Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Atlas Historikoa»Atlas Historikoa

Ekonomia eta gizartea Erdi Aroan

Erregebidea airetik ikusita San Adriango tuneletik igarotzerakoan.<br><br>

 

EGILEA:

Mª Isabel del Val Valdivieso Erdi Aroko Historia irakasle titularra Valladolid-eko unibertsitatean. Aipatu unibertsitateko Filosofi-Letren fakultateko dekano ohia. Eusko Ikaskuntzako kidea.

Euskadiko Erdi Aroan oinarritutako ikerkuntza. Argitalpen ugari aldizkarietan.

“Vizcaya en la Edad Media” izeneko talde lanean lankide.

 

Jarduera ekonomikoak

Hiru erakunde politiko ezberdinetan integraturik (Gaztela, Nafarroa eta Frantzia), euskal gizarteak aldakuntza sakona jasango du Erdi Aroan. Hasieran, feudaltzeak eta kristautzeak egituratzen dituzte gizarte horren harremanak eta, geroago, hiritartze prozesuak, ekonomi eta gizarte alorrei bereziki eragiten dien elementu dinamizatzaile berri bat ezarriko du.

Lehen aldi batean nekazaritza eta abeltzaintza badira bi jarduera ekonomiko nagusiak, Erdi Aroak aurrera egin ahala jarduera motak ere ugaldu egingo dira: arrantza, eskulangintza eta merkataritza indarra hartzen hasi ziren euskal ekonomian.

Garai hari dagokionez, nekazaritzan, non oraindik antzina-antzinako tresnak eta lanabesak erabiltzen diren, laboreak eta mahastiak dira nagusi. Horiekin batera, barazki eta baratzetako frutek laguntza ederra ematen diote eguneroko elikadurari.

Baina bildutako uzta ez da leku guztietan nahikoa izaten bertakoak behar adina asetzeko; egoera horrek bultzatuko ditu merkataritzako salerosketak, itsaso eta mendi alde eta labore ugari, batzuetan gehiegi, duten lurralde lauen artean. Alor honetan, Nafarroako Erriberako lurrak dira nabarien, han nekazaritzaren garapena nabaria baita, ureztapenerako ubideak izatea eta ur erabilpena bera araututa egoteak frogatzen duten bezala.

Eskualde batzuetan, Araban esate baterako, abeltzaintza orekaturik azaltzen bada landutako lur sail (abereen ongarriez baliatzen ziren emankorragoak izateko) eta basoekin (oso elementu garrantzitsua iraupenerako, elikagai ugari eskaintzen baitu), beste batzuetan, Bizkaian adibidez, badirudi jarduera ekonomiko nagusia dela. Dudarik gabe izadiaren baldintzek, eta seguru aski gizarte mailakoek ere, argitzen dituzte lurraldeen arteko ezberdintasun horiek. Dena dela, XIII.. endetik aurrera, abeltzaintza beste langintza batzuekin lehian hasiko da eta aldi berean arazo berrien eragina jasango du. Abereak bazkatzeko belardiak sortzeak, XIV eta XV. mendeetan ahaleginak egin arren eragozterik lortuko ez den baso galtzeak eragiten ditu zenbait lekutan. Bestalde, gizabanakoek baso eta mendiez geroz eta gehiago jabetzeak eta, horrenbestez, horien herri ustiapenak atzera egiteak desorekak sortzen ditu, izan ere ganadu jabe txikienei kalte egin eta aberatsenei eta hiriei, aldiz, mesede egiten baitie.

Erdi Aroko erdiko mendeetan, arrantza eta meatzaritza indar harturik zeuden jadanik. Ehiza bezala, ibai arrantza familia mantendu ahal izateko osagarri bat baizik ez da izaten gehienetan, baina itsasokoa lanbide berezia da. Itsasbazterreko arrantzan dihardute buru-belarri: lupia, urraburua, korrokoina, lentoia, meroa, legatza, toila, itsaskabra, arraia, muxarra, txitxarroa eta itsas aingirak dira, besteak beste, harrapatu eta merkaturatzen dituzten arrain mota ohikoenak; baina itsasaldeko hiri arauek eskaintzen dieten ardura bereziaren arabera, bisigua eta sardina dira sail honetako izarrik nagusiak.

