Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Aral itsasoa

Garai batean munduko lau aintzira handienetakoa izan zen. Bertan isurtzen dira Sir Daria ibaia iparraldean, eta Amu Daria hegoaldean, baina azken hamarraldietan ibai horiek agortzen ari dira, bertako urak nekazaritzako lurrak ureztatzeko erabiliaren erabiliaz. 1980ko hamarraldiko zenbait urtetan, adibidez, ibai horietatik ia batere urik ez zen isuri Aral itsasora, eta horren ondorioz 1960az gero Aralen ur bolumena % 70 inguru murriztu da, eta 1988. urtean bi zatitan banatuta gelditu zen: Aral Itsaso Handia, Amu Dariaren ura jasotzen duena, eta Aral Itsaso Txikia, iparraldean, Sir Daria isurtzen den partean. Ur bolumena murrizteaz gainera, hiru halakotu egin da aintzirako uraren gazitasuna, eta horrek kalte handiak eragin ditu bertako animalietan eta landaredian. Arrantza ere erabat desagertu da, eta garai batean aintzira ertzetan zeuden herri eta hiriak, adibidez Aral’sk eta Muynak, uraren ertzetik zenbait kilometrora daude orain. Bestalde, aintzira lehortu izanaren eraginez garai batean aintziraren hondoa zen lurretan gatza pilatuz joan da, eta haizeteak gertatzen direnean Sobietar Batasun ohian kalteak eragiten dituzten gatz eta hauts ekaitzak sortzen dira. 1990 inguruan Aral Handiak 33.500 km2 inguruko eremua hartzen zuen eta 3.000 km2-ko eremua zuen Aral txikiak; 1992. urterako, berriz, bien artean hartzen duten eremua 33.670 km2-ra jaitsi zen. Egoera horri aurre egitearren hitzarmen bat sinatu zuten 1994an Kazakhstan, Kirgizistan, Tadjikistan, Turkmenistan eta Uzbekistanen artean, beren aurrekontuen parte bat aintzira babestera bideratzeko eta ureztatze lanetarako uraren erabilera murrizteko.