Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Espainiako Ondare Historikoaren Legea

Aurkibidera itzuli

Ondasun higigarrien eta higiezinen babesa


35 artikulua:

  1. Espainiako Ondare Historikoa osatzen duten ondasunak babesteko eta herritarrek horiek errazago ezagutu ahal izateko, zerbitzu desberdinen arteko komunikazioa sustatzeko eta ikerketa zientifikoa eta teknikoaren garapenerako beharrezkoa den informazioa sustatzeko, aldiro-aldiro Espainiako Ondare Historikoari buruzko Informaziorako Plan Nazionalak landuko dira.
  2. Espainiako Ondare Historikoaren Kontseiluak landuko eta onetsiko ditu aurreko atalean aipatutako Plan Nazionalak.
  3. Zerbitzu publiko desberdinek eta Espainiako Ondare Historikoa osatzen duten ondasunen titularrek Informaziorako Plan Nazionalak martxan jartzeko orduan lagundu beharko dute.

36 artikulua:

  1. Espainiako Ondare Historikoa osatzen duten ondasunak bere jabeek kontserbatu, mantendu eta gordeko dituzte, edo hala badagokie, ondasun horien gaineko eskubide errealen titularrek edo ondasunak dituzten pertsonek.
  2. Kultur interesekotzat aitortu diren ondasunen erabilera, baita Inbentario Orokorrean sartutako ondasun higigarrien erabilera ere, ondasunaren kontserbazioa arriskuan jartzen ez denean bakarrik gauzatu ahal izango da. Erabilerari dagokionez egiten den edozein aldaketa, honako Lege honen gauzatzearen eskumeneko Erakundeek baimendu beharko dute.
  3. Kultur interesekotzat aitortutako ondasunen, edo Inbentario Orokorrean sartutako ondasunen jabeek, edo eskubide errealen titularrek, artikulu honetako 1. atalean aurreikusitako betebeharrari dagokionez gauzatu beharreko egintzak burutzen ez dituztenean, eskumeneko Administrazioak, interesdunei aldez aurretik jakinarazi ondoren, betebeharraren gauzatze subsidiarioa agindu dezake. Aldi berean, itzuli beharreko aurrerakin moduko laguntza bat eman dezake, eta ondasun higiezinen kasuan, Jabegoaren Erregistroan inskribatuko da. Eskumeneko Administrazioak egin beharreko lanak burutu ahal izango ditu, ondasunak modu eraginkorragoan kontserbatzeko beharrezkoak badira. Salbuespen moduan, eskumeneko Administrazioak eska dezake ondasun higigarriak izaera publikoko zentroetan uztea, premia hori eragin zuten arrazoiak desagertzen ez diren bitartean.
  4. Honako artikulu honetan zehaztutako betebeharrak betetzen ez badira, eskumeneko Administrazioak kultur intereseko ondasun bezala sailkatu dituen ondasunen nahitaezko desjabetzapena eskatu ahal izango du.

37 artikulua:

  1. Eskumeneko Administrazioak eragotzi dezake kultur intereseko ondasun bezala aitortu den ondasun baten eraispena, baita ondasun horretan egin nahi den edozein lan edo esku-hartze eten ere.
  2. Modu berean jardungo du, kultur intereseko ondare bezala aitortu ez bada, betiere ondasunak honako Lege honen 1. artikuluan aipatzen diren balioak baldin baditu. Kasu horretan, Administrazioak gehienez hogeita hamar lanegun izango ditu lanarekin edo esku-hartzearekin jarraituko ote den erabakitzeko, edo bestela Kultur Intereseko Ondasunaren aitorpenari hasiera emango dio.
  3. Eskumeneko Administrazioaren aldetik, kultur intereseko ondasuntzat aitortu den ondasun bat desjabetu ahal izango da ondasun hori hondatzeko edo suntsitzeko arriskua badago, edo ondasunaren balioarekin bat ez datorren erabilera ematen bazaio. Arrazoi beragatik desjabetu ahal izango dira kultur intereseko ondasunaren aitorpenak eragindako ondasunak ikustea oztopatzen duten higiezinak, edo ondasunak arriskuan jartzen dituzten higiezinak. Udalerriek erabaki dezakete ondasun horiek desjabetzea, aldez aurretik eskumeneko Administrazioari asmo hori jakinarazten badiote; eskumeneko Administrazioak lehentasuna izango du ahalmen hori gauzatzeko orduan.

