Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Atlas Historikoa»Atlas Historikoa

Gizarte gatazkak XVI-XVIII. mende bitartean

Urkamendia heriotza altxamenduak zapaltzeko erabilitako bide bat zen, baina izan ziren beste batzuk ere, galera edo arraun zigorra, deserriratzea eta isunak adibidez. (“L’opera completa de Pisanello”).<br><br>

 

EGILEA:

Juan Madariaga Orbea Madrilgo Unibertsitate Konplutensean lizentziatua Filosofia eta Letretan eta Historian doktoretza Euskal Herriko Unibertsitatean. Bergarako UNEDeko Historia Moderno eta Garaikideko irakaslea da. Eta Euskal Herriaren gizarte eta pentsamoldeari buruzko zenbait ikerketa egin du.

 

Herri erresistentziaren arrazoiak

Gizartearen borroka kausalitatearen ikuspegitik bakarrik aztertuz gero, ez ginateke, inola ere, ondorio zuzenetara iritsiko. Izan ere, gizartearen baitan sortu ohi den tentsioak –zenbaitetan auzi, bestetan nahasmendu edo liskarren bidez lehertu ohi dena– unean uneko arrazoiak, pisuzko arrazoiak izaten ditu, batean batzuk nabarmenduko direlarik eta hurrengoan beste batzuk. Oro har, gizarte klase herritarrek, eta bereziki, nekazariek, “berrikuntzari” egiten diote aurre, zerga berri bati, mendekotasunaren berrezarpenari, “askatasunaren” mugatzeari eta, azken batean, betidanik ezagutu dutenaren aurka doan guztiari. Nekazariak jauntxoen, estatuaren edo hiri kulturaren eraginez aldaturiko lege eta bizi arau zaharra berriro ezartzera jotzen du, azken batean, aurreko kultura berreskuratzera.

Beraz, biziraupeneko matxinada hauen bidez prezioak egokitzen ahaleginduko dira (espekulazioak edo merkatuak neurriz goitik eraman dituenak) eta, inoiz ez, soldatak; eraldaketa prozesu etengabean dauden betiko neurriei eusteko ahaleginak dira, beraz. Garai hartan bizitako liskarren arrazoiak aipatzekotan, lehenik, XVI eta XVIII. mende artean izan zen jaurgoen berrindartze prozesua azaldu beharko litzateke. Gero, handikiek udal zein probintziako kargu politikoengan zuten indarra, morroi horien bidez ezartzen baitzuten herriaren ekonomia eta lege araubidea. Aipatzekoa da, era berean, Estatu modernoaren eraikuntza beheko klaseen bizkarrera bota zutela Espainiako eta Frantziako monarkiek, eta horretarako erabilitako bidea presio fiskalaren handitzea izan zela. Honi guztiari loturik legoke, baita ere, foru sistemen ahultze eta beste herrialdeetako ekarpenak, soldaduak esaterako, geurera ere zabaltzeko ahalegina. Beste faktore batzuk ere izan ziren, ordea, hala nola: merkatu sistema berriaren ezartzea, espekulazioa eragin eta hiriaren aldeko nagusitasuna indartu zuena herriaren kaltetan, eta harreman ekonomiko tradizionalen protagonismo galtzea. Aipagarria da, bide batez, kleroak jokatu zuen rol konplexua, zenbaitetan nobleen aurka, nekazarien alde eginez, beren hamarrenen defentsan edo jauntxoen presioa bide zela, eta besteetan, alderantziz, beren petxariak (zerga edo “petxa” ordaintzera beharturik zegoena) menderatu beharrean; zenbait erlijioso komunitate (jesuitak, esaterako) matxinoen aldeko eta Estatuaren etsai jo zen, beste zenbait, ordea, ezarritako ordenari lotu zitzaion, herritarren behar eta eskaeren aurrean entzungor azalduz.

Jauntxoen aurkako herri erresistentziak Erdi Aroan ezarri eta ordudanik indarrean zeuden usadio eta eskubideen kontrako erasoan du sustraia; herritarrak zalantzan jarri eta jauntxoek indarrez ezartzen zituzten bizi arau berri susmagarrietan, hain zuzen ere. Labur bada ere adierazi behar da, justizia zibila eta kriminala, zergak, jauntxoentzako lan egin beharra, erroten monopolioa, ehiza, arrantza eta artzaintza eskubideak eta bizitokia hautatzeko lehentasuna izan zirela auzi arrazoi nagusiak. Mota horretako ekarpen bat egitera beharturik zeuden komunitateak zama hori gainetik kentzeko ahaleginak egiten zituzten eta gehientsuetan bide baketsuetatik abiatzen ziren, eskubideak erosi, auzitara jo edo erregearen mendekotzako herritara (erregearenak eta ez beste inolako jauntxo edo ordezkoren pean zeuden lurraldeetara) aldatuz egoitza, baina erresistentzia pasiboa ere beste aukera bat izan zen, hau da, ohiko obligazioak ez betetzea. Zenbaitetan, ordea, herritarren amorrua neurriz gora igotzen zen eta liskarra zena matxinada eta are gerra zibilaren neurrira ere irits zitekeen. XVI eta XVIII. mende bitartean ugari izan ziren jauntxoen aurkako borrokak Euskal Herri osoan. Hona ondoren haietako zenbaiten aipamen laburra.

Arabako Mendoza eta Mendibilen justizia zibila eta militarra 1554. urtean berreskuratu zuen herriak beren jauntxoengandik, Infantadoko dukearen eta Mendozako Hurtadotarren aurkako auzi luze baten ondoren. Azkenerako erregearen eta bilauen armarria erakusten zituen pikota jaso ahal izan zuten jauntxoen belorit zaharrak zeuden lekuan. Larragako (Nafarroa) herritarrek, Leringo kondearen petxari eta jurisdikziopekoak, Felipe II.a erregea herritik pasatzekoa zela aitzaki, jauntxoaren pikota bota eta harriak desagertarazi zituzten; baina tentsio une larri askoren ondoren kondeak berriro jaso zuen bere pikota. 1538. urtean, oñatiar talde batek bere Errejimendua buru zuela, Oñatiko Kondeak justizia aplikatzen zuen urkabea bota eta berria eraiki zuen herriaren kontura. Errege Kontseiluak, horren aurrean deserriratze eta isunak jartzea erabaki zuen eta, batez ere, alkatea zigortu, kargu publikorik betetzeko gaieztapena eta lotsa publikoa pikotan izan zuelarik kastigu. Ondoren, urkabea bere tokira, Jaumendira, eraman zen, baina 1602. urtean kondeak berak herriko plazara, elizaren eta Avilako Apezpikuaren jauregiaren aurrera eraman zuen, “irain egin eta nahigabea sorrarazteko” zenbaitoñatiarrek zioenez. Baina, derrigorrez beharko zuen auziaren ondoren, urkabea, berriro, Jaumendira eraman zen. Beste kasu batzuetan, ordea, justizia makila hainbat auzi eta negoziaketa saio ondoren eskuratu ahal izaten zen: Aiztondo, Sayaz eta Areriako Alkatetza Nagusietako zenbait herrik, adibidez, Oñaz-Loiola, Idiakez eta Lazkano Etxeei erosi zieten beren eskubidea. Asteasu, Larraul eta Sorabillak, 1659. urtean, 1.400 dukat ordaindu zituzten justiziaren makila erosteko; Astigarragak, 1600. urtean, 2.000 dukat… Ehiza, arrantza eta errota eskubideak zirela eta ere, sona handiko auziak izan ziren. Arrazoi hori izan zen Senperen (Lapurdi) gertatutakoa gertatzeko; izan ere, bertakoek 1652. urtean beren errota jaso zuten, Ibarrongoa, Samperko handiki Caupenne-tarrek ezarritako irin monopolioa hausteko; nolanahi ere, auzia bi aldeon arteko konkordia baten bidez konpondu ahal izan zen.

