Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

2002ko Gure Artea Sariak



Zoria eta premia, heziketa eta atsedena

Gure Artea

Gaur egungo artean hedatuenen dauden leku arruntetako batek haren azkartasuna erakusten du. Industriaurreko gizartearen aldean (erritmo geldikoa eta ziklo luzeetakoa zen hura), modernitateak kontzientzia urduria ezarri zuen, etengabe aurrerantz ihes egin beharra; eta horrek zera dakar: artearen eta kulturaren esparruan egindako berritasun oro ia berehala zaharkitzea. Baina, agian, azalaren azpian, aldaketa erritmo hori ez da hain bizia; beharbada, arrastoei jarraituz gero, haren gelditasunaren erritmo patxadatsua aurkituko dugu. 1965ean, Donald Judd-ek zera esan zuen harrituta, bere baitako atsegina bestela bezala agertu nahi izan gabe eta haren berritasunaz jabetuta: “Artelan berrien erdia baino gehiago, azken urteotako lanik onenak, ez dira ez pintura ez eskultura”. Eta Douglas Crimp kritikariak, hamabost urte geroago, ia gauza berbera esan zuen berriz, bera ere haren berritasunaz konturatuta: “Hirurogeita hamarreko hamarkadaren hasieratik egin diren artelanik interesgarrienak gizabanakoaren artetik kanpo edo horien artean daude, eta, beraz, baliabide guzti-guztiak zentzugabekerian galdu dira, kategoria horien zerizanek eta mugek osatzen baitute proiektu modernoa bera”. Paradoxikoki, artearen esparruko berritasun biziek, gerora ere, berritasun izaten jarraituko zuten denbora luzez, eta dirudienez, arte-sorkuntzaren erritmo sakona zirudiena baino geldiagoa zen.

Duela berrogei urte aditzera emandako hibridazio-egoera hori, alabaina, ez da soilik baliozkoa egungo arteari dagokionez eta, beraz, erakusketa honetako artelan gehienei dagokienez; aitzitik, eta gertaera jakinak alde batera utzita, garaiko ezaugarri egonkorretako bat dela dirudi. Hirugarren aipu batek ere, antzeko beste hainbaten artean hartuak, berretsi egiten du ideia hori. Hara zer idatzi zuen Ad Petersen komisarioak ’60-’80 Attitudes/Concepts/Images erakustaldiaren katalogoan: “Azken hogeita bost urteotako arteak ezaugarri bereizgarriren bat baldin badu, honako hau da: gainditu egin ditu muga tradizionalak, eta zabaldu eta zabaldu egin ditu, etengabe, bere mugak. Artistek ez daukate oztoporik esan nahi dutenaren arabera norberaren proiektua adierazteko egokiena izango den modua, baliabideak eta estiloa aukeratzeko.

Fotografia, bideoa, musika, performance delakoa, antzerkia eta dantza ere aukeran dituzte, gaur egun, ikusizko artistek”. Gaurko egunetan idatzitako esaldia dirudi, baina duela hogei urtekoa da, eta hogei urte lehenagoko arteari buruzkoa, gainera: berrogei urte, beraz; bizialdi osoa izan zitekeen. Mundua erabat aldatu da azken berrogei urteotan; artea, agian, gutxiago, eta, hein handi batean, bereganatutako eremuen hedapen bizi-bizia zirudiena, burbuila iragankorrak ziruditen haiek, aurrekoak berehala ezkutatzen zituzten berritasunak ziruditenak, zuhurtasunaren eta dezelerazioaren prismatik ikusten ditugu gaur egun.

Azalpen hori guztia, alabaina, ez da funsgabekoa. Izan ere, ikusleek aurtengo Gure Artea lehiaketan aurkituko dituzten artelan askok azken hogeita hamar edo berrogei urteotako arteari buruzko erreferentziak dituzte. Batzuk aipuak dira, egiaz; beste batzuek erreferentzia orokorragoak egiten dituzte; eta beste batzuek, berriz, gaur egungo artearen Museo kutsu lausoa agertzen dute, Ondare Modernoaren usain zehaztugabea.

Hori garrantzitsua da, eta, hein handi batean, baita positiboa ere: azkartasunaren mitoak (gazte denaren berehalako epifaniak) aipua galdu ondoren, sormenaren mitoa ere modara, diseinura eta beste sektore batzuetara joanarazia da, eta esperimentalismoak gero eta jarraitzaile gutxiago ditu. Artea, geldiro-geldiro, bere dinamika linealean —avance delakoaren, aurrerapenaren mitoan— finkatzen ari dela dirudi; eta, bitartean, arte modernoak dakarren ondarean sakontzen duen azterketa bertikalaren ideia nagusitzen ari da.

