Segurtasun Saila

Konpartitu

Eusko Legebiltzarra 2016. Galderak eta erantzunak. Hauteskunde-kanpainaurrea eta -kanpaina

Galderak eta erantzunak

Hauteskunde-kanpainaurrea eta -kanpaina

Hauteskunde-kanpainarako epea

Aginte publikoek kanpainan eta kanpaina aurretik debekatuta dauzkaten jarduketak

Hautagaitzen hauteskunde-propagandarako ekintzak

Udaletan jartzeko propagandari buruzko arauak

Hauteskunde-galdeketa eta -inkestak

Hauteskundeetako informazioa telebistetan

Hauteskunde-kanpainarako epea

Zenbat irauten du hauteskunde-kanpainak?

15 egun, irailaren 9ko 00:00etatik irailaren 23ko 24:00etara (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legearen 68.2 artikulua).

Aginte publikoek kanpainan eta kanpaina aurretik debekatuta dauzkaten jarduketak

Eusko Jaurlaritzak erakunde-kanpaina egin al dezake gogoeta- eta botazio-egunei buruzko informazioa emateko?

Ez, Hauteskunde-batzorde zentralak 1989ko ekainaren 15eko akordioaren bidez agindutakoren arabera.

Eusko Jaurlaritzaren erakunde-kanpaina hautesleria sustatzera zuzen al daiteke?

Ez, debekatu egiten baitu ELHLren 68.3 artikuluak. Horren arabera, erakunde-kanpainetan hauteskunde-prozesuaren zenbait alderdiri buruzko informazioa eman besterik ezin da egin.

Eusko Jaurlaritzak erakunde-kanpaina heda dezake titulartasun publikoko hedabideetan botoa sustatze aldera?

Ez, debekatu egiten baitu ELHLren 68.3 artikuluak.

Zer helburu eta muga dituzte erakunde-kanpainek hauteskundeen deialdia egiten denetik bozketaren egunera arte?

Gai hau ELHLren 68 bis 1 artikuluan eta Hauteskunde-batzorde zentralaren martxoaren 24ko 2/2011 Instrukzioan dago araututa.

Aginte publikoen zer publizitate- eta komunikazio-kanpaina instituzional onesten ditu legeak?

ELHLren 68 bis 1 artikuluaren arabera, interes publikoa zaintzeko edo zerbitzu publikoak behar bezala emateko nahitaezkoak diren kanpainak bakarrik egin ditzakete.

Legezkoa al da aginte publikoek antolatutako edo finantzatutako edozein jarduera edo ospakizunetan legegintzaldian egindako aipamenen bat egitea, edo horietan erabiltzen diren irudiak, adierazpenak edo logotipoak hauteskundeetan parte hartuko duen alderdiren batek erabiltzen dituenak edo antzekoak izatea?

Ez, ELHLren 68 bis 1 artikuluan ezarritakoaren arabera.

Legezkoa da hauteskunde garaian obrak, zerbitzu publikoak edo horien proiektuak inauguratzeko ekitaldiak, aurkezpenak edo erakusketak egitea, edo horren berri ematea; nahiz eta posible izan obra edo zerbitzu horiek aldi horretan martxan jartzea?

Ez, ELHLren 68 bis 2 artikuluak debekatzen baitu.

Hauteskundeen deialdia egiten denetik hauteskundeak benetan izan arteko denbora-tartean, aginte publikoek ELHLren 68 bis. artikuluak publizitate-kanpainei eta komunikazio instituzionalari jarritako mugak eta debekuak urratzen badituzte, isuna jarri ahal izango zaie?

Bai, ELHLren 68 bis 3 artikuluak ezartzen duenaren arabera, Autonomia-erkidegoko hauteskunde-batzordeak jartzen badu 2.700 eurokoa izango da isun hori, eta lurralde historiko hauteskunde-batzordea bada, berriz, 1.200 eurokoa.

Hautagaitzen hauteskunde-propagandarako ekintzak

Alderdi politikoek Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeei buruzko publizitate-jarduera eta -ekintzak egin al ditzakete, botoa espresuki eskatzen ez badute, hauteskundeak deitzen diren egunetik hauteskunde-kanpaina hasten den egunera arteko aldian (abuztuaren 2tik irailaren 8ra)?