Monarkiaren politika, bestalde, lau jarduera eremutan laburbil daiteke, nagusiki: administrazio neurri zentralizatzaileak hartu, zergak ezarri, behar militarrak ase eta kargu publikoak saldu. Azkeneko jarduera eremu honetan ez ziren zeuden karguak bakarrik besterenganatzen, berriak ere sortzen baitziren partikularrei saltzeko; hauek, bere aldetik, irabazi handiekin uzten zituzten eroslerik onenen eskutan, edota, beren kudeaketa lana kontrolatu nahi zuten herritarrei beraiei ematen zizkieten. Esaterako, 1696. urtean, “ondasun higigarrien auzitegi biltzaile saltzaile” bat sortu zen Lapurdin, baina gerora, nazioak berak eta desager zedin, 400 libera ordaindu behar izan zituen. 1692. urtean, berriz, Alkate kargua salgai jarri zen Frantziako monarkiaren barneko errege burguetan eta herri askok erosi egin behar izan zuen bere agintari makila. Era berean, erregetzaren mendeko lursailak, aberatsenen eskuetara ez zitezen joan, Herriek erosi ohi zituzten. Lapurtarrek, esaterako, 17.500 libera ordaindu zizkioten Erregeari 1641. urtean lursailen erreskate gisa. Gipuzkoan, XVII. mendean zehar, koroak diru kutxa ahiturik zuela, toki eta herrixka askoren bereizketa bultzatu zuen, baina hiri izaera “doantza” eskuzabalen truke jasotzen zen. Antzuola, 1629. urtean, Bergaratik bereizi zen 5.000 dukaten ordainetan. Alegiak bere jurisdikzioa lortu zuen Tolosaren kaltetan 1615. urtean, 4.300 dukaten truke. Legazpi Seguratik bereizi zen eta 4.700 dukat ordaindu zituen. Irunek 1766. urtean 6.000 dukat ordaindu zituen Hondarribitik bereizteko. Eta gauza bera gertatu zen beste herri askotan.

Nolanahi ere, erosketa horrek hobariak baino kalte ekonomiko handiagoak ekarri ohi zituen.

Merkatu nazionalak, ordura arte nekazari komunitateetan antolaturik zeuden famili ekonomien sistemak irentsi zituen, gorabeherak gehitu eta herri erresistentzia indartzea ekarri zuelarik. Merkatu ekonomiaren hedatzeak nekazari komunitateak bereganatutako bizitza ordenaren aldaketa sakona ekarri zuen; ordena gogorra eta sumisoa, bai, baina nolabaiteko oreka gordetzen zuena bere kideen artean. Garai hartan, herri ondasunak, mendi, baso… pribatizatzen hasi ziren edota, hobeto esan, gutxi batzuen eskuetara aldatzen; eta, hala, zorrik zuen lursail jabe txiki asko errentapeko bilakatu zen eta are langile soila ere zenbaitetan.

Trukaketaren arau tradizionalak aldatu egin ziren, arau berri horien helburu bakarra irabazirik handiena izatea baitzen.

Baina, auzo komunitate gehientsuak multzo harmoniko batean bildu beharrean, interes sozio-ekonomiko desberdinen arteko borrokak eraginiko tentsiopean bizi ziren: abeltzain eta nekazarien arteko tirabirak, arrantzale eta baserritar, jabe eta maizter, “bizilagun” eta “egoile” eta beste hainbat sektoreren arteko liskarrak ere anizten ari baitziren. Aipaturiko azkeneko kasu hori dela eta, herritarrak bere gizartean zuen mailak garrantzi handia zuen. Beste zenbaitetan, herri ondasunak erabiltzeko zituzten eskubide politikoek bizikidetasun sistema konplexuak eragin zituen, eta Nafarroako zenbait lurraldetan, esaterako, bizikidetasun bikoitza ere (foru bizikidetasuna) eman zen. Eta horrek guztiak egoera aski larriak eragin zituen askotan.

 

Europako testuingurua

Europa osoan zehar gatazka sozial ugari izan zen, baina funtsean, Euskal Herrirako eman diren arrazoi beretsuak izan ziren haietarako ere. Merkatu ekonomia edoeta Estatu modernoaren eraikuntza hemen baino azkarrago bideratu eta osatu zen herrialde horietan, eta horregatik, herri erresistentzia maizago eta ondorio larriagokoa izan ohi zen; eta jauntxo egiturak indarrik handiena zuen lekuetan, are gogorrago ekin zieten jopuek haien gehiegikeria eta harrokerien kontra. Zergen presioak, espekulazioak, soldaduen ekarpenek, herri ondasunen lapurketak, lursailen hesi inguraketak, ehiza eta arrantza eskubideek, administrazioaren zentralizazioak edo anexio politikoek antzeko egoera liskartsuak eragin zituen han eta hemen, beraz, ordena tradizionala berriro ezartzeko asmoak eragindako gatazkatzat jo daitezke. Horien arteko alde bakarra gatazkaren neurria izan zen.

Esaterako, Euskal Herrian herrietara edo, gehienez ere, eskualdera zabaldu ziren eta ondorioak ere ez ziren hainbestekoak izan; Europan, aldiz, benetako gerrateak izan ziren, zenbaitetan milaka hildako ere izan zelarik. Bada, ordea, Europan, Euskal Herrian oihartzun urria izan zuen beste gatazka bide bat: erlijioa.

Oso luze eta nekez zerrendatuko genituzke mende hauetan zehar Europan izan ziren altxamendu guztiak. Zenbait, gainera, elezahar eta epopeiaren mailara iritsi da. Hona horietako batzuk: Alemaniako nekazarien guda 1524-25ean; 1648- 53. urte bitartean Fronda izenez ezaguna dena; Razingo Behe Volgako altxamendua (1670-71), Bulavin-goa (1707-08) eta Pugachev-koa (1773-74); Ingalaterrako Kett-eko errebolta (1549); Alpujarretako altxamendua (1568koa); 1693-95eko Valentziako germaniak; 1638-51ko Eskoziako errebelamendua eta Irlandakoa 1641- 52 artean; eta beste hamaika.

