Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Euskararen Aholku Batzordea
EUSKARAREN KALITATEA. ZERTAZ ARI GAREN, ZERGATIK ETA ZERTARAKO


Euskararentzat alor, eskualde eta hiztun berriak irabaztea, euskara albait gehien hedatzea izan da orain arteko kezka nagusia. Hedatze-lanean egitekoak handi dira oraindik, baina kezka horri beste bat gehitu zaio azkenaldian: euskararen kalitateari buruzkoa. Euskararen Aholku Batzordearen argitalpen honek gai horixe du aztergai. Besteak beste, hemendik aurrera egin beharreko pausoak zehaztea du asmo.

 

Euskararen Aholku Batzordearen eskariz Kike Amonarrizek, Andoni Egañak eta Joxerra Garziak egin duten gogoetaren ondorio da euskararen kalitateari (pdf, 192KB) buruzko lan hau. Gaiari buruzko kezka, izan ere, zabaltzen ari da. Liburuan esaten denez, hala ere, egoera minoritarioan dagoen hizkuntzaren hedatzeak beti dakar haren kalitatearen galera, nola-halakoa bada ere.

Egia da 1997az gero kalitateari buruzko kezkak indar hartu duena. Urte horretakoak dira, adibidez, Ibon Sarasolaren Euskara Batuaren ajeak eta Juan Garziaren Joskera Lantegi. Harrezkero, berriz, idazle eta pentsalari askok egin diote ekarpena eztabaidari.

Kalitateari buruz jardun arren, irudi luke egile guztiak ez direla ari gai beraren inguruan. Izan, kalitatea kontzeptu lauso eta nahasia da hizkuntza-kontuetan. Ondorioz, lehenengo atalean, kontzeptua zehaztetik ekiten dio argitalpen honek eta, horretarako, Ibon Sarasolaren eredua hartuko du oinarri (Zuzentasuna, Jatortasuna, Egokitasuna), moldapenak gorabehera. Egileen arabera, egokitasuna da kalitatea, eta, betiere, aurreko biak baino aldakorrago den hizkuntza izango du emaitza (xedea, audientzia, hiztunaren hizkuntza-gaitasuna...).

Bigarren atalean, hizkuntza-kalitatearen inguruko datuak aurkezten zaizkigu, horien gaineko hausnarketak ere erantsiz. Daturik nabarmenena, azken bi belaunaldietan euskararen hizkuntza-komunitateak bizi izan dituen egiturazko aldaketak: belaunez belauneko transmisioaren kinka, ezagupenaren eta erabileraren arteko aldea, euskara batuaren sorrera... Horrekin batera, beste zenbait jakingarri; horien artean, euskararen ezagupenari, transmisioari, erabilpenari, adierazpen-gaitasunari eta besteri buruzko datu eta oharrak.

Hirugarren atalean, kalitatean eragiten duten esparruei buruz ari dira egileak. Hasteko, baieztapen zehatza irakurriko dugu: "Erabilera bera da hizkuntza ikasteko modurik egokiena eta ezagupena finkatzeko eta sozializatzeko berme nagusia". Beraz, erabilera-esparruak irabazi beharra du euskarak, kalitatezko hizkuntza izango badugu. Horrek, jakina, hizkuntzaren normalizazioa esan nahi du: euskararen lege-babesa, belaunaldi berriek euskaraz jakingo dutela bermatzea, eta hizkuntza-normalizazioaren aldeko jarrera zibiko-politikoa. Liburuan, sektorekako azterketa egiten da (familia, hezkuntza-sistema, hedabideak, teknologia berriak...), eta batean eta bestean ageri diren ahuluneak seinalatzen dira.

Laugarren atalean, azkenik, arlorik arloko proposamenak eta lan-ildoak bildu dira. Horietan, orokorrak dira batzuk (euskararen lege-babesa, adibidez), motibazioari dagozkionak beste batzuk, familiari eta ingurune hurbilari zuzendutakoak hurrenak eta, horiekin batera, beste zenbait, jardun-esparru nagusiak gogoan hartu nahirik: hezkuntza-sistema, hedabideak, teknologia berriak eta euskarazko edukien sorkuntza...

Era zehatz bezain ordenatuan antolaturik datozen proposamen eta lan-ildoekin batera, berriz, hainbat orientabide ere eskaintzen dira, esparru bakoitzean ari diren eragile eta arduradunek nondik nora abiatu zuzen jakiteko.

Liburuaren aurkibidea

  • Sarrera
  • Aurrekariak: kantitatetik kalitatera
  • Kalitatea zer den 
  • Hizkuntza kalitatearen inguruko datuak eta hausnarketak
  • Hizkuntza kalitatean eragiten duten esparruak 
  • Proposamenak eta lan-ildoak

Liburuaren ezaugarriak

  • Egilea: Euskararen Aholku Batzordea
  • Hizkuntza: Euskara / Gaztelania
  • Argitaletxea: Eusko Jaurlaritza - Kultura Saila. Gasteiz
  • Urtea: 2004
  • Orriak: 56
  • ISBN: 84-457-2145-3
Azken eguneratzea: 2005/07/21