Azken eguneratzea: 2011/02/10
Liburutegi arteko elkarlanerako Kontseiluak lehenengo aldiz elkartu da Euskadin
Blanca Urgell Eusko Jaurlaritzako Kulturako sailburua eta Mercedes Elvira del Palacio Kultura Ministerioko idazkariordea Liburutegi arteko elkarlanerako Kontseiluaren bilerako buru izan dira, Kontseiluak Euskadin egin duen lehenengo bileran. Osoko bilkuran ordezkatuta daude liburutegien eskumenak dituzten eta titularrak diren administrazio publiko guztiak, bai eta arlo horretan garrantzi berezia duten entitate pribatuak ere.
Otsailaren 9an eta 10ean, Liburutegi arteko elkarlanerako Kontseiluaren eta beraren gainerako organoen urteko ohiko bilera egiten ari da Gasteizen. Organo horiek dira: Batzorde Iraunkorra, elkarlanerako batzorde teknikoak eta lantaldeen koordinatzaileak. Kontseiluaren egitekoa da jarraipena ematea, instituzionalizatzea eta zabaltzea Kultura Ministerioaren eta autonomia erkidegoen Liburutegi arteko elkarlanerako Jardunaldietan, 1997tik 2007ra, egin den lana.
Aurtengoa Kontseiluko organoek batera egiten duten laugarren bilera da. Lehenengoa Jacan izan zen, 2008an; bigarrena Kordiban, 2009an, eta hirugarrena Valladoliden, 2010ean. Urteko bilera honetaz gainera, Kontseiluko organoek lanean dihardute urte osoan zehar bilerak egiten eta elkalanerako webaren egoitzan.
Liburutegi arteko elkarlanerako Kontseilua funtsezkoa da Espainiako Liburutegien Zerbitzuan. Izan ere zerbitzua oinarritzen da sistemen arteko elkarlanerako harremanetan, Espainiako liburutegi, sistema, sare eta partzuergo guztien garapena helburu, eta Estatuan kalitateko liburutegi-zerbitzu publikoaren sarbidean berdintasuna sustatzeko. Xede horiek lortzeko, liburutegi-zerbitzuak garatzeko egokiak izan daitezkeen ekintza-planak aztertu eta erabakitzen dira Kontseiluan, esate baterako bildumen hobekuntza, digitalizazioa, jabetza intelektuala, ondare bibliografikoa, erabiltzaileentzako zerbitzuak eta abar.
Liburutegi arteko elkarlanerako Kontseiluaren definizioa Irakurketa, liburu eta liburutegien ekainaren 22ko 10/2007 Legearen 15.2 artikuluan dator: “administrazio publikoen arteko liburutegi-kooperazioa bideratuko duen administrazioarteko organoa”. Haren osaera, eginkizunak, antolamendua eta funtzionamendua Liburutegi arteko elkarlanerako Kontseiluaren araubidea onartzen duen azaroaren 30eko 1573/2007 Errege Dekretuan araututa daude. Presidentea Kultura Ministerioko idazkariordea da, eta bertako bolakek liburutegien eskumenak dituzten edo titularrak diren administrazioak ordezkatzen dituzte: Estatuaren Administrazio Orokorra, autonomia erkidegoak, toki-entitateak eta unibertsitateak. Liburutegien askotariko tipologia, bestalde, elkarlenareko bost batzorde teknikoetan islatzen da, bat liburutegi mota bakoitzarentzat: nazionalak eta eskualdeetakoak, publikoak, eskoletakoak, unibetsitateetakoak eta espezializatuak.