Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Joan I Marí, Bernat
Hizkuntza jarrerak lantzen. Treballar Actituds Lingüístiques.


Hiru oinarri ditu hizkuntza-ikaskuntzak. Hizkuntzaren kodeaz jabetzea dugu lehena; bigarrena, erabilera-esparruak egotea, esparru akademikoan ikasi dena erabiltzeko; eta, hirugarrena, hizkuntza ikasteko jarrera egokia. Hain zuzen, hizkuntza-jarrerak nola landu behar diren ikertzen jardun du Bernat Joan i Marik liburu honetan; hizkuntza-curriculumak diseinatzerakoan, askotan bazterrean utzi izan den gaia baita berau.

Hizkuntza ikasteko jarrera egokia behar da, aldekoa. "Inork ez du ikasten ikasi nahi ez duen hura", dio Bernat Joan i Marik liburu honen sarreran. Ondorioa iturriko ura bezain garbia da: hizkuntza bat ikasteko, gogoa edukitzea da ezinbesteko lehen baldintza.

Gogoan hartu beharrekoa da gutxitze-prozesua jasan duen edozein hizkuntzak lanak izango dituela ikasleen jarrerari dagokionean, ez baitu gogo onez ikasiko. Erabileraren esparruan ere oztopoak izango ditu hizkuntza gutxituak, ikasitakoa ez baitu erabiliko hiztunak, eguneroko bizimoduan eta normaltasunez. Joan i Marik zera adieraziko du, ondorioz: "Argi dago badela elkarrekintza bat hizkuntza-jarreren eta hizkuntzaren erabilera normal eta anormalaren artean. Inork ez dauka jarrera txarrik erabat normalizatuta dagoen hizkuntzarekiko".

Liburu honetan gai horiei buruzko hitzaldi eta txostenak bildu dira. Lehenengoa, Nola landu hizkuntza-jarrerak du izena. Bertan, zenbait arau ematen dira hizkuntza gutxituekiko (zehatzago, katalanarekiko) jarrera txarrak dituztenekin lan egiteko, bai eta hizkuntza "handituekiko" jarrera txarra dutenekin ere; izan ere, egilearen arabera horixe baita, izan ere, hainbat gaztelaniadunek, edota frantsesdunek, Herrialde Katalanekiko duten chauvinismoa.

Bigarren txostenak honako izenburua du: Koordinatzaileak eta hizkuntza-normalkuntza bigarren hezkuntzako eta batxilergoko irakaskuntzan. Bertan, koordinatzaile linguistikoen lana aztertzen da, bi ikuspegitatik: batetik, hizkuntza-koordinatzaileek eta normalizazio-batzordeek ikastetxeetan egin behar duten lana, hizkuntza-proiektuak ebaluatu eta egokitzeko, batez ere; bestetik, hizkuntzen tratamendua, legearen arabera sartu beharrekoa ikastetxe bakoitzaren hizkuntza politika diseinatzeko.

Hurrengo atalak Nola neurtu eta objektibatu hizkuntza-gaitasuna izenekoak, ikasleen hizkuntza-gaitasuna ebaluatzeko irizpideak eman asmo du. Emaitza positiboak lortzea da beti helburua; ordea, egileak ohartaraziko duenez, "tresnak eduki behar dira horiek [emaitza positiboak] modu objektibo samarrean neurtzeko".

Azkenik, laugarren txostena dugu: Soziolinguistika-lana gelan: batxilergoko bigarren mailako proposamena. Lanaren helburua esperientzia bat kontatzea omen zen, batxilergoko bigarren mailan egindakoa, ariketen bidez norberaren hizkuntza-jarreretan eragiteko asmoa zuena. Bertan, hizkuntza-jarrerei buruzko Thurstone eskala nola egin zuten kontatzen da: hau da, nola sortu, erregularizatu, egin, hustu eta interpretatu zuten.

Bernat Joan i Marik hizkuntza-ikasleen jarrerak hobetzeko proposamenak egin dizkigu liburuan, ohartarazpen zuhur bat gogoan: "jarrerak hobetu behar dira hizkuntza ikasteko. Izan ere, jarrerak hobetzea oinarrizko tresna izango baita hizkuntza-gaitasunean ere hobekuntza lortzeko".

Aurkibidea:
  1. Hitzaurrea
  2. Nola landu hizkuntza-jarrerak? Bigarren hezkuntza eta batxilergorako proposamen bat
  3. Koordinatzaileak eta hizkuntza-normalkuntza bigarren hezkuntzako eta batxilergoko irakaskuntzan
  4. Nola neurtu eta objektibatu hizkuntza-gaitasuna?
  5. Soziolinguistika-lana gelan: batxilergoko bigarren mailako proposamen bat
Liburuaren ezaugarriak:
  • Hizkuntza: Euskara
  • Argitaratzailea: Eusko Jaurlaritza, Vitoria-Gasteiz.
  • Urtea: 2006
  • Orriak: 76
  • ISBN: 84-457-2469-X
Azken eguneratzea: 2006/12/29