Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Artea»Argazkigintza, zinema, komikia eta joera berriak

Sormenezko bideoa eta arte plastikoak

Una flor amarilla, Iñigo Royorena. 1989ko Bideoaldian erakutsitako bideo instalazioa.<br><br>Bideoartea edo sormenenzko bideoa 1960ko hamarraldiaren amaieran sortu zen, baina Euskal Herria ez zuen indar hartu 1980ko hamarraldiaren amaiera edo 1990ekoaren hasiera arte.<br><br>

Irudi elektronikoaren kulturaren berezko produktua da sormenezko bideoa, egungo artearen ohiko aktorea dagoeneko, protagonista nahiz bigarren mailako aktore gisa. Kontzeptu horretara biltzen dira irudi elektronikoen –bideoan edo infografian– erabilera duten jarduera desberdinak; irudi horiek artistak berak sortuak dira batzuetan, eta besteetan berriz telebista komertzialetik, dokumentaletatik edo publizitate bideoetatik hartuak, edo zinematik, eta postprodukzioan moldatzen dira ondoren, artelan guztiz pertsonalizatuak lortu arte, ohiko eskultura edo pintura baten modura.Sormenezko bideoaren araberako arte moldeak dira arte bideoa, hau da, helburu gisa artea duten bideoen produkzioa; bideo instalazioa, irudi elektronikoak ohiko instalazio batetik hartzen dituena; eta bideo eskultura, bideo-monitoreak erabiltzen dituena. Ez dira jenero ondo mugatuak, egungo ikus-entzunezko teknologia aberatsa lantzeko moduak baizik; azkenaldi honetan infografia, edo ordenagailuaren bidez sorturiko irudiak,eta «errealitate birtuala», edo ikuslea mundu artifizial batean murgiltzen duen itxurazko errealitate sentsorial anitz baten simulazioa, ikusmen, entzumen edo ukimenean eragina duten zentzumen bide desberdinei sarrera egiten diena.

Historian zehar, artistek erabili dituzte beti industriak sorturiko teknologia berriak. Hala, logikoa denez, laster bihurtu zen telebistaren eta irudi elektronikoaren mundu liluragarria ere jakinminestetikoaren helburu, batez ere teknologia hori erraztu eta, 1970eko hamarraldian, videotape edo bideo eramangarrien bitartez zabaldu zenean. Bestalde, teknologia berri hura hedatu zenean, puri-purian zeuden «kontrakultura» eta arte objektuen produkzio tradizionalaren (grabatuak, pinturak, eskulturak, eta abar) aurrean alternatiba berriak eskaintzekotan zeuden abangoardia berriak. Egoera horrek bultzatu baizik ez du egin sormenezko bideoaren mundu berezia, arte tradizionalaren alternatiba gisa. Zinemagile ospetsu batzuk, Godard eta Antonioni esate baterako, sormenezko bideoaren bideetatik abiatu ziren produkzio eta banaketa etxe handien esku zegoen industria zinema garestiaren alternatiben bila.

Zenbaiten arabera, etxeko telebista guztiz zabalduaren lekua hartuko zuen sormenezko bideoak; halako helburu utopikoa erabili zuten, esate baterako, New Yorkeko Guerrilla Television taldekoek. Azken batean, bazirudien sormenezko bideoa gai izango zela abangoardia ahituak indarberritzeko. Baina abangoardien krisiaren benetako muina ez dago, hain zuzen ere, erabiltzen dituen bitartekoetan, baizik eta abangoardiek bultzatzen dituzten balio ideologikoetan; horrenbestez, teknologia berriak arte tradizionalei beste alor bat eranstea baino ez du lortu (Vostell eta Nam June Paik sortzaileen lana azpimarratu beharra dago zentzu horretan).

Bestalde, zeregin dokumental guztiz garrantzitsua jokatu du bideoak body-art moldeko artisten (Gilbert and George, Ana Mendieta edo Gina Pane) obra ilaunen denbora errealeko errejistroei eta haien «hilezkortasunari» bide emanez. Teknologiaren pisu handiegia da egun ere bideoaren muga handiena. Holografiak eta infografiak artearen bizkorgarri itxaropentsuak ziruditen, baina oraindik ez dira efektismo teknologikoaren maila baino harantzago igaro. Bestalde, Internet bezalako mundu sareak jardun betean dira dagoeneko, eta izugarri handitu da haien bidez era guztietako materialaketa informazioak konbinatzen dituzten «museo birtualak», obra elkar eragileak eta hipertestu konplexuak eskaintzeko aukera. Duela gutxi pentsaezina zen hori guztia.

Egungo artearen beste joera batzuek egin duten bide bera egin du euskal sormenezko bideoak ere: oso berandu iritsi zen gurera –hemen ezagutzen ez diren Ramón de Vargas aitzindari bizkaitarraren lanak alde batera utzirik–, eta arte joera gisa 1980ko hamarraldiaren erdialdea arte ez zen sendotu. 1972an egungo artearen inguruan Iruñean prestatu ziren topaketen porrotak –Nam June Paik zen haietan parte hartzekoa–, atzeratu egin zuen bestalde sormenezko bideoaren ezagutza.

Bilboko Udal Aurrezki Kutxaren Kultura Aretoan egin ziren, itxuraz, sormenezko bideoaren inguruko lehen urratsak, José Ramón Morquillasen gidaritzapean.

Txupi Sanz, Juan Luis Goenaga, Javier Urkijo eta Roscubas anaien lan batzuk aurkeztu ziren han. Lehen saio haiek ez zuten segidarik izan, baina Txupi Sanzek eta Iñaki Bilbaok bideoa erabili zuten ARTEDER-81ean aurkeztu zuten obraren osagarri gisa.

1981ean egin ziren sormenezko bideoaren lehen saio serioak, Kataluniako arte bideoa erakusteko Iruñean antolatu zen sailaren ondoan. Hurrengo urtean antolatu zen Donostian Lehen Nazioarteko Bideo Erakustaldia, Zinemaldiaren barruan, eta beste bi antolatu ziren 1982an eta 1983an.

Garrantzi handiko erakustaldiak izan ziren haiek, euskal bideo sortzaile onenen lanak ikusteko parada eskaini baitzuten.

Juan Carlos Eguillor artista grafiko ezagunak Bilbao la muerte bideoa aurkeztu zuen 1983an; atzerrian aintzat harturiko lehen euskal bideo sortzailea izan zen Eguillor. Menina, ordenagailuan landuriko irudiei sarrera egiten zien lana, aurkeztu zuen 1986an.

Urte hartan bertan erakutsi zen lehen euskal bideo-eskultura, El lavabo izenekoa, Mikel Arce eta Isabel Hergueraren obra: konketa arrunt bat eta, ispiluaren ordez, bideo jakin bat azaltzen duen monitorea. Isabel Herguerak Alemanian eta Estatu Batuetan zabaldu zituen gero bere ikasketak, eta 1984an Lavomatic obra aurkeztu zuen, lehen lanaren izpiritu pop umoretsu bertsuan girotua.

Arte bideoa ere landu du (hau da, bideo-kaseterako lanak): Txalaparta (Düsseldorf, 1986- 87) eta Spain Loves You (Düsseldorf, 1988), gizarte konbentzioen aurkako lan autobiografikoa.

Arte bideoaren alorrean aipagarriak dira José María Zabala pintorea (El crimen de Hernani, 1983); Gerardo Armesto, paradoxa eta aporia geometrikoen inguruko lanetan infografia ere erabili duena (Disfraces para un cubo, 1985; Un velo de tres dimensiones, 1986); Iñigo Salaberría (Birta Myrkur, 1987); Antonio Herranz (Uts, espacio circular vacio, 1987); Armando Dolader (Detrás de la ciudad, 1989); Koldo Gutiérrez (Bilbok txuri beltzez usaintzen du, 1987); Ana Barandiarán (Pakristal Islamabad); Miguel Gutiérrez (Adios Lili Marlen, 1987), eta Iosu Venero (Márgenes, 1987). Gasteizko Udalak bultzaturiko Irudi eta Teknologia Berrien Zentroaren etaEHUko Arte Ederretako Fakultatearen Bideo Sailaren ekinak jarraipena eman dio Euskal Herriko sormenezko bideoari. Bideo instalazioen alorrean mugitu dira bereziki Iosu Rekalde, Gabriel Villota eta Estíbaliz Sádaba, Javier Díaz, Iñigo Royo, María Seco, Koldo Aginagalde, Kike Suárez, Koko Rico, Jesus Iturriza, Iñaki Vesga eta Juan Carlos Fernández.

Iñigo Salaberría etaFrancisco Ruiz Infante izan dira eragin eta arrakasta handiena izan duten artistak, ikus-entzunezko produkzio eremuetatik kanpo eta inoizko esperimentuetatik edo funtzio dokumentaletatik harantzago joanda. Sormenezko bideoaren mundu zabalak eremu oparoa eskaintzen die egungo artean hain gogokoak diren irudi eta obra multisentsorial, alegoriko eta media-anitzei.