Blanca Urgell Eusko Jaurlaritzako Kulturako sailburuak Kulturklik Kulturaren Atari Interaktiboa aurkeztu du prentsaurrekoan. Espazio digital berri bat da, herritarren, sortzaileen eta kultura-bitartekarien zerbitzura egongo dena, Euskadin kulturarekin loturiko jarduera guztien topagune eta erakustoki.
Legegintzaldiaren hasieratik bertatik, Kultura Sailak planteatu zuen kulturaren atari interaktibo baten garapena bultzatuko zuela, elkarrentzako plataforma ireki bat izan dadin, eragile guztien parte hartzearekin, kultura adierazpideak zabaltzeko eta balizko merkaturatzerako eta bai komunikazio eta elkarrekintzarako bide berrietara egokitzen diren balio-edukiak ere hedatzeko, beti ere elkarrizketan eta ikuspegi ireki batean oinarrituta eta sortzaileek beren lanarekiko dauzkaten eskubideei eta herritarren eskaerei zor zaien errespetuarekin.
Kulturklik, hortaz, herritarren, sortzaileen eta kultura-bitartekarien zerbitzura egongo den gune digitala izango da, Euskadiko gertakari kultural guztien ikuspegia emateko elkargune eta erakustoki moduan. Jasangarritasuna bilatzen duen egitasmoa da, gizarte digitalak eta teknologia berriek dakarzkiguten desafioetara etengabe egokitzeko asmoa duena. Ez du, inola ere, jada sortu eta martxan dagoen ezer ordeztu nahi.
Erabiltzaile guztien parte hartzea sustatuko du; komunikazioa bide, kode eta estandar irekien bitartez gauzatzeko modua bultzatuko du, eta, ahal den guztietan, software libreaz jardungo du. “Adeitasun-arau” batzuk aplikatuko ditu, eta bertako eduki guztiak arrazoitutako kritikan funtsatuko dira. Elebitasun praktikoa aldezteko garrantzia azpimarratuko du, informazio-iturrien eta erabiltzaileen hizkuntza-aukeraketa errespetatuz (euskara eta gaztelania).
Urgell sailburuaren esanetan, “Herri honen aberastasun kulturala hobekien islatuko duen leihoa izan nahi dugu. Sortzaile, industria, kulturguneen zerbitzuan dagoen leiho bat eta, aldi berean, herritarrak kulturara hurbilduko dituena”. Baliabideak biltzeko zeregin horretan, sailburuak bereziki eskertu du hedabideek lehenengo fase honetan egin duten ahalegina, paper aktiboa jokatu baitute. Zehazki, Argia, Berria, Diario Vasco, EITB, El Correo, El Mundo eta El País. “Kulturklik-ek zabalduko dituen albisteen zati handi bat iturri horietatik etorriko da, eskuzabaltasunez ulertu dute-eta proiektu honen esanahia eta bertan aktiboki parte hartzeko nahia erakutsi baitute”, azpimarratu du.
Atarian lau ardatz definitu dira: agenda, Euskadiko kultura-jarduera guztiak bilatzen saiatuko dena; albisteak, kultura-informazioaren berri jasotzeko; ezagutza, sortzaile eta industrien eskura egongo den gunea, laguntza, direktorioak, balio-txostenak eta abar jasotzeko; eta edukiak, Euskadin agertzen diren eremu eta euskarri guztietako sorkuntzaren emaitzak erakutsiko dituena. Lehenengo aurreikuspenen arabera, Kulturklik-ek aurten 22.000 eduki jasoko ditu. 15.000 agenda-ekintza, 4.000 albiste, 1.500 ezagutza-eduki eta 1.500 kultura-eduki.