Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Epaimahia:

Mari Jose Olaziregi Alustiza andrea, epaimahaiburu.
Itziar Zubizarreta Aierbe andrea, epaimahaikide.
Andoni Egaña Makazaga jauna, epaimahaikide,
Kirmen Uribe Urbieta jauna, epaimahaikide.
Román Berriozabal Azpitarte jauna, epaimahaiko idazkari.

Epaimahiaren erabakia:

2000. urteko “Euskadi” literatura saria, euskarazko literatura modalitateari dagokiona, LOURDES OÑEDERRA andreari ematea, ETA EMAKUMEARI SUGEAK ESAN ZION izeneko liburua idaztegatatik. Literatura-lan horrek badu, epaimahai honen iritziz, nahikoa meritu esandako saria eskuratzeko. Horien artean honako hauek lirateke azpimarragarrien: Lourdes Oñederrak Eta emakumeari sugeak esan zion nobelan zinez asmatu du pertsonaia nagusiaren, hau da, Teresaren mundua, kezka, korapilo eta zalantzak modu erakargarrian testuratzen. Hasieratik bertatik, pertsonaiaren ikuspuntuari eutsiz eta formari dagokionez, bigarren pertsonaren erabilerarekin modu ausartean jokatuz, gizakioi gertu-gertukoak zaizkigun bakardadea eta izuak iradoki dizkigu. Berritasuna eta erakarmen dudaezinezkoak dira, beraz, nobela honen berme nagusiak.
Edozein kasutan, epaimahai honek argi utzi nahi du azken bozketaraino lehian ibili diren hiru hautagaien maila azpimarragarria izan dela eta aukeraketa bera zail bihurtu zaigula. Irabazle suertatu den Oñederraren nobelarekin batera, finalistak Koldo Izagirreren Agirre zaharraren kartzeladi berriak eta Gerardo Markuletaren Hauta-lanerako poemategia izan dira.