Segurtasun Saila

Konpartitu

Eusko Legebiltzarra 2016. Mahaikideei zuzendutako gida. Bozketa

Mahaikideei zuzendutako gida

Bozketa

Hauteskunde-kolegioa irekitzea eta bozketa hastea

Goizeko bederatzietatik arratsaldeko zortziak arte egingo da bozketa, etenik gabe. Mahaiko buruak hauxe esango du, bozketaren hasiera aldarrikatzeko: “Bozketa hasiko da” edo “Empieza la votación”.

Bozketaren mekanika

Bozketa egiteko, honako urrats hauek egin behar dira:

  • Hautesleek, nahi izanez gero, kabina erabiliko dute, boto-papera hautatzeko.
  • Hautesle bakoitzak, nahi izanez gero, kabina barruan hautatuko du boto-papera. Gutun-azalean sartu, eta, hauteskunde-mahaira eramango du.
  • Hauteslearen nortasuna zehaztea eta mahaiko hautesle-erroldan inskribatuta dagoela ziurtatzea.

Hautesleek botoa emateko eskubidea izango dute, honako eskakizun hauek betetzen badituzte:

  • Mahai horretako hautesle-erroldako zerrendetan agertzea.
  • NANa, pasaportea edo gidabaimena aurkeztea. Jatorrizko agiriak aurkeztu behar ditu, iraungita egon arren. Mahaiak beste agiri bat onartzen baldin badu, hautesleen nortasuna egiaztatzeko, hauteskunde-delitutzat –eta espetxe-zigorra edo diru-isuna ezarri ahal izango da– edo, hala badagokio, arau-hauste administratibotzat hartuko da.
  • Debekatuta dago NANaren, pasaportearen edo gidabaimenaren fotokopia onartzea. NANaren frogagiria ere ez da onartzen, titularraren argazkirik ez duelako. Iraungita dagoen NANa, ordea, onartzen da.
  • Bozketa-egunean 18 urte izatea.

Mahaiko erroldan inskribatuta ez badago, baina honako agiri hauek aurkeztu eta ematen baditu, hautesleak botoa eman ahal izango du:

  • Erroldan alta duela egiaztatzeko errolda-ziurtagiri berezia. Mahaiko hautesle-erroldako zerrendetan agertzen ez bada, baina ziurtagiri hori aurkezten badu, botoa eman ahal izango du, agiri horrek egiaztatzen baitu hautesle-erroldan agertzeko eskubidea duela.
  • Mahaiko erroldan agertzeko eskubidea duela egiaztatzen duen epai judiziala.

Hautesleek ezin izango dute inola ere botoa eman, honako kasu hauetan:

  • Botoa posta bidez ematea eskatu badute, eta mahaira bozkatzera joaten badira.
  • Hautesle-erroldaren arabera, beste hauteskunde-mahai batean bozkatu behar badute.
  • Beste pertsona baten ordez bozkatzera joaten badira.

Hauteslearen nortasuna argi ez badago, mahaiburuak eta bokalek erabakiko dute, nortasuna egiaztatzeko agiriak eta testigantza baliatuta, botoa eman ahal duen ala ez.

Gaztelaniazko eta euskarazko ortografien arteko aldeak direla eta, hauteslearen NANean jasotako izen-abizenak eta errolda-zerrendan jasotakoak bat ez badatoz, mahaiak ziurtatu behar du bozkatu nahi duen pertsonaren nortasuna.

Beste atal batzuetako erroldan jasota dauden hauteskunde-mahaiko artekariek botoa eman dezakete funtzioak betetzen ari diren mahaian, baldin eta haiek kreditatuta dauden mahai horretako barrutiko hautesleak badira.

Artekariek eta ahaldunek hautesleen botoa oztopatzeko erreklamazioak aurkezten baldin badituzte, mahaiak gehiengoz hartuko du erabakia, eta bilkura-aktan emango du erabakiaren berri.

Hautesleak bozketako gutun-azala mahaiko hautestontzian sartzea.

  • Bozketa-prozesua honela egin behar da:
  • Botoak sekretua izan behar du; hortaz, nahi izanez gero, hauteslea kabinan sartu ahal da. Irakurtzen ez badaki, edo desgaitasun fisikoren bat baldin badu, konfiantzazko pertsona baten laguntza jaso ahal izango du, botoa emateko eskubidea baliatzeko.

Hauteslearen izen-abizenak mahaiko zerrenda zenbakidunean idaztea.

Gutun-azala hautestontzian sartzeko unean, bokalek hauteslearen izen-abizenak idatziko dituzte hautesleen zerrenda zenbakidunean. Botoa ematen duten hurrenkeran idatzi beharko dituzte, eta hautesle-erroldan duten zenbakia idatzi beharko dute. Botoa emateko eskubidea errolda-ziurtagiri berezi edo epai judizial bidez baliatzen bada, «ZIURTAGIRIA» edo «EPAIA» adieraziko dute.

Gainera, hautesleek eskubidea dute beren izen-abizenak hautesleen zerrenda zenbakidunean ondo idatzi dituzten ziurtatzeko

Braille sistema bidezko botoa

Hautesleak ikusmen-desgaitasunen bat baldin badu, Braille sistema erabiltzen badaki, eta aldez aurretik Braille sistema bidez bozkatzea eskatu baldin badu, bozkatzera joaten denean, mahaiburuak emango dizkio bozkatzeko behar dituen agiriak. Agiri horien artean, Braille sistema bidez bozkatzeko jarraibideak aurkituko ditu.

Mahaiburuak eta bokalek adieraziko diote kasu horietarako prestatu den tokia non dagoen, eta hara joaten lagunduko diote.

  1. Hautesleak boto-papera hautatu, eta gutun-azalean sartuko du. Ondoren, mahaira joango da, eta nortasuna egiaztatzeko agiria erakutsiko dio mahaiburuari.
  2. Bokalek eta artekariek, nahi izanez gero, ziurtatuko dute hautesle-erroldako zerrendetan agertzen den, eta, hala dagokionean, hautesleak aurkeztu dituen errolda-ziurtagiriak edo epai judizialak ere ziurtatuko dituzte.
  3. Hauteslearen nortasuna eta botoa emateko eskubidea egiaztatu ondoren, konfiantzazko pertsonak bozketako gutun-azala emango dio mahaiburuari. Mahaiburuak ozenki esango ditu hauteslearen izen-abizenak, bai eta «botoa emango du». Ondoren, gutun-azala emango dio hautesleari, hautestontzian sar dezan.

Bozketa bitartean

    • Hauteskunde-mahaiburua ohartzen bada lokalean hautagai-zerrendako baten boto-paperak falta direla, bozketa eten ahal izango du. Behin egoera hori zuzenduta, bozketak jarraitu egingo du berriro (ikus udaletako eta eskualdeko hauteskunde-batzordeetako telefono-zenbakien zerrenda, web honetako «Helbide interesgarriak» deituriko atalean).

Etenaldia ordubetea baino handiagoa baldin bada, mahaiburuak erabakiko du bozketa-aldia zenbat handitu behar den.

    • Ezinbesteko kasua izan ezean, bozketa ez da bertan behera utziko edo betiko etengo. Mahaiburuak arrazoiak idatzi beharko ditu, eta idazki horren kopia bat emango dio lurralde historikoko hauteskunde-batzarrari. Batzarrak arrazoi horiek ziurtatuko ditu.

Bozketa bertan behera uzten bada, emandako botoak suntsitu beharko dira..

Hautesleek erreklamazioak egitea hauteskunde-mahaian
  1. Hautesleek ezin dute erreklamaziorik egin, honako kasu honetan izan ezik: hauteskunde-mahaiburuak hautesle bati botoa emateko eskubidea ukatzen dionean, hauteslearen nortasunaren gaineko zalantzak dituelako. Hautesleak behin eta berriro errepikatzen badu onartuta ez dagoen erreklamazio bat egin nahi duela, jokabidea aldatzeko iradokizuna egin ondoren, ertzainen laguntza eskatu ahal izango da, hautesle hori hauteskunde-lokaletik edo -kolegiotik irtenarazteko.
  2. Mahaiburuek ezin dute galderarik onartu, botoa emateko eskubidea baliatzeari buruzkoak izan ezean, edo hautagai-zerrendetako artekarienak eta ahaldunenak izan ezean. Hala badagokio, hautesleek galdera egin ahal izango dute eskualdeko hauteskunde-batzarrean. Hautesleak behin eta berriro eskatzen badu bere galdera erantzuteko, jokabidea aldatzeko iradokizuna egin ondoren, ertzainen laguntza eskatu ahal izango da, hautesle hori hauteskunde-lokaletik edo -kolegiotik irtenarazteko.