Balearen arrantza (euskal arrantzaleak Ternuara eraman eta bakailao sarda aberatsak aurkiarazi zizkienak), arrantza lan guztien artean aberasgarri eta arriskutsuena da. Miarritze, Hondarribia, Mutriku, Lekeitio eta Mundaka dira bale ontziak abiatu eta porturatu ohi diren kaiak.

Gatza, arrain kontserbarako erabiltzen den gaietako bat da. Garai horretan Arabak du gatza produzitzen duten leku garrantzitsuenetako bat, Añanako Gesaltza.Burdin mearen erauzketak osatuko du, Gipuzkoan eta, batez ere, Bizkaian biltzen den euskal meatzaritzaren beste aldea. Burdin ugaritasunak mendiko ikazkintza bultzatuko du, eta burdinola eta burdingintzaren garapenak ere bai. Azken arlo honetan, Markinako armak nabarmenduko dira.

Hiriak eta hiri bizitza agertu eta garatzean, eskulangintzak geroz eta garrantzi handiagoa hartuko du Erdi Aroko euskal ekonomian. Hirigune guztiei dagokien eta gehienaz ere eskualde mailan eragina duen iraupenerako eskulangintzarekin batera, hiru oinarrizko sail nabari daitezke Erdi Aroko euskal eskulangintzan: lehen aipatutako burdingintza; oihalgintza –Durango eta Tuterako oihalak dira gailen alor honetan–; eta ontzigintza, –honen garapena arrantza, merkataritza eta nazioarteko harreman politikoen gorabeherekin lotuta dago–. XIII. mende erdialdetik aurrera, itsasontziak kodasta lema berriaz egingo dira (“baiones erara” edo “nafar erara” egina ere esaten zitzaion); horixe izan zen iparraldeko ontzigintzak Mediterraneokoari eskaini zion berrikuntza handietako bat.

Behe Erdi Aroko mendeetan, garapen handia izango du merkataritzak, alde batetik Euskal Herriko egoera berezia lagun izan zuelako (elikagai batzuen urritasuna, burdin soberakinak, itsasbideei dagokienez kokapen abantailatsua izatea), baina, bestetik, baita hobekuntzak izan zirelako ere merkataritzari dagozkion arlo guztietan: lehorreko bideak, itsas garraioa, ordainketa tresnak, e.a.

Merkatarien interesak defenditzeko, XIII. mendeaz geroztik agirietan agertzen diren elkarteak sortuko dira; horien artean, Gaztelako itsasaldeko hirien Hermandadea, zeinak 1296an Gasteiz, Santander, Hondarribia, Castro Urdiales, Getaria, Bermeo eta Donostiako hiriak elkartzen baitzituen. Hiri mailan aipatzekoa da Societas Navium Baionensium elkartea, eta Kantauri mailan, aldiz, Paduretako Hermandadea, Galiziako Bayonatik Euskal Herriko Baionaraino hedatzen dena.

Euskal lurraldeek badituzte beraien arteko elkartrukeak ere, noski (Iruñean merkaturatzen diren Baionako arraina eta gatza, esate baterako), baina merkataritza honen alderik nabarmenena bere nazioartekotasuna da.

Burdina da nazioarteko euskal merkataritzaren salgai nagusia eta, gehienetan, Flandriara eramaten dute, batez ere Bilboko portutik ateratzen den Gaztelako artilea bezala. Euskal merkatari eta marinelak sarri joaten dira, halaber, Frantzia eta Britainia Handiko mendebaleko kostaldeetara eta Mediterraneo aldean aritzea ere ez dute baztertzen, hara iristeko Iberiar Penintsula inguratzen dutelarik, bien bitartean Portugal eta Andaluzian ere salerosketak eginez.

