxira Gipuzkoakoa, eta hurrengo urtean Nafarroakoa. Araban, bestalde, 1874an eratua zuten Unión Comercial e Industrial (Merkataritza eta Industria Batasuna) deitua, eta 1904. urtea arte ez zuten Merkataritza Ganbararik izan.

 

Burdina

Arestian aipatu den bitartekari lana betetzeaz gainera Euskal Herriko merkataritzak, Bizkaikoak gehienbat, esportaziorako garrantzi handiko alor bat ere bazuen: siderurgia edo burdingintza.Erdi Aroaz gero Euskal Herriko siderurgiak garrantzi handiko tokia bete zuen nazioarteko merkataritzan, hala Gaztelako zein Frantziako barnealdean nola itsasportuetako merkatu handietan, Atlantiko itsasaldekoetan batez ere. Egoera horrek hobera egin zuen, noski, Amerikaren aurkikuntzaz gero, kolonietako merkatu itzela sortzea ekarri baitzuen.

Haatik, aldeko egoera hura ez zen betiko izango. Hala, Suediako burdina eta, geroago, Errusiakoa merkatuan agertzeak eutsi ezin izango zion lehia batean sarrarazi zuen Bizkaiko eta Gipuzkoako burdingintza.

Lehia latz horri produkzio gastuak nekazaritzaren presiopean gero eta handiagoak zirela eransten bazaio ulertuko da zergatik, XVIII. mende inguruan, Euskal Herriko burdingintza krisi gogorrean sartu zen.

Aurrerantzean bakar-bakarrik Gaztelako merkatuak, Frantziakoak pixka bat –Baionako salerosleen mende–, Ameriketako merkatu monopoliozaleak eta, bide batez esanda, oso erosle zorrotza ez zen Portugalek –honek kolonietarako ere erosten zuen– jarraitu zuten Euskal Herriko burdina, beste herrialdeetakoarekin lehiatzeko ahalmena galduz zihoana, erosten.

Baina Ameriketako kolonien independentzia eta Gaztelako barne merkatua oso-osorik bereganatzeko ezintasuna zirela medio Euskal Herriko burdina manufakturatuaren kanpoko merkataritzak kiebra jo zuen.

Hainbat urte geroago, eta produkzio sistemetan izandako aldaketen ondorioz, berriro zabaldu zen burdinarentzat –burdin mearentzat orain– nazioarteko merkatua. Hala, bada, XIX eta XX. mendeetan, mea kopuru handiak bidali ziren iparraldeko merkatuetara.

Baina, berriz ere, arrazoi teknologikoak medio, XX. mendearen bigarren erdian meak nazioartean lehiatzeko ahalmena galdu zuen, eta hala, galera horrekin, Euskal Herriko itsasoko merkataritzaren osagarri nagusietako bat izateari utzi zion.

 

Artilea

Euskal Herria zeharkatuz hegoaldetik iparraldera igarotzen zen merkataritza mota nagusia artilearen salerosketa zen. Artileak oso merkatu zabala zuen eta, beste batzuen artean, Euskal Herria zen hartara iristeko igarobide nagusietako bat.

Artilearen salerosketarako bide nagusia Burgostik eta Gasteiztik barrena sartzen zen Euskal Herrira. Baziren beste bide batzuk ere, bigarren mailakoak, Logroñotik eta Agredatik sartzen zirenak. Arabako bidea bi adar nagusitan banatzen zen: batak kostaldera jotzen zuen, eta besteak Hendaiara, bidez bide Bidasoan barrena igaroz. Kostaldera zihoan horrek Bilbon zuen portu nagusia, eta Deban (XVII. mendea arte) eta Donostian bigarren mailakoak. Logroñoko artilea, berriz, Nafarroan barrena sartu eta, Pirinio mendietatik, Iparraldeko herrietaraino iristen zen.

Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoatik aurrera artileak hiru bide nagusi zituen: gehien-gehiena Baionara biltzen zen, kopuru bat inguruko ehungintzan kontsumitzeko erabiltzen zen, eta gainerakoa Frantzian barrena eramaten zen.