Euskal Hauteskundeen Legearen 71.2.a artikuluaren 5. eta 7. puntuek ezartzen dituzte hautagaiek debekatuta dituzten jarduketak, eta aipatutako 71. artikuluko 6. puntuak, berriz, baimenduta dituztenak. Hori guztia Hauteskunde-batzorde zentralaren martxoaren 24ko 3/011 Instrukzioan ere araututa dago.

Hauteskundeetarako deialdiaren egunetik hauteskunde-kanpaina hasten denera arteko tartean, alderdi politikoek publizitate-hesiak erabili al ditzakete beren hautagaiak ezagutarazteko, baldin eta botoa eskatzen ez badute?

Ez, Hauteskunde-batzorde zentralaren 2011ko apirilaren 7ko akordioaren arabera.

Hauteskundeetarako deialdiaren egunetik hauteskunde-kanpaina hasten denera arteko tartean, alderdi politikoek esloganak plazaratu al ditzakete Internet bidez hauteskundeak egingo direla aldarrikatzeko?

Ez, arau honen arabera: Hauteskunde-batzorde zentralaren 2011-04-07ko akordioa.

Hauteskundeetarako deialdiaren egunetik hauteskunde-kanpaina hasten denera arteko tartean, alderdi politikoek autobusa edo kotxea erabili dezakete kanpainako jardueretara joateko, horietan hautagairen baten irudia edo hautagaitzaren logotipoa dutela?

Bai, baldin eta horretarako ez badute kontrataziorik egin behar eta botoa espresuki eskatzen ez bada, arau honen arabera: Hauteskunde-batzorde zentralaren 2011-04-07ko akordioa. 

Hauteskundeetarako deialdiaren egunetik hauteskunde-kanpaina hasten denera arteko tartean, alderdi politikoek hautagaien argazkiak dituzten kartelak balia al ditzakete mitinak iragartzeko?

Bai, baldin eta horretarako hautagaitzak ez baldin badu kontrataziorik egin behar, eta kartel horiek mitina bukatutakoan kentzen badira, arau honen arabera: Hauteskunde-batzorde zentralaren 2011-04-07ko akordioa.

Hauteskundeetarako deialdiaren egunetik hauteskunde-kanpaina hasten denera arteko tartean, alderdi politikoek hautagaitzako kideen argazkiak jarri al ditzakete hautagaiak edo hauteskunde-programa ezagutarazteko ekintzen berri emateko baliabideetan?

Bai, baldin eta legeak debekatutako hauteskunde-propagandatzat jotzen ez bada eta argazki horiek ekintzari buruzko informazioaren osagarriak besterik ez badira, arau honen arabera: Hauteskunde-batzorde zentralaren 2011-04-07ko akordioa.

Gogoeta- eta bozketa-egunetan ospatutako hauteskunde-kanpainako ekintzei buruzko berriak eman al daitezke hedabideetan?

Bai, baldin eta hauteskunde-kanpainatzat jo daitekeen erreferentziarik barne hartzen ez badute (Hauteskunde-batzorde zentralaren 1989ko urriaren 26ko akordioa).

Bozketa-egunean hauteskunde-propaganda egin al daiteke hauteslekuetatik kanpo? Eta hauteslekuetan, propaganda-kartelak egon al daitezke lurrean itsatsita edo hormetan eskegita

Ez, ez hauteslekuen barruan ezta kanpoan ere. Hauteskunde-propagandako kartelei dagokienez, ezin da halakorik aurkitu bozketaren egunean hauteslekuaren barruan, eta poliziak kendu beharko ditu hauteskunde-mahaiko lehendakariaren aginduz edo eskualdeko hauteskunde-batzordearen aginduz (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 111. artikulua).

Legezkoa al da hautesleriari beren botoari buruz galdetzea edo horri buruzko inkesta egitea hauteslekuan barruan edo pertsonak beren botoa emateko joan diren hauteslekuko gainerako espazioetan?

Legezkoa da baldin eta hautesleak botoa eman ondoren galdetzen bada, eta hauteslekutik kanpo badago (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 111. artikulua).

Legezkoa al da gogoeta- eta bozketa-egunetan manifestazioak, martxak, mobilizazioak, protesta-ekintzak edo sinadurak biltzeko mahaiak antolatzea hauteskunde-kanpainarekin eta Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeekin zerikusirik ez duten gaiei buruzkoak badira?