Burdinarekin eta artilearekin batera, bestelako gai asko saldu eta erosten dituzte, elikagaiak batik bat antza denez, nahiz eta beste gai batzuk ere tartean izan, oihalak edo esklabo mairuak adibidez, egiaztaturik baitago halakoak bazirela Aragoitik etorritako armak ere saldu eta erosten diren Tuterako merkatuan.

Nahiz eta garrantzi gutxiagoko negozio mota izan, lehorreko bideak erabiliz egiten den merkataritzan ere hartzen dute parte. Horrela iristen dira penintsulako erresumetan ospatzen diren azoka eta merkatu garrantzitsuenetara, izan ere egiaztaturik baitago euskal merkatariak izaten zirela, XV. mende amaieran, Medina del Campoko azoketan.

Jarduera ekonomiko horietan oinarriturik, euskal gizarteak diru sarrera eta etekin garrantzitsuak lortuko ditu eta horien banaketa, garai horretan nagusi diren feudal mailako gizarte harremanen arabera egingo da.

 

Gizarte egitura

Erdi Aroko lehen mendeetako gizartea, nekazari gizartea bada gehienbat, mendeak joan ahala geroz eta gehiago nabarituko da hiri mailako jarduera ekonomikoen eragina.Gizarte feudalaren hierarkia buru, oinarria nekazaritzan duten jaun handikiak ageri dira, lur eta gizonen jabeak; horiek erregeen babesa jaso eta, Erdi Aroko aldi batean, gerra izango baitute eginkizun nagusia. Behe Erdi Aroan, ordea, XIV eta XV. mendeetan, jarduera horrek gorteko lanei utziko die lekua eta, zenbait kasutan, zeregin politiko-administratiboei.

Klase dominatzailea izanik ere, aitonen semeek ez dute homogeneotasunik elkarren artean, ez eta gutxiagorik ere. Oso egoera ezberdinak sumatzen dira haien baitan: lehendabizi goi mailako aitonen semeak daude; XII. mendeaz geroztik erregek emaniko “handiki” tituluaren jabe dira Nafarroan. Gaztelako koroaren lurraldeei dagokienez, XIV. mendearen bigarren erdialdean Trastamarakoak errege jargoira iritsiz geroztik egingo dute aurrera goi mailako aitonen seme horiek.

Hauen artean daude, Nafarroan, Gramont, Medrano edo Radatarrak; Erdi Aroko azken bi mendeetan, Xabier, Arellano eta gisako familia berrien lehia izango dute. Gaztelako koroari atxikirik dauden lurraldeetan, aldiz, jaurerri zabalen titularrak diren Gebara, Mendoza edo Manrike aipa daitezke.

Maila apalagoan daude kapareak, behe mailako aitonen semeak, batzuetan lurra beren eskuz lantzen dutenak, Bizkaian egiazta daitekeenez. Horien artean aipamen berezia merezi du Arabako kasuak. Arabako kapareak, talde izaera duen benetako jaurerri batean elkarturik daude, Araba edo Arriagako kofradian, eta bertako kofradi kideek beren jauna hautatzen dute. Jaun honek justiziaz arduratu eta “foru zerga” jasotzen zuen nekazari laborari eta mendekoengandik. Nekazari hauek, nahiz eta “batzarretara” joateko eskubidea izan, kapareen mende daude, kapareak baitira lur jabeak. Jaurerri berezi honek bizirik iraungo du XIII.. endean eta 1332. urtea arte, baina urte horretan, Agurain eta Gasteizko hirien mehatxuaren aurrean, erregeri eman zioten jaurerria.

Nekazarien artean ere badaude egoera ezberdinak: nekazari libreak batetik, mendekoak bestetik; baina era batera edo bestera nekazari klase hau orokorrean hartuta jaunen mende dago, haiei ordaintzen baitizkiete errentak eta zenbait kasutan lanen batzuk egin ere bai.

