Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Estilo ariketak

Eguneroko bizitzako gertaera bat, hutsal bezain harrigarria, modurik xumeenean kontatua, eta ia beste 100 bariazio, gai horixe bera dutenak. Hori besterik ez da Estilo-ariketak. Istorioa behin eta berriz kontatzen zaigu, idazkuntzan erabili ohi diren modu eta baliabideetako zenbait erabiliz. Hemen aurkituko du irakurleak kontakizun berbera hiru literatur genero nagusietan kontatua (epikoa, lirikoa, dramatikoa), zenbait figura erretorikoren arabera moldatua eta OULIPO taldeak testu-eraldaketarako proposatutako baliabideez emana. Parodia hitza erabili beharra dago liburu honen ezaugarriak azaltzerakoan. Esperimentalismoa ere erabili izan da. Baina jolas-literatura da hau batez ere. Hizkuntzak eta hizketak ematen dituzten aukerekin jostaketan dihardu idazleak, eta jolaserako gogoa jartzen digu besteoi.
Ariketa hauen itzulgarritasuna eztabaidagai izan da aspaldidanik. Raymond Queneauk berak, ordea, ez zuen inolako zalantzarik horretaz: liburu hau omen zen berak sortutakoen artetik itzulia ikustea gogokoen zuena. Har dezala, beraz, gure omenaldi apal hau.

Raymond Queneau (Le Haver 1903 – Paris 1976).
Idazle, filologo eta matematikari frantsesa, umoristaren maskarapean, XX. mendearen erdialdean, bai hitz lauz eta bai hitz neurtuz egin izan diren literatur lanik bikainenetako batzuk sortu zituena. Encyclopédie de la Pléiade ospetsuaren zuzendari izan zen, eta OULIPO taldearen sortzaile eta kide funtsezko. Surrealismoaren bideetatik abiaturik, laster utzi zuen alde batera joera hori, eta umoreaz eta ironiaz baliatuz, eta hizkuntzari eta literaturari buruz egindako hausnarketen ondorioz, lan bikainak eman zituen poesian, narrazioan eta saiakeraren arloan.Aipagarria da haren lanetatik euskaraz argia ikusi duen bakarra, Zazie metroan eleberria. Hori da haren obretatik ezagunena, film arrakastatsu ere bihurtu zelako, besteak beste. Estilo-ariketak da, ordea, han eta hemen harrerarik gartsuena izan duena, zalantzarik gabe, eta literaturari buruz Queneauk zuen jarreraren aldetik adierazgarriena.

Estilo ariketak. Zatiak:

Zalantzak:

Ez dakit ondo non gertatu zen... eliza batean, zaborrontzi batean, hezurmendi batean? Autobus batean ote? Bazen han, zera... zer, ordea? Arrautzak, tapizak, errefauak? Eskeletoak? Bai, baina haragi eta guzti, artean ere, eta bizirik. Bai, hala zen, nik uste. Jendea autobusean. Baina bazen han bat (ala bi ziren?), zerbaitek nabarmenarazten zuena, baina ez dakit oso ondo zerk. Megalomaniak? Gizentasunak? Melankoliak? Hobeto esan... zehazkiago... ziurrenik ere gaztetasunak, apaingarritzat baitzuen zera... sudur luze bat? Kokots bat? Behatz lodi bat? Ez: lepo bat zen, eta kapela bat, bitxi-bitxi-bitxia. Kexatzen hasi zen, bai, hori da, beste bidaiari baten kontra, hori seguru (baina, gizon ala emakume? Ume ala zahar?). Eta bukatu zen, nola edo hala behintzat bukatuko zen sobra ere, ziurrenik bi aurkarietako batek ihesari emanda.
Ziur naiz pertsonaia hori bera aurkitu nuela gero, baina non? Eliza baten aurrean? Hezurmendi batean? Zaborrontzi baten aurrean? Lagun batekin zegoen, eta zerbait esaten ariko zitzaion, noski, baina zer? zer? zer?

Alde subjektiboa:

Ez nengoen kexatzeko nire janzkeraz gaurkoan. Kapela berri bat estreinatzen nuen, aski kokina, eta oso dotore irizten nion soingaineko bat. Xrekin topo egin dut Saint-Lazare geltokiaren aurrean, eta saiatu da, alajaina, nire atsegina lardaskatzen, frogatu nahi baitzidan nire soingainekoa irekiegia dela paparrean eta beste botoi bat erantsi beharko niokeela. Ez da, hala ere, ausartu nire buru-gainekoaz gaizki-esaka hastera.
Lehentxeago, ederrak entzunarazi dizkiot astakirten moduko bati, apropos ari baitzen ni zapaltzen, jendea jaitsieran edo igoeran pasatzen zen bakoitzean. Astobus zoldazu horietako batean gertatu da hori guztia, popoloz betetzen baitira, haietan ibiltzeko ohorea egiten diedan orduetan.