Lehiaketa honetarako aukeratutako artelanei dagokienez, hiru alderdi azpimarratu nahi genituzke. Lehena, egungo egoera politikoa islatzen duten edo, gutxienez, gai politikoekiko irekita agertzen diren artelanen kopuruak izandako gorakada itzela. Izan ere, prozesu luzea igaro behar izan baita egungo egoera horretara iritsi arte. Laurogeiko hamarkadaren hasieran, Euskal Herriko artistak gertuko errealitatetik urrundu ziren, eta berreskuratu berri zuten askatasunaren estilo-kosmopolitismoa erabili nahi izan zuten; hura keinu-espresionismo moduan agertu zen. Beste horrenbeste urtetan, intimitatearen poetikak izan dira nagusi; haiek, espresionismo intimista gisa agertu zen hark, kosmopolitismoaren aurkako jarrera erakutsi zuten, eta haientzat gizabanakoa zen errealitate politiko bakarra. Prozesu horren ondoren, egungo egoerara iritsi gara, mende berriaren hasieran gauden honetan:
artista askoren eta askoren interesak gertuko egoera du ardatz, eta gizabidezko kontzientziaz baliatu nahi dute. Eta gizarte- gaien eta kontu subjektiboen arteko lotura horretan, eginkizunak nahikoa argi banatu dira azken urteotan: arteari egiazkoa ikuspegi pedagogikotik alderatzea dagokiola uste dutenek fotografiara eta bideora jotzen dute, batez ere; aldiz, eremu pribatuari lotuagoa izango zaion adierazpenaren jarraitzaileek, lasaitasunaren eremuan dauden haiek, pintura eta eskultura hautatzen dituzte, eskuarki. Baina, esan beharrik ez, eremuen arteko mugaketa hori generikoa da, eta salbuespenak nonahi dira, bazter guztietan.

Berriro gai politikoei ekiteko joera hori orokorra da. Gaur egungo kulturaren esparruan, eztabaida nagusietako bat (garrantzitsuena ez esatearren) tokikoa/globala dialektikaren ingurukoa da, bai eta eremu horien arteko sareen loturari buruzkoa ere: zein ekarpen egiten du eransketa gisa sortutako izate globalaren baitako ingurune jakin bati lotutako kulturak? Eta, aldi berean, ez al genuke berriro definitu beharko zer den eskualde-izate hori? Eskualde-izate oro berezia denez, eta “pantaila osoaren” uniformetasunak mehatxatuta dagoenez, ez al genuke hura defendatu beharko? Beraz, zenbait lanek planteatu egiten dute berriz, lurraldetasunaren ikuspuntutik, zein den artearen esanahia eta funtzionamendua eta, horretarako, jakina, leku eta kultura jakin batekoa izatea zer den aztertu behar dute.

Gaur egungo gauzen ezaugarrietako bat identitate aldakorra bada, hain eramana eta ekarria izan den tokiko identitate horrek ere galdu du, hein handi batean, behintzat, beti izan duen zentzu immobilista eta autoktono deritzonaren
itxitasuna. Orain, tokiko identitatea delakoa bestelako konplexutasun- sarean sartu da, eta tokiko-izatea jada ez da irizten introspekzioaren ikuspegitik, eta, okerrenean, nork bere buruari atsegin emateko ikuspegitik: tokiko-izatea globaltasuna garatzeko eredu da.

Aurreikus zitekeenez, Gure Artea 2002 erakusketarako aukeratutako artelanen artean oso gutxi dira pinturaren edo eskulturaren bitartez egindakoak. Aldiz, fotografia, bideoa eta web-diseinua erabili dutenak nagusi dira. Elektronikoki
egindako irudiak ugariagoak dira errealitatearekiko ikus-entzunezko erlaziorik ez duten produktuak baino. Baina irudi digitalen kasuan ere, eta nazioarteko joera nagusia kontuan hartuz gero (edukia, informazioa eta dokumentazioa dira
nagusi), zer kontatzen duten dirudi garrantzitsuena, eta ez nola kontatzen duten. Semantikaren inperioa da oraingoa.
Gaur egungo arteak eztabaida politikoetan eta kulturaletan parte hartu nahi duela dirudi eta, horretarako, hibridazioaz baliatzen da; baina ez artearen esparruko generoen artekoaz, lehengo modura: gaur egun, informazioaren nahiz ezagutzaren mekanismo guztien eta artearen artekoa da hibridazioa.

Bestalde, tokiko-izatearen eta izate globalaren logika horretan kokatuta, aurtengo erakusketak, azken bizpahiru urteotan mundu mailan egindako edozein erakustaldiren antzera, beste diziplinen eragin garbia erakusten du. Eta, ziur aski, lehiaketara bidalitako artelanak izateak argitzen du zergatik dagoen hainbeste objektu eta zergatik dagoen hain instalazio gutxi eta portaera-motako hain artelan gutxi.

Dena dela, artelan gehienek hiri-kutsua dute: higikorrak dira, eta haietan garrantzitsuagoa da estimulu desberdinak itzultzea jarduera-bide jakinak eratzea baino. Zinemagintzaren eta telebistaren bidez jasotako kulturak (ikus-kulturak), joeren fenomenoak eta haren ondoriozko amalgamak (kontsumoak, publizitateak, modak edo diseinuak, teknologia digitalak, internetek, gazteentzako musikak eta drogak) eragin egiten dute artista hauen lanean, eta azken hamarkadetako artekulturarekin batera egiten dute, eskuarki. Artistak beraiek ere higikorrak dira: erakusketa honetarako aukeratutako gehienak Europan edo Estatu Batuetan bizi dira edo bizi izan dira denboraldi batez, bai beken bitartez, bai unibertsitateetako Erasmus programaren bidez, bai eta nor bere kasa ere.

Artistek hogeita hamar urte dituzte, batez beste. Zaharrenak berrogei, eta gazteenak hogeita bost. Zortzi Gipuzkoatik datoz, eta Bizkaitik ere beste horrenbeste; bi Arabakoak dira eta beste bi Nafarroakoak. Lau izan ezik, guztiek ikasi dute Leioako Arte Ederren Fakultatean.

Francisco Javier San Martín