Itsas portuetatik, Bilbo, Deba, Donostia eta Baionatik, artilea Europako Atlantiko aldeko merkatuetara banatzen zen.

Frantzian artilea salerosteko plaza nagusia Rouen zen. Nantesek eta Bretainiak ere asko kontsumintzen zuten. Bestalde, Ingalaterran Londresa eta Herbehereetan Amsterdamera bildu ohi zen artilearen kanpoko merkataritza gehiena.

Baina 1820tik aurrera gainbehera egin zuen artilearen salerosketak, Europak, kalitatezko artilea ekoizteko modua aurkiturik, ez baitzuen Gaztelako ardienaren bila ibili beharrik gehiago. Horrela galdu zen, bada, Euskal Herria hegoaldetik iparraldera zeharkatzen zuen merkataritzaren oinarri nagusia.

 

Bakailaoa

Bakailaoak eskaintzen zuen irabazpideak, euskal marinelen irabazpiderik garrantzitsuenetakoa zenak, bi modutara lortzen ziren: arrantza eta salerosketa.

Erdi Aroaren azken aldian bakailao harrapatzen batez ere Irlandako arrantzalekuetan aritzen baziren, Aro Berria edo Modernoarekin batera Ternuakoak hasi ziren ustiatzen. Hasierako urteetan, XVI. mendearen bukaera arte, batez ere gipuzkoarrak eta lapurtarrak ziren Ameriketako arrantzalekuetara joaten zirenak, bizkaitarrak –gutxiago izanagatik– ahaztu gabe, noski.

Mende bukaerako gorabeherek itsasketan sortutako krisia zela eta, gipuzkoarrak –hauek batez ere– elkartu egin ziren Baiona, Donibane Lohizune, Zokoa eta beste herri batuzetako marinelekin, elkar harturik Ternuara joateko.

Baina, berriz ere, mende bete geroago, Utrecht-eko Hitzarmenaren ondorioz, ingelesek eragozpenak jarri zizkieten bizkaitarrei eta gipuzkoarrei (1715), eta baita lapurtarrei ere (1760), hango itsasoetan arrantzatzeko. Hala galdu zituzten, bada, euskal marinelek Ternuako arrantzalekuak.

Harrapatutako bakailaoa Bilbo, Donostia eta Pasaiara eramaten zen. Euskal Herrian arrain kopuru txiki bat kontsumitzen zen, eta gainerakoa Gaztelara eramaten zen, Gasteiztik eta Burgostik barrena. Han Soria, Segovia eta Palencia artean banatzen zen, eta Madrilaino ere iristen zen. Beste arrain kopuru bat Baionara eramaten zen, eta, zertxobait behintzat, Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan kontsumitzen zen, baita Frantziako hegoaldean ere, baina arrain kopuru handiak, sail txikietan banatuak beti ere, Bilboko eta Donostiako merkatu lehiatsuak hornitzeko izaten ziren.

Bakailao harrapaketari mugak jarri zitzaizkiolarik, merkataritza hutsera jotzea beste aukerarik ez zitzaien gelditu euskal marinelei. Ternuarekin hasi ziren arrain salerosketan, Estatu Batuekin gero, eta, aldian aldian, baita orduan Danimarkaren mendean zeuden norvegiar marinelekin ere. Bestalde, salerosleek porturatzen zituzten bakailaoak banatzeko lehenago arrantzan harrapaturikoak banatzeko ohi zen ibilbidea erabili zen.

Gizartearen nolabaiteko laikotasunak eta XIX. mendean –are gehiago XX.ean– ohiturak malguago bilakatu izanak bakailaoaren gaineko presioa gutxitu dute, Bazko-denborako arauak lasatu eta arrainaren kontsumoa norberaren esku utzi baitira.

XIX. mendean zehar bakailao salerosketak Europa aldera jo zuen gero eta gehiago. XX. mendearen hasierarako, adibidez, Norvegiakoa zen Euskal Herrian saltzen zen gehiena.