 

Errebelamenduen bilakaera

• Komunitateen arteko gerra (1520-21).

Gaztelan izandako herri lurren gaineko gatazkak izan zituen bi arrazoi nagusiei (Erdi Aroko egitura zaharrak Estatu moderno batean txertatu nahia eta handikien aurkako istilu eta gatazkak) Euskal Herrian Behe Erdi Aroko ahaide nagusien arteko gerra bildu behar zaie, gatazka hauek azkenekotan baziren ere. Araba eta Bizkaian leinuen arteko gatazka zahar hori izan zen liskarrerako arrazoi nagusia; eta Araban, zehazki, herrialdeko instituzioen eta, batez ere, Hermandadearen kontrola eskuratzeko Ayala eta Velascotarren arteko borroka. Gipuzkoan giroa konplexuagoa zen eta arrazoiak ere modernoagoak. Herrialdea bi zatitan banatuta zegoen: batak Donostia zuen buru eta itsasertzeko merkataritza hiriak biltzen zituen, Carlos V. erregea onartu eta estatu egitura zentralizatzaileagoen aldekoa zena; besteak, Tolosa buru eta Biltzarra Hernanin zuena, barne aldeko nekazari eta abeltzainen interes ekonomikoak aldezten zituen, eta foruen aldekoa zen guztiz, bestalde. Gerra zibilaren hondamena handia izan zen, baserri asko erabat errausturik, uzta galerak, … Baina, Frantzia Hondarribira sartu eta Nafarroako gerra piztu zenean, Gipuzkoako barne arazoa konponduta geratu zen.• Nafarroako konplota, 1648koa.

Nafarroan 1648. urtean antolatu zen konplota oso bizkor zapaldu eta nahasketa handiegirik gabekoa izan zela dirudien arren, 1640. urtetik aurrera lurralde honetan bizi zen giroaren isla da. Berau, Portugal eta Kataluniako independentziaren aldeko mugimenduen artean kokatu behar da, sustraiak Erreinuaren burujabetza berreskuratu nahi zuten herritar ugarien borondatean baitzeuden. Nolanahi ere, Errebelamendua antolatzeko ahalegin serio bakarra Miguel de Iturbide kapitaina buru izan zuena gertatu zen; baina, Santiagoko zalduna berau, Madrilen atxilotu eta berehala hil zuten arrazoi hori zela medio.• Fiteroko altxamenduak, 1627 eta 1675ekoak.

Mugimendu hauek Nafarroako zati handi batean liskar bide izan ohi zen tentsio mota baten adiera biziak dira; herritar soilen eta beren jauntxo sekular zein erlijiosoen artean sortzen zen gatazka bakoitzak bere petxa eta eskubideak eskatzen zituenean. Hala, esaterako, Irantzuko fraideek auzi luze eta amaitu ezinak izan zituzten, XVI eta XVIII. mendeen artean, Elkarte eta Muru-Azteraingo bizilagunekin.

Leireko monasterioaren eta Goi eta Behe Arraul, Esa eta Irunberriko bizilagunen arteko borrokak askoz gogorragoak izan ziren, ordea; Irunberriko herritarrak monasterioa indarrez hartzera iritsi ziren 1624an.

Fiteroko Santa Maria abat elizak bertakoen gaineko jauntxo eskubide zenbait zituen, XII. mendean eskuratuak: herritarrak kontzejutan biltzen ziren, 1524. urtean onarturiko ordenantzen arabera eta monjeen mendeko izan arren. Hiru mendeetan zehar justizia zibila eta kriminala, ehiza eta arrantza eta beste zenbait petxa eskubideen jabetza auzitan izan zen. Fiterotarrak fraide hauen presiotik ateratzen ahalegindu ziren, bai eskubideak erosiz, bai auzien bidez eta bai erregearen mendekotza zuzeneko eremuetan finkatuz euren egoitza. Herritarrek, 1524ko Ordenantzak berriro indarrean jartzea lortu bazuten ere, justiziaren makila erosi eta herri berri bat sortzeko baimena lortuz (1548 eta 1652ko epaiak), berehala izan zuten erantzuna monasterioaren aldeko beste hainbat erabakirekin (1565, 1652, 1662 eta 1664ko epaiak), gauzak aurretik zirenean uzten baitzituzten.

Jauntxoenganako mendekotasun latz eta beronen aurka erabili ziren bide bakezaleen porrotek azaltzen dute, nolabait, herritarren 1627 eta 1675eko altxamenduak.Lehenengo altxamendua, Abateak haren buruari “jaun” tratamendua emateko aginduari uko egin zieten herritarrak atxilotzeko agindua eman zuenean etorri zen. Fraideek, fiterotar haserretu haien erasotik ihesi, beren burua leku sakratuan gorde behar izan zuten. Arazoa 1630eko konkordiarekin konpondu zen.

Konkordia ekintza honek jurisdikzioa erosteko aukera ematen zien fiterotarrei, baina, berriro ere, 1670. urtean fraideen eskutara itzuli zen 8.000 dukaten ordainarekin.

Alabaina, fiterotarrek berria jaso eta bizigune berri bat eraikitzeko auzia galdu zutela jakin zutenean, monasterioari eraso zioten, auzi eta diruaz lortzeko gauza izan ez zirena indarraren bidez berreskuratzeko. Gizarte maila orotako 300 bat lagunek, egur eta lanabesez indarturik eta ikurriña gorri baten atzean, monasterioari eraso zioten abadia buru, Frai Jorge de Alcat, eta prokuradore zen frai Bernardo de Erbitiren bila, aurrean aurkitu zuten guztia txikituz, bide batez. Fraideek, berriz, izuak harturik ahal zuten lekuan bilatu zuten babesa edo leihoetatik salto egin eta labore sailetatik barrena ihesi, Cintruenigora iristeko. Asko zauritu eta makilapean hartuak izan ziren. Abatea, dorre batean ezkutaturik zegoena, aurkitu eta agiri bat derrigorrez sinarazi eta aurkitu zituzten gainerako fraideek agiria berretsi behar izan zutenean baretu zen giroa. Agirian, Abadiak uko egiten zion Fiteroko jurisdikzioari, baita altxaturikoen aurkako edozein zigorri ere. Baina, espero zitekeen bezala, paperean jasotakoa errespetatu beharrean, ustezko 115 errebelatu ziren, Alkatearengandik berarengandik hasita. Epaiak hogei heriotz zigor, galeretarako hamaika zigor eta isun kopuru handi bat jasotzen zuen.

Ordea, 1677an barkamen ekintza izan zen eta ordainetan 60 gizoneko konpainia eratu eta Juan de Austria jauntxoaren agindupean, Frantziaren aurka egin behar izan zuten borrokan Kataluniako lurretan.• Gatzaren Estankoaren aurkako altxamendua, 1631-34 bitartean.

