Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Epaimahia:

Jon Kortazar Uriarte, epaimahaiburu.
María José Olaziregi Alustiza, epaimahaikide.
Juanjo Olasagarre Mendinueta, epaimahaikide.
Ixiar Rozas Elizalde, epaimahaikide.
Iñaki Irazabalbeitia Fernandez, epaimahaikide
Marta Merino Ortiz de Landaluce, epaimahaiko idazkari (hautespiderik gabea).

Epaimahiaren erabakia:

Epaimahaiak erabaki du 2006. urteko Euskadi literatura saria, euskarazko literatura modalitateari dagokiona, Iban Zalduaren Etorkizuna ipuin bildumari ematea.

Besteren artean, epaimahaiak honako arrazoi hauek ikusi ditu liburu hau saritzeko:

“Denboraren hariaz lotutako istorioak kontatzen dizkigu Iban Zalduak, giza harremanen diagnosi ironiko eta eszeptiko ematen du, besteak beste. Laburtasunari etekin literarioa ateratzen zaio, zuzena da.

Egileak asmatu du erregistro ezberdinekin, hala nola zientzia-fikzioa, saiakera, jolas literarioa, oso berea duen ahots eta unibertso literarioa eraikitzen.”

Saritutako obrari buruz: Etorkizuna.

“Heldu orainari” dio zuhur-hitzak, “etorkizuna gure esku dago” errepikatzen dute nekagaitz medioetan. ta bien bitartean, iraganari begira, mirarik gabe bada ere, ari da Zaldua ipuin-sorta berri honetan. Zer ote du iraganak halako setaz aldatu nahi izateko. Beharbada ez gaude iraganaz oso harro eta horregatik aldatu nahi genuke.

Autoreak bere aurreko ipuinetan erabili ohi dituen osagaiak erabili ditu liburu honetan ere: ironia erregosi apur bat, zientzia fikzio ukitu sinesgarriez lurrindua, absurdotik atximur bat, egunerokotasunetik koilara bete, akaso giza harremanen gatzak gazituago dator oraingo honetan; beti bezain iradokizunez betea, hala ere.

Ez da erraza esaten horietako zein osagaik behartzen duen irakurlea ipuin bakoitza hasi eta bukatu arte ez eskuetatik uztera, beharbada denen nahasteak. Segurua dena da ipuin bilduma irakurri eta nekez ahaztuko dituela bertan kontatzen direnak eta aktoreak

Sariak:

18.000,00.- €uro, eskuz esku.

3.535,00.- €uro, saritutako lana beste hizkuntza batean argitaratu ahal izatea bideratuko duen hitzarmena sinatu ostean.

Guztira: 21.535,00.- €uro

Finalistak:

Lazarraga Ernazimentua euskaraz, Pruden Gartzia (Pamiela)

Sua nahi, Mr Churchill?,Koldo Izagirre (Susa)

Denbora aleak, Karlos Linazasoro (Pamiela)

Bingo (poemak 1981-2000), Xabier Montoia (Pamiela)