Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Espainiako Ondare Historikoaren Legea

Aurkibidera itzuli

Ondare Dokumentala eta Bibliografikoa eta Agiritegiak, Liburutegiak eta Museoak

 

I. KAPITULUA

Ondare Dokumentala eta Bibliografikoa


48 artikulua:

  1. Lege honen ondorioetarako, Espainiako Ondare Historikoaren barruan sartzen dira Ondare Dokumentala eta Bibliografikoa, betiere kapitulu honetan Espainiako Ondare Historikoaren barruko ondasuntzat jotzen diren ondasunak biltzen badira, Agiritegietan eta Liburutegietan gordeta egon ala ez.
  2. Ondare Dokumentala eta Bibliografikoa honako Titulu honetan biltzen diren eta ondasun higigarrien erregimenean biltzen diren berariazko arauei jarraiki arautuko da. Bertan aurreikusten ez diren kasuetan, honako Lege honetan eta bere ondasun higigarrien erregimenean izaera orokorrarekin xedatzen dena aplikatuko da.

49 artikulua:

  1. Lege honen ondorioetarako, dokumentutzat joko dugu, edozein euskarri materialetan, baita informatika-euskarritan ere, jasotako edonolako adierazpena, hizkuntza naturalean edo konbentzionalean egindakoa, baita adierazpen grafikoak, soinu-adierazpenak eta irudien bidezko adierazpenak ere.
  2. Ondare Dokumentalaren zati dira edozein garaiko dokumentuak, izaera publikoko edozein erakundek, Estatuak kapitalaren gehiengoa duen pertsona juridikok, edo bestelako erakunde publikok sortuak, kontserbatuak edo bilduak badira, bai eta aipatu zerbitzu publikoak kudeatzen dituzten pertsona pribatuak, fisikoak edo juridikoak sortuak, kontserbatuak edo bilduak badira ere.
  3. Modu berean Ondare Dokumentalaren zati dira berrogei urte baino gehiagoko antzinatasuna duten dokumentuak, betiere izaera politiko, sindikal edo erlijiosoa duten erakundeek edo elkarteek eta izaera pribatuko erakunde, fundazio eta kultur elkarteek eta hezkuntza-elkarteek sortuak, kontserbatuak edo jasoak badira.
  4. Aldi berean Ondare Dokumentalaren barruan sartuko ditugu ehun urte baino gehiagoko antzinatasuna duten dokumentuak, betiere beste edozein erakunde partikular edo pertsona fisikok sortuak, kontserbatuak edo jasoak badira.
  5. Estatuko Administrazioak Ondare Dokumentalaren barruan sartu ahal izango ditu beste hainbat dokumentu, eta aurreko ataletan aipatutako antzinatasunik ez eduki badute ere, Ondare Dokumentalaren barruan sartzea merezi duten.

50 artikulua:

  1. Ondare Bibliografikoaren zati dira titulartasun publikoko liburutegiak eta bilduma bibliografikoak eta literatur lanak, lan historikoak, zientifikoak edo artistikoak, izaera unitarioa edo jarraitua dutenak, eskuz idatzitakoak zein inprimatuak, betiere lan hauei dagokienez liburutegi eta zerbitzu publikoetan gutxienez hiru ale baino gehiago gordeta ez badaude. 1958tik aurrera argitaratutako lanen kasuan, aipatu ale-kopurua badagoela suposatuko da.
  2. Aldi berean, Espainiako Ondare Historikoaren zati dira eta Ondare Bibliografikoari dagokion erregimena aplikatuko zaie, film zinematografiko, disko, argazki, ikus-entzunezko material edo antzekoen argitalpenetik lortutako aleak, edozein euskarri material dutelarik, betiere zerbitzu publikoetan, gutxienez horien hiru ale baino gehiago gorderik ez badago, edo ale bana film zinematografikoen kasuan.

51 artikulua:

  1. Estatuko Administrazioak, gainontzeko eskumeneko Administrazioekin batera, Ondare Dokumentala osatzen duten ondasunen Errolda eta Ondare Bibliografikoa osatzen duten ondasunen Katalogo Kolektiboa landuko du, araudiak ezartzen duenaren arabera.
  2. Aurreko atalean aurreikusitakoaren ondorioetarako, eskumeneko Administrazioak Ondare Dokumentala eta Bibliografikoa osatzen duten ondasunen gaineko eskubideen titularrei eskatu ahal die ondasunen azterketa egitea, baita ondasun horiek Erroldan eta Katalogoan sartu ala ez erabakitzeko beharrezkoa den informazioa ere. 

52 artikulua:

  1. Ondare Dokumental eta Bibliografikoko ondasunen jabe guztiek horiek kontserbatu eta babestu behar dituzte, kontserbazioa eragotziko ez duen erabilera eman eta leku egokietan gorde behar dituzte.
  2. Aurreko atalean xedatutakoa betetzen ez bada, eskumeneko Administrazioak hartu beharreko neurriak hartuko ditu, honako Lege honen 36.3 artikuluan aurreikusitakoaren arabera. Betebeharrak betetzen ez badira eta gainera, Administrazioak egindako eskaerari erantzuten ez bazaio, eragindako ondasunen nahitaezko desjabetzea agindu ahal izango da.
  3. Ondare Dokumentala eta Bibliografikoa osatzen duten ondasunak kontserbatzeko betebeharra duten pertsonek, eskumeneko erakundeei ondasunen egoera aztertzea ahalbidetu behar dute eta ikertzaileei ondasunaren azterketa egiten utzi behar diete, betiere aldez aurretik ikertzaileek eskaera arrazoitua aurkezten badute. Partikularrak azken betebehar hau ez betetzea gerta daiteke, betiere intimitate pertsonalaren eskubidea eta irudiaren eskubidea urratzen bada, eta esparru honetako legeriak zehazten dituen terminoen arabera.
  4. Ikertzaileei ondasuna aztertzen uzteko betebeharra eskumeneko Administrazioak ordezkatu dezake, horretarako, ondasuna aldi baterako izaera publikoko Agiritegi, Liburutegi edo antzeko Zentro batean gordeko duelarik, betiere ondasunaren segurtasunari dagokionez eta ikerketari begira baldintza egokiak betetzen badira.

