Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

2000ko Gure Artea Sariak


 

Beste urrats bat

Alicia Fernández

Gure Artea erakusketa aurrerantz doa. Duela hogei urtetik egiten da, eta orain, berriro, jendaurrera dator, egungo artearen bizitza bertan aurkezteko. Lehenengo deialditik, 1982tik lortu du helburu hori. Garai hartan sariak eta ekimenak han-hemenka agertzen ziren, eta euskal arteko belaunaldi berriek hartzen zuten parte, horietako asko 70eko hamarkadaren hasieran sortutako Bilboko Arte Ederren Eskolako ikas-leak. Aurreko belaunaldiko artisten artean izen handiko artistak zeuden, eta horrek asko baldintzatzen zuen besteen lana. Garai hartan, ordea, indar berritzaile handiko artista gazteek hartu zuten aurrekoen lekua. Orduko eta oraingo arte berritzailerik onena Gure Artean ager-tzen da. Horrela erakusten dute deialdi guzti-etan aurkeztutako lanek eta artista irabazleek.

Gure Arteak parte-hartze dinamikoa izan du hasiera-hasieratik. Erakusketa asko aldatu da etapa eta egoeren arabera, baina hainbat gauza ukaezinak dira: erakusketa beharrezkoa da, balio artistiko handia du, eta oso garran-tzitsua da kultura, gizartea eta politikarako. Gure Artea Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeek egindako arte plastikoetako deialdirik garrantzitsuena da, eta beraz, gure artisten jarduera plastikoa ezagutu, zabaldu eta sustatzeko modurik egokiena da.

Hori guztia abiapuntutzat hartuta, Gure Arteak, 1996an, egungo artearen baldintzetara egokitu zituen oinarriak. Estetika aniztasuna eta teknologia-garapena dira garai honetako ezaugarririk nagusienak, artea izugarri zabaldu da, eta esperientzia berriek gero eta garrantzia handiagoa dute. Ohiko arte-jarduera eta -sailkapenekin batera euskarri elektroniko berriak ere agertu dira. Artea hedatu egin da, beste baliabide batzuk bere egin ditu eta aldi berean baliabide bat baino gehiago erabiltzen ditu. Artea egiteko moduak elkartu egingo direla dirudi.

Egungo artista inguruko edozein aldaketaren erne dago; eta ideiak adierazteko, eskueran dituen baliabide guztiak erabiltzen ditu. Independentea da, bere interesen arabera jokatzen du. Egungo errealitatea eklektikoa zela jakinez, eta Gure Arteak errealitatearekin harreman estua duenez, orain arteko arte--modalitateak desagertu egin dira. Topaketa honetan arte garaikidean eztabaidatzen ari diren gaietako batzuk agertzen dira: artearen oinarrizko kontzeptuen berrikuntza, ideia plastikoak adieraztean teknologiak duen eginkizuna, eta ikusleak zein jarrera izan behar duen obrarekiko.

1986an bultzada berritzailea izan zuen Gure Arteak. Obrak aukeratzeko modua aldatu egin zen. Ordura arte, artistak lan bakarra aurkezten zuen, eta ordutik aurrera, aldiz, artisten dossierrak aztertzen dira, artisten lanen bilakaera eta ibilbideak hobeto balioesteko. Hiru sari berdin ematea erabaki zen (bi milioikoa bakoitza), eta deialdiaren inguruko guztia zainduko duen komisarioa izenda-tzea. Xabier Sáenz de Gorbeak, kritikoa eta Euskal Herriko Unibertsitateko artearen historiako irakaslea, zuzendu zuen 1996ko deialdia, eta horren lan bikaina Fernando Golvano kritikoak jarraitu zuen 1998an.

Horretaz gain, Gure Artea bi urtetik behin egitea erabaki zen, horrekin lanak ezagutzeko beste modu batzuk aukera baitaitezke. Erakusketarako hautatutako artisten lanak urte bikoitietan aurkezten dira Euskal Autonomia Erkidegoko hiriburu batean (eta ez lehen bezala hiruretan). Gure Arteak hiru foru aldundietako kultur sailekin duen lankidetzari eutsi egin dio, eta aldundi horien aretoetan egiten jarraituko dira erakusketak; hots, Bilboko Rekalde erakusketa-aretoan, Gasteizko Amarica are-toan eta Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean (hain zuzen, hortxe egingo da aurtengo erakusketa). Deialdia kanpoan ezagutzera emateko modua ere aldatu egin da: urte bakoitietan hiru irabazleen lanak aurkeztuko dira Euskal Herritik kanpo. Erakusketa horiez gain, Gure Artean material didaktikoak eta dibulgazio-gidak argitaratu, eta artisten mahainguruak egiten dira.

2000. urtekoa Gure Artearen XVI. erakusketa dugu. Arte-hedapen politika onak gizarteari mesede egiten dio, izan ere arte garaikidea ezagutu, gozatu eta horretaz hausnartzeko aukera ematen baitu. Horretaz jakitun izanez, Gure Arteak gure artisten arte-lanak jendeari erakutsi nahi dizkio, jendeak egungo plastika-mugimendua jorratzen ari den bide berriak uler ditzan.

Erakusketan parte hartzen duten artistentzat euren proposamena ezagutzera emateko modua da, baina horretaz gain, eta, bereziki, sorkuntza eta adierazpen-askatasuna sustatzeko pizgarria da. Kritikoek eta adituek, aldiz, arte garaikidearen egoera zuzenean ikusteko tresna egokia dute erakusketa, bai eta artearen aldaketak aztertu, egileak ezagutu eta horien kezkak ezagu-tzeko ere. Honelako taldeko erakusketak guztiontzat pizgarriak dira.

Subjektu garaikideak sorkuntza aniztasuna du eta arte plastikoa egituraz aldatzen da etengabe. Gure Artea 2000 taldeko erakusketa honek, ezbairik gabe, horri guztiari erantzun nahi dio. Erakusketan zehar, epaimahaikideek 213 parte-hartzaileen artean hautatutako hogeita bost artistek, ezin hobeto adierazten dute artearen egungo eztabaida eta heterogeneotasuna. Arte-lanak egun bitarteko guztien bidez adierazten dira, eta hain zabalak eta aberatsak direnez, batzuetan ulertzeko zailak bihurtzen dira. Izan ere, gazteak oso biziak dira eta berrikuntza eta arriskua eskatzen zaie euren lanetan; baina hori ulertu eta balioesteko ezinbestekoa da artea aztertzeko teoriak eta interpretazio--moduak eguneratzea, ezinbestekoa da lanak denbora eta distantzia egokiaz hartzea.

Hala eta guztiz ere, badira Gure Artea erakusketan euren lana lehen aldiz aurkezten duten artista berriak, eta hori pozgarria da. Euren karreraren hasieran dauden gazteak dira, eta adore eta naturaltasun handia dute, beste batzuek lehen ere izan zuten bezala. Kritikak aintzat hartutako beste hainbat artista ere badago, gazteak izan arren sariak edota izen handiko bekak jaso dituzten gazteak. Eta, azkenik, euren lanek balio eta interes handia izan arren erakusketan ez dauden artistak ditugu, epaimahaikideek erakusketatik kanpo utzi dituztelako.

Egungo artean hainbat argudio anitz daude, Borgesek behinola asmatutako mapa baili-tzan, eta Gure Artea 2000 erakusketak behar bezala adierazten du kezka eta kontzeptu aniztasun hori. Erakusketa ez da baterakoia edo globalizatzailea; aitzitik, lan guztiak artista bakoitzaren izaera bereziaren ondorio dira. Horrela, batzuek pintura aldarrikatu eta defendatzen dute; beste batzuek pinturak bete beharreko espazioa zalantzan jartzen dute; eta hainbatek irudia, argazkia, bideoa eta instalazioa erabiltzen dituzte espazioa eraldatu edo horretan parte hartzeko. Zenbaitentzat espazioa lanaren zatia da; espazio pertsonala, fisikoa, soziala, egunerokoa, mentala edo naturala lanaren zati banaezina dira. Artista batzuek bitarteko klasikoak erabiltzen dituzte; beste batzuek, ordea, nahiago dituzte euskarri berriak, prozesu elektronikoak, digitalak edo informatikoak. Azken hamarkadetan garran-tzi handia izan zuten gaiekiko (gorputzarekiko jakin-mina edo genero alorra) kezkak adierazten dituzten artistak, ordea, urriagoak dira. Aurreko guztiarengatik, Gure Artea 2000 erakusketa ani-tza da, etorkizunerako erakusketa anitza da, garai berri baterako urratsa.