Bai, baldin eta hauteskunde-kanpainatzat edo hautagaitzaren aldeko hauteskunde-propagandatzat jo daitekeen erreferentziarik edo ekintzarik barne hartzen ez badute.

Hautagaitzaren baten aldeko hauteskunde-kanpaina egin al dezakete politikarekin loturarik ez duten elkarte, profesional-talde edo pertsonek?

Bai, hauteskunde-kanpainak dirauen bitartean, Auzitegi Gorenaren 1982/07/12ko eta 1982/12/09ko epaietan oinarrituta; azken horiek Espainiako Konstituzioan herritarren adierazpen askatasuna babesten duen 20. artikuluan oinarritzen dira.

Alderdi politikoek mugatuta al dute hedabide pribatuetan egin dezaketen hauteskunde-gastua?

Bai. Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legearen 72.1 artikuluaren arabera kontzeptu horren peko gastuek ezin dute gainditu hauteskunde-gastuak mugatzeko zenbatekoak finkatzeari buruzko Barne Arazoetako sailburuaren Aginduko 1. 2., 3. eta 4. artikuluetan aurreikusitako gastuen mugaren % 20.

Non daude jasota hautagaiek EAEko titulartasun publikoko telebistan egiten dituzten eztabaidei eta elkarrizketei buruzko arauak?

Indarreko Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeen Legeak, 81.6 artikuluan, gutxienez eztabaida elebidun bat eta elkarrizketa elebidun bat ezartzen ditu, Eusko Legebiltzarrerako aurreko hauteskundeetan Legebiltzarrean ordezkaritza lortu zuten hautagaiekin.

Hautagaitzek hauteskunde-propaganda jarri al dezakete telebista pribatuetan edo tokiko telebistetan?

Ez, gai hori Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeak arautzen eta debekatzen baitu 81.3 artikuluan.

Hautagaitzek hauteskundez kanpoko politika-publizitatea kontrata al dezakete telebista-kate pribatuetan hauteskundeetarako deialdiaren egunetik hauteskunde-kanpaina hasten denera arteko tartean?

Ez, Hauteskunde-batzorde zentralaren 1994ko otsailaren 4ko akordioaren arabera, ezin da politika- ez eta hauteskunde-publizitaterik kontratatu deialdiaren egunetik hauteskunde-egunera arte, hauteskunde-garaitik kanpo baino ezin daiteke hori egin.

Zer irizpide daude jokoan informazioaren eta komunikazio elektronikoaren teknologia berriak hauteskunde-propagandarako baliatzeari dagokionez?

Irizpide horiek arau hauetan xedatuta daude: Hauteskunde-batzorde zentralaren martxoaren 24ko 3/2011 Instrukzioan eta Hauteskunde-batzorde zentralaren apirilaren 12ko 4/2007ko Instrukzioan.

Udaletan jartzeko propagandari buruzko arauak

Hauteskunde-kanpainan, hautagaitzek hauteskunde-propagandadun hesirik edo kartelik jarri al dezakete udalek horretarako gordetako doaneko espazioetatik kanpo?

Bai, baina ordaindutako hauteskunde-propagandarako gordetako udaletako merkataritza-espazioetan soilik (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 75.1 artikulua).

Hauteskunde kanpainan, hautagaitzek hauteskunde-propagandako banderatxoak, kartelak edo pankartak jarri al ditzakete herriko zutoin, farola, kabina eta abarretan, hau da, horretarako gordetako doaneko espazioetatik kanpo?

Ez, Euskadiko Udalen Elkarteak (EUDEL) udaletarako emandako instrukzioek eta Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 73.2 artikuluak berariaz debekatzen baitute udalek gordetako doaneko espazioetatik kanpo hauteskunde-propaganda jartzea.

Legezkoa al da hauteskunde-kanpainan zehar Euskal Autonomia Erkidegoko udalerrietan propaganda-karabana mugikorrak egitea? Ibilgailuetatik publizitate-objektuak bota al daitezke  (gozokiak, puxikak, propaganda, etab.)?