38 artikulua:

  1. Kultur intereseko ondasun bezala aitortu den ondasun bat, edo 26. artikuluan aipatzen den Inbentario Orokorrean sartutako ondasun bat, besterendu nahi duenak, 6. artikuluan aipatutako erakundeei jakinarazi beharko die eta besterentzea egiteko prezioa eta baldintzak zehaztu beharko ditu. Enkantea antolatzen duten pertsonek, modu berean, Espainiako Ondare Historikoa osatzen duen edozein ondasun besterentzeko enkate publikoak aldez aurretik jakinarazi beharko dituzte.
  2. Aurreko atalean aipatu dugun jakinarazpena egin eta hurrengo bi hilabeteetan, Estatuko Administrazioak lehentasunez erosteko eskubidea gauzatu ahal izango du, bere alde, ongintzako erakunde baten alde, edo eskubide publikoko edozein erakunderen alde eta hitzartutako prezioa ordaindu beharko du, edo hala badagokio, erremateko prezioa, gehienez, bi ekitaldi ekonomikoen epean, ez bada interesdunarekin ordainketarako beste moduren bat hitzartzen dela behintzat.
  3. Besterentzea egiteko asmoa behar bezala jakinarazi ez den kasuan, Estatuko Administrazioak sei hilabeteko epea izango du atzera-eskuratze eskubidea gauzatzeko, besterentzea egingo dela jakiten den egunetik hasita, lehentasunez erosteko eskubidearen kasuan aurreikusitako termino berdinetan.
  4. Aurreko ataletan zehaztutakoak ez du esan nahi ondasunen gaineko lehentasunez erosteko eskubidea eta atzera-eskuratze eskubidea honako Lege hau gauzatzeko eskumeneko Erakundeek baldintza berberetan gauzatu ahal izango dutenik. Hala ere, Estatuko Administrazioak eskubide horiek gauzatzea lehentasunezko izaera du, betiere Estatuko titulartasuna duen Museo baterako, Agiritegi edo Liburutegi baterako ondasunak eskuratzeko denean.
  5. Jabegoaren eta Merkataritzako Erregistratzaileek ez dute artikulu honetan aipatzen diren ondasunaren jabegoa edo ondasunaren gaineko eskubide erreala besterentzen dela dioen inolako agiririk erregistratuko, bertan biltzen diren baldintzak betetzen ez badira.

39 artikulua:

  1. Botere publikoak kultur intereseko ondasun bezala aitortu diren ondasun guztiak ahalik eta hobekien kontserbatzen eta hobetzen saiatuko dira, baita honako Lege honetako 26. artikuluan aipatzen den Inbentario Orokorrean sartutako ondasun higigarriak ere. Kultur intereseko ondasuntzat aitortu diren ondasunei ezin izango zaie inolako tratamendurik ezarri aldez aurretik Lege honen gauzatzearen eskumeneko Erakundeek berariazko baimenik eman ez badute.
  2. Ondasun higiezinen kasuan, aurreko paragrafoan aipatu diren jarduerak ondasuna kontserbatzeko, sendotzeko eta birgaitzeko burutuko dira, eta ondasunak berriro eraikitzeko saiakerak saihestuko dira, ondasunaren jatorrizko zatiak erabili eta zati horien egiazkotasuna baieztatu daitekeen kasuetan izan ezik. Ondasunaren egonkortasuna ziurtatzeko edo ondasunaren kontserbaziorako material berriak gehitzen badira, gehitu diren zatiak arazorik gabe bereizi ahal izango dira, hartara nahaste mimetikoak saihesteko.
  3. Honako artikulu honetan aipatzen diren ondasunen zaharberriketek garai guztietatik egindako ekarpenak errespetatuko dituzte. Garai bateko ezaugarriak kentzeko baimen berezi bat lortu behar izango da, eta ezinbestekoa izango da kendu nahi diren elementuek ondasuna narriatzea eta horiek kendu ondoren ondasunaren interpretazio historiko egokiagoa egin ahal izatea. Kentzen diren zatiak behar bezala dokumentatuko dira.

 

Aurkibidera itzuli

Azken eguneratzea: 2011/04/11