Gizarte feudalaren bi oinarrizko klase hauei (jaunak eta nekazariak) hiritarrak gehituko zaizkie, XIII. mendetik aurrera geroz eta indar gehiago hartzen ari baitira hiriguneak lurralde guztian. Egia da hirigune guztiek ez dutela garrantzi berbera, baina ez dago dudarik, bakoitzak bere neurrian, denek izango dituztela funtsezko eginkizunak Erdi Aroko euskal gizartearen bilakaeran.

Hiri eta hirixketan badira, jakina, aitonen seme eta nekazariak, hirien babesa edota errenta iturri edo bizibide berrien bila hara joandakoak. Baina ofiziale, merkatari eta letraduak ere azaltzen dira, beren lanbide indartsuen bitartez (eskulangintza, merkataritza edo administraritza) aberasten diren gizon libreak, beren maila soziala hobetu nahirik hiriko agintaritza kontrolatzera iritsi eta batzuetan aitonen seme ere bilakatuko direnak (horixe izaten baitzen, orduan, hirietan aberasten ziren guztien ametsa).

Araban eta Nafarroan frankoak aurkitzen dira, XII. mendeaz geroztik dauden hiri guztietan indar nabarmena dutenak. Ez dira falta, ez, Tutera bezalako hiriguneetan aurki daitezkeen musulmanak, ez eta juduak ere. Azken hauek gehiago ziren, baina beren kopurua nabarmen urritu zuten jazarpen odoltsuak jasan zituzten.

Dena dela, egotziak izan arte judu auzo nahiko garrantzitsuak izan ziren Nafarroan eta Araban, eta neurri apalagoan Bizkaian, Gipuzkoan eta Lapurdin.

XIV. mendeko krisialdiak ondorio negatiboak eta berregokitze handiak eragin zituen gizarte osoan. Krisialdi horrek hirien garapenari eta bertako handiki leinu berriei lagundu, eta lehenagoko aitonen semeei errenta iturri berriak bilarazi zizkien.

Krisialdi horrek, ordea, gatazka sozialak ere indartu zituen. Jauntxoen eta nekazarien arteko borrokak areagotu eta, jakina denez, Ahaide Nagusien arteko Gerra famatua piztu zen. Oñaztarrek eta Ganboarrek Araba, Gipuzkoa, Bizkaiaeta Lapurdin, eta Agramondar eta Beaumondarrek Nafarroan, borrokez beteko dute eskualde guztia, tirabira ugari erabakitzeko: handikien artekoak, handiki eta nekazari eta/edo hirien artekoak, edota azken hauen artekoak ere bai.

XV. mendeak aurrera egin eta krisialdiaren eraginak gainditu ahala, Ahaide Nagusien arteko borrokak ahulduz eta apalduz joango dira; hala ere, etsaigoak hain daude sustraiturik non hurrengo mendea arte itxaron beharko baita bakealdia sumatu ahal izateko.

Gerrek hondatu eta aldaketa ekonomiko nahiz sozialek nahasitako giro honetan, emakumeak bigarren mailako lekua izango du, baina ez, haatik, garrantzirik gabea gizartearen iraupenerako. Bazterturik dago aginpide eta administrazio lanetatik; hala ere, oinordekotzaren bidez hel daiteke famili eta baita leinu buru izatera ere (Zuberoa eta Lapurdin indarrean dago premutasunaren mugagabeko eskubidea). Gizartean eta familian duen protagonismoari buruz, ordea, badirudi geroz eta atzerapen handiagoa jasaten duela: familia barruan senarraren mendean dago eta, jendearen pentsamoldeari dagokionez, ez da ahaztu behar sorgin mundua, funtsean, emakumeekin lorturik dagoela.

Dirudienez euskal emakumearen eginkizun sozial nagusiak etxean kokatzen du emakumea, etxeko lanen arduradun. Kontuan hartu beharra dago, ordea, klase gizartean, klase batekoa izan ala bestekoa, emakumearen egoera ez dela berdina.