Ez, Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeak panfletoak jaurtitzea debekatzen du 72.3 artikuluan, segurtasun-arrazoiak direla medio. Karabana mugikorrak, aldiz, legezkoak dira, oro har, goizeko 10:00etatik gaueko 21:00etara arte.

Euskal Autonomia Erkidegoko udalek zigorrak ezar al ditzakete baimendu gabeko tokietan hautagaitzen propaganda jarri edo margotzeagatik?

Bai, 6.000 euroko isunarekin (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legearen 79. artikulua).

Hauteskunde-galdeketa eta -inkestak

Noiz plazara daitezke hauteskunde-egunean egindako galdeketen eta inkesten emaitzak?

20:00etatik aurrera, ordu horretan bukatzen baita bozketa (Hauteskunde-batzorde zentralaren 1986/06/18ko eta 1987/06/05eko akordioen arabera).

Zer denbora-tartetan dago debekatuta hauteskunde-galdeketa eta -inkestak hedatu, argitaratu edo erreproduzitzea?

Irailaren 20tik 24ra bitartean (biak barne); gainera, hauteskunde-egunean bertan ere ezin dira argitaratu 20:00ak arte (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 87.7 artikulua).

Nola eta non arautzen da hautagaiek eta hautagaitzek zuzenketak egiteko duten eskubidea, hedabideetan beren iritziz zehaztasun gabeak edo kaltegarriak diren gertaerak zabaltzen direnetan?

Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 86. artikuluan araututa dagoen zuzenketarako eskubidea baliatuta.

Hauteskundeetako informazioa telebistetan

Zer irizpideren arabera arautzen da titulartasun publikoko telebistek (Euskal Autonomia Erkidegoko TVE eta EiTB) Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan ematen duten hauteskunde-informazioa?

Irizpideok Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeei buruzko Legeko 85. artikuluan ezarrita daude.

Zer irizpideren arabera arautzen da titulartasun pribatuko telebistek Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan ematen duten hauteskunde-informazioa?

Irizpide horiek Hauteskunde-batzorde zentralak ezarri ditu arau honen bidez: martxoaren 24ko 4/2011 Instrukzioa. 

Nola arautzen da hautagaitzen arteko eztabaida publikoak egitea eta zabaltzea EAEko titulartasun publikoko telebistetan?

Irizpideak ELHLren 81.6 artikuluan eta Hauteskunde-batzorde zentralaren martxoaren 24ko 4/2011 Instrukzioan daude jasota.