Bozketaren amaiera hauteskunde-mahaian

Arratsaldeko zortzietan, mahaiburuak ozenki esango du bozketa amaitutzat joko dela. Handik aurrera ez dio utziko inori lokalera sartzen.

Horrez gain, bertan dagoen hautesle batek oraindik ere botoa eman behar duen galdetuko du eta ondoren ematen diren botoak onartuko dira.

Posta bidezko botoa: Mahaiko hautestontzia irekitzea eta botoak barrura sartzea

Bozketa arratsaldeko zortzietan amaitutakoan, mahaiburuak aztertuko ditu Espainiako Estatuko egoiliarrek posta bidez eman dituzten botoak. Mahaiari zuzendutako gutun-azalak postetxeko zigilua duen ziurtatuko du. Zigilu horrek egiaztatzen du posta ziurtatuz bidali dela. Zigilurik eduki ezean, ireki gabe suntsituko da, aurkatua izan ezik, hau da, boto suntsitzearen aurkako iritzirik egon ezean.

Atzerrian aldi baterako bizi diren egoiliarren posta bidezko botoak ere jaso daitezke mahaian. Kasu horietan, hauxe ziurtatu behar da: mahaiari Eusko Legebiltzarreko hauteskundeak egin aurretiko hirugarren eguna baino lehen gutun-azala bidali zaion. Mahaiak posta bidezko boto horiek irekitzen dituenean, frankeo-gastuak itzultzeko eskaera-inprimakiak gorde beharko ditu. Gutun-azal zuri batean gorde beharko ditu, eta gutun-azal hori sartuko du 3. zenbakiko eta marroi-koloreko gutun-azalean.

Botoa posta bidez emateko ONARTU DIREN  gutun-azalak:

  • Mahaiari zuzendutako gutun-azala ireki behar da, eta hauteslea erroldan inskribatua dagoela egiaztatzeko ziurtagiria atera.
  • Posta bidezko botoa eman nahi duen hauteslea hautesle-erroldan dagoen, eta pertsona horrek botoa posta bidez ematea eskatu duela apuntatua dagoen ziurtatu behar da.
  • Boto-papera duen gutun-azala hartuko du mahaiburuak, eta hautestontzian sartuko.
  • Posta bidezko botoa eman duten hautesleen izen-abizenak hautesleen zerrenda zenbakidunean jasoko dira.

Botoa posta bidez emateko ONARTU EZ DIREN  gutun-azalak:

  • Hauteslea mahaiko hautesle-erroldako zerrendetan ez badago, ez da onartuko.
  • Mahaiari zuzendutako gutun-azalean mahaiko erroldan inskribatuta dagoela ziurtatzeko inprimakia sartu ez bada, ez da onartuko. Ziurtagiri hori eman behar du dagokion Hautesle Erroldaren Bulegoaren Ordezkaritzak.
  • Botoa posta bidez emateko eskaera mahaiko errolda-zerrendan apuntatua ez badago, ez da onartuko.

Kasu horietan, botoa ez da sartuko hautestontzian, ezta balioduntzat, baliogabetzat edo zuritzat hartu ere. Horren ordez, suntsitu egingo da, aurkatua izan ezik.

Botoa posta bidez emateko gutun-azal AURKATUAK,  zalantzak sortu direlako:

  • Botoak banan-banan aurkatuko dira. Hauteskunde-mahaikideek gehiengoz erabakiko dute aurkatzea onartzen duten ala ez..
  • Aurkatzea onartu ezean:
    • Mahaiburuak hautestontzian sartuko du gutun-azala, ireki gabe.
    • Mahaiari zuzendutako gutun-azala eta Erroldaren Bulegoaren Probintzia Ordezkaritzak hautesleari buruz emandako ziurtagiria gordeko ditu, hauteskunde-agiriekin batera. Bilkura-aktan jaso beharko ditu mahaikideen erabakia, eta boto hori aurkatzeko zioa..
  • Aurkatzea onartzen badu:
    • Boto-papera duen gutun-azala ez da sartuko hautestontzian. Gutun-azal hori, mahaiari zuzendutako gutun-azala eta hauteslea mahaiko erroldan inskribatua dagoela ziurtatzeko agiria aztertu beharko ditu lurralde historikoko hauteskunde-batzarrak, aurkatzeari buruzko ebazpena emateko.
    • Mahaiak boto baten aurkatzea onartzen badu, boto hori ez du balioduntzat, baliogabetzat edo zuritzat joko, hauteslea zenbatzea ezinezkoa delako. Horren ordez, botoa gordeko du, hauteskunde-agiriekin batera.

Mahaikideen eta artekarien botoak.

Posta bidezko botoak kudeatu eta gero, mahaikideek botoa emango dute. Funtzioak mahai horretan betetzen ari diren artekariek  ere emango dute botoa, baldin eta mahai horri dagokion barrutiko hautesleak badira.

Mahaiari dagokion ataleko errolda-zerrendetan artekarien izenak jasota egon ezean, hautesleen zerrenda zenbakidunean jasoko da zer hauteskunde-mahai dagokien.

Bokalek bozkatu ondoren, artekariek sinatuko dute mahaiko boto-emaileen zerrenda zenbakiduna.

Boto-emaile guztiek eskatu ahal dute bozketa-ziurtagiria ematea.