Monarkiak behar ekonomiko larriak zituen une hartan, Olivaresen Gobernuak zergak ezarri nahi izan zizkien salbuetsirik zeuden herrialdeei. 1601ean “milioiaren zerga” deitua ordain arazi nahi izan zuen Bizkaian, baina ez zuen lortu. 1629an milioiaren zerga kendu eta inguru guztietan ezar zitekeen bat eta bakarra jarri nahi izan zen: gatzaren estankoa. Zerga berri hau sortzen zuen Dekretua 1631n jarri zen indarrean. Garai hartan, Bizkaian, herri xehearen, merkatari burgesiaren eta nobleziaren arteko tentsioa itzulera gabeko puntuan zegoen. Gernikako Batzar Nagusiak 1631n izan zuen batzarraldi batean, gatzaren estankoaren zedula foruen aurkakoa zela erabaki zuen, eta aplika zedin bidea egiten zuten Bizkaiko agintariak traidoretzat jo. Korrejidore ordeak, zerga berria indarrez aplikatzeko egin zuen ahaleginari herri osoak bat eginik, erantzun zion matxinadarekin: Domingo de Castañeda, Korrejidorearen auzitegiko prokuradorea, labankadaz hil zuten, Alkatearen beraren eta itsasoko hamarrenen administratzaile Pedro Fernandez del Campo jauntxoen etxeak erre zituzten. Matxinatuak gatzaren monopolioaren aurka azaldu ziren, baina, batez ere “jaun printzipal eta aberatsen”, “errepublika saldu diguten traidoreen” aurkako gorrotoa erakutsi nahi zuten, gatazka gizartearen borroka zela erakutsiz. Ia bi urte inguruko istiluak eta erregearen funtzionarioen aurkako erresistentzia armatuaren bigarren urtearen inguruan, Olivaresek bere arma guztiak erabiltzea erabaki zuen: batetik, 1633an, blokeo ekonomikoa ezarri zion Bizkaiari bertako merkataritza ahultzeko helburuarekin; eta bestetik, gatazkari amaiera, alde bakoitzak bere burua irabazletzat izanik emateko bidea jarri zuen. Indultua etorri zen, jazarraldian parte hartutako 12 lagunentzat ezik; seik ihes egin zuten eta beste seiak hil egin zituzten.

Arazoa, ordea, monopolioa ezarri aurreko egoerara itzulitakoan eta Bizkaiari ordaintzeko obligazioa kendu ziotenean, orduan bakarrik, konpondu zen. Horrela, Jaurerriko interesak eta erregearen agintaritza sendoturik geratu ziren.• Tuterako altxamendua 1654an.Nafarroako Gorteek Ehiza eta Arrantzari buruzko Legea eman zuten 1654an.

Legearen berri izan zutenean Tuteran, herritarrak bildu ziren (400, zalapartak erasaniko batek zioenez). Alkatea preso hartu, Kontzejuko giltzak kendu eta bertan gordetzen ziren arma guztiak harturik, Legearen onarpenean zuzenean edo zeharka eskuhartu zuten agintarien bila abiatu ziren, legea indargabe uztera behartzeko asmoz. Altxorzainaren, fiskalaren eta herriko hainbat jauntxoen etxeei eraso zieten; Tuterako artzapez Gil de Etxauri y Zarateren etxean izandako kalteak, esaterako, 6.000 dukatetan balioetsi ziren; berau Korteetako diputatua, elizaren ordezkaritzan, Legearen egileetako bat baitzen. Matxinatuen amorraziotik ihes teilatuetatik barrena egin behar izan zuen eta Añorben, bere jaioterrian, aurkitu zuen babesa. Ez zuen Tuterara itzultzeko ausardiarik izan, eta bere bizitza arrisku larrian sumatzen zenez, Erronkariko priore izendatu zuten, bertan hil zelarik.

Istiluak zenbait egunetan zehar izan ziren eta zeraman bidea ikusirik, Aldundiak ehizaren legearen aplikazioa Korteak berriro batzarrean bildu arte atzeratzea erabaki zen.• Baionako erreboltak, 1590, 1641 eta 1665ekoak.Baionako herriak sarri jasan behar izan zuen zerga presioa eta XVI. mendearen amaieratik aurrera etengabeko auzi eta liskarretan bizi izan zen. Altxamenduetako protagonista, “menu peuple” deitua, ofiziale, jornaldun eta, oro har, herri xehea izan ohi zen. 1590. urtean tindalarien altxamendua izan zen landare koloreemaileen gaineko zerga berri bat ezarri nahi izan zitzaienean. 1641ean, gatzaren gabela eta kontsumoko bestelako gai batzuren gaineko zergaren ezartzea zela-eta, altxamendu handi bat izan zen; beronen sustraia 1628an ordainketa obligaziorik ez zuten Gaskionia eta Guyenne osorako eman zen dekretu bat izan zen. Prezioen gorakada, herri xeheak ordaintzen zuena, zenbaitetan jatorrizkoa bikoizterainokoa izaten zen. Baionatarrek, bestalde, ez zuten utzi zerga bilketako bulego bat hirian irekitzen, baina Estatuak, 1640an, gerra ontziak bidali zituen bertara indarrez irekitzeko. 1641ean, ordea, gatazka lehertu zen erregearen funtzionarioen iritsierarekin batera, 300 bat herritar armatu gogor eraso zioten ontziari eta honek atzera egin behar izan zuen. Baina, ondoren, Estatuaren zigorra etorri zen, 1680. urtetik aurrera bertan kokatu zen gudarostearen presentzia, alegia.• Lapurdiko gerrate zibila 1655-1659. urte bitartean.Gatazka armatu larri hau ere handikien aurkako borroka nagusiaren barne kokatu behar bada ere, arrazoia, funtsean, politikoa izan zen: monarkia absolutistak “Pays d’Elections” zirenetako administrazioa eta fiskalitatea (erregeak zuzenean kontrolatzen zuen lurraldetakoa) “Pays d’Etats” eta zona frankoetara (Euskal Herria, esaterako) zabaltzeko egin zuen ahaleginarekin uztartu behar baita.

