Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila

Espezieak

espezieak, goiburu-irudia

Baccharis halimifolia

Populazioa eta Mehatxua

Populazioa eta Mehatxua

Sastraka monoespezifiko altu eta trinkoa osatu ohi du, eta beraz, kanporatu egiten ditu paduretako berezko espezie heliofiloak; hau da, inbaditutako komunitatearen egitura, fisonomia eta aniztasuna erabat aldatzen ditu (Campos et al. 2001). Egiaztatuta dago, bestalde, haren sustrai sistemak eta haren orbel ekoizpen handiak aldaketak eragiten dituztela sedimentazioan. Alde horretatik, B. halimifolia espezie eraldatzailetzat har dezakegu; hau da, inbaditutako ekosistemen izaeran, ezaugarrietan eta forman aldaketa nabarmenak eragiten dituen landare inbaditzailetzat.

Australian eta Ipar Amerikan hainbat teknika mekaniko eta kimiko garatu dituzte, B. halimifolia, B. neglecta eta B. pilularis espezieak kontrolatzeko. Metodo mekanikoak (errotik ateratzea, moztea, lanberritzea, erretzea eta soiltzea) urte luzez erabili dira, eta mota guztietako emaitzak izan dituzte (Everitt et al. 1978, Hoffman 1968).

Landareen aireko aldea erabat kentzea lortuta ere, neurri horiek bi edo hiru urtean behin egin behar izaten dira, askotan landarea ez baita benetan hilik egoten. Landareak gazteak direnean edo dentsitateak baxuak direnean, eraginkorrena landareak sustraitik kentzea izaten da, ez baitute sakonera handirik izaten (Mutz et al. 1979). Erretzea eta soiltzea ez da eraginkorra izaten. Izan ere, Baccharis espeziearen kasuan, kimuak berriro agertu ohi dira lurzoruaren gainean, tratamendua aplikatu eta handik 60 egunera (Scifres & Haas 1974, Hobbs & Mooney 1985).

Haziak bizigaiak izan ez daitezen lortuz gero (14 hilabete edo gutxiago), leku jakin batean eta une jakin batean populazioa erabat desagerraraztea ekarriko luke horrek eta, agian, landarerik berriro ez sortzea. Hori lortzea oso zaila da, ordea, isolatutako aleak izaten direlako, landare ugariren artean edo iristen zailak diren tokietan, eta haiek haziak ematen jarraituko luketelako.

Herbizidak erabiltzea hasieran garestia den arren, espezie inbaditzaileak epe luzera kontrolatzeko aukera eman dezake. Picloram, Triclopyr eta glifosatoa erabiltzen dira gehien, baina hala ere, arriskutsua da haiek hezeguneetan erabiltzea, beste landare edo animalia batzuengan ere eragina izan dezakete eta. Infestazio maila altua zuten herrialdeetan metodo kimikoak etengabe garestitzen zirenez, kontrol biologikoaz baliatzen hasi ziren, alternatiba merkeagoa zelako. Ildo horretatik, 1967tik aurrera, ikerketak egin zituzten Australian Ameriketako hainbat lekutan bildutako 35 intsekturekin: intsektu horiek Baccharis espeziearen ostatu emaileak ziren. Orain arte, intsektu horietako sei era iraunkorrean errotu dira herrialdean (Land Protection, Queensland Government 2006): hiru lepidoptero (Aristotelia ivae, Bucculatrix ivelia, Oidaematophorus balanotes), bi koleoptero (Trirhabda baccharidis, Megacyllene mellyi) eta diptero bat (Rhopalomyia californica). Azkena izan zen, hasieran, kontrol biologikorako proiekturik interesgarriena: hemezortzi hilabetetan hamar kilometrotik gora hedatu zen, eta zenbait eremutan, % 93 murriztu zuen kapituluen ekoizpena (McFadyen 1985). Ondoren, bertako liztor batek nabarmen murriztu zituen R. californica espezieak ekoitzitako zezidioak, eta dipteroak, beraz, ez zion horrenbesteko kalterik egiten landare inbaditzaileari.

Duela gutxi, zenbait ikerlan egin dituzte Floridan Puccinia generoko onddo patogenoekin: Australian Puccinia evadens errotu da, udan eta neguan hosto galera eragiten duen espeziea.

Urdaibai Biosfera Erreserban, B. halimifolia espezieak paduraren zati handi bat hartu du (Prieto, 2006), batez ere komunitate azpihalofiloak; kontserbazioaren ikuspegitik, garrantzi handikoak, haietako batzuk. Ehun hektareatan, landareak komunitate trinkoak eta ia monoespezifikoak sortu ditu. Komunitate horiek bertako landareak gara daitezen eragozten dute (Campos et al. 2000). 2007. urtean, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailak landare hau desagerrarazteko proiektu pilotu bat abiarazi zuen Itsasadarra Babesteko Eremu Bereziko 12 bat hektareatan; zehatz-mehatz, Barrutian (Kortezubi) eta Atxagan (Forua). Metodo mekanikoak eta kimikoak erabili zituzten (glifosatoa, toki jakin batzuetan), eta, aurreikuspenen arabera, aurrera egingo dute tratamendu horiekin, eta beste zenbait ere probatuko dituzte (uholdea). Horrez gain, jarraipen programa bat ere abiarazi nahi dute, jarduera horien eraginkortasuna ebaluatzeko, eta landare hau edo beste edozein espezie inbaditzaile berriro sor ez dadin kontrolatzeko (Prieto op. cit.).

Baccharis halimifolia espeziea ez da gai luzaroan urpean egoteko, ez ur gezetan, ez gazietan. Horregatik, teknika horiez baliaturik, espeziea desagerrarazteko saioak egiten hasi dira. Frantziako Atlantikoko kostaldean (Bassin d'Arcachon) landarea desagerraraztea lortu dute, infestatutako eremua neguko bi edo hiru hilabetetan urez beteta (Brunel 2003). Frantziako Camargue Parkean, 2004. eta 2005. urteetan (Charpentier et al. 2006), B. halimifolia espeziea kontrolatzeko proiektu bat egin zuten, hainbat metodo uztartuta (landare gazteak errotik kentzea, landareak lurraren arrasean moztea eta, ondoren, landare zaharrenei herbizidak aplikatzea); 3.400 landare oin desagerrarazi zituzten, kalkulatutako landare guztien (9.000 oin) % 38, gutxi gorabehera.

Komenigarria litzateke landare hau debekatzea.