Nabarmenduak

Twitter

  • Eusko Legebiltzarrerako lehen hauteskundeetan, 1980an, hautesbarruti bakoitzean 20 legebiltzarkide aukeratu behar ziren, hau da, Euskadin guztira 60. Hurrengo hauteskunde guztietan, aldiz, kopurua 25ekoa izan zen, aldatu gabe, hau da, Euskadin guztira 75.
  • Euskadiko Autonomia Estatutua 1979an onartu zenetik, Eusko Legebiltzarrerako 11 hauteskunde egin dira guztira, urte hauetan: 1980, 1983, 1986, 1990, 1994, 1998, 2001, 2005, 2009, 2012 eta 2016an.
  • Bozketa-egunean hauteskunde-mahaietako titular edota ordezko izendatutako kideak ez badaude, dagokion agintaritzak aginduko du mahaia dagoen lokalean dauden hautesleak hauteskunde-mahaietako kide izan daitezela.
  • Legediaren arabera, 2016ko hauteskunde autonomikoetarako indarrean egongo den hautesle-errolda 2016-ekainaren-01eko datan dagoena izango da, hau da, hauteskunde-deialdia egin baino bi hilabete lehenagokoa.
  • 2016ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako indarrean dagoen hautesle-erroldaren arabera,  hautesle gutxien dituzten udalerriak hauek dira: Araban Añana, 138 erroldatu dituena; Bizkaian: Arakaldo, 114 erroldatu dituena eta Gipuzkoan: Orexa, 88 errodatu dituena.
  • Estatuko Gobernuak deitutako hauteskundeetan hautesbarruti probintzialetan probintziako hauteskunde-batzordeak aritzen dira eta Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan horien izena lurralde historikoko hauteskunde-batzordea da.
  • Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan, hiru lurralde historikoko hauteskunde-batzordeek probintziako hauteskunde-batzordeen eskumen berberak izaten dituzte eta osatzeko modua ere bera da, salbuespen batekin: lurralde historikoko hauteskunde-batzorde bakoitzean Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak kide bat izendatzen du  hitz egiteko eskubidearekin, baina boto emateko eskubiderik gabe.
  • Hauteskunde autonomikoetan artekari izan ahal izateko, hauteslea ere izan beharra ez da legezko baldintza izan Eusko Legebiltzarrerako lau hauteskundetan (2005, 2009, 2012 eta 2016 urteetakoetan). Horien aurreko hauteskunde autonomikoetan legez ezartzen zen artekari izan ahal izateko Euskadin hauteslea ere izan behar zela.
  • Krisi ekonomikoa dela eta, 2016ko hauteskunde autonomikoetan gutxienez eserleku bat lortzen duten hautagai-zerrendei ematen zaizkien  hauteskundeetarako diru-laguntzen zenbatekoa izoztuta geratuko da, hala ezartzen duelako 2015eko abenduaren 23an onartu zen Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeei buruzko legearen azken aldaketak.
  • 2016ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako kanpainan berrikuntza esanguratsu bat dago; izan ere, legeak agintzen duenaren arabera, EITBn gutxienez eztabaida bat eta elkarrizketa bat egin behar dira, hizkuntza ofizialetako bakoitzean (euskaraz eta gaztelaniaz) aurreko Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza lortu zuten antolakunde politiko guztietako hautagaiekin.
  • 2016ko hauteskunde autonomikoetara aurkezten diren alderdi politikoek hauteskunde-gastua gutxitu beharko dute. Zehazki, hauteskunde-gastuaren muga %15 murriztu behar da, 2015eko abenduaren 23an onartu zen Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeei buruzko legearen azken aldaketak ezartzen duenaren arabera.
  • Estatuko hauteskundeetan eta beste Autonomia Erkidegoetako hauteskundeetan, hautagai-zerrenda bateko kide guztiak emakumeak badira, hautagai-zerrenda hori ez da onartzen. Hauteskundeei buruzko euskal Legeak, ordea, 2005eko hauteskunde autonomikoez geroztik, hautagai-zerrenda horiek onartzen ditu.
  • 2016ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan, hauteskunde-mahaietako titular eta ordezko izateko izendatutako kideak, 2006 eta 2016 urteen artean, mahaiko kideak gutxienez 3 aldiz izan badira, hori alega dezakete hauteskunde-mahaian ez egoteko arrazoi gisa.
  • 2009ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeez geroztik, Euskadiko egoiliarren hautesle-erroldan dauden pertsonek, bozketa-egunean aldi baterako atzerrian bizitzen badaude, posta bidez bozka dezakete. Horren aurretik, pertsona horiek bozkatu nahi bazuten, Euskadira etorri behar zuten beren hauteskunde-mahaian bozkatzera; bestela, atzerrian zeudela, ezin baitzuten bozkatu.
  • Hauteskunde-mahai batean gutxienez 500 hauteslek bozka dezakete eta gehienez 2000.