Gerra Lapurdiko armadako buruzagitza betierekoaren ondorengotzak piztu zuen, Caupenne familia ahaltsuari zegokiona, bestalde. Berau, Gaztelako korrejidorearen antzeko kargua eta Erregearen ordezkari militar, fiskal eta judiziala zen. Hartan, erregeak, ordea, Jean de Caupenne aitaren heriotzaren ondoren bere seme Leonard izendatu beharrean, ohiturak horrela agintzen zuen, Salvat d’Alzate d’Urtubie izendatu zuen. Martin Xurio Sindiku orokorrak Caupennekin zuen harreman estua medio, ez zuen erregearen erabakia onartu. Baina, M. d’Arcangues errege prokuradoreak Uztaritzeko Biltzarra batzarreratu eta Xurio kargutik kentzeko erabakia harrarazi zuen. Dena den, Luis XIV erregearen nahia foruaren aurkakotzat jotzea erabaki zuten Biltzarraren autonomiaren defendatzaileek. Eta, horrenbestez, Lapurdiko gizartearen polarizazioa erabatekoa izan zen. Batetik, prokuradorea bitarteko, Alzate eta Biltzarraren erabakia onartzen zutenak, mila gizon inguru, Lapurdiko milizian antolaturik zeuden eta gerriko zuria zuten ezaugarri (“sabelxuriak”); bestetik, Xurioren aldekoak, Herriaren frankizia eskubideen defendatzaileak: hiru mila partisau inguru ziren eta beren ezaugarria gerriko gorria (“sabelgorriak”). Gerraren hasieran “sabelgorriak” izan ziren nagusi militarki, Arrangoitzeko gaztelua hartu zuten, Uztaritzeko presondegiari eraso, Sokoako gotorlekuko kanoiak bereganatu, Bordeleko Legebiltzarrak bidalitako tropak menderatu Askaingo guduan… Baina, 1659. urterako antolaketarik eza eta, behin Xurio zendu zenean, bere aldekoen sakabanatzea etorri zen. Ondoren, erregearen agintaritza sendotu eta errebeldeak epaiturik, isun handiak jarri zitzaizkien, bai partikularrei banaka, bai herrialde osoari ere. Biltzarra ezabatzea ere pentsatu zuen Luis XIV erregeak, baina, azkenean, oso ahulduta baina bizirik jarraitzeko aukera eman zion.• Zuberoako altxamendua 1661ean.Altxamendu hau mende honetako Frantziako monarkiak bultzatu zuen handikien berrindartze prozesuaren baitan kokatu behar da; Luis XIII.a erregeak, 1639an, erregetzaren mendeko jabetzak besterenganatzeari buruz emandako ediktuaren inguruan, alegia. 1640. urtean, Zuberoako herri lurrak, erregearen manupekotzat hartuak, salgai jarri ziren. Ondasun eta eskubide horiek zuberotarrek berentzat erosteko egindako ahaleginen porrotaren ondoren, Iruriko kondeak eskuratu zituen 70.000 liberen ordainetan. Arnaud-Jean de Peyrer, Irurin kokaturiko familia gaskoi aberatseko semea, karrera militar bikaina egin eta Korteko ohorerik handienak jasoa zen, eta horien artean, Erregearen goardia pertsonaleko, mosketeroen, kapitain titulua; Alejandro Dumasen nobelako mosketero gaskoien babeslea zen, bestalde. Iruriko kondeak, handikien indartze prozesu zabal bati ekin zion Zuberoan, hasieran 2 burgu eta 14 parrokiatara mugatzen zena, 1641 eta 1642. urtean, lurralde osora zabaldu zen, Bizkonderri zaharra berpiztuz.

Herri altxamendua 1661. urtean hasi zen, herriko erakunde ekonomiko eta politiko tradizionalen alde eta notableen asmoen, kleroaren zenbait eskubideen eta protestanteen eta Mauleko Hiriaren nagusitasun ekonomikoaren aurka. Badirudi, 7.000 gizon inguru bildu zirela Mithikileko apaiza, Bernard de Goyenetche, Matalas izengoitiz ezaguna, buru zutelarik. Buruzagi honek 100 gizon inguruko goardia iraunkor eta Gobernu ibiltaria moduko bat osatu zuen. Bere ekimenpolitiko eta militarrak jauntxoen nagusitasun eta Mauleren nagusitasunaren aurka bideratu zituen: azoka eta errota ordezkoak eraiki, zergak ez ordaintzea eta beste hainbat proposamen egin zituelarik. Bordeleko Legebiltzarrak eta bertako nobleek beren armada antolatu zuten Calvo Kapitain merzenarioa buru zuelarik, altxatuak zapal zitzan. Sohütako guduan menderatu zituen eta 100 edo 400 inguru gizon hildako izan zen, iturri desberdinen arabera. Matalas Gotañen atxilotu zuten eta Maulen moztu zioten lepoa; haren burua guztien bistara jarri zen gazteluko barbakanan; haren aldekoek, ordea, eta heriotz zigorraren mehatxuari aurre eginez, burua ezkutaraztea lortu zuten. Nolanahi ere, beste zenbait heriotz zigor ere izan zen, baita galeretarako betirako zigorrak ere. Indulturik izan bazen ere, errepresioa eta isunak hain izugarriak izan ziren, ezen jende askok Erronkarira ihes egin behar izan baitzuen. Matalas Zuberoako herritarren oroitzapenean gorde izan da heroi justiziagile klasiko baten antzera eta, gaurregun ere, gogoan gordetzen da pastoral batean.• Lapurdiko marinelak derrigorez itsasoratzearen aurkako erreboltak 1669-1671n.

Izurriteak eta presio fiskala nahiko zoritxarra ez baziren herriarentzat, Colbert eta bere jarraitzaileen itsasoko politikak guztiz egoera larriak sortarazi zituen Lapurdin, askotan, erresistentzia gogorreko ekintzen bidez lehertzen zirenak. “Colbertismoak”, beste hainbat gauzen artean, itsas ontzidi handi baten sorrera zekarren, ontzidi militar eta merkataritzakoa; baina, beti ere, ikuspegi administratibo guztiz zentralista batetik abiatuz. Marinelen beharra areagotzen zihoan eta Lapurdiko itsasertzeko herri eta barnealdeko Askain, Ahetze edo Senpereko gizon asko ontziratu zituzten: 1635. urte aldera Lapurdik 70.000 biztanle inguru zituen eta horietatik 4.500 marinel. 1669. urteko marinelen ontziratzeari buruzko ediktuak egoera larritu egin zuen. Gainera, arau berri hau gatzaren gabela ezartzeko lehenengo saioarekin batera etorri zen. Jakina denez, gatza ezinbesteko gaia zen garai hartako arrantza sistemarako. Bestalde, derrigorrezko ontziratze eta gabelen ezarpena Lapurdiko askatasunaren aurkako ziren eta izatez gatazka ekonomikoa izanik ere politiko bihurtzen ari zen. Bestalde, 1669. urteko erreboltan Larralde Seneskalordea hil zen. 1671. urtean, gatazka Lapurdiko itsasertz osora zabaldu eta indultu batez bukatu bazen ere, ordainetan, 152 marinel ontziratu beharko ziren Colberten ontzidian.• Donazaharreko errebolta, 1685ekoa.

Behe Nafarroako instituzioetan, intendenteek garrantzi handiko papera izan zuten erregearen eskuhartze politikan. Eta guztietatik Foucault intendentea nabarmendu zen bere monarkiaren interesen defentsa sutsu eta kupidagabeagatik.