Nabarmenduak

Twitter

  • Eusko Legebiltzarrerako lehen hauteskundeetan, 1980an, hautesbarruti bakoitzean 20 legebiltzarkide aukeratu behar ziren, hau da, Euskadin guztira 60. Hurrengo hauteskunde guztietan, aldiz, kopurua 25ekoa izan zen, aldatu gabe, hau da, Euskadin guztira 75.
  • Euskadiko Autonomia Estatutua 1979an onartu zenetik, Eusko Legebiltzarrerako 11 hauteskunde egin dira guztira, urte hauetan: 1980, 1983, 1986, 1990, 1994, 1998, 2001, 2005, 2009, 2012 eta 2016an.
  • Bozketa-egunean hauteskunde-mahaietako titular edota ordezko izendatutako kideak ez badaude, dagokion agintaritzak aginduko du mahaia dagoen lokalean dauden hautesleak hauteskunde-mahaietako kide izan daitezela.
  • Legediaren arabera, 2016ko hauteskunde autonomikoetarako indarrean egongo den hautesle-errolda 2016-ekainaren-01eko datan dagoena izango da, hau da, hauteskunde-deialdia egin baino bi hilabete lehenagokoa.
  • 2016ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako indarrean dagoen hautesle-erroldaren arabera,  hautesle gutxien dituzten udalerriak hauek dira: Araban Añana, 138 erroldatu dituena; Bizkaian: Arakaldo, 114 erroldatu dituena eta Gipuzkoan: Orexa, 88 errodatu dituena.
  • Estatuko Gobernuak deitutako hauteskundeetan hautesbarruti probintzialetan probintziako hauteskunde-batzordeak aritzen dira eta Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan horien izena lurralde historikoko hauteskunde-batzordea da.
  • Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan, hiru lurralde historikoko hauteskunde-batzordeek probintziako hauteskunde-batzordeen eskumen berberak izaten dituzte eta osatzeko modua ere bera da, salbuespen batekin: lurralde historikoko hauteskunde-batzorde bakoitzean Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak kide bat izendatzen du  hitz egiteko eskubidearekin, baina boto emateko eskubiderik gabe.
  • Hauteskunde autonomikoetan artekari izan ahal izateko, hauteslea ere izan beharra ez da legezko baldintza izan Eusko Legebiltzarrerako lau hauteskundetan (2005, 2009, 2012 eta 2016 urteetakoetan). Horien aurreko hauteskunde autonomikoetan legez ezartzen zen artekari izan ahal izateko Euskadin hauteslea ere izan behar zela.
  • Krisi ekonomikoa dela eta, 2016ko hauteskunde autonomikoetan gutxienez eserleku bat lortzen duten hautagai-zerrendei ematen zaizkien  hauteskundeetarako diru-laguntzen zenbatekoa izoztuta geratuko da, hala ezartzen duelako 2015eko abenduaren 23an onartu zen Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeei buruzko legearen azken aldaketak.
  • 2016ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako kanpainan berrikuntza esanguratsu bat dago; izan ere, legeak agintzen duenaren arabera, EITBn gutxienez eztabaida bat eta elkarrizketa bat egin behar dira, hizkuntza ofizialetako bakoitzean (euskaraz eta gaztelaniaz) aurreko Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza lortu zuten antolakunde politiko guztietako hautagaiekin.
  • 2016ko hauteskunde autonomikoetara aurkezten diren alderdi politikoek hauteskunde-gastua gutxitu beharko dute. Zehazki, hauteskunde-gastuaren muga %15 murriztu behar da, 2015eko abenduaren 23an onartu zen Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeei buruzko legearen azken aldaketak ezartzen duenaren arabera.
  • Estatuko hauteskundeetan eta beste Autonomia Erkidegoetako hauteskundeetan, hautagai-zerrenda bateko kide guztiak emakumeak badira, hautagai-zerrenda hori ez da onartzen. Hauteskundeei buruzko euskal Legeak, ordea, 2005eko hauteskunde autonomikoez geroztik, hautagai-zerrenda horiek onartzen ditu.
  • 2016ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan, hauteskunde-mahaietako titular eta ordezko izateko izendatutako kideak, 2006 eta 2016 urteen artean, mahaiko kideak gutxienez 3 aldiz izan badira, hori alega dezakete hauteskunde-mahaian ez egoteko arrazoi gisa.
  • 2009ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeez geroztik, Euskadiko egoiliarren hautesle-erroldan dauden pertsonek, bozketa-egunean aldi baterako atzerrian bizitzen badaude, posta bidez bozka dezakete. Horren aurretik, pertsona horiek bozkatu nahi bazuten, Euskadira etorri behar zuten beren hauteskunde-mahaian bozkatzera; bestela, atzerrian zeudela, ezin baitzuten bozkatu.
  • Hauteskunde-mahai batean gutxienez 500 hauteslek bozka dezakete eta gehienez 2000.