Baina guztiarekin ere, euskaldunek ez dute bertan behera utzi sektore hori.

Izan ere, XX. mendearen erdialdeaz gero, eta gipuzkoarren ekimenez berriro ere, babesgunetzat Pasaia harturik, eta PYSBE-ren bidez, bakailaoaren arrantza egin da eta egiten segitzen da gaur egun ere.

 

Ehunak

Bakailaoa eta kolonietako elikagaiekin batera (azukrea, kakaotzea, e.a.) ehunak izan ziren Euskal Herriko merkataritzaren sektore nagusia, ez bakarrik merkatuen artean bitartekari papera betetzen zutelako, baita bertan kontsumitzen zelako ere.

Ehunen salerosketak aurrerapen teknikoen araberako bilakaera izan zuen, eta, noski, Industria Iraultzak ekarri zituen aldaketek sekulako eragina izan zuten sektorearen aurrerabidean. Erdi Arotik XIX. mendearen bigarren erdiraino, salerosketa horretan ziharduen Europako ia edozein merkatutik iristen ziren Baiona, Donostia eta Bilbora ehunak.

Denbora luzean, ordea, Bretainiako oihalak –Saint-Malo, Morlaix edo Landerneau-n ontziratuak– batetik, Frantziako barnealdean egin eta Rouen-Le Havrera eramaten ziren ehunak bestetik, eta lehorrez Nantesera edo Baionara iristen zirenak ere Euskal Herrira sartzen ziren, handik Gaztelara eta, Cadizetik barrena, Ameriketara bidaltzeko.

Urte askotan iparralderago ere erosi ziren ehunak, Anberesen eta Bruggen, baina portu horiek behera etorririk, Amsterdamen erosi ziren aurrerantzean, eta baita, XVIII. mendeaz gero, Rotterdam eta Hanburgon ere. Salgai haiek, ehunak eta oihalak, Europako barnealdetik iristen ziren hiri horietako biltegi handietara, Atlantiko aldeko portu guztietara banatzeko.

Baina, guztiarekin ere, Ingalaterra zen ehunezko gaiak erosteko euskaldunen plaza nagusia. Han, Londresko makro-portuan, eta bi herrien arteko harremanak onak baziren behintzat, ehunak erruz erosi zituzten euskaldunek. XVIII. mendearen bukaera aldean, bestalde, Esex-en ere erosi zituzten.

XIX. mendearen lehen erdian, berriz, merkataritzaren gainbehera zela eta, ehungintzaren sektoreak atzera egin zuen nabarmen, eta mendearen erdialdetik aurrera, urrea eta gisako balio handiko produktuen, burdinbidetarako materialen eta erreminten inportazioak gora egin zuenez sektoreak lehenago izandako itzala galdu zuen betiko. Gainera, Gaztelako merkatuek, eta baita Euskal Herrikoak ere, aurkitu zuten, estatuan bertan, autokontsumorako gaiez nola eta non hornitu.

 

Kolonien mundua

Euskal Herriak ez zuen harreman zuzenik izan Hego Amerikarekin, iparralderako joera izan zuelako batetik, eta harreman horietarako tarteko ibilbide eraginkorrak erabili zituelako bestetik. Esan daiteke, beraz, Amerikarekiko komunikazioari dagokionez, Europako portuen artean onenetarikoak zirela Euskal Herrikoak.

Baionak, bai zuzenean bai Bordelen bitartez –honela batez ere–, Ipar Amerika osoarekiko eta Antilletako koloniekiko loturak zituen, eta, beraz, azukrearen salerosketarako garrantzi handiko merkatua zen. Pasaiak eta Donostiak ere, denboraren poderioz, salerosketarako eremu zabala lortu zuten Ameriketan: lehenik eta behin bakailao arrantzalekuen bidez, beren kabuz zein baionesen bitartekaritzaz joanez ustiatu zituztenak; gero, Sevillaren bitartekaritzaz, Hispaniaren mendeko Amerikaren bidez; eta azkenik, 1783. urtean sortu zen Gipuzkoar Konpainiari esker, Venezuelaren bidez.