Esaterako, Aintzilan bazen herriak ustiatzen zuen gatzategi bat. 1683. urtean emandako Dekretu batek, ordea, gatzategia erregearen jabetzako bihurtu zuen, Donibane Garazin gatzaren gabela kobratzeko bulegoa ireki eta mugaz bestaldeko gatza saltzea debekatu. 1685ean, azoka egun batean, jakin zuen Donazaharreko herriak berria. Berehala sortu zen zalaparta, baina gehiagora igaro gabe.

Foucault intendentea ez zen, ordea, txikikeriatan ibili eta “herria baketzeko” bi matxinatu urkatu eta beste bik galeretako zigorra jaso zuten. Alabaina, bi urte geroago, Nafarroako Estatuek berreskuratu egin zuten Aintzilako gatzategia eta aurreko ustiapen mota, bai eta gatza herrialde osoan saltzeko eskubidea ere.• Iparraldeko “ezinegonak” XVIII. mendearen hasieran.Zerga berriak ezarri edo ezartzeko susmoa zabaldu orduko istilu eta zalaparta ugari sortu ohi zen Nafarroa Behere osoan, baina batez ere, Lapurdin, sarri askotan “ezinegona” deitu zaielarik mugimendu horiei. Gorabehera horien artean Mugerren eta Hiriburun 1696an izandakoa aipa daiteke, baita 1724an zergen bilketan izandako hutsegite baten ondorioz Ainhoan izandakoa, edota 1726an “berrogeita hamarrena” zerga aplikatzeko saioaren aurrean Lapurdi osora zabaldutakoa; Bidarten eta Getarian 1734an izan ziren zergabiltzaileen jipoiketak edo Donibane Garazin 1748an izandakoa, zenbait emakumek zerga berriaz hitz egiten zuen idatzi bat gaizki ulertu eta herri osoa haren aurka atera zenekoa.

Garrantzi sobera gabeko liskarrak izaten baziren ere, Donibane Lohizunen 1756ko urtean izandako gertakariak oso interesgarriak dira, tartean izan ziren arrazoiak ezaguturik. Alegia, mugan izan ohi ziren kantonamendu militarrak liskar bide izaten ziren sarritan inguruko herrietan; eta hartan, frantsesez hitz egiten ez zuen bertako zahar baten eta euskerarik ez zekien Artilleriako Errege Gorputzeko injinero baten artean izandako eztabaida hutsal batek, militar horien eta herriaren arteko borroka gogor bat eragin zuen.• Bizkaia eta Gipuzkoako “matxinada”, 1718koa.Borbondarren dinastiaren lehenengo lana Estatua administrazioaren aldetik batzera zuzendurik zeuden neurriak erabakitzea izan zen eta, hala, Aragoiko koroaren foru sistema indargabetu eta Euskal Foruetako punturik garrantzitsuenak aldatzera zuzenduriko erabakiak hartu ziren: foru pasea eta aduana sistema, besteak beste. 1717ko abuztuan barne aldeko aduanak Bizkaiko eta Gipuzkoako itsasertzera aurreratzeko agindua ematen zuen Errege Dekretu bat erabaki zen, indarrean hurrengo urteko martxoan jarriko zena. Teorian baino ez bazen ere, premiazko eta beharrezko produktuek ez zuten zergarik izango, baina prezioen gorakada orokorrak bere eragina izan zuen merkatairtzako gai guztietan. Kaltetuenak bertako eta kolonietako produktuen kontsumitzaile eta merkatariak izan ziren. Merkatari handiek Alberoniren mehatxupean, eta Dekretuak berauengan eragin handiegirik ez bazuen ere, egoera berrira egokitu beharrean izan ziren, ezen, bestela, artilearen merkataritza Santanderrera desbideratuko baitzen Bilboren monopolioa hausiz.

Aduanei buruzko Dekretuaren edukia aztertzeko xedez Elizateak bildu ziren eta, ondoren, agintarien aurka altxatu, dekretua berehala indargabetzeko eskatuz; “matxinada” hasi zen. “Matxinada” hitza errebolta edo altxamenduaren sinonimo gisa, 1718ko honetarako erabili zen lehenengo aldiz. “Matxin” hitza oletako langileak izendatzeko erabil zitekeen, baina herriaren pertsonifikazioa ere izan daiteke; nolanahi ere, matxinoak ofiziale eta nekazari taldeak ziren eta matxinadak, XVIII. mendean zehar gizarte klase hauen altxamendu edo erreboltak definitzen ditu, geroztik edozein motatako gizarte gatazka adierazteko erabiltzen bada ere. Liskarrak nonahi izan ziren, Enkartazioetatik Oiartzunera Gasteiztik barrena, baina ondorio larrienak Bizkaian eta Deba bailaran izan zituen. Bermeoko eta Algortako aduana ontziak erre ziren; Jaurerriko, Hiri eta Kontsulatuko agintari handikien etxeak txikitu ziren; eta haien artean, adibidez, 1710ean Ahaldun Nagusi izan zen Miguel Antonio de Castañosen Gernikako etxea. Baina beste batzuek, ordea, bizia galdu zuten matxinatuen eskutan, hala nola: Enrique de Arana ahaldun nagusia Bilboko Arenalean hil zuten labankadaz; Martin Antonio de Escoiniz eta Juan Gregorio Esterripa, Bilboko alkatea lehena eta lehen errejidorea bestea, Bermeon hil zituzten; Rocaverdeko Markesa, Bergarara ihesi joana, Otxandion hil zuten; eta beste hainbat ere bai. Gipuzkoako mendebaleko “jende printzipal” askok ikusi zuen nola erre eta/edo sakailatzen zituzten beren jauregiak, zenbait jipoitua ere izan zen eta ziztuan ihes egin behar izan zuen leku seguruago baten bila edo beren burua leku sakratuan babestera. Handikiek, larri eta Bizkaian gertatutakoaren jakitun, Legazpi, Oñati, Bergara, Antzuola, Urretxu, Segura, Arrasate eta Ormaiztegiko herrien Batasuna eta Hermandatea sortu zuten, 400 gizoneko indar armatua zuen eta liskarrik izanez gero elkarri laguntza emateko xedez eratua zen. Erregeak matxinadari emandako erantzuna betikoa izan zen: zigor gogorrak ezarri agintaritza sendotzeko, auzibidea kentzea emandako xedapenak indargabetuz eta, behin denbora igaro ondoren, indultua. Zehazki esanez, liskarrik larrienetan parte hartu izanaren akusaziopean 32 pertsona hil ziren, aduanak aurreko lekura itzuli ziren 1723an eta indultu orokorra 1726an izan zen.• Gasteizko gorabeherak, 1738an.

Handikiek udal aginpidean zuten kontrolak piztu zuen 1738ko gatazka hau.