  • Hauteskunde-mahaietako lehendakariak, bokalak eta beren ordezkoak, bozketa-egunean, hauteskunde-mahaiko kide gisa dituzten eginkizunak betetzera ez joatea  hauteskunde-delitua da eta  3 hilabetetik urtebetera arteko espetxealdi-zigorra edo 6 eta 24 hilabete bitarteko isuna jaso dezakete
  • 2012ko hauteskunde autonomikoez geroztik, bozketako gutun-azala hautestontzian ez du hauteskunde-mahaiko lehendakariak sartzen, hautesleak berak baizik.
  • Hauteskunde-mahaietako lehendakariek, bokalek eta artekariek bozkatu nahi badute, azkenak izango dira bozkatzen.
  • Estatuko hauteskundeetan hauteskunde-prozesuaren barruko epe guztiak luzaezinak dira eta egun naturaletan neurtzen dira, hau da, jaieguna izan zein ez izan, egun guztiak zenbatzen dira. Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan, ordea, aurreko aipamenaren gaineko salbuespen bat dago, hauteskundeetako emaitzen boto-kontaketa orokorra bozketa-egunaren ondorengo bosgarren egun baliodunean egiten baita.
  • Hauteskunde-mahai bakoitzeko emaitzen aktak biltzen dituzten gutun-azalak hauteskunde-batzordeei emateko sistema Estatuko hauteskundeetan eta Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan desberdina da. Euskadiko hauteskunde autonomikoetan gutun-azal horiek hauteskunde-batzordeek izendatutako funtzionarioek jaso behar dituzte bozketa-egunaren ondorengo egunean eta horretarako, Ertzaintzaren laguntzarekin, Lehen Auzialdiko Epaitegira edo Bake Epaitegira joan behar dute, gutun-azalak hor daude eta. Estatuko hauteskundeetan, ordea, gutun-azal horiek hauteskunde-batzordeetara Lehen Auzialdiko epaileek edo Bake Epaitegiko epaileek eramaten dituzte bozketa-egunean bertan eta Correos-eko langileek hurrengo egunean.
  • Hauteskundeen legeari buruzko 2011. urteko aldaketaren ostean, atzerrian bizi diren hautesleen posta bidezko botoen kopurua murriztu da, bozkatu ahal izateko aldez aurretik eskatu behar baita. Izan ere, 2012ko azken hauteskunde autonomikoetan, atzerrian bizi diren egoiliarren hautesle-erroldan (AEHE) 56.640 hautesle zeuden eta  posta bidez 4.043k (%7,14) baino ez zuten bozkatu; 2009ko hauteskunde autonomikoetan, aldiz, AEHEn 43.660 hautesle zeuden eta horietatik 7.377k (%16,9) bozkatu zuten. Gehiago izan ziren, 2012ko hauteskundeen aurretik posta bidez bozkatu ahal izateko ez baitzen aldez aurretik eskatu behar.
  • Euskadin bizi diren egoiliarren hautesle-erroldan 1980ko hauteskunde autonomikoetan 1.554.527 pertsona zeuden eta 2012ko Eusko Legebiltzarrerako azken hauteskundeetan 1.718.696, hau da, %9,55 hautesle gehiago.
  • 2011 urtearen ondoren, hauteskunde-mahaietako kide izateko izendatutako hautesleek entzuteko desgaitasunen bat badaukate, nahi izanez gero, beren eginkizunak betetzeko  Eusko Jaurlaritzak zeinu-mintzaira euskaraz zein gaztelaniaz interpretatzeko jarriko duen doako zerbitzua erabil dezakete.
  • 2009ko eta 2012ko hauteskunde autonomikoetan, Eusko Jaurlaritzak ikusteko desgaitasuna zeukaten hautesleek hauteskunde-mahaietan bertan bozkatu ahal izateko sistema martxan jarri zuen, braille botoaren bidez. 2009an eta 2012an sistema hori 60 hauteslek erabili zuten.
  • 2012ko Eusko Legebiltzarrerako azken hauteskundeetan parte hartzerik handiena udalerri hauek izan zuten: Araban Zalduondok (%84,11),  Bizkaian Arantzazuk (%86,41) eta Gipuzkoan Orexak (%89,89). Eta parte hartzerik txikiena udalerri hauek: Araban Bernedok (%53,85), Bizkaian Sestaok (%60,64) eta Gipuzkoan Belauntzak (%55,14).
  • Zinegotziek alkatea hautatzeko orduan, boto-berdinketa badago, hori, legez, zozketaren bidez konpontzen da.
  • Azken hiru urteetan (2015, 2014 eta 2013) Euskadiko udalerrietan guztira 18 herri-galdeketa egin dira.
  • 2012, 2009 eta 2005 urteetako Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan, Espainian bizi diren egoiliarrek posta bidez bozkatu ahal izateko egindako eskaera onartu gehien 2005 urtean izan ziren, guztira 49.864 eta gutxien 2009an, guztira 43.168 izan baitziren.
  • Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan, hautagai-zerrenda gehien 1990eko hauteskundeetan Bizkaian aldarrikatu ziren (19 hautagai-zerrenda); eta hautagai-zerrenda gutxien 2001eko hauteskundeetan Araban (7 baino ez).
  • Eusko Legebiltzarrean izan diren hamar legegintzaldietatik lehenengoan (1980tik 1984ra) onartu ziren lege-proiektu gehien, 57 guztira eta legebiltzarreko taldeek proposatutako lege-proposamen gehien ere bai, guztira 53 onartu ziren eta.

Azken aldaketako data: