Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila

Euskal Autonomia Erkidegoko garraio eskaerari buruzko txostena. 2002-2003 urteak


Txosten hau Eusko Jaurlaritzako Garraio Azpiegituraren Zuzendaritzak eskatuta egin da, Euskal Autonomia Erkidegoko garraio eskaeraren amaierako irudia 2001 azterlanaren osagarri gisa.

Azterlanak Euskal Autonomia Erkidegoan izan den bidaiarien eta salgaien eskualde arteko garraioaren berri ematen zuen. Agiri honetan berriz, azterlanean agertutako bidaiariei eta salgaiei buruzko datuak eguneratu egin ditugu, 2002 eta 2003ko egoera islatzeko.

Txostenaren helburua ez da, 2001ekoan bezala, Euskal Autonomia Erkidegoko garraio-eskaera sakon aztertzea, ez baita horretarako kanpoko datu-bilketa zorrotzik egin.

Garraio-operadoreek eta toki-administrazioek emandako datuak bildu besterik ez dugu egin, eta ondoren matrizeak eguneratzeko hainbat teknika erabili ditugu. Teknika horiek zertan diren ere azalduko dugu.

Beraz, txosten honetan garraiobide bat nahiz bestea erabiliz garraiaturiko bidaiarien eta salgaien bolumena, lekuaren arabera sailkatuta, eta bolumen horrek 2001etik 2003ra duen bilakaera besterik ez da islatzen; ez da ez bidaien arrazoirik, ez ibilgailuen okupazioari buruzko daturik, ez bestelakorik ageri.

Hona hemen txostenaren ondoriorik nabarmenenak:

Euskal Autonomia Erkidegoan bidaiari-garraioaren eskualde arteko eskaera 745.062 bidaiarikoa izan zen 2002an, 2001ean baino % 1,7 gehiago. 2003an igo egin zen, eta 764.481 bidaiari izan genituen, aurreko urtean baino % 2,6 gehiago. 2001etik hasita, beraz, batez besteko hazkundea urteko % 2,2koa da, 1995etik 2001era bitartean izandako % 2,6koa baino apalxeagoa.

Ibilgailu arinetan egiten diren joan-etorriak urtean % 3,8 igo dira 2001az geroztik. Hazkunde hori ez da homogeneoa, barruko bidaiak % 2,1 igo baitira, eta, aldiz, bertan sortutakoak eta pasaerakoak, % 6. Ibilgailu arinetako mugikortasunaren hazkunde-erritmoa bizkortu egin da 1995-2001 epearekin alderatuz gero; arrazoi nagusia: azken urteotan nabarmen ugaldu dira kanpoko bidaiak, eta hori ederki asko erakusten du aforo-estazio ofizialetan erregistraturiko eguneko batez besteko intentsitateak. Hazkunde horrekin nolabait ere orekatu egiten da barruko bidaiek jasan duten dezelerazioa. Dezelerazio hori bat dator EAEko BPGaren hazkunde-erritmoak, 1995-2001 epearekin alderatuz gero, azken urteotan izan duen dezelerazioarekin.

Errepideko bidaiari-garraio publikoaren eskualde arteko eskaera nahiko geratuta dago 2001etik. Urtean % 0,6ko erritmoan jaitsi da, eta, hortaz, errepideko bidaiari-garraioa osotasunean hartuta, ahuldu egin da ibilgailu partikularraren aldean.

Bidaiarien aireko trafikoa urtean % 5,7 hazi da, Estatu Batuetan 2001eko irailaren 11n jazotako atentatuaren ostean 2002an jasandako jaitsierari 2003an buelta eman ondoren. Aireko trafikoak jasandako ondorioak gainditu eta gero, Euskal Autonomia Erkidegoan behintzat, 1995-2001ean ikusi ahal izan zen gorako joera hartu du berriro.

Trenbideko bidaiari-garraioaren eskaeraren bilakaera aztertuz gero, gorabehera asko ikusten dira, eta urtetik urterako tasak batzuetan gora eta besteetan behera egiten du, eta azkenean trenbideko bidaiari-garraioa bere osotasunean hartuta urtean batez beste % 2,2 jaitsi dela esan behar. 1995-2001 epean ere nabari zen trenbidez egindako kanpoko bidaien bolumenak apur bat jaisteko joera zuela, eta joera hori sendotu besterik ez da egin. Baina barruko bidaiak ere, epe hartan urtean % 4,5 igo ziren arren, jaitsi egin dira azken urteotan.

Euskal Autonomia Erkidegoko bidaiarien eskaerari dagokionean ezer azpimarratzekotan, esan beharra dago:

o Ibilgailu arinak gero eta gehiago eta etengabe ari direla ugaltzen bidaia mota orotarako.
o Autobusa ez atzera, ez aurrera dago.
o Trenbidea, oro har, jaitsi egin da.
o Kanpoko bidaiak ederki ugaldu dira, normalean ibilgailu arina, autobusa eta hegazkina baliatuz.

Salgaien garraioari dagokionean, 2002an Euskal Autonomia Erkidegoan barna egunean batez beste 553.552 tona garraiatu ziren, 2001ean baino % 4,6 gehiago. 2001etik hasita, beraz, batez besteko hazkundea urtean % 5,2koa da, 1995etik 2001era bitartean izandako % 5,6koa baino apalxeagoa.

Errepideko salgaien garraioa % 5,5 igo da 2001etik; horrek hazkundea 1995-2001 epearekiko moteldu egin dela esan nahi du, epe horretan urtean % 7ren ibili baitzen. Ibilgailu arinekin gerta bezala, Euskal Autonomia Erkidegotik kanporako bidaiak barrukoak baino askoz ere gehiago ugaldu dira. Barrukoak urtean % 1,8 igo dira; Euskal Autonomia Erkidegoan sortutakoak, % 7,4 eta pasaerakoak, % 7,2.

Trenbidea ia erabat geldituta dago. 1995-2001 epean batez besteko hazkundea ez zen urtean % 1era iristen, 2001etik 2003ra bitartean, % 0,3 jaitsi da.

Hegazkinak ez dauka pisu handirik salgaien garraioan, baina urtean % 4,8 igo da.

Azkenik, itsasoko garraioa urtean % 4,6 igo da, 2002an jaitsi eta 2003an berriro gorantz abiatuta. Batez besteko hazkunde hori 1995-2001 epean islatutakoa baino (% 1,3 igo baitzen) nabarmen handiagoa da.

Salgaien garraioaren inguruan azpimarratu beharrekoak:

o Errepidea gero eta gehiago erabiltzen da bidaia mota orotarako, eta geldituezinezko joera da.
o Hegazkinak eta itsasontziak poliki egin dute gora, Euskal Autonomia Erkidegotik abiatutako bidaietan.
o Kanpoko bidaiak ederki ugaldu dira.
o Trenbideko garraioa, ez aurrera, ez atzera dago.

Ikuspegi orokor batetik begiratuz gero, barne produktu gordinaren hazkunde-erritmoaren eta garraio-eskaeraren erritmoaren artean halako korrelazio bat nabari da.

Izan ere, 1995-2001 epean BPGa urtean batez beste % 4,5 hazi zen Euskal Autonomia Erkidegoan. Epe horretan bidaiarien garraioaren eskaera urtean % 2,7 igo zen, eta salgaiena % 5,6.

2001 eta 2003 artean BPGaren hazkundea moteldu egin da, eta urtean % 2,0 besterik ez da hazi. Dezelerazio horrek islada izan du garraio eskaeran, eta 1995-2001 epean erregistratu baino hazkunde-erritmo motelagoa txikiagoa erakutsi du: bidaiarien eskaera urtean % 2,2, eta salgaien urtean % 5,2.


Euskal Autonomia Erkidegoko garraio eskaeraren amaierako irudia. 2002 eta 2003rako eguneratua. 2005eko urtarrila (pdf, 455 kb)

Azken eguneratzea: 2005/12/13