Horrela, handikien artean eta, seguraski, hirietako talde aberatsenen artean ere, emakumeak etxe barruan burutuko du bere egiteko guztia, bere agindupeko zerbitzarien buru. Baina maila apalagoko beste sail batzuetan (emakume nekazari eta eskulangileetan), emakumeak zuzenean hartzen du parte lan munduan; eta ez bakarrik bereziki “emakumezko”enak diren lanetan, okintzan esate baterako, beste lan astunago batzuetan ere bai, senarraren laguntzaile edo soldatapeko jornalaria bailitzan.

 

Elizaren antolamendua

Azkenik, kontuan hartu beharko lirateke elizaren antolamenduarekin zerikusia duten gorabeherak, izan ere antolamendu horrek gizartearen egituraketa berriro indartu eta errentaren banaketa sozialari buruzko hainbat xehetasun argitzen baititu.

Euskal Herriaren kristautzea prozesu motel luzea izan zen eta esan daiteke hiriak eraiki ziren garaian buruturik zegoela. Ordurako eraturik zegoen Elizaren administrazio antolaketa sendo bat, euskal lurraldea hainbat eliz barrutietan banatzen zuena.

Alde guztietan, funtsezko eginkizuna izango dute monasterioek kristautze prozesuan. Euskal Herriko kasuari dagokionez, aipatu beharra dago lurralde hauetan kokaturiko komentu handiak gutxi badira ere, beste garrantzitsuago batzuen mendeko erlijio etxe txikiak ugariak direla. Leire eta Iratxe, biak Nafarroan, inguruko monasteriorik garrantzitsuenak dira zalantzarik gabe; jaurerri zabalen buru izateaz gainera, mendeko etxe ugari dituzte, haien ospea eta eragina lurralde askotara hedatzen dituztenak. Orreaga, Fitero eta La Olivakoak ere komentu handiak dira, baina hauen agindupeko eremua txikiagoa da. Azkenik, komentu etxe txikiak daude, eta horien artean aipagarriena Bizkaiko Zenarruzakoa, zeina, besteak beste, apezpikuaren agintaritza onartzen duen erakunde bakarra baita Bizkaia guztian.

Monasterio hauei, Euskal Herritik kanpoko beste komentu batzuen mende dauden eliza, ermita edo priore etxeak gehitu behar zaizkie, komentu horien artean aipagarrienak izanik Oña, Donemiliaga Kukula eta San Juan de la Peñakoak.

XIII. mendetik aurrera, erlijio ordena eskaleak agertu ondoren eta hiriko bizitzaren garapenarekin loturik, frantziskotar eta domingotarren komentuak agertuko dira euskal lurralde guztian. Une horretan ia itxura harturik zegoen Euskal Herriko eliza mapa.

Erdi Aroko lehen aldian sortuko dira lehenengo eliz barrutiak, baina hauen itxura eta hiriburuak aldatuz joango dira penintsularen Errekonkistak aurrera egin, gizartearen kristautzean sakondu eta erakunde politikoak finkatu ahala. X. menderako baziren gotzain egoitzak Valpuesta, Araba (egoitza Armentian zuela) eta Naxeran, baina bi mende geroago eliz barrutiak beste batzuk izango dira. XII.. endean, Araba Calahorrakoari erantsiko zaio eta Burgoskoak, berriz, Valpuestakoaren lekua hartuko du. Hori baino lehen, XI. mendearen lehen erdialdean, Baiona eratuko da behin-betiko eliz barruti buru bezala.

Erdi Aroaren amaieran, prozesu hori guztia behin-betiko burutzen denean, zazpi eliz barruti ezberdinetan banatuko da euskal lurraldea Pirinioen Ipar eta Hegoaldean: Oloroe, Baiona, Akize, Iruñea, Calahorra, Burgos eta Tarazona.

Hala ere, horrek ez du esan nahi leku guztietan apezpikuen aginpidea besterik gabe onartzen denik. Bizkaian, apaiz eta laikoek hartaraino arbuiatzen dute gotzainen aginpidea, non apezpiku guztiei debekatu egiten baitiete haien lurraldera sartzea. Halako autogobernu nahi baten adierazpena izanik, bizkaitarren jokabide horrek badu zer ikusirik bertako handikien indarrarekin (horrela, errazago bereganatuko baitituzte elizari dagozkion errentak); badu zer ikusirik errege eta eliz justiziaren arteko aginpide auziekin ere; edo apaiz bizkaitarren borondatearekin, izan ere hauek ez dute apezpikuen epaiketarik jasan nahi, nahiago baitute gertuagoko epaileen justizia, artzapezena batik bat, merkeagoa eta laxoagoa izango zelako agian; baita zerga arloko arrazoiekin ere: apezpikuen sarrera eragotziz gero, ez baitzuten hainbat gotzain zerga (eliz zerga, bisita eta limosna) ordaindu beharrik izango. Hori guztia nahikoa ez balitz, “alkabala” izeneko zergaren salbuespena gotzaina beren lurraldera ez sartzearekin lotzen zuten bizkaitarrek eta horretan amore emanez gero errege mesede hori galduko zutela susmatzen zuten. Horrek guztiak argitzen du bizkaitarrek izandako jarreraren sendotasuna, bere horretan jarraitu baitzuten 1539 arte.Artzapez eta artzedian barrutietan banaturik (Bizkaian, esate baterako, Uribe, Bermeo, Bilbo, Lekeitio, Busturia, Arratia, Lautadako Durango, Tabira eta Orozkoko artzapez barrutiak ditugu 1445ean), elizaren antolamenduaz eta eliztarren kontrolaz arduratzen dira apezpikuak. Parrokiak dira, ostera, gizartearekin hartueman handiena duten eliz erakundeak eta, ondorioz, baita sinismen, pentsamolde eta jokabideak erakutsi edo errentak eskatzeko garaian, eginkizunik nabarmenenak dituztenak.

Eliztar guztiak daude parrokiaren batean antolatuta. Han bete beharko dituzte beren elizarekiko eginbeharrak, elizkizunetara joan eta elizari dagozkion zergak ordainduko. Era horretan, parrokiek zuzenean hartzen dute parte gizartearen antolaketan eta garrantzi handiko tresna bilakatuko dira errentaren banaketa sozialean: Elizari ordaintzen zaizkion zergen zati handi bat (zerga horietan nabarmenena hamarrena da), handikien eskura joango da eta hauek, patronatuen eta gisako erakundeen bitartez bereganatuko dituzte ordainketa horien zati batzuk, zati aldakorrak baina ia beti garrantzitsuak.

Parrokien eta parrokiekiko eskubideak bereganatzen dituzten handikien artean sor daitezkeen arazoez gainera, gatazkak ere sortzen dira errentak direla eta beraien artean lehiatzen diren parrokien artean. Eliztar gehiago edo gutxiago izateak diru sarrera handiagoak edo txikiagoak izatea dakar eta, horregatik, borroka latza pizten da hamarrenak eta gainerako zergak norberaren elizan ordainduko dituzten eliztarrak erakartzeko. Gatazka horiek eragozteko, apaizak ere antolatzen dira batzuetan, Gasteizen esate baterako, non bertako lau parrokiak elkarturik zeuden hamarrenaren banaketa denen artean antolatzeko. Baina, hiria hazten ari zenez, 1256an San Ildefonso parrokia eratu zenean, haserrea sortzen da, bosgarren parrokia hori aurrekoen lehiakide gisa agertzen baita; arazo gehiago sor ez daitezen, lehengo elkarteak bere baitan hartuko du parrokia berria hamarrenak bosten artean banatzeko.

Hamarrenak eta gainerako eliz zergek osatzen dute parrokia mantentzen duten errenten zatirik funtsezkoena. Gainera, irabazi horien zati bat gotzaindegira bidaltzeak, gotzaindegi hori eta, ondorioz, eliz egitura administratibo guztia mantentzen laguntzen du. Azkenik, handikien errenta eta, zenbait kasu eta egoeretan, erregerenak ere gehitzen dituzte, zerga horien zati bat jaunen esku eta batzuetan erregeen esku gelditzen baita. Parrokia, beraz, giltzarri garrantzitsua da ez bakarrik eliz antolamendu eta eliztarren kristau heziketaren arloan, baita Erdi Aroko gizarte antolakuntzan ere.

