Ekonomia eta Ogasun Saila

Azken eguneratzea: 2011/03/30

Itzarri BGAE-K 2010eko ekitaldia 389 milioi euroko ondarearekin itxi du

Borondatezko gizarte aurreikuspeneko erakundeak dagoeneko Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokor eta Instituzionaleko 89.049 langile hartzen ditu

Itzarri BGAEk 389 milioi euroko ondarearekin amaitu zuen 2010eko ekitaldia. Urteko kudeaketa-balantzea eman da gaur ezagutzera Gasteizen egin den Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundearen Ohiko Batzar Nagusian eta beronen gobernu-organo nagusiaren babesa eta onarpena jaso du.

2010. urteak izan duen ezaugarri nagusia izan da krisialdi ekonomiko larritik herrialde garatuak irteten hasi direla, ekonomia gehienetan hazkunde positiboetarako itzulera sendotuz. Halere, ekonomia esparru ezberdinen baita ere esparru bakoitzaren barneko herrialdeen artean hazkunde erritmoetan dibergentzia handiak eman ziren. Diru eta zerga politikek jarrera oldarkorrari eutsi zioten susperraldiari jarraipena emateko ahaleginetan, baina herrialdeek aplikatutako politika ekonomikoen arteko dibergentziek ezegonkortasun finantzarioa ekarri zuten bi arloen inguruan: dibisa-merkatuak eta herrialde arriskua.

Finantza-merkatuentzat, 2010 oso aldakorra izan zen, Europako ekonomia periferikoak deritzonen eta politika ekonomiko hedakorren arazoek nabarmen menderatuta. Eta horrekin irabazle argiak egon ziren: Alemania edo Ameriketako Estatu Batuak bezalako herrialdeak, eta industria, kimika eta automobilgintzako sektoreak; aitzitik, Espainia bezalako herrialdeak, bankuak eta enpresa elektrikoak galtzaile atera ziren. Sakabanatze horren ondorioz, jakina, burtsa-indizeen portaera ezberdinak sortu ziren.

Horregatik guztiagatik, 2010. urtean zehar, aurreko ekitaldietan bezalaxe, Itzarri BGAE kudeaketa-taldeak egindako eragiketek bi printzipioei jarraitzen zizkieten: segurtasuna eta zuhurtasuna, beste edozeren gainetik kapitalaren babesa eta inbertsioen kaudimena baloratuz. Bi printzipio horiei hertsiki lotuta egoteak kaudimen handienaren barruan errentagarritasun positiboa lortzea ahalbidetu du. Horrela, gizarte aurreikuspeneko erakundeak 2010. urtea % 3,66ko errentagarritasun positiboarekin bukatu zuen.

Bestalde, eta Gobernu Batzordeak onartutako inbertsio-politikarekin bat etorriz, aipatutako ekitaldian zehar Itzarri BGAEk gora egin du zertxobait errenta finkoan eta likidezian zuen posizioa, errenta aldakorraren kaltetan. Errenta aldakorrean eginiko inbertsioaren batezbesteko portzentajea % 14aren inguruan mantendu da, oso kontserbadorea izan den inbertsio-politika batekin.

Itzarri BGAEk 2005eko apirilean hasi zuen bere jarduera 10.166.198 euroko ondarearekin eta 2010eko abenduaren 31n 389.213.976 eurokoa izatera pasatu zen, hau da, aurreko ekitaldiarekin alderatuta % 38,71ko igoera. Urte honen amaieran, BGAEren ondarea 450 milioi euro inguruan kokatu daiteke.


 


Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeak amaitutako ekitaldian zehar jaso dituen ekarpenen guztizkoa 100.202.000 eurokoa da. Ekarpen horietatik, 3.767.000 euro (ondarearen % 0,97) onuradunen ondorengo prestazioak ordaintzeko erabili da: erretiroagatik, 2.726.000 euro; ezintasunagatik, 619.000; heriotzagatik, 385.000; eta langabeziagatik, 37.000.

Halaber, azpimarratu behar da egitura eta kudeaketa gastuek ondarean duten portzentajea murriztu egin dela aurreko ekitaldiei dagokienez. Hauek lau urtetan herenera baino gutxiagora murriztu dira eta aurten ondarearen % 0,27 izan da.

 


Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeak dagoeneko Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokor eta Instituzionaleko 89.049 langile hartzen ditu, 2009an baino % 10,73 gehiago (8.628 bazkide gehiago). Igoera garrantzitsu honen arrazoia izan da, batez ere, Gobernu Batzordean Euskal Herriko Unibertsitatearen (UPV/EHU) atxikipena onartu zela eta, horrek, bazkide kopuruaren igoera oso adierazgarria ekarri du, izan ere, 6.200 kide inguru duen kolektibo zabal bat da. 2011. urteari begira, bazkide osoen kopurua igotzen jarraituko dela espero da, Lanbide bezalako kolektibo berriak gehituz.

 


Itzarri BGAE, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Negoziazio Mahai Orokorrean hartutako Akordiori esker sortutako Borondatezko Gizarte Aurreikuspenerako Erakunde bat da. Akordioaren arabera, Administrazioaren erakunde eta sozietate guztiek, bazkide babesleak direnez, 2004ko ekitalditik aurrera soldata-kostu osoaren portzentaje bat zuzenduko dute Itzarri BGAEri egin beharreko ekarpenak finantzatzeko.

Urteko portzentaje hori Negoziazio kolektiboko Mahai Orokorrean erabakitzen den arabera zehaztuko da eta 2004 urterako %0,5ean , 2005 urterako %1ean, 2006 urterako %1,5ean, 2007 urterako %2an, 2008 urterako %2,5ean eta 2009 urterako %3an jarri da. 2010ean %3an jarraitzen du.

Ekainaren 24ko 3/2010 legea dela eta, Itzarrira egindako ekarpenak %3tik %1,5era murriztu dira 2010eko ekainak 1 atzeranzko efektuarekin.

Itzarri BGAEren ezaugarri nagusiak honako hauek dira:

  • Helburu nagusia, erretiratze, ezintasun iraunkorra, heriotza edo epe luzeko langabezi kasuen ondorioz langileei dagozkien prestazio publikoak osatzea baino ez da.
  • Langileek ekarpenerako duten eskubidea, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean, bere erakunde autonomoetan edo bere erakunde eta baltzu publikoetan bi urteko zerbitzualdia eman ondoren sortuko da.
  • Bazkide babesleen ekarpenak derrigorrezkoak dira eta langileen lansariekiko proportzionalak.
  • Langileen ekarpenak borondatezkoak izango dira eta Administrazioak egindako ekarpenaz gainerakoak.
  • Bere aginte organoak Administrazioa eta sindikatuen artean parekideak dira. BGAEren Batzar Nagusian, langileen ordezkarien kopurua sindikatuen ordezkarien arabera zehaztuko da.