Ekonomia eta Ogasun Saila

Azken eguneratzea: 2013/05/10

Kontsumobideren lehentasuna da mendeko ekarpenen kaltetutakoek aurkeztu dituzten erreklamazioak ebaztea eta haien eskakizunei erantzuna ematea

Kontsumoko Euskal Institutua bi aldeen arteko bitartekari gisa lan egiten ari da, eta erreklamazio guztietarako konponbideak bilatuko ditu

Orain arte Kontsumobiden aurkeztutako erreklamazioen arrazoi nagusia mendeko ekarpenen betikotasunaren, produktu finantzario horiek ezaugarri dutenaren, inguruko informazio- edo argitasun-falta da.

Erreklamazioak aurkezteko eredua kontsumitzaileen esku jarri genuenetik, 316 lagunek aurkeztu dituzte. Batez beste, eguneko 14 pertsonak jo dute Kontsumobidera erreklamazioak aurkeztera.

«Kontsumobideren lehentasuna da produktuak erosi dituztenen erreklamazio guztiak ebaztea eta haien eskakizunei erantzuna ematea. Eta horretarako lanean ari gara. Gure kezkarik handiena mendeko ekarpenek kaltetutako lagunak dira. Hori dela eta, bitartekaritza-lana egiten ari gara pertsona horien eta enpresa igorle eta entitate finantzario merkaturatzaileen artean, konponbideak lortze aldera». Halaxe mintzatu da Osasun eta Kontsumoko sailburu Jon Darpón gaur goizean Eusko Legebiltzarrean.

Jon Darpón sailburuak azaldu duenaren arabera, Legebiltzarrak Kontsumobideri gatazkan bitartekari gisa -eta ez epaile gisa- aritzeko eskatu zionetik, agindu hori betetzeko eta arazoa konpontzeko lanean