Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

txerto

iz. Landare baten enborrean edo adar batean txertatzen den beste landare baten adarra. || Pertsona edo animalia bati gorputzean sartzen zaion birus ahuldua, dagokion ermanuinaren kontrako kutsagaiztasuna ematen diona.  v  Txertoa historian zehar. Jenner-ek ingeles medikuak prestatu zuen, 1796an, lehenbiziko txertoa, baztangaren aurkakoa (ik. Jenner, Edward). Pasteur-ek aurkitu zuen indargabetutako mikrobioez prestaturiko txertoa, berak eginiko arrabiaren aurkako txertoa prestatzerakoan (ik. Pasteur, Louis). 1895ean Calmette, Haffkine, Shiga eta Besredka-k izurriaren aurkako txertoa lortu zuten, eta, XIX. mende bukaeran baita ere, Ferrán, Haffkine, Kolloe eta Castellani-k, koleraren aurkakoa. Lehen Mundu Gerran, Chantemesse, Widal eta, geroxeago, Vincent-en lanei esker sukar tifoidearen aurkakoa aurkitu zen. 1923an, Gaston Ramon-ek lortu zuen lehenbiziko anatoxina (indargabetutako toxina, antigeno izaten jarraitzen duena), eta, horretan oinarriturik, difteriaren eta tetanoaren aurkako txertoak prestatu ziren. 1926an, Ramonek berak frogatu zuen, Zoeller-ekin batera, txerto elkartuen baliogarritasuna. Tuberkulosiari dagokionez, eta Koch-ek bazilo eragilea bakartu zuenetik haren aurkako txertoa bilatu bada ere, Calmette-n eta Guérin-ek 1906an lortutakoa izan da nola-halako emaitzak izan dituen bakarra. Salk-ek, 1955ean, poliomielitisaren aurkako lehenbiziko txertoa prestatu zuen, baina Sabin-ek lortutakoak (indargabetutako birusak erabilita) emaitza hobeak izan ditu, eta hori erabiltzen da gaur egun gehien. Berriagoak dira elgorriaren aurkakoa (oraindik ere frogatzen ari dena) eta gripearen aurkakoa. ik. mentu.