 

Zazpi mende Erdi Aroko euskal gizartean

882 Bixila Semeniz da Arabako kondea.

925 Belaskita, Antso Gartzea I.a Nafarroakoaren alaba, Momi, Bizkaiko kondearekin ezkontzen da.

1052 Errege Gartzea “Naxerakoak”, erromesentzat babes bat eraiki eta hornitzen du Naxerako Santa Maria la Real monasterioan.

1053 Lehen albiste idatzia Bakioko Gaztelugatxeko San Joan monasterioaz.

1082 Lope Iñiguez kondeak Bizkaiko San Bizente Ugarteko monasterioa ematen dio Donemiliaga Kukulakoari.

1043-1120 Urte hauetan, gutxi gorabehera, etorri ziren Oportoko apezpikua Hugo, aita santuaren ordekoa Bosio eta Aimeric Picaut Lapurdi, Gipuzkoa, Nafarroa eta Bizkaira (gero hirurek kontatuko dute lurralde hauei buruzko beren ikuspegia).

1180 Donostiako Forua.

1207-1213 “Societas Navium Baionensium” elkartearen araudiak.

1214 Bizkaiko Jauna, Diego Lopez de Haro II.ak, “mendeko” batzuk ematen dizkio Naxerako Santa Maria monasterioko eritegiari.

1275 Ahaide Nagusien arteko gerrak hasi ziren urtea, Lope García de Salazarren arabera.

1288 Urduñari 15 egunetako feria eman zitzaion.

1296 Gasteiz barnean zuela “Gaztelako Itsasaldeko Hermandadea” sortzen da.

1301 Bermeori asteroko feria (larunbatekoa) ematen zaio.

1315 Bizkaiko lurralde batzuek, tartean Balmaseda eta Urduña, Hermandade Nagusiari elkartzen zaizkio.

1323 Joan Ardir-ekoak Baionako itsasketa arauak ezartzen ditu.

1332 Arriagako ituna (Arabako aitonen semeen kofradiak erregeri ematen dio jaurerria).

1357 Aita Santu Alexandro IV.ak Nafarroako erregeak gantzutu eta koroatzeko baimena ematen dio Iruñeko apezpikuari.

1379 Bizkaiko jaurerriaren titulartasuna Gaztelako erregeren eskura aldatuko da.

1394 Gernikako Batzar Nagusiak Bizkaiko Hermandadearen koadernoa onartzen du.

1396 Lapurdiko Hermandadea eratzen da.

1399 Karlos III.a Nafarroakoak araudi bat ematen du olibondoen aldaketa bultzatu eta, aldi berean, landaredia babestu nahirik, zuhaitzak edo adarrak mozten dituztenei isun handiak ezarriz.

1402 Bilbon (San Antongo zubiaren ondoan) kai bat eraikitzen dela eta, horri buruzko lehen aipamena agertzen da agirietan.

1423 Handikien aurkako gatazka Oñatiko jaurerrian.

1440 Vianako printzeak kaparetasun pribilegioa ematen die Baztan haraneko biztanleei.

1448 Ganboarrek su eman zioten Arrasateri.

1457 Ahaide Nagusien arteko gerraren ondorioz, dorretxe ugari suntsitu eta alderdikide batzuk erbesteratzeko agindua ematen du Enrike IV.ak.

1457 Gorpuzti inguruan ospatzeko, 15 eguneko feria eskaintzen zaio Gasteizi.

1476 Gasteizko udal gobernuaren eraberritzea (Kalleja eta Aialatarren arteko hitzarmena).

1480 Alderdikideen lege hausteak korrejidoreek epaitu behar dituztela erabakitzen dute Errege Katolikoek.

1486 Balmasedak juduak egozten ditu.

1499 Armaginen greba Markinan.