Izan ere, agintariengan zuten eraginaren bidez, beste zenbait gauzen artean, hiriko zerga politika, merkataritzako salerosketak eta kontsumoa zergapetzen zituzten, batez ere; handiki hauen eskuetan zegoen jabetza, lurra, libre utziz. Merkatariek, herritarren laguntzarekin, auziaren bidea hautatu eta Gaztelako Kontseilura jo zuten handikien oligarkiaren aurka. Denbora epe labur batean (1742-48) burgesek handikien lekua hartu zuten udal karguetan; gero, ordea, koroaren indarrez, gauzak lehenera itzuli ziren, 1738ko gatazkaren aurreko egoerara, alegia.• “Haragiaren matxinada” puntua, 1755ean.

Espekulaziorik izan aurreko lehenengo liskarra litzateke, nahiz eta 1766koa izan mota honetako liskarren eredu. Gatazka mota honen nondik norakoa nahiko ezaguna da: espekulazioa, produktu falta, prezioen gorakada eta matxinada.

Batzar Nagusiek erabakitako neurriek, zenbait produkturen irteera eta, kasu honetan, haragia herrialdetik ateratzeko debekua emanez, espekulazioa, estraperloa eta prezioen gorakada etengabea baino ez zuten ekarri; ondorio hauxe izan zuen Gipuzkoako Aldundiak 1754an, haragiaren esportazioa debekatuz eman zuen dekretuak. Deba Garaian sortu zen ezinegona (1718ko gatazkaren zonalde berean) eta azaleratzen hasi zen idatzi, zurrumurru eta beste hainbat bidetik.

Kasu honetan, agintarien erantzuna gogorra eta berehalakoa izan zen: indar armatu bat antolatu eta herrietan sartu ziren beren bidean inolako erresistentziarik aurkitu gabe, izan zitekeen gatazka ere izan aurretik zapalduz. Alabaina, eta bitxia dirudien arren, 1755eko Batzar Nagusiek, beste dekretu bat eman zuten abereen sartu-irteera librea onartuz eta, aurrekoarekin kontraesanean datorrela dirudien arren, berau izan zen espekulazioa murriztu eta prezioei eusteko bidea.• 1766ko matxinada.

Europan zehar biziraupenaren alde eta espekulazioaren aurka izan ziren mugimenduen barne kokatu behar da. Ez da abagune ekonomiko oker edo uzta txarreko bolada baten ondorio, kontsumoaren eta premiazko produktuen gaineko zergena baizik; izan ere, eta batez ere, alearen espekulazioak prezioen gorakada etengabea eragiten zuen. Espekulazio honez aberats zitezkeen bakarrak hamarrenak (laikoak zein elizakoak) eta errenta handiak, batez ere uztan, jasotzen zituztenak ziren. Baina, baziren haserrerako bestelako arrazoiak ere, hala hola: iruzurra pisuan, elizaren eskubideak eraginiko gehiegikeriak, zerga presioa, gerren eragina, e.a. Prozesu honen guztiaren elementu katalizatzailea 1765eko uztailaren 11ko Pragmatika izan zen, ondasunak, laboreen zirkulaziolibrea onartzen zuenez, esku gutxitan biltzeko eta prezioak neurriz goitik jasotzeko aukera ezin hobea ematen baitzuen.

Matxinoek agintariei ezarritako memorial eta kapitulazioetan ikus daitekeenez, matxinadaren helburu nagusia aurreko moral publikoaren sistema berriro ezartzea izan zen, galbide nabarmenean baitzen. Hala, eginiko eskaeren artean, noski, laboreen prezioen jaistea dago, baina, baita aurreko neurriak berreskuratu eta maulazkoak baztertzea ere, zenbait hamarren eta elizaren eskubideak kentzea, kaperautzen pilaketa ezabatzea… Pobreen eta kontsumitzaileen erreibindikazioak azken batean; jazarriak, garai hartako kroniketan ageri denez, “ofiziale kategoriako langileak, zurgin, hargin, errementari, zapatari, kapelagin eta bestelako ofiziotako langile eta nekazariak” baitziren. Jazarraldia Azpeitian eta Azkoitian piztu zen eta berehala zabaldu zen Deba eta Urola bailaretako herrietara.

Oraingo honetan matxinoek ez zuten inor hil baina, hori bai, gehiegikeria handiak egin zituzten. Beren helburu nagusia, agintariak eurak prestatu eta erreibindikazio zerrenda luze bat jasotzen zituzten memorialak sinatzera behartzea zen; eta hain zuzen ere, gatazka hartzen ari zen neurria ikusirik baita sinatu ere alkate eta prokuradoreek. Nolanahi ere, lurjabe handi eta merkatarien gizarte klase dominatzaileek bazuten eskarmenturik eta lezioa ikasita zeudenez, beren erantzuna bizkorra eta bat-batekoa izan zen, ondo antolatuta baitzeuden. Hala, gari eta arto merkea banatu zen apirilean eta maiatzean –justu matxinadaren eta ondorengo egunetan– haserrea nabarmen ageri eta produktu hauen garestitzea gehiegizkoa izan zen Gipuzkoako herri horietan. Herrien arteko Batasunak bultzatu ziren, 1718ko saioari jarraipena emanez, eta bi sortu ziren bata Deba Garaian eta bestea Donostialdean. Eta, azkenik, zapalkuntza militarra. Ekimen honen protagonismoa, ordea, herritar soilena gehiago izan zen militarrena baino.

Errepresioaren buru Donostiako Alkate Manuel Arriola zen, baina laguntzaileen artean probintzia osoko aitonen seme gehientsuenak zeuden: Peñafloridako kondea, San Millan eta Narroseko markesak, eta beste hainbat. Pertsona asko atxilotu ziren eta asko auziperatu ere. Hasieran, bederen, handikik eskarmentu gogorren eta heriotz zigorren aldekoak baziren ere, –preso bakar bat hil zen eta berauauzitegira zeramatenean– korrejidorearen ikuspegia nagusitu zen, atxilotze, isun, deserriratze eta arma zerbitzua egiteko zigorra ezartzea, alegia. Hala, bada, behin handikiek berriro ordena ezarri ondoren, Aldundi bereziak, matxinoek inposaturiko kapitulazio guztiak indargabetu zituen dekretu baten bidez; prezio eta bihiaren zirkulazio askatasuna, neurri zaharrak desagertarazi eta, badaezpada, bilera eta Udal Nagusiak debekatu.• Lapurdiko emakumeen erreboltak, 1773 eta 1784an.

Lapurtarrek zituzten pribilejioen artean, tabakoaren gaineko zergarik eza eta norberaren kontsumorako ereiteko eskubideak zeuden. Eskubide horrez baliaturik mugako herrietan tabakoaren estraperlorako erakunde indartsu bat eratu zen. Tabakoa Haltsuko errotan ehotzen zen eta mugako herrietatik barrena banatzen.

1773an, ordea, Estatuak iruzurra ekidin asmoz, tabakoaren monopolioa ezarri nahi izan zuen. Baina erabaki horrek izan zuen erantzuna Sara, Itsasu, Zuraide eta Haltsuko herrietako emakumeek antolatu zuten errebolta edo matxinadaren bidez. Monopolioa ez zen sortu eta tabakoaren estraperloak lehen bezain indartsu eta oparo izaten jarraitu zuen.