Hitz elkarketa:

Jendetzakidetasunki nindoan espazio-denbora lutezio-eguerditar batean auto-platabusformatuz kapela-ingurutxirikordatudun mukizu lepaluze baten aldamenean. Eta hark hala esan zion izengabe-nornahi bati: “Bultza-usteka ari zatzaizkit”. Hori egotzirik, leku-hutsbateratu zen irrikaz. Denbora-espaziotasun geroagoko batean, han zebilen saintlazareplazeratzen asma-ezak-nor-zen batekin, eta hala ziotsan besteak: “Botoi-gehitu egin beharko huke soingainekoa”. Eta kontua zergatiazaltzen zion

Onomatopeiak

Plataforman nindoala, pla pla pla, S (suge sasikoen miztoen ziztua) lineako autobus batean (burrun-barran, burrun-barran), eguerdian, tan-tan tan-tan, efebo irrigarri bat, tirulirula, buru-gaineko horietako batekin zihoana, pffff, jiratu zen (jira eta bira) bat-batean aldamenekoarengana haserre, erre-erre-erre, eta esan zion: Um, um: “Nahita ari zara bultzaka, jauna”. Eta ttak. Hortaz, dapa, leku bat hutsik ikusi, eta han eseri zen ziztuan joanda, zanbla.
Handik pixka batera, egun berean, tan-tan tan-tan tan-tan, berriro ikusi nuen beste efebo batekin, tirulirula, tiruliruli, soingainekoaren botoiaz berbetan (brr, brr, brr, ez zuen bada halako berorik egiten).
Eta ttak.

Auskalo

Ez dakit zer nahi duten nigandik. Bai, Sa hartu dut eguerdi aldera. Jenderik ba al zen? Noski, ordu horretan... Feltrozko kapela zeraman gazte bat? Baliteke, bai. Ni ez naiz ibiltzen jendeari sudurzuloak miatzen. Niri bost. Lokarri txirikordatu moduko bat al zuen? Kapelaren inguruan? Ados naiz bitxikeria dela, baina niri ez zait hain harrigarria iruditzen. Galoi txirikordatua... Beste gizon batekin tirabira izan duela? Gertatzen dira halakoak ere.
Eta ordubete edo biren buruan ikusi ote dudan berriro? Zergatik ez? Bada bizitzan gauza harrigarriagorik. Esate baterako, gogoan dut aitak askotan kontatzen zidala...

Zakarra

Eguerdiya etzan oso jo zarra ese ortan iyotzia kontsegitu deuneako. Iyo naizpa, paatuet nee tokiya ta jo´ta ze ikusiko ta or ikusteet sujetoat lepua teleskopiyua bezelakua zuna eta lista mouko bat gaztagañekuan buelta guztin. Beidatu ein diyot, zeatik tankera artuiyout txoropituana eta jo´ta or astea aldamenekuai kargu artzen. Aizu, eiteyo, ezin al dezu pixkat beidatu, esateyo geo, badirudi, segitzeu near-muxinka bezela, propiyo ai zeala, esateyo erdi-totelka, denba guztin beatzak zanpatzen, eiteyo urrena. Ala, arro bee burubakin, eseitzea jun da.
Courde Rometik pasa naizpa berriro ta ze ikusiko ta lenoko ua bea, zeru-lurrak arrotzen istilun bean mouko sujeto batekin. Aizak, eiteziyon arek, beste botoibat, esate ziyon, jarri bearko iyoke, esan diyo geoxio, ire zamarrote orri, eta ala bukatu da kontuba

Ukimena

Autobusak leunak izaten dira, aski da izterren artean hartu eta bi eskuez laztantzea, burutik buztanerantz, motorretik plataformarantz. Baina plataforma horretan zaudenean, alde zakarrago eta lakarragorik ere atzemango duzu, karrozeria edo bermatzeko barra, esaterako, eta tarteka trinkoagoko eta malguagoko zerbait, ipurmasail bat izan ohi dena. Batzuetan bi izaten dira, eta orduan perpausa pluralean jarri behar da. Atzeman daiteke, halaber, hots ergelak ahoratzen dituen objektu tubular pilpiratsuren bat, edo, bestela, kiribil txirikordatuekiko tresna bat, errosarioa baino leunagoa, txarrantxa baino zetatsuagoa, soka baino belusatuagoa eta unama baino xumeagoa. Edo, gainerakoan, eskueran izango duzu giza ergelkeria ere, lingirdatsu eta likatsu samartua beroaren eraginez.
Gero ordu pare bat edo itxaronez gero, geltoki zakar batean, esku epela murgildu ahal izango duzu lekuz kanpo dagoen hezurrezko botoi baten freskotasun bikainean.

TELEGRAFIKOA
BUSA LEPO STOP GAZTE LEPALUZE KAPELA BOROBIL TXIRIKORDADUNAK KARGU HARTU BIDAIARI EZEZAGUN BATI AITZAKIA HUTSALEZ STOP ARAZOA ORPO-KONTAKTUZ BEHATZAK ZAPALTZEA APROPOS STOP GAZTEAK EZTABAIDA UTZI ETA LEKU LIBRE BAT HARTU STOP ORDUBIETAN PLACE ROMEN ENTZUN JANZKERA AHOLKUAK LAGUN STOP BOTOIA GORATU STOP SINADURA ARCTURUS

Zapo-latina

Yguçquius erat in erregione zenitarem et vero atmospherae handissima. Senatus et populus paristarra sudabant. Omnibus passabant completi. In uno ex aipatuis omnibusibus cein S denominationem portabat, cisonem quasi casteum, cum lepo multo elongato et cum capella a galone cirichordato ingurata vidi. Casteus iste insultavit vestem cisonem cein proximus erat: pietinas, inquit, hancas meas post deliberationem arimae tuae. Subituqui cadira libre erreparata, corricatus est lecu hartarantza.
Yguçsquius duas horduas in cerum habetat descenditutas. Sancti Lazari stationem cemendeferrorum passente aurream, casteum aipatum cum altero ejusdem originae qui arbiter doctoretasunarum erat et qui unum ex botonibus longarinae junioris gainean contseilum donabat vidi.