53 artikulua:

Ondare Dokumentala eta Bibliografikoa osatzen duten ondasunak, garrantzi berezia dutenak, Espainiako Ondare Historikoaren ondasun higigarrien Inbentario Orokorraren sekzio berezi batean bilduko dira, Lege honen 26. artikuluan zehaztutako prozeduraren arabera. 


54 artikulua:

  1. Betetzen duten kargua dela eta, honako Lege honen 49.2 artikuluan aipatzen diren dokumentuak bere kargura dituzten pertsonek, bere funtzioak etetean, ordezkatuko duen pertsonari eman behar dizkio dokumentuak eta dagokion Agiritegira bidali.
  2. Pertsona edo erakunde pribatuek aurreko atalean aipatutako dokumentuak gordetzen badituzte, dokumentu horiek sortu, kontserbatu edo bildu dituen Administrazioak ondasun horiek Agiritegi publiko batera bidaliko ditu, edo bestela, sor daitezkeen erantzukizunen kaltetan izan gabe.

55 artikulua:

  1. 49.2 artikuluan aipatzen den Ondare Dokumental eta Bibliografikotik ondasunak baztertzeko edo kentzeko, eskumeneko Administrazioaren baimena ezinbestekoa izango da.
  2. Aipatu dokumentuak ezin izango dira suntsitu, pertsonen edo erakunde publikoen eskubide eta betebeharren froga-balioa dagoen bitartean.
  3. Beste kasuetan, ondasun bat baztertzeko edo kentzeko eskumeneko Administrazioak proposamen bat aurkeztuko dio ondasunaren jabeari, horretarako araubidearen arabera ezarriko den prozedura jarraituko delarik.

56 artikulua:

  1. Ondare Dokumentala eta Bibliografikoa osatzen duten ondasunak uzteko, esportatzeko edo inportatzeko egintzei dagokienez, honako Lege honetako 5. artikuluan eta III. eta IV. tituluetan xedatutakoa errespetatu beharko da, ezar daitekeen kasuetan, noski.
  2. Edozein kasutan, ondasunak titulartasun publikokoak direnean ezin izango dira esportatu, honako Lege honen 31. eta 34. artikuluetan aurreikusitako kasuetan izan ezik.

57 artikulua:

  1. 49.2 artikuluan aipatzen den bezala Espainiako Ondare Dokumentala osatzen duten dokumentuak kontsultatzeko, honako arau hauek kontuan hartu beharko dira:

    1. Orokorrean, dokumentuen tramitazioa egin ondoren eta dokumentuak Eskubide Publikoko erakundeetan dagokien Agiritegi nagusietan gordailatu eta erregistratu ondoren dokumentu horiek kontsultatu ahal izango dira, betiere araubidea errespetatzen bada, Sekretu Ofizialen Legearen barruan sailkatuta dauden dokumentuen kasuetan izan ezik, edo Legearen berariazko xedapen baten ondorioz jendartean ezagutzera ematea debekatuta dauden kasuan izan ezik, edo dokumentuaren edukiaren hedapenaren ondorioz Estatuko segurtasuna eta defentsa arriskuan jartzen den kasuetan izan ezik.
    2. Aurreko paragrafoan xedatutakoa kontuan hartuta, kontsulta publikotik at geratu diren dokumentuak kontsultatu nahi badira administrazioan baimena eskatu beharko da. Dokumentu sekretu edo erreserbatuen kasuan, aipatu baimena aitorpena egin zuen Agintaritzak eman ahal izango du, eta gainontzeko kasuetan dokumentuak gordetzeaz eta zaintzeaz arduratzen den Saileko buruak emango du.
    3. Pertsonen segurtasuna, edo ohorea, pertsonen bizitza pribatuaren eta familiaren intimitatea, eta norberaren irudia eragin dezaketen eta izaera poliziala, prozesala, klinikoa edo bestelako izaera duten datu pertsonalak biltzen dituzten dokumentuak ezin izango dira publikoki kontsultatu, eragindako pertsonek berariazko baimenik ematen ez badute, edo eragindako pertsona hil eta hogeita bost urte igaro arte, betiere hil zen eguna ezagutzen bada, eta ezagutzen ez bada, dokumentuak kontsultatu ahal izateko berrogeita hamar urte igaro beharko dira, dokumentuko datatik hasita.
  2. Araudiaren arabera zehaztuko dira artikulu honetan aipatzen diren dokumentuen kontsulta egiteko baldintzak, baita dokumentu horien kopiak lortzeko baldintzak ere. 

58 artikulua:

Administrazio-mailako Dokumentuak Sailkatzeko Goi Batzorde baten ardura izango da zehaztuko du Estatuko Administrazioko eta Estatuko sektore publikoko dokumentuak sailkatzeko eta erabiltzeko orduan kontuan hartu beharreko alderdi desberdinen azterketa eta erabakia, baita dokumentu horiek Agiritegietan sartzeko erabakia eta dokumentu horiek erabiltzeko erregimena ere; Batzorde honen osaera araudiaren arabera erabakiko da. Aldi berean Erakunde publikoen Batzorde Kalifikatzaileak eratu ahal izango dira, hala behar den kasuetan.

Aurkibidera itzuli