Bilbok Amerikarekiko izan zituen harremanak konplexuagoak ziren. Bakailaoari dagokionez, lehenbizi arrantzan aritu ziren, eta geroago, are maiztasun handiagoz gainera, sortu berriak ziren Estatu Batuetan arrain kopuru handiak erosten. Baina horrez gainera Bilbok harreman iraunkorrak izan zituen Ameriketako koloniekin, Lisboa eta Sevilla bitartez lehenbizi, eta Huelva-Cadiz binomioaren bidez gero. Harremanak handiagoak izan ziren 1767an Coruñako itsas posta zerbitzuak sortu zirenetik; izan ere, portu horretatik abiatuta Buenos Airesko larruak erostera joaten ziren Bilbotarrak. Geroago, 1778an, Santanderri koloniekiko merkataritza harreman libreak izateko eskubidea eman zitzaion eta, handik hara, Bilbotarrak Kantabriako portu horretatik abiatu izan ziren.

Beraz, batzuk zein besteak, Sevillatik eta Cadizetik, Espainiaren kolonia guztietara iristen ziren, Lisboatik barrena Portugalenetara, eta Bordeletik Frantziarenetara.

Geroxeago, gainera, Bizkaitik zuzenean, Ipar Ameriketara joko zuten.Euskaldunentzat, beraz, arrain gaziaz, azukreaz, kakaotzeaz eta, inoiz, tabakoaz eta laboreez hornitzeko joan behar zuten lurraldea zen Amerika. Euskal Herria, bestalde, burdingintzako soberakinen salerosketarako merkatua eta iparraldetik Kantauri aldera iristen ziren ehungaien jomuga zen.

 

Gaboteria

Gaboteriako itsasbideak joan-etorri handikoak izan ziren. Euskal Herritik itsasontziak eta marinelak bidali ziren beste herrialde batzuetara, Bretainiara batez ere, horien gaboteriari laguntzeko. Euskal Herriko portuek, denboraren poderioz, zeinek bere gaboteriako itsasbideak izan zituen, behar desberdinetara bideratuak.

Baionak itsaso bidezko komunikazioa zuen kostako herriekin, eremu zabalean gainera, baina batez ere Senaren bokaletik Bilboraino. Nolanahi dela ere, eremu zabal horretan gehienbat Bordele, Donostia eta Bilboko portuekin aritzen zen. Hala, Baiona eta Bilbo artean joan-etorriak eginez, posta itsasontzi bat ere izan zen. Itsasontzien joan-etorria, Baiona-Bilbo artean beti handia izan zena, asko handitu zen Baionaren eta beste bi portuen artean ere XVIII. mendean, kolonietako negozioak eta Baiona portu franko izendatzeak baionesen kontratazioa zuzpertu baitzuten. Aurrerago ordea, XIX. mendean zehar, gaboteriak gainbehera latza pairatu zuen.

Donostian eta Pasaian, berriz, kostatik gertuko trafikoa urriagoa zen, eta baita laburragoa ere itsasontziek egiten zuten bidea, Aturri eta Nerbioi ibaien arteko zatira mugatzen baitzen. Jarduera hori, bestalde, guztiz arautua zegoen: Pasaian ainguratutako ontzidiak eta itsasontziak hornitzea, Ameriketako bakailaoa eta Konpainiak ekarritako kakaotzea banatzea, burdin oletarako mea ibaietan gora eramatea, eta bertako merkatua hornitzea. Lan horretarako itsasontziak ez ziren tamainan eta kopuruan oso handiak.

Askoz egoera konplexuagoa zuen Bilbok, eremu handiko –gutxienez-gutxienez Galizia eta Baiona arteko kostaldea hartzen baitzuen– gaboteriaren erdigune zena. Eremu horretan merkataritzak aldaketa handiak izan zituen, batez ere XVIII.. endean, eta aldaketa horiek, noski, eragin handia izan zuten Bilboko gaboterian.