Ordea, 1784ko erreboltaren arrazoia Errobi ibaiaren mendebaleko lurralde lapurtarra zonalde frankotik ateratzeko emandako errege xedapenak dira; ordura arte herrialdeko gainerako herriek zuten frankizia izan baitzuten. Lapurdi fiskalitatearen aldetik bitan banatzen zuten bitarteko aduanak finkatu nahia eta egoera berria aldarrikatzen zuten “Agindu Idatziek” indarrezko erantzuna izan zuten Hazparne inguruko herrietan. Guyenneko intendentea, Neville, eta errege ordea Baionan, Caupenne markesa, Hazparnera abiatu ziren 150 granada jaurtitzaile eta bost brigadekin ordena ezartzeko helburu bakarrarekin. Baina, haserreak harturiko emakume kopuru handi batekin (bi mila inguru esan ohi dute) egin zuten topo, bertan garbitu edota atzera egiteko dudan jarriz tropa buruak. Une hartan atzera egiteko erabaki zuhurra hartu zuten, baina berehala etorri ziren ohiko errepresio bideak: atxiloketak, eskualdearen okupazio militarra… Hazparneko apaizaren bitartekari lanari esker zigorrak ez ziren hain gogorrak izan; hala ere, eskarmentu gisa, bere elizako kanpandorrea lurrera bota zen, jazar egunean herriko emakume guztiak biltzeko jo baitzuen. Eskualde osoko armak bahitu ziren eta fusil milaka batzuk bildu ere bai.• Gasteizko istiluak Modenesen aurka, 1803an.

Arabako merkataritza eta diru zirkulaziorako askatasuna mugatuz, 1802. urte amaieran emandako dekretuak ez ziren hasieran bete eta Aldundiak eta Batzar Bereziak, foruen aurkako neurriak zirela iritzirik, bere protesta helarazi zioten Karlos V.a erregeari eta Estatuko Idazkariari. Errentetako gobernari eta erregearen ordezkari, Juan Modenesek, ordea, indarrean jarri zuen arautegia, bortizki, eta Herreria kaleko hiru bizilagun atxilotu zituen estraperloan zihardutela salaturik.

Berehala izan ziren istiluak eta gasteiztar ugari bildurik, Modenesen etxera abiatu ziren “gobernariari!” ohikatuz. Gobernariaren etxeko ateak lurrera botata zituztela, herri zaintzaileak iritsi eta istilua lasaitzea lortu zuten. Giroa baretu ondoren, negoziaketa luze eta gogorra izan zen Godoyren eta herrialdeko agintarien artean, 1802ko xedapena ez zedin aplikatu, baina baita, bestelako artikulu sail bat indargabetzeko ere; besteak beste, korrejidorearen irudia Araban ez sartzeko.

Modenesen ordez beste gorbernari bat izendatu bazen ere, Godoyk tinko eutsi zion bereari, foruen aurkako arauak aplikatuz.• “Zamakolada” Bizkaian, 1804ko urtean.

Bilboko Hiriaren eta Bizkaiko Jaurerriko herri xehearen arteko tirandurak Behe Erdi Arotik datoz eta jurisdikzioaren eta merkataritzako eskubideak medio, gorabehera izugarriak izan dira historia guztian zehar. Ahalegin handiak ere egin zituzten Herrialdeko handikiek Bilboko merkatarien gorakada ekonomiko geraezina oztopatzeko. Hala, 1792an liskarra bere goreneko mailara iritsi zen, José Ramon Aldama diputatuak, Bilbok merkataritzan zuen nagusigoa banatzeko xedez, Mundakan beste itsasportu bat eraikitzeko proposamena egin zuenean. Proiektua, ordea, ez zen gauzatu Konbentzioko Gerra hastear zegoelako. Baina, 1801ean Simon Bernando de Zamacolak berriro planteatu zuen ideia hori berori, nahiz eta, Bakearen Portua deitzekoa zena, oraingo honetan Abantoko Elizatean eraikitzeko izan. Garai hartan, Dimako eskribau honi izugarrizko begirunea zioten Bizkaia osoan, baina batez ere, Arratian, inguruko herrien ordezkari izan zelarik zenbait alditan Batzar Nagusietan. Itsasportu berriaren aldeko eta kontrakoen arteko tirabira nabaria zen: batetik, aldekoak, maiorazko asko eta bere interes ekonomikoak Bilbotik kanpo zituztenak zeuden eta bestetik, kontrakoak, Hiriko indar biziak –Kontsulatua, jabeak, merkatariak, kabildoak, erlijiosoak–. GodoykZamacolaren proiektua onartu eta hilabete gutxiren buruan, Bakearen Portua Abanton eraikitzeko baimena ematen zuen Errege Dekretua erabaki zen.

Ordea, 1804ko Batzar Nagusietan, egundoko aldaketa izan zen Arratiako diputatuaren aldeko begirunean. Izan ere, berak eta bere laguntzaileek prestatu zuten “soldadutza plan” bat atera zen argitara; foruen aurkakoa izanik eta unea ere ez zenez batere egokia, kalte izugarria egin zion proiektuari. Bakearen Portua onartzeko Godoyk, ordainetan, plan hori eskatu zuela zabaldu zen. Eta Bilboko interesak defenditzen zituztenek oso ondo aprobetxatu zuten aukera paregabe hori eta ez bakarrik zurrumurrua zabalduz, baizik eta Bilbo inguruko elizateko baserritar errentariak asaldatuz, jabeetariko asko bilbotarra baitzen. Hala, lehendabizi, Begoñako eta Abantoko bizilagunak eta gero eskualde osokoak altxatu ziren. Jaurerriko armategiari eraso, ahaldun nagusia, korrejidorea, sindikua eta aurkitu zituzten agintari guztiak atxilotu eta Batzar Nagusi berria eratu beharra ezarri zuten. Batzar berri hauetan soldadutza indargabetu eta dohantza batez ordezkatu zen. Gatazkaren zurrunbiloaren erdian Zamacolak Arratia aldeko herrien babesa izaten jarraitzen bazuen ere, Bizkaiko gainerako herrietan heroi izatetik bilau izatera pasa zen. Hala ere, Bakearen Portuaren proiektua ez zen erabat gelditu Napoleonen okupazio militarra iritsi arte, baina gogoa ere ez zen hasieran bezain beroa. Erreboltaren ondorioak larriak izan ziren bai Bilborentzat eta bai Bizkaia osoarentzat: 380 zigor epaiak alde batera utzirik (erbesteratzea, kartzela, isunak…) Jaurerrian Espainiako gudarostea sartu zen eta bere mende jarri behar izan zuen herrialde osoak eta Batzar eta Udaletako bizitza politikoak, eta eten egin zen aldi baterako foru errejimena. Gudarostearen mantenu gastuak bost milioi t’erdi errealekoak izan ziren. Indultua 1807an iritsi zen.