Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Espainiako Ondare Historikoaren Legea

Aurkibidera itzuli

SARRERA


Espainiako Ondare Historikoa dugu espainolek zibilizazio unibertsalari egindako ekarpen historikoaren eta gaur egungo sormen-gaitasunaren lekuko nagusia. Espainiako Ondare Historikoa osatzen duten ondasunak babestea eta aberastea da botere publiko guztien funtsezko betebehar bat, Konstituzioko 36. arauak botere publikoengana zuzentzen duen aginduaren arabera.

Betebehar guztiak behar bezala bete zituzten gure tradizio intelektual, juridiko eta demokratikoaren protagonistarik bikainenek, eta horren froga da 1933ko maiatzaren 13ko legeak utzitako ondarea. Gauzak horrela badira ere, gure herriak askatasuna berreskuratu zuenean, prozesu alai hori gauzatu zen lehenengo unetik. Betebeharrei lege-erantzun berriagoa eta zabalagoa lantzen hasi ziren, alegia, gure Ondare Historikoaren benetako kode bat lantzen hasi ziren, eta kode horren arabera, etorkizunean garatu beharreko proiektuak, ordura arte izandako esperientzian oinarrituta landuko ziren.

Kodea beharrezkoa zen, izan ere, lehenik eta behin, Legea indarrean sartu eta mendearen lehenengo erdian araudia nahiko zatituta zegoen; egoera horren aurrean, gure antolamendu juridikoan makina bat formula sortu zen une hartan aurreikusi gabe zeuden egoera zehatzei aurre egiteko. Aldi berean, Ondare Historikoaren gaineko kezka gero eta handiagoa da nazioartean, bai eta bertako erakunde nagusien artean ere; hori ikusita, ondasun historikoak eta kulturalak babesteko eta aberasteko irizpide berriak sortu dira eta hainbat Hitzarmen eta Gomendiotan zehaztu; Espainiak hitzarmen eta gomendio guztiak onartu ditu, baina ez dira bere barne-legeriara egokitzen. Hortaz, legea aztertu beharko da eta lehenengo zeregina Estatuaren eta Autonomia Erkidegoen artean eskumenak berriro banatzea izango da; helburu horrekin, ondasunei dagokienez Konstituzioa eta Autonomia Estatutuak hartu behar dira kontuan. Honako Lege hau, beraz, Konstituzioko 149. artikuluko 1. eta 2. ataletan bildutako arauen arabera landuko da.

Estatuaren administrazioa, beraz, agindua eta eskumen-titulua ere bada.

Lege honi esker Ondare Historikoaren definizio berri bat landu da, eta gainera, definizioaren bi adiera zabaldu egin dira. Bertan biltzen dira Ondare Historikoa osatzen duten ondasun higigarriak eta higiezinak, Arkeologi eta Etnografi Ondarea, Museoak, Estatuko titulartasuna duten Agiritegiak eta Liburutegiak, baita Ondare Dokumentala eta Bibliografikoa ere. Azken finean, Ondare Historikoaren babesa ziurtatu nahi da eta kultura materiala sustatu, zentzu zabalean gizakiaren ekintzaren ondorioz sortu dena, sustatu nahi ditu, eta Ondare Historikoa preziatu beharreko ondasun-multzo bat bezala ulertzen du, ondarearen jabego, erabilera, antzinatasun edo balio ekonomikoa dela eta inolako mugarik jartzen ez delarik.

Horrek ez du esan nahi babes eta sustapen-neurriek, Legearen arabera gure Ondare Historikoa osatzen duten ondasun guztietan eragin bera izango dutenik. Legeak babes-maila desberdinak bereizten ditu, beste hainbat lege-mailekin bat datozenak. Mailarik orokorrena, Legeari berari izena ematen diona, Espainiako Ondare Historikoaren maila da, eta bertan biltzen dira Espainiak kultura unibertsalari egindako ekarpena osatzen duten, eta balio historikoa, artistikoa, zientifikoa eta teknikoa duten ondasun guztiak. Kontzeptu honen inguruan egituratzen dira Legearen funtsezko alderdiak, eta esku-hartzeko teknikak beharrezkoak dira, Estatuaren eskumenekoak, bereziki legez kanpoko esportazioaren aurreko babesaren eta espoliazioaren aurreko babesaren kasuan.

Espainiako Ondare Historikoaren baitan, garrantzi berezia ematen zaio Kultur Intereseko Ondasunen kategoriari, babes eta tutoretza handiagoa azalduz; kategoria honetan sartzen dira babesa behar duten ondasun higigarriak eta higiezinak. Aldi berean, kategoria honek neurri bereziak eskatzen ditu eta Legeak zehaztuko ditu neurri berezi horiek ondasunen izaeraren arabera.

Legeak Ondare Historikoaren balorazioa egiteko beharrezkoak diren formulak eskaintzen ditu, izan ere, herri baten Ondare Historikoaren defentsa egiteko, erabilera jakin batzuk debekatzen edo mugatzen dituzten ekintzak martxan jartzeaz gain, ondare historikoaren kontserbazioaren garrantzia azpimarratuko duten hainbat xedapen ere beharrezkoak dira, hartara, ondare historikoaz gozatu ahal izateko eta aberastu ahal izateko.

Horrela, Legeak zerga-mailako hainbat neurri zehazten ditu eta Espainiari bide berriak eskaintzen dizkio; eta ondorioz, herriaren historia eta kulturari dagokionez, baita ondarearen altxorrari dagokionez ere, gure inguruneko hainbat herrialdeen parean jartzen da Espainia. Modu honetan, Espainiako Ondare Historikoa eraginkortasunez kudeatzeko politika egoki bat indartzen da. Politika honek ondarea zaintzeaz gain, heziketa, teknika eta finantzei dagokienez hainbat estimulu sustatu behar ditu, izan ere, Ondare Historikoarekin batera bizi diren pertsonek zenbat eta gehiago preziatu aipatu Ondare Historikoa, eta zenbat eta laguntza gehiago jaso Ondare Historikoa babesteko eta zaintzeko, orduan eta hobeto defendatu ahal izango da; noski, gizarteari kontraprestazio bat eman beharko zaio dirulaguntzak botere publikoek ematen dituztenean.

Espainiako Ondare Historikoa aberastasun kolektibo bat da eta bertan biltzen da espainolek kultura unibertsalera egindako ekarpenaren adierazpen preziatuenak. Herritarrek Espainiako Ondare Historikoa preziatu egin behar dute eta horrek emango dio balio berezia, izan ere, ondare historikoa osatzen duten ondasunak herritarren ondare bihurtu behar dira gizartean betetzen duten zeregina dela eta, eta hori herritarrek azalduko duten preziamenduari esker lortuko da.

Ondorioz, eta azken helburu bezala, Legeak gure Ondare Historikoa osatzen duten ondasunak ezagutzera eman nahi ditu. Legeak ezartzen dituen babes eta sustapen-neurri guztiak zentzuzkoak izango dira, gero eta herritar gehiagok ikus ahal baditu lan guztiak, herri baten taldeko gaitasunaren ondare direnak, hain zuzen. Izan ere, Estatu demokratiko batean ondasun hauek herritarren zerbitzura jarri behar dira, ondasun hauetaz gozatuz kultura bereganatzen baitugu, eta azken finean, kultura dugu herrien askatasuna lortzeko biderik zuzenena

Aurkibidera itzuli