Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

Ingurumen Sailak kontsumo arduratsuaren eta ekonomia zirkularraren inguruko kanpaina bat jarri du martxan

Argitalpen-data: 

CIRCULAR_THINKING_castellano.jpg
  • Keinu txikien iraultza” lelopean, ekimenaren bitartez herritarrak kontzientziatu nahi dira, egunerokoan erabili ohi ditugun gauzak murriztu, berrerabili, konpondu eta birziklatze aldera kontsumo-ohiturak aldatu ditzagun

 

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak eta haren Ihobe Ingurumena Kudeatzeko Sozietate Publikoak herritarrak kontzientziatzeko kanpaina bat jarri dute martxan, “Keinu txikien iraultza” lelopean. Kanpainak sentsibilizatzea eta herritarren kontsumo-ohiturak eredu iraunkorrago eta zirkularragoetarantz aldatzea du xede.

Kanpaina martxan egongo da datozen asteetan, komunikabideetan zein kanpoko euskarrietan eta garraiobideetan, eta Eusko Jaurlaritzak industria-sektorearen, agente sozioekonomikoen eta herritarren artean ekonomia zirkularreko ekintzak bultzatzeko xedearekin sustatzen duen “Circular Thinking” mugimenduan kokatzen da.

“Keinu txikien iraultza” kanpainak zein “Circular Thinking” mugimenduak eredua aldatu eta ekoizpen- eta kontsumo-ohiturak eraldatu nahi dituzte; horretarako, 4 oinarri nagusi bultzatzen dira: murriztu, kontsumo arduratsuago bat sustatzeko eta hondakin gutxiago sortzeko; berrerabili, produktu eta objektuek bizitza gehiago izan dezaketelako; konpondu, produktuen bizitza erabilgarria luzatzeko; eta, azkenik, birziklatu, hondakinak behar bezala banatuz, aurreko hiru oinarrietan sartu ezin dezakeguna.

Zirkularrean pentsatu

Azken ehun urteetan, munduko biztanle bakoitzeko materialen kontsumoa bikoiztu egin da, energia kontsumoa, berriz, hirukoiztu egin da. Hau da, pertsona bakoitzak gutxi gorabehera 1900eko bere arbasoek baino hiru aldiz energia gehiago eta bi aldiz material gehiago kontsumitzen du. Horrek esan nahi du gaur egun 7.200 milioi pertsona ari direla kontsumitzen, 1900. urtean, berriz, 1.600 ziren.

Horrek esan nahi du gaur egungo erritmoan, 2030erako % 40 ur edangarri gehiago beharko dela. Baliabide naturalen beharra hirukoiztu egingo da 2050ean eta elikagaien eskaria % 70 haziko da. Testuinguru horretan, ekonomia zirkularraren oinarrizko printzipioa, gutxiagorekin gehiago lortzea, modu eraginkorrean ekoizteko hautabide gisa aurkezten da, kostuak murriztuz, CO2 emisioak eta hondakin-uren eta hondakinen isurketak murriztuz eta bigarren mailako baliabideak berriro ere ekoizpen-zikloan sartuz.

Euskadik posizio nabarmendu bat du gaur egun ekonomiaren ikuspegi zirkularrean, bereziki, industriaren esparruan. Azken hamarkadetan, materialen ahalik eta zirkulartasun handienaren bilaketan agente publiko eta pribatuek egindako lankidetza aktiboari, prozesuen eraginkortasunari eta ekodiseinuaren ezarpenari esker, Euskadiko ingurumenaren eta ekonomia zirkularraren esparruko adierazle nagusien bilakaera positiboa eskuratzea ahalbidetu dute.

Hain zuzen ere, Euskadi izan da Europar Batasunak definituriko irizpideen eta metodologiaren arabera ekonomia zirkularraren esparruan bere egoeraren diagnostiko bat egin duen Europako lehenengo eskualdea. Diagnostiko honen ondorio nagusienetako bat honako hau da: euskal industrian ekonomia zirkularra ezartzeak % 6 murriztuko luke lehengaien kontsumoa eta 2.000 milioi euroko aurrezpen ekonomikoa ekarriko luke.

Eusko Jaurlaritza 2030 Euskadiko Ekonomia Zirkularraren Estrategiaren xehetasunak azkentzen dago, arlo horretan zenbatu eta neurtu daitezkeen helburuekin Gobernuaren ekintza gidatuko duen ibilbide-orria.