Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

2010ko Euskadi Literatura Saria

Euskarazko literatura itzulpena

Eguzki kolpea - Portada

Irabazlea: Jesus Mari Mendizabal Iraola
Izenburua: Eguzki kolpea (Horacio Quiroga)
Argitaletxea: Alberdania & Elkar

18.000 euroko saria.

Epaimahaia:
Antton Olano Irurtia, epaimahaiburu.
Bakartxo Arrizabalaga Labrousse, epaimahaikide.
Miren Lourdes Oñederra Olaizola, epaimahaikide.
Amaia Ibarraran Bigalondo, epaimahaikide.
Karlos del Olmo Serna, epaimahaikide.
Marta Merino Ortiz de Landaluce, epaimahaiko idazkari (hautespiderik gabea).


Epaimahaiak ikusitako merituak

Jatorrizkoaren hizkera bizia euskarazko hizkera biziaz ongi ordezkatu du itzultzaileak, gaztelaniazko hiztegi oparoa euskaraz ere oparo emanez, eta Quirogaren idazkera gihartsua ongi gordez.

Aipagarriak dira, halaber, itzultzaileak hizkuntzari indarra, bizitasuna eta adierazkortasuna emateko erakutsi dituen baliabideak, haiei esker lanak sortzez euskaraz idatzia ematen baitu.

Saririk jasoko ez badute ere, epaimahaiak aipamen berezia egin nahi die Luis Berrizbeitiak eta Karlos Cid Abasolok itzulitako lanei: lehenari, jatorrizkoari darion edertasuna eta poetikotasuna bikain jasotzeagatik, eta bigarrenari, sorburukoa irakurle mota guztientzat ulergarria eta irakurtzen erraza egiteagatik.


Saritutakoari buruzko hainbat datu

Jesus Mari Mendizabal Iraola, 'Bizargorri'

Jesus Mari Mendizabal Iraola, "Bizargorri" (Oñati, 1966).

Ormaiztegiko Telleri baserri zenean jaio zen 1949ko Errege Egun bezperan, bost senideetan lehena. Hamar urte bitarteko eskolak eta jolasak jaioterrian egin eta gero, batxilerra Euban osatu zuen, Pasiotarrenean; nobiziotza, Angoston; filosofia eginahalak, Loiolan; teologia oinarriak, Deuston… Handik ihesi etxera itzulita, fabrika-lan batzuen ondoren, irakasle ikasketak burutu zituen Donostian…

Arrasateko ikastolan hiru urte maisu konplitu, betirako "Bizargorri" goitizena bereganatu eta, 1977an, Irungo Txingudi Ikastolara aldatu zen irakasle; harik eta, zorionean, 2009an jubilatu arte. Hondarribira pozetan zen ezkondu, Hondarribian bi alaba maitagarri zituen hazi eta Hondarribiko bizi da gaur egun…

Bertso-jartzaile, aspalditik ari da (lehiaketa, eztei egun, ospakizun, …); idazle, hainbat liburu du dagoeneko publikatua (Zelina, Ilargia lekuko, Kalezulo, …); itzultzaile, besteak beste, Maupassanten Roque txikia du euskaratua, Luis Sepulvedaren Kaio baten historia, …; zutabegile, azkenik, Diario Vascon dihardu asteartero-asteartero, joan deneko hogei bat urteotan…


Saritutako liburuaren ingurukoak

"Ipuinak, hasieratik akaberara, esku ikara gabe batek taxututako lerro bakarra izan zezan borrokatu nintzen. Ez traba, ez apainduria, ez barreiamendu bat bera ere ager zitekeen hariaren tentsioa lasaitzera. Ipuina, berez zertarako den aintzat hartuta, gezi bat da. Behin helmuga tirabidean arretaz jarri ostean, arkutik haraxe xuxen abiatzen den gezia. Haren hegaldia ederragotze aldera, gezi gainean pausatzera letorkeen tximeleta orok ez luke oztopoa besterik ekarriko." Horacio Quiroga


Zatia

Behin batean, udazkenaren hasierarekin, baztangak urrutiko herri bat hartu eta pertsona asko hil zuen. Nebek arrebatxoak galdu zituzten, eta umegorri oinez ikasi berriak aitarik eta amarik gabe geratu ziren. Amek, berriz, seme-alabak galdu zituzten, eta andre gazte alargun batek, gaixoak, berak lurperatu zuen bere semetxoa, mundu honetan zuenik eta kutun bakarra. Etxera itzuli zenean, eserita geratu zen bere txikitxoaz pentsatzen. Eta esaten zuen marmar:
-Erruki handiagoa behar zuen gure Jainkoak niretzat, eta hartu eta semea eraman dit. Zeruan, izan, aingeruak izango dira; baina nire semeak ez ditu ezagutzen. Ni ezagutzen nau ondo. Ene semetxo laztana!
Eta urrutira begiratzen zuen, etxe barruko zolan baitzegoen eseria, kanpora oihana ikusten zen atetxoaren aurrez aurre… Hori bai, gaua etortzean eta eguna urratzean, orro egiten zuen animalia anker asko zegoen oihanean. Eta andre gaixoak, artean eseriak, gauzatxo ttiki bat bistaratu zuen iluntasunean atetik ttipili-ttapala sartzen, ibiltzeko ere ia-ia indarrik gabeko katutxo modukoa. Makurtu, eta emakumeak tigretxo bat jaso zuen eskuetan, egun gutxikoa noski, begiak itxiak zeuzkan-eta artean.


Euskarazko literatura itzulpenari dagokion Euskadi literatura sariaren finalistak

  • "Basamortua (J.M.G. Le Clézio)", de Luis Berrizbeitia. Editorial: Elkar
  • "Izatearen arintasun jasanezina (Milan Kundera)", de Karlos Cid. Editorial: Alberdania & Elkar