Segurtasun Saila

Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak arrakastaz testatu dute Bizkaiko hondartzetako larrialdiei erantzuteko zerbitzuen koordinazioa

Argitalpen-data: 

Gaur goizean Arriatera-Atxabiribileko hondartzan egin den simulakroan hondartzetan izaten diren gorabeherei erantzuteko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren baliabideak mobilizatzeko eta koordinatzeko prozedurak probatu dira. Simulakroa hondartzak kudeatzeko Foru Aldundiaren sistema integratuaren exijentzien baitan egin da, bere helburua Bizkaiko hondartzen kalitate eta ingurumen baldintzak etengabe hobetzea izanik.

Ariketan bi pertsona erreskatatu dituzte itsasotik eta isurketa kutsagarri bat kontrolatu eta garbitu dute.

Sopela, 2019ko ekainak 12. Bizkaiko Foru Aldundiko Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Sailak eta Eusko Jaurlaritzak arrakastaz burutu dute gaur Sopelako Arriatera-Atxabiribileko hondartzan egindako larrialdi-simulakroa. Ariketan bi pertsona erreskatatu dituzte itsasotik eta isurketa kutsagarri bat kontrolatu dute. Jarduketa honek erakutsi du bi erakundeek zuzendutako larrialdi-zerbitzuen arteko koordinazioa ona dela eta Bizkaiko hondartzetan aplikatzen den kudeaketa-sistema integratuaren exijentziei erantzuten diela. Kudeaketa-sistema honek kalitate eta ingurumen baldintzen etengabeko hobekuntza du helburu, batez ere garbiketa eta salbamendu eta sorospen zerbitzuei dagokienez.

Ariketa 11:30ean hasi da, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren aldetik Istripuen prebentzio, Sorospen eta Laguntza Zerbitzuak, hondartzainek eta garbiketa eta mantentze lanetako zerbitzuak parte hartu dute; Eusko Jaurlaritzaren aldetik, berriz, Segurtasun Saileko Ertzaintzaren Zuzendaritzak eta Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak, eta Osasun Saileko Osasun Publikoaren eta Emergentziak-Osakidetza zerbitzuek; eta Sopelako Udalaren aldetik Udaltzaingoak. 

Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Heredia eta Iraunkortasuna eta Ingurumena Zaintzeko diputatu Elena Unzueta izan dira gaur egun Larrialdiei Aurre Egiteko Sisteman ezarrita dauden informazio, esku-hartze eta koordinazio neurriak eta prozedurak testatzea eta ezartzea helburu zuen simulakroan.

 

Jarduketa

Simulakroaren hasieran, Euskadiko Larrialdiak Koordinatzeko Zentroak, SOS Deiak Zerbitzuak, herritarren hainbat abisu jaso ditu hondartzaren mendebaldean bi bainulari laguntza eske ari zirela esanez. Zentroak berehala jarri du abian itsasbazterreko salbamendu-operatiboa, eta Larrialdiei Aurre Egiteko Euskal Sistemako hainbat zerbitzu operatibo mobilizatu ditu.

Handik hiru minutura, Getxoko Ertzain-etxeko herritarren babeserako patruila batek egiaztatu du uretan zeuden bi pertsonak arazoak zituztela eta hondartzara hurbiltzen ahalegintzen ari zirela.

Ondoren, ohartarazi da hondartzan zikinkeria, orbanak, ikusten direla. Informazio hori SOS Deiak zerbitzuari eman zaio eta berehala pasatu du abisua Bizkaiko Foru Aldundiko Arriatera-Atxabiribil hondartzako Istripuen prebentzio, Sorospen eta Laguntza Zerbitzura, hondartzak garbitzeko zerbitzura eta hondartzainen zerbitzura eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoaren Zerbitzura.

Era berean, mobilizatutako zerbitzu operatiboen arduradunek osatutako aginte-postu aurreratu bat jarri da hondartzako udaleko sorospen-postuaren ondoan.

Ertzaintzaren helikoptero batek erreskatatu du bi pertsonetako bat uretatik, eta bestea uretan bertan artatu dute Foru Aldundiarentzat Gurutze Gorriak eskaintzen duen Istripuen prebentzio, Sorospen eta Laguntza Zerbitzuko langileek, eta, ondoren, ur-ertzera eraman dute suspertzeko maniobrak egin ahal izateko.

Bestalde, isurketaren jatorria aurkitu dutenean, foru-erakundeko zerbitzu horretako langileek eta hordartzainek balizatu dute kutsadura-arriskuko eremua, eta SOS Deiak zerbitzuari jakitera eman diote isurketaren jatorriarekin, kutsadura-motarekin, ondorioekin, neurriekin, ezaugarriekin eta izan zitzakeen eraginekin zerikusia duen informazio guztia.

Ondoren, Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoaren arloko teknikariak hurbildu dira isurketak 2019ko udaldian erabiltzaileen bainuan edo hondartzako jolas-jardueretan izan dezakeen eragina baloratzeko. Bizkaiko Foru Aldundiko garbiketa-zerbitzuek kontrolatu dute eta garbitu dute kutsadura-fokua, eta Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Sailak ezarritako prozeduren arabera tratatu dute kutsatutako eremua.

Behin simulakroan zehaztutako agertokia ziurtatu eta leheneratuta, Larrialdiei Aurre Egiteko Euskadiko Koordinazio Zentroak, SOS Deiak, amaitutzat eman ditu jarduera eta ariketa.