Europatik ekarritako salgaiak garraiatzen zituzten ontzi txikiak abiatzen ziren egunero Bilbotik, burdinaz zamatuak askotan, eta Kantauriko kostaldean banatzen zituzten. Beste ontzi txiki pila bat, halaber, Abraraino iristen zen, kosta hartako portuetatik abiatuta. Baionakoak, hasieran, ehungaiez eta bakailaoez zamatuak iristen ziren, eta gero, oihalez eta zenbait manufakturez bakarrik, baina bai hasieran bai gero ere, azukrea zekarten beti. Donostiatik kakaotzez eta kolonietako beste gairen batez zamaturiko patatxak iristen ziren. Galizia, Asturias eta Santandertik, hasieran behintzat, gaztainak, limoiak, intxaurrak, hurrak, tipulak, errotarriak eta balio gutxiko beste gai batzuk iristen ziren, Bilbotarrek Ingalaterra eta Holandara bidaltzen zituztenak.

Baina XVIII. mendean guztiz aldatu zen ordu arteko egoera hura. Galiziatik, hasieran, larruak erruz iritsi ziren, Bilbo inguruko larru lantegietarako, eta gero, salgai horren ordez, sardinen trafikoa hasi zen. 1778. urtetik aurrera, Ameriketatik Santanderra iristen ziren salgaien parte handi bat Bilbora garraiatzeko ardura hartu zuen ontzidi handi batek. Baina, nolanahi ere, mundu horri buruzko ikuspegi garbirik izateko ez dira ahaztu behar Hondarribian, Orion, Zumaian, Lekeition, Mundakan eta beste hainbat portutan matrikultaturiko ontzi txikiak, gizonen eta zuraren garraioan aritzen zirenak Santanderren Cavadako ontzioletara eta Galizian Ferrolekoetara etengabeko joan-etorrian.Gaboteria horretatik, ordea, ezer gutxi ezagutu zen XIX. mendean eta XX.. endearen hasieran. Noizean behin, Euskal Herriko burdingintzak Asturiasko ikatza behar zuenean bakarrik, ikatzarriz zamaturiko ontzi txikiak Gijon/Aviles- Bilbo itsasbidea egitera abiatu izan ziren. Baina gaur egun merkatu txiki hori ere desagertu egin da, hain bide laburretarako itsasozko trafikoa ez baita errentagarria.

 

Urterik adierazgarrienak Euskal Herriko merkataritzan

1296 Hermandad de las Marismas eratu zen.1492 Amerikaren aurkikundea.1494 Burgosko kontsuletxea eratu zen.1511 Bilboko kontsuletxea.1511 Compañía de los Señores del Salvoconducto, Nantes.1520/30 Euskal ontzidiak Ternuara abiatu ziren lehenbiziko aldiz.1587 Rekalde eta Okendoren ontzidien hondamendia.1682 Donostiako kontsuletxea eratu zen.1700 Bainonako Merkataritza Kontseilua eratzen da.1715 Utrecht-eko ituna.1717 Aduanak lurralde barnetik kostara aldatzeko saioa.Baiona portu kolonial izateko prestatu zen.Kontratazio etxea Sevillatik Cadiza aldatu zen.1726 Baionako Merkataritza Ganbara eratu zen.1728 Caracasko Gipuzkoar Errege Konpainia eratu zen.1733 Compañía del Salvoconducto delakoa desegin zen.1737 Bilboko kontsuletxearen Ordenantza Berriak.1760 Montreal Ingalaterraren mende geratu zen.1768 Bilbo Amerikarekiko Merkataritzatik kanpo geratu zen.1771 Urduñako bidea zabaltu zen.1784 Baiona, portu frankoa.1787 Frantziako Iraultza.1820/40 Aduanak lurralde barnetik kostara aldatu ziren.1860 Kontsuletxeak desagertu ziren.1886/87 Bilbo, Gipuzkoa eta Nafarroako Merkataritza Ganbarak eratu ziren.1904 Arabako Merkataritza Ganbara eratu zen.