Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

ONCEk euskarazko 85 literatur lan egokitu zituen iaz


Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzarekin 2008an sinatutako lankidetza-hitzarmenaren fruitua da.

Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eta ONCEk (Espainiako Itsuen Elkarte Nazionalak) 2008an sinatu zuten lankidetza-hitzarmenaren balantzea egin dute. Hitzarmen horren helburu nagusia euskaraz bizi nahi duten eta, kasu honetan, ikusmen urritasuna duten herritarrei euskarazko liburuak eta edukiak eskura jartzea da, herritar horien hizkuntza-eskubideak bermatze aldera.

ONCEk iaz, euskarazko 85 literatur lan Braille sistemara eta Daisy formatura egokitu zituen. Besteak beste, Mariasun Landaren Festa aldameneko gelan, Iban Zalduaren Traizioak eta Anjel Lertxundiren Ihes betea. Dagoeneko, 300 obra inguru egokitu eta jarri dituzte ikusmen urritasuna duten euskaldunen eskura. Literatur lanez gain, ikusmen urritasuna duten pertsonek erabiltzeko baliabide informatiko berria ere aurkeztu dute: Elhuyar hiztegi elektronikoa.

2009an ONCEk Louis Brailleren jaiotzaren bigarren mendeurrena ospatuko du, Nazioarteko Braille Urtea. Louis Braillek asmatu zuen erliebezko sei puntuz osatutako irakurri eta idazteko sistema.

Azken eguneratzea: 2009/02/13