Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Harry Potter eta sekretuen ganbera. Laburpena

Harry Potter azti gaztea oporretan dago bere izeba-osaben etxean, Azti eta Sorgin Eskolan bigarren ikasturtea hasteko irrikitan. Bere lagun Ron eta honen anaiek salbatuko dute oporrak negargarriak izatetik.

Ikasturte hasiera, berriz, ezustekoz eta abenturaz betea izango da eskolan. Batetik, azti-idazle ezagun hantuste bat iritsiko zaie irakasle lanetara. Bestetik, eraso arraro eta beldurgarriak gertatzen hasiko dira eskolan: zenbait ikasle harrizko bihurtuko ditu norbaitek. Ez dakite nork, baina badakite Sekretuen ganberarekin duela zerikusia. Elezaharrak dioenez, eskola sortu zuten aztietatik bat ez zegoen konforme ikasle “odolzikinak” (azti edo sorgin ez ziren edo erdizka bakarrik ziren gurasoengandik jaiotakoak) bertan hartzeko, eta alde egin aurretik, Sekretuen ganbera eraiki zuen. Bertan izaki beldurgarri bat sartu zuen, egunen batean eskolara bere oinordekoren bat etorri eta askatuko zuelakoan. Askatu, "odolzikinak" akabatzeko, jakina.

Harry Potterrek ikertu beharko du zer den egia elezaharretik eta zer ez. Zer den Sekretuen Ganbera eta non dagoen, eta nola lortu izaki beldurgarriari aurre egitea

Harry Potter eta sekretuen ganbera. Zatiak

• Harry udako oporretarako etxera etorri zenetik, noiznahi eztanda egingo zuen lehergailua bezala tratatu zuen osaba Vernonek, eta hori Harry ez zelako mutiko normal bat. Egia esanda, ezinezkoa zen anormalagoa izatea.
Harry Potter aztia zen…, Hogwartseko Azti eta Sorgin Eskolan lehen ikasturtea egin berria. Eta Dursleytarrak pozik ez bazeuden Harry oporretarako etxera itzuli zitzaielako, are gutxiago Harry bera.

• -Konplota, Harry Potter, aurten konplota dago gauzarik beldurgarrienak gertarazteko Hogwartseko Sorgin eta Azti Eskolan- xuxurlatu zion Dobbyk, bat-batean dardara bizian jarrita-. Hilabeteak dira Dobbyk horren berri izan zuela, jauna. Harry Potterrek ez du bere burua arriskuan jarri behar. Garrantzitsuegia da, jauna!

• Ronek, Fredek eta Georgek Harryri besoetatik heldu eta ahal bezain gogor tira egin zioten.
-Petunia - deiadar egin zuen osaba Vernonek-. Ihes egiten ari da! IHES EGITEN ARI DELA!

• Sekula ez zen ordura arte azti baten etxean egon.
Bere aurreko paretan zegoen erlojuak orratz bakarra zuen, eta zenbakirik batere ez. Ertzean, inguru guztian idatzita, honelakoak zeuden: "Tea egiteko ordua", "Oiloei jaten emateko ordua" eta "Berandu zabiltza".

• -Zergaitik ez deutsezu nire eskutitzei erantzun? -esan zion Hagridek, Harryk lasterka txikian jarraitzen zion bitartean (berak hiru pauso eman behar zituen, Hagriden botatzarrek emandako bakoitzeko). Harryk dena azaldu zion Dobby eta Dursleytarrei buruz.
-Muggle alu horiek- marmar egin zuen Hagridek- Jakin izan baneu…

• "Gaur Harry hona 'Flourish and Blotts'era sartu denean, nire autobiografia bakarrik erosn nahi zuen, nik orain pozik oparituko diodana, musu-truk… -jendeak txalo egin zuen berriro, eta Lockhartek jarraitu egin zuen, Harryri betaurrekoak sudurraren puntaraino jaitsarazi zizkion astindutxo bat emanez-, baina ez zeukan ideiarik laster niregandik zerbait gehiago hartuko zuela, 'Magikoa ni' liburura baino askoz gehiago. Bai, jaun-andreok, atsegin eta harrotasun handiz iragartzen dizuet, aurtengo irailean, Arte Ilunen Aurkako Defentsarako irakasle-postua hartuko dudala Hogwartseko Sorgin eta Azti eskolan!

• -Utzidazu esaten zure karrerako etapa honetan argazki sinatuak ematea ez dela zuhurra… Egia esateko, harropuzkeria pixka bat ere ematen du. Etor liteke eguna, nik bezala, noranahi zoazela ere argazki-mordo bat eskura eraman beharko duzuna, baina… -barretxo bat egin zuen bere buruaz pozik- oraindik ez dut uste horraino iritsi zarenik.
Ikasgelara iritsi zirenean, Lockhartek joaten utzi zion.

• Zerbait zegoen dir-dir aurreko paretan. Hurbildu egin ziren, astiro, begiak erdi itxita ilunpetan ikusten saiatuz. Hogeita hamar zentimetro inguruko hitzak zeuden horman zirriborratuta bi leihoren artean, suziek botatzen zuten argitan distiraka.
SEKRETUEN GANBERA IREKI EGIN DUTE.
OINORDEKOAREN ARERIOAK, KONTUZ!

• "Kondairaren arabera, Slytherinek zigilatu egin zuen Sekretuen Ganbera, inork ireki ez zezan, haren benetako oinordekoa eskolara iritsi arte. Oinordekoa bakarrik izango zen gai Sekretuen Gabnera ireki eta barruan daukan izugarrikeria askatzeko, eta magia ikastea merezi ez duten guztiengandik eskola garbitzeko".

• -Oi, Ron, esna zaitez -bota zion Hermionek zakar- . Jakin badakigu azkenekoz ganbera ireki zuena duela berrogeita hamar urte bota zutela hemendik. Jakin ere badakigu T.M. Riddlek duela berrogeita hamar urte saria eskuratu zuela eskolari egindako zerbitzu bereziengatik. Ederki, eta Riddlek lortu balu bere sari berezia Slytherinen oinerkoa harrapatzeagatik? Haren egunerokoak ziur asko den-dena esango liguke: Ganbera non dagoen, nola zabaldu, eta zer-nolako izakia bizi den bertan. Orain erasoen atzean dagoenak ez luke nahiko egunerokoa hor zehar ibiltzea, ezta?

• Baina Harry ez zegoen oso adi entzuten. Ezin zuen burutik kendu Hermioneren irudia, eritegiko ohean etzanda, harrian zizelkatua balego bezala. Eta gaizkilea ez bazuten laster harrapatzen, bizitza osoa Dursleytarrekin irudikatzen zuen. Tom Riddlek, ikastetxea ixten bazuen muggleen umezurztegira itzuli behar izango zuelako, salatu egin zuen Hagrid. Orain Harryk oso ondo ulertzen zuen haren jokaera

• Harryk gauza bakar bat heredatu zuen aitarengandik: ikusezintasun-kapa luze eta zilar-kolorekoa. Hura zen aukera bakarra ikastetxetik isil-gordeka irten eta inor ohartu gabe Hagridengana joateko. Ohiko orduan oheratu ziren; Neville, Dean eta Seamus Sekretuen Ganberaz eztabaidatzeari utzi eta lokartu ziren arte itxaron zuten, eta orduan altxatu, berriro jantzi eta kapa beren gainera bota zuten.

• Dumbledorek alde egin ondoren, ordu arte ez bezala zabaldu zen izua, eta bazirudien gazteluko hormak epeltzen zituen eguzkia leiho maineldunetan geratzen zela, barrura sartu gabe. Apenas ikusten zen aurpegirik eskolan kezka eta urduritasunik gabe, eta korridoreetan barre-algararik entzuten bazen, gehiegizkoa eta lekuz kanpokoa ematen zuen, eta bizkor isiltzen zen.

• Hala ere, bazirudien pertsona batek behintzat oso atsegin zuela izu eta susmo-giro hura. Draco Malfoy harropuztuta zebilen ikastetxean zehar, ordezkari nagusi izendatu balute bezalaxe

• Zintzilika zegoela, Harryk ikusi zuen bera zeraman piztiak sei hanka luze-luze eta iletsu zituela, eta aurreko biek berari gogor eusten ziotela, pare bat matxarda beltz eta distiratsuren azpian. Bere atzean, beste izaki haietako bat entzuten zuen, Ron garraiatzen zuena, dudarik gabe.

• -Sprout andereñoak esan didanez, azkenean mandragorak prest daude mozteko. Gaur gauean, gai izango gara harri bihurtutako jende horri berriro bizia emateko. Esan beharrik ez dago beraietakoren bat gai izan daitekeela esateko nork, edo zerk, eraso egin zien. Badut itxaropena ikasturte beldurgarri hau gaizkilea harrapatuta bukatzeko.

• -Abentura hemen bukatzen da, mutikoak!- esan zien-. Azal honen zati bat eskolara eramango dut, esango diet beranduegi iritsi naizela neska salbatzeko, eta zuek biok tragikoki burua galdu duzuela haren gorputz hondatua ikustean. Esan adio zeuen oroimenari!