Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

1998ko Gure Artea sariak




Artearen bidegurutzeak

Leku orotan bideak ikusten baititu, bidegurutzean dago beti. (Walter Benjamin)

Bidegurutzean bizi gara, pentsamenduen, aukeratu beharren, premien, grinen, igarkizun agian bete ezinezkoen, identitateen, gauzen, maitasunen, amets izan daitezkeenen, dramen, komedien, mugen, askatasunen, paradoxen, ikurren, izenen, denboren, galderen, bideen bidegurutzean. Testu honek beronek ere, zenbait bidegurutze iragartzen du.

I. Adibidez, Gure Artea sariena

1996. urteko aurreko edizioan hasi zen bidegurutzea den arren oraingo hau, Eusko Jaurlaritzaren Kultura Kontseilaritzak ematen dituen Gure Artea sariek bi urteko aldizkotasuna berresten dute 1998ko edizio honetan, eta orobat berresten dute aurreko edizioan abiatu zen diziplina arteko izatearen ezaugarria. Arte plastiko eta ikusmenezkoen eszenario aldakorrean, gero eta gehiago, jeneroak edo adierazkortasunaren euskarriak nahasten dituzten artistak dabiltza, edota aldizka praktika artistiko desberdinak hautatzen dituztenak. Horregatik guztiagatik, Gure Artea sariak, batetik egoera anitz hori, eta bestetik gaur egungo artegintzaren mugen zabalkundea hartzen dituztelarik kontuan, plataforma bat dira, uneotan azaleratzen ari diren euskal sorkariak sustatu, ingurukoekin alderatu eta plazaratzeko xedea duen plataforma. Eta artearen askatasuna ziurtatzeko ahalegin hori gauzatzeko -merkatuak eragiten duen joko librearen mende ez dadin oso-osorik geratu-, beharrezko gertatzen da oraindik orain erakunde publikoen laguntza. Sari hauek euskal esparruko arte plastiko eta ikusmenezkoen gaurko proposamenen erreferentzia esanguratsu gisa sendotu dira, eta, hori dela eta, saritutako artisten lana kanpoan zabalduz osatuko da orain zabaldu berri den prozesua.

II. Gaur egungo artearena

Gaur egungo arteak, bere behin eta berriz definitu behar etengabe horretan, sistemaz hausten ditu edertasunaren usadiozko arauak eta irizpideak, edota abangoardiaren apustuak. Mugen beren zabalkunde prozesu honek eta artea osatzen duten balioen aniztasunak ondorio hermeneutiko bat dakar berekin, beti ere desbideratze estetiko bat suposatzen duen neurrian, zentzuaren auziaren alderako desbideratzea alegia. Gaur egungo artak ordea ulermenezko arazoak sortzen dizkio, ez bakarrik ikuslego profanoari, baita irakurlego iniziatu edo espeziaiizatuari ere. Ondo dakigu kontakizun moderno handien zaharkitzeak Artearen Erakundeari ere eraso egin diola, eta horrek errealitateari eta artearen nolakotasunari buruzko interpretazio anitzak sorrarazi dituela. "Gaur egungo artea" deitzen diogun horrek, errealitate hain nahasia eta heterogeneoa izendatzen du, non eragotzi egiten dituen esanahiaren erreferentzia zehatzak. Gaur egungo artegintzaren ezaugarri berezienetako bat da etenik gabe zabaltzen dituela bere autoretza eta bere estetika eta ezaguerazko mugak. Era berean, nazioarteko etiketarekin duen loturatik ere ezin da banatu, ezta praktika komunikatibo, artistiko, ekonomiko eta politikoen elkarrekiko erlazioen dimentsio bikoitz, global eta lekuan lekukoarekin duen loturatik ere. Erlatibismo estetikoak, horixe hartzen baita gaur balio nagusitzat, badu eraginik halaber instalazioaren protokoloan, eta gaur egungo artearen interpretazio eta harrera baldintzetan. Gauzak horrela, "gaur egungo artea" izendapen eztabaidatua da, kategoria estetiko, museografiko, politiko, ekonomiko eta hedabidezkoetan barrena mugitzen dena.

III. Hedabideen sareena

Hedabide sareen esparru destokitutik (mediart, internet ... ), eta sare horiek bideratzen duten arte materiagabe, iragankor eta aldakor baten ekoizpen etabarrera baldintza berrietatik, etor daiteke Arte Erakundearen errotikako aldaketa bat. Agian, Viriliok "destokitze erabateko, tokirik gabe"1 deritzan dinamikak ikusarazten du argien gaur egun artelana osatzen duen zera horren gune hegemokiko eta ukigabeari buruzko bidegurutze asaldagarriena. lrudi digitalak abiarazi duen noragabeko mugimendu horrek auzitan jartzen ditu artelanaren usadiozko funtsak: materialtasuna, batasuna, egiazkotasuna, zentzu inmanentea, izaera estetikoa, Teknologia berriei esker, ingurune berri bat sortu ahal izan da, beste sorkuntza mota batentzako baliagarria dena, eta sorkuntza mota horrek iruditeri berria eta esperientzia zabalagoak ekarri ditu berekin. Viriliok definitu duen destokitze horri esker -haitzulotik gaztelura, museora, argazkietara, bilduma ibiltarietara, CD-romera irudi birtualera-, hastapenetan den artegintza berri horrek, bere teknika elkarreragileekin, berehalako trukearen maila lortzen du egilearen eta ikuslearen arteko harremanean. Etorkizuneko bidegurutze honetan bide birtual gehiago zabalduko zaizkio artegintzari, oraindik behar bezala ikertu ez direnak: ze ondorio ekarriko dio horrek, adibidez, Gure Artea sarien gaur egungo moldeari?

lV. Kritikarena

Bitartekaritza kritikoaren esparrua bera ere bidegurutzeez dago betea: kritika batzuek "denak balio du"ren ezagutza erlatibistara daramaten bideak seinalatzen dituzte, beste batzuek jenero instituzionalizatuen usadio arautuetara -bere maisutza bereziaren ondorioarekin-, eta beste batzuek, berriz, zalantzak adierazten dituzte, zalantzaren aldeko dira; izan ere, artearen mugen zabaltze etengabeak lekuz aldatu baitu auzi estetikoa, alegia, artea zer den edo zer ez den eztabaidatzera eraman gaitu. Horrela beraz, bai kritikaren unea, bai harrerarena, interpretazio askori bide emanez hautsi dira, eta horrek eragotzi egiten du adostasunera, edo desadostasun orokorrera, iristea. 1960tik aurrera, aldi berean gertatu direla haustura artistiko batzuen sorrera eta modernotasun/postmodernotasun eztabaida, elkarren ondoan egon dira onartzea eta ukatzea. Bitartekaritza kritikoak duen leku gero eta deserosoagoa -bai komunikabide espezializatuetan, bai agentzia artistiko edo akademikoen argitaralpenetan egiten den kritika, edota museo eta erakusketetan egiten dena-, lehen aipatu den aldaketa estetiko hori onartzetik dator, eta artearen nolakotasunaren mutazioetatik. Kritika saioak barrera beroaren eta ardura gabeziaren artean mugitzen dira, edo artegintzaren murgiltzearen eta azaleratzearen artean, eta modernotasunak berak eta Arte Erakundeak kurritu dituzten joan-etorriak, krisiak eta erronkak islatzen dituzte. Balio sendoak, hizkuntzaren eta gauzen arteko harreman finkoak, edota adierazkortasun formen eta esanahien artekoak ezabatu izanak, balioak ugalarazi eta zenbaitetan elkarrekin gurutzatzen diren diskurtsu sareak ekarri baditu, eta kutsadurazko eta besteenaz jabetzeko eszenario bat osatu badu, gaur egungo egoeran nola heldu kritikagintzari? Artearen historiak, filosofiak, semiotikak edota soziologiak beren buruak berretsi dituzte, edota, artelanen eta artisten balioztatzeko diskurtsu kritiko sendoak ekoiztuz artegintzan sartu dira, baina kontakizun/diskurtsu horiek hipotetikoagoak eta ahulagoak gertatzen dira gaur egungo egoeran. Gaur egungo artegintza merkatuarekin lotuegia egoteak bakarrik ez ditu ekarri kritikagintzaren mugak -pribatua nahiz publikoa izan merkatua-, aitzitik, artegintzaren hedapenak, eta artetzat hartu izan dugun gauza horren aldaketak ere ekarri dituzte muga horiek. Gaur egungo sortze lanak eskaintzen dituen gauzakien nolakotasun semiotikoak artea bera ezerezteraino zabaldu dute artearen kontzeptua, eta berriz definitu dute, muga ibiltariekin eta itxaropen eta lehiazko joko baten baitan.

 

V. Artistena

Daudenak daude finalisten edizio honetan. Era berean, obra hauek daude, baina egon zitezkeen beste batzuk ere. Nolanahi dela ere, baldin onartzen badugu hautapen orok baduela beti arbitrariotasun mailaren bat, erakusketa honek epaimahaiari berari dagozkion begiratuen, sentiberatasunen eta irizpide desberdinen topatze bat eskainiko dizkigu. Beste alde batetik, hemen ageri diren ikusmolde artistikoen ugaritasuna bera da gaurko egoeraren giltzarri agerikoena, hautatu diren hogei artista horiek gaur egungo euskal sortze lanaren halako kartografia moduko bat osatzen baitute. Honakoa bezalako testu labur batean ezinezkoa gertatzen da sariketa bonetara aurkeztu diren artisten eta artelanen aurkezpen kritiko xehe bat egitea ikuspuntu murriztailerik erabili gabe. Obra bakoitzak hautaketa, zentzu eta zorien bidegurutze bat laburbiltzen badu, zergatik rnurriztuko dugu konplexutasun hori alderdi bakar bat landuz, lerro gutxietan azal daitekeena? Horregatik, oraingo honetan, nahiago izan ditut artelanen aipamenak baztertu, eta komentario aberatsagoak egin elkarrizketa kritiko zabalagoak eta egokiagoak jaso ahal dituzten katalogoetan. Nolanahi ere, badago esaterik ezen, sortze lanaren gaur egungo egoeran -eta egoera horren adierazgarri da, bere mailan, erakusketa has-, malguak eta etenak direla joera nagusien ildoak. Agian, iIdo batzuk badira nabarmentzen direnak: askatasun artistikoaren forma berri bat, sortze lana euskarri, kode eta egoera desberdinetatik abiaturik bideratzen duena; gauzakiei prozesuak nagusitzea; politikagintzari buruzko galderaren itzultzea, 60. hamarraldiaren oso bestelako moduz bada ere; aldi berean, saio artistiko batzuetan tentsio etiko bat ageri da, subjetu bat agertzen baita haietan, bere erdigunetik aterea eta mugikorra; beste batzuetan berriz, alderdi narzisista, edo apaindurazkoa, dira aipagarrienak; artearen beregaintasunari buruzko eztabaida gaurkotua, eta gaurkotze borren txertatzea bizimoduen gaur egungo estetizaziozko eta kuituraren hibridazioaren egoeran, eta abar. Duchampen Ready-made-rekin inauguratu zen arte forma guztien zilegizkotasuna da, funtsean, gaur egungo egoeraren ezaugarri nagusia, eta badu horrek loturarik gaur egungo gizartea definitzen duen aniztasun politikoarekin. Berrasmaketaren askatasuna, zentzu bakarren desagertzea, errealitatea gertaeraren bidez areagotzea, bizitzaren eremu guztiei eragiten dien errepikapen eta diferentziazko dinamika atergabea, eta artelanak ingurune batean kokatu beharra, horiek guztiak dira gaur egungo artista guztiek aurrean dituzten beste zenbait gurutzabide. Konplexutasun hori arteak egituratzen du, eta, Deleuzek eta Guattarik gogorarazten diguten bezala, "ikusmenak edo sentipenak ematen duen kaosaren konposizioa da artea, halako eran non kaosmos bat eratzen duen" 2. Gure kidetasunezko begiratuari esker, galde egin ahal izango diegu Gure Artearen artista finalista hauek iragartzen duten kaosmos bereziei.

 

1 Cfr. P. Virilio, P. Virilio & C. David (1977): "Alles Fertig: se acabó (una conversación)", Acción Paralela-n, 3. zenb. 17-32 orr.

2 Cfr. G. Deleuze eta F. Guattari (1995), ¿Qué es la filosofía?, Círculo de lectores, Bartzelona, 241. orr.