Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Espainiako Ondare Historikoaren Legea

Aurkibidera itzuli

Ondare Arkeologikoa


40 artikulua:

  1. Lege honetako 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, Espainiako Ondare Historikoaren zati dira izaera historikoa duten ondasun higigarriak edo higiezinak, metodologia arkeologikoari jarraiki azter daitezkeenak, erauzitakoak izan ala ez, eta azaleran zein lurazpian egon, itsasoan zein lehorrean egon. Aldi berean, Ondare honen barruan sartzen dira gizakiaren historiarekin eta bere jatorriarekin erlazionatutako elementu geologikoak eta paleontologikoak.
  2. Lege honen aginduz, Kultur Intereseko Ondasuntzat aitortzen dira labar-artea duten haitzuloak, babes-lekuak eta orokorrean lekuak.

41 artikulua:

  1. Honako lege honen ondorioetarako, arkeologia-indusketak dira azaleran, lur azpian edo urpean egindako aldaketak, betiere hondar historikoak edo paleontologikoak aurkitzeko edo aztertzeko egiten badira, baita horiekin erlazionatutako osagai geologikoak ere.
  2. Arkeologia-prospekzioak dira azaleran zein urazpian egiten diren azterketak, lurra aldatu gabe, betiere aurreko atalean aipatu ditugun elementuen azterketa edo ikerketa xede badute.
  3. Ustekabeko aurkikuntzak dira, Espainiako Ondare Historikoaren berezko balioak eduki eta ustekabean edo lurra edozein arrazoi dela eta (lanak…) mugitzeagatik aurkitu diren objektuak eta hondarrak.

42 artikulua:

  1. Edozein indusketa edo prospekzio arkeologiko eskumeneko Administrazioaren berariazko baimena behar du; eskumeneko Administrazioak, ikuskapena eta kontrola burutzeko bitarteko egokien bitartez, lanak programa zehatz eta koherente baten arabera planteatu eta garatzen direla baieztatu beharko du, egokitasuna, profesionaltasuna eta interes zientifikoaren baldintzak betetzen direla baieztatuko duelarik.
  2. Indusketa edo prospekzio arkeologikoak egiteko baimena lortzearen ondorioz, onuradunek nahi eta nahi ez eman beharko dizkiote aurkitzen dituzten objektuak Museoari edo eskumeneko Administrazioak erabakitzen duen zentroari, aldez aurretik aurkitutako objektuak behar bezala inbentariatu eta katalogatuko dituztelarik, eta Memoria bat aurkeztu beharko dutelarik; horretarako eskumeneko Administrazioak epe bat zehaztuko du eta kontuan hartuko dira aurkikuntza egindako lekura dagoen hurbiltasuna, eta behar bezala kontserbatzeaz gain, objektuaren kultur funtzioa eta funtzio zientifikoa hobeto betetzea. Objektu hauei dagokienez, ezin izango da aplikatu honako Lege honen 44.3 artikuluan xedatutakoa.
  3. Lege honetan xedatutakoaren arabera, dagokion baimenik gabe egindako edo baimena lortu baina baldintza egokiak errespetatu gabe egindako indusketa edo prospekzio arkeologikoak legez kanpokoak izango dira eta horien arduradunak zigortu egingo dira, baita objektu arkeologikoa ustekabean aurkitu den lekuan beranduagoa egiten diren lurra zatitzeko lanak edo edonolako lanak ere, betiere eskumeneko Administraziori berehalako jakinarazpenik egin ez zaion kasuetan. 

43 artikulua:

Eskumeneko Administrazioak, Espainiako edozein lur publiko edo pribatutan indusketa edo prospekzio arkeologikoak egitea agindu dezake, betiere hobi edo hondar arkeologikoak, paleontologikoak edo horiekin erlazionatutako osagarri geologikoak daudelaren susmoa badute. Dagokion kalte-ordainaren ondorioetarako nahitaezko desjabetzeari buruzko legerian xedatutakoari jarraituko zaio. 


44 artikulua:

  1. Jabego publikoko ondasunak dira Espainiako Ondare Historikoaren berezko balioak dituzten objektu eta hondar material guztiak, betiere indusketen, lurrak mugitzearen edo bestelako lanen ondorioz aurkitu badira. Objektu hauek aurkitzen dituen pertsonak eskumeneko Administrazioari jakinaraziko dio horiek aurkitu dituela hogeita hamar eguneko epean eta berehala ustekabean egindako aurkikuntzen kasuan. Ezin izango da aplikatu Kode Zibileko 351. artikuluan xedatutakoa.
  2. Aurkikuntza jakinarazi ondoren, eta objektuak eskumeneko Administrazioari eman bitartean, aurkikuntza egindako pertsonari lege-gordailuaren arauak aplikatu ahal izango zaizkio, aurkitutako objektuak Museo publiko bati ematen zaizkion kasuan izan ezik.
  3. Aurkikuntza egin duen pertsonak eta objektua zegoen lekuaren jabeak objektuaren lege-tasazioaren balioaren erdia jasotzeko eskubidea dute, esku-dirutan ematen den sari moduan; tasazioaren balioa bien artean erdibana banatuko da. Aurkikuntza pertsona batek baino gehiagok egiten badu edo lurren jabea bat baino gehiago bada, proportzio berari eutsiko zaio.
  4. Artikulu honetako 1. eta 2. ataletan aurreikusitako betebeharrak betetzen ez badira, aurkikuntza egindako pertsonari saria jasotzeko eskubidea kenduko zaio, eta aurkitutako objektuak zuzenean pasako dira eskumeneko Administrazioaren eskuetara, kasu bakoitzaren erantzukizunen eta ezar daitezkeen zigorren kaltetan izan gabe.
  5. Artikulu honetan xedatutako guztian salbuespena dira Kultur Intereseko Ondasunen Erregistroan sartutako higiezin baten egitura arkitektonikoa osatzen duten zatiak. Hala ere, horietako bat aurkitzen bada, eskumeneko Administrazioari jakinarazi beharko zaio hogeita hamar eguneko epean.

45 artikulua:

Erakunde Publikoek edozein tituluren bitartez eskuratzen dituzten objektu arkeologikoak Administrazio eskuratzaileak agintzen duen Museoan edo Zentroan utziko dira, betiere Lege honetako 42. artikuluko 2. atalean aipatzen diren baldintzak kontuan hartuko direlarik.

Aurkibidera itzuli