Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila

Peñas Negras Ingurumen Interpretazioko Zentroa. Eskolentzako Programa Didaktikoak

Ezaugarri nagusiak

Bizkaiko Meatzealdeak eskaintzen duen baliabide didaktiko ugariei esker, eskola-programa ezberdinak burutu daitezke. Programa bakoitzak bere helburuak eta lan gaiak ditu, baina guztiek egitura berbera dute:

  • Ikustaldi bakar batean egiten dira.
  • Peñas Negras-eko lantaldeko kideon ustez, programa horiek Unitate Didaktiko baten zati gisa landu behar dira. Horregatik, Interpretazioko Zentrora joateko eguna hartu eta gero, irakasleei material didaktikoa helaraziko zaie, irteera aldez aurretik ikasgelan lan dezaten. Orobat, Interpretazioko Zentrora etorritakoan, ikasleei ere lan koaderno bana emango zaie, azaldutako gaiak idatz ditzaten, eta, berriro ikasgelara itzulitakoan, irteeran zehar behatutakoa eta aztertutakoa hobeto barnera dezaten.
  • Ondoz ondoko lau jardueraz osatuta daude, eta aukeratutako programarekin lotutako edukiak aztertzen eta lantzen dira horietan. Hona hemen jarduerak:
    • Ibilbide didaktikoa.
    • La Arboleda meatze gunea.
    • Paisaia karstikoa.
    • PEÑAS NEGRAS Ingurumen Interpretazioko Zentroa.

Ordutegiak

PEÑAS NEGRAS Zentroak zenbait ordutegi eskaintzen du, era guztietako ikastetxeek etortzeko aukera izan dezaten.

1. ORDUTEGIA (10:00etatik 16:00etara)

Ordutegi guztien artetik osoena da. Honako jarduera hauek barne hartzen ditu: meatze ustiapeneko eremuan zehar ibilbide didaktikoa eta La Arboleda auzora bisita. Gainera, paisaia karstikoa eta PEÑAS NEGRAS Ingurumen Interpretazioko Zentroa bisitatzen dira.

2. ORDUTEGIA (10:00etatik 14:00etara)

Aukera honek jarduera hauek barne hartzen ditu: meatze ustiapeneko eremuan zehar ibilaldia eta La Arboleda auzoa eta paisaia karstikoa ikusi eta ezagutzea.

3. ORDUTEGIA (10:00etatik 13:00etara)

Ordutegi hau aukeratzen dutenek jarduera hauek egingo dituzte: meatze ustiapeneko eremuan zehar ibilbidea eta La Arboleda auzora bisita.

Oharrak

Oso garrantzitsua da honako ohar hauek kontuan hartzea, aukeratutako programa didaktikoari ahalik eta onurarik gehien ateratzeko.

  • PEÑAS NEGRAS Zentroa ekipamendu publikoa da (Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren menpekoa da). Eskainitako jarduera guzti-guztiak doakoak dira. Bisita egingo duen ikastetxeak, beraz, garraioaz eta janariaz besterik ez du arduratu beharko. Gogoratu behar da, Eusko Jaurlaritzak, urtero, diru-laguntzak ematen dituela honelako ekintzak burutzeko.
  • Ikustaldi bakoitzean 40 lagun izango dira gehienez.
  • Ikasleek boligrafoa edo arkatza ekarri beharko dute, lan koadernoa osatu ahal izateko.
  • Jarduera gehienak kanpoan egitekoak direnez, jantzi erosoa, zira eta mendiko oinetakoak ekartzea komeni da.
  • Etortzeko bi modu daude: garraiobideren bat alokatzea edo Larreinetako funikularra erabiltzea

 Peñas Negras Ingurumen Interpretazioko Zentroa

1. programa. BURDIN MEATZARITZA ETA GIZAKIA

HELBURUAK

  • Paisaia interpretatuz, Bizkaiaren bilakaera sozio-ekonomikoan funtsezkoa izan den lekuetako bat ezagutzea.
  • Inguruaren ezaugarri geologiko nagusiak ezagutzea: jatorri geologikoa, harri nagusiak, burdin meak, etab.
  • Giza jarduerak Meatzaldean eragin dituen ondorioak interpretatzea. • Meatzaritzaren zenbait ondorio ezagutzea: lan egiteko modua, bizimodua, garapen ekonomikoa, etab.

NORENTZAT

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Batxilergoak, Heziketa Moduluak, Lanbide Heziketa eta Helduen Hezkuntza Iraunkorra egiten ari diren ikasleentzat.

JARDUERAK 

  • Ibilbide didaktikoa: La Arboledako lakuetako gunean zehar egingo da. Alderdirik bereizgarrienak aztertuko eta interpretatuko dira. Alde batetik, alderdi naturalak (geologia, flora, etab.) eta, bestaldetik, meatzaritza lanen ondorio direnak, hau da, gizakiak ingurunean esku hartzearen ondoriozkoak (putzuak, harrobiak, azpiegiturak, etab.). 
  • La Arboleda: auzo garrantzitsu honetara bisita, meatzariak bertan kokatu ziren lehen urteetan zer-nolako egoeratan bizi ziren eta bizi baldintza horiek zein bilakaera izan zuten ezagutzeko. 
  • Paisaia karstikoa: kareharrizko egitura bitxi honetara bisita, gizakiak mea erauzteko lanetan utzitako aztarnak ikusteko. Bestalde, ikuspegi panoramiko bikainei esker, Meatzaldea bere testuinguru geografi koan kokatuko da. 
  • PEÑAS NEGRAS Zentroa: ekipamenduaren erakusketetan, programa honekin lotutako gaiak landuko dira, hala nola, geologia, fl ora eta fauna, burdin meatzaritza, meatzaritza lanek ingurumenean eragindako ondorioak, etab.

2. programa. LA ARBOLEDAKO MEATZE PAISAIA

HELBURUAK

  • La Arboleda meatze guneko paisaiaren ezaugarririk bereizgarrienak ezagutzea.
  • Bizkaiko Meatzealdeko paisaiak izandako aldaketak interpretatzea. 
  • Gizakiaren eraginak paisaian utzitako aztarnak eta ingurumenean izandako ondorioak bereiztea.
  • Ingurunea ezagutaraziz, ikasleengan harekiko errespetua sustatzea.

NORENTZAT

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Lehen Zikloko ikasleentzat.

JARDUERAK

  • Ibilbide didaktikoa: Barrionuevo meatze auzoaren inguruetara bisita. Bertako ikuspegi panoramiko bikainei esker, ikusitako paisaietan gizakiak izandako eragina aztertuko da (Bilboko itsasadarreko industrigunea eta La Arboledako meatze gunea). Halaber, La Arboledako putzuetako gunea bisitatuko da, burdin mea erauzteak paisaian eragindako aldaketak zehaztasun handiagoz ikusteko (harrobiak, ebaketak, putzuak, etab.).
  • La Arboleda: biztanle gune garrantzitsu honetara bisita, hain azkar eratutako meatze auzoek ingurunean zer-nolako ondorioak izan zituzten ulertzeko. 
  • Paisaia karstikoa: uraren eta mea erauztearen baterako eraginaz sortutako egitura geologiko bitxi honetara bisita. Bestalde, ikuspegi panoramikoak daude, Meatzaldea bere testuinguru geografi koan kokatzeko.
  • PEÑAS NEGRAS Zentroa: ekipamenduaren erakusketetan, programa honekin lotutako gaiak landuko dira, hala nola, geologia, fl ora eta fauna, meatzaritza lanek paisaian eragindako aldaketak, etab.

3. programa. INDUSTRIA IRAULTZA: burdin meatzaritza

HELBURUAK

  • Industria Iraultzak ikasleak ikusten ari diren lekuko meatzaritza jardueran zer-nolako garrantzia izan zuen jakitea. 
  • Burdin meatzaritzak Bizkaiko historiaren, ekonomiaren, gizartearen eta ingurumenaren bilakaeran zer-nolako garrantzia izan zuen ulertzea.
  • Meatzaritza jarduerarako sortu ziren azpiegituren aztarnak, gaur egun geratzen direnak, interpretatzea. • Zenbait giza jarduerak ingurunean izandako eragina ulertzea. 

NORENTZAT

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Bigarren Zikloko ikasleentzat. 

JARDUERAK 

  • Ibilbide didaktikoa: La Arboledako putzuetako gunean zehar burutuko da. Bertan, Industria Iraultzaren ondorioz modu intentsiboan garatu zen meatzaritza jardueraren aztarna ugari ikusi ahal izango dira (harrobiak, meazuloak, urpean geratutako aire zabaleko meategiak, meatzaritza lanetarako eta mea garraiatzeko azpiegituren aztarnak, etab.).
  • La Arboleda: meatzariek nonbait aterpea har zezaten sortutako biztanle gune garrantzitsu honetara bisita. Bertan, eraikinik adierazgarrienak ikusi eta alderdi sozialak ezagutuko dira (bizi baldintzak, lan gatazkak, etab.). Gainera, meatzari auzoen bilakaeraren eta mea erauzketaren arteko lotura aztertuko da.
  • Paisaia karstikoa: kareharrizko egitura bitxi honetara bisita, gizakiak mea erauzteko egindako jardueren aztarnak ikusteko. Ikuspegi panoramikoa ere badaude, eta, horiei esker, Meatzaldearen kokaleku geografi koak zer-nolako garrantzia izan zuen eta horrek Bilboko itsasadarreko industriagunearekin zein lotura duen errazago ulertu ahal izango da. 
  • PEÑAS NEGRAS Zentroa: ekipamenduaren erakusketetan, programa honekin lotutako gaiak landuko dira, hala nola, burdinaren historia, mearen erauzketa eta garraioa, Bizkaiaren industrializazioa, eta erauzketa nahiz industria jardueren ondoriozko eragin sozialak.
Azken aldaketako data: 2017/09/07