Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

2006ko Gure Artea Sariak


Beste edizioak


 

 

Gure artistei hauspoa emanez

Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak 1982an ekin zion sari hauek antolatzeari, arte plastikoetan gure herrian egiten dena ezagutzera emateko asmoz eta horrekin batera arte sortzaileak eta artelanak publiko zabalari hurbiltzeko. Gure Artea Sarien bitartez artisten lana eragin eta sustatu nahi dugu eta sortzailearen eta gizartearen bitarteko zubi lana egin. Arte garaikidea harreman horretatik elikatzen eta sortzen baita.

Gure Artea 2006 sariak eta erakusketak, lehen eskutik eta zuzenean, arte plastikoen alorrean gertatzen dena ezagutzeko parada eskaintzen digu. Sorkuntza eta berrikuntza handiko unean, arte plastikoetako sortzaileak eta beraien lanak ditugu ikusmiran eta hauen bitartez egungo artea ezagutu eta etorkizuneko bilakaerak igarri ahal izango ditugu.

Arte munduan bide eta esperientzia berriak irekitzen ari diren garaian, Gure Arteak Euskal Herrian lanean ari diren artisten sorkuntza jarri nahi du ikusgai. Gori-gorian den artean sortzaileen sutegietatik atera berria. Hau baita egungo arte garaikidea eta hauek baitira gaur egungo artistak. Horra hor arte sorkuntzari eta sortzaileei egiten diogun aitorpena.

Galeria, Arte areto edo museoetara joaten garenean askotariko aukera eta joerak ditugu ikusteko, harritzeko eta gozatzeko. Artelan baten atzean, gainera, ordu asko eta ahalegin handiak daude, baita pertsona baten ausardia ere; izan ere, ez al da errazagoa "betiko" ogibidea bilatu eta bizitza lasaia izan? Norbaitek artista izatea erabakitzen duenean, badaki batzuetan bidea okertua eta arantza askokoa izango dela, baina, beste batzuetan, bideak arrosen lurrinez eta petaloz beteta aurkituko dituela ere bai, artista izanez ametsak gauzatzen direlako eta barneko sentimenduak munduarekin konpartitzeko aukera dagoelako.

Publikoak ez badu Artea ezagutzen, ez dago Arterik. Hortik abiatuta, gurean sortutako artearen ikusmira zabala eskaintzen zaizue Gure Artea 2006 erakusketan. Artea askotarikoa da eta aniztasun horrek dakarren oparotasuna zuen begien aurrean da. Hemen ikusi eta dastatuko dituzue gure sortzaileen proposamenak. Hona hemen Gure Artea 2006 erakusketa.



Miren Azkarate Villa
Kultura Sailburua