  • Hauteskunde-mahaietako lehendakariak, bokalak eta beren ordezkoak, bozketa-egunean, hauteskunde-mahaiko kide gisa dituzten eginkizunak betetzera ez joatea  hauteskunde-delitua da eta  3 hilabetetik urtebetera arteko espetxealdi-zigorra edo 6 eta 24 hilabete bitarteko isuna jaso dezakete
  • 2012ko hauteskunde autonomikoez geroztik, bozketako gutun-azala hautestontzian ez du hauteskunde-mahaiko lehendakariak sartzen, hautesleak berak baizik.
  • Hauteskunde-mahaietako lehendakariek, bokalek eta artekariek bozkatu nahi badute, azkenak izango dira bozkatzen.
  • Estatuko hauteskundeetan hauteskunde-prozesuaren barruko epe guztiak luzaezinak dira eta egun naturaletan neurtzen dira, hau da, jaieguna izan zein ez izan, egun guztiak zenbatzen dira. Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan, ordea, aurreko aipamenaren gaineko salbuespen bat dago, hauteskundeetako emaitzen boto-kontaketa orokorra bozketa-egunaren ondorengo bosgarren egun baliodunean egiten baita.
  • Hauteskunde-mahai bakoitzeko emaitzen aktak biltzen dituzten gutun-azalak hauteskunde-batzordeei emateko sistema Estatuko hauteskundeetan eta Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan desberdina da. Euskadiko hauteskunde autonomikoetan gutun-azal horiek hauteskunde-batzordeek izendatutako funtzionarioek jaso behar dituzte bozketa-egunaren ondorengo egunean eta horretarako, Ertzaintzaren laguntzarekin, Lehen Auzialdiko Epaitegira edo Bake Epaitegira joan behar dute, gutun-azalak hor daude eta. Estatuko hauteskundeetan, ordea, gutun-azal horiek hauteskunde-batzordeetara Lehen Auzialdiko epaileek edo Bake Epaitegiko epaileek eramaten dituzte bozketa-egunean bertan eta Correos-eko langileek hurrengo egunean.
  • Hauteskundeen legeari buruzko 2011. urteko aldaketaren ostean, atzerrian bizi diren hautesleen posta bidezko botoen kopurua murriztu da, bozkatu ahal izateko aldez aurretik eskatu behar baita. Izan ere, 2012ko azken hauteskunde autonomikoetan, atzerrian bizi diren egoiliarren hautesle-erroldan (AEHE) 56.640 hautesle zeuden eta  posta bidez 4.043k (%7,14) baino ez zuten bozkatu; 2009ko hauteskunde autonomikoetan, aldiz, AEHEn 43.660 hautesle zeuden eta horietatik 7.377k (%16,9) bozkatu zuten. Gehiago izan ziren, 2012ko hauteskundeen aurretik posta bidez bozkatu ahal izateko ez baitzen aldez aurretik eskatu behar.
  • Euskadin bizi diren egoiliarren hautesle-erroldan 1980ko hauteskunde autonomikoetan 1.554.527 pertsona zeuden eta 2012ko Eusko Legebiltzarrerako azken hauteskundeetan 1.718.696, hau da, %9,55 hautesle gehiago.
  • 2011 urtearen ondoren, hauteskunde-mahaietako kide izateko izendatutako hautesleek entzuteko desgaitasunen bat badaukate, nahi izanez gero, beren eginkizunak betetzeko  Eusko Jaurlaritzak zeinu-mintzaira euskaraz zein gaztelaniaz interpretatzeko jarriko duen doako zerbitzua erabil dezakete.
  • 2009ko eta 2012ko hauteskunde autonomikoetan, Eusko Jaurlaritzak ikusteko desgaitasuna zeukaten hautesleek hauteskunde-mahaietan bertan bozkatu ahal izateko sistema martxan jarri zuen, braille botoaren bidez. 2009an eta 2012an sistema hori 60 hauteslek erabili zuten.
  • 2012ko Eusko Legebiltzarrerako azken hauteskundeetan parte hartzerik handiena udalerri hauek izan zuten: Araban Zalduondok (%84,11),  Bizkaian Arantzazuk (%86,41) eta Gipuzkoan Orexak (%89,89). Eta parte hartzerik txikiena udalerri hauek: Araban Bernedok (%53,85), Bizkaian Sestaok (%60,64) eta Gipuzkoan Belauntzak (%55,14).
  • Zinegotziek alkatea hautatzeko orduan, boto-berdinketa badago, hori, legez, zozketaren bidez konpontzen da.
  • Azken hiru urteetan (2015, 2014 eta 2013) Euskadiko udalerrietan guztira 18 herri-galdeketa egin dira.
  • 2012, 2009 eta 2005 urteetako Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan, Espainian bizi diren egoiliarrek posta bidez bozkatu ahal izateko egindako eskaera onartu gehien 2005 urtean izan ziren, guztira 49.864 eta gutxien 2009an, guztira 43.168 izan baitziren.
  • Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan, hautagai-zerrenda gehien 1990eko hauteskundeetan Bizkaian aldarrikatu ziren (19 hautagai-zerrenda); eta hautagai-zerrenda gutxien 2001eko hauteskundeetan Araban (7 baino ez).
  • Eusko Legebiltzarrean izan diren hamar legegintzaldietatik lehenengoan (1980tik 1984ra) onartu ziren lege-proiektu gehien, 57 guztira eta legebiltzarreko taldeek proposatutako lege-proposamen gehien ere bai, guztira 53 onartu ziren eta.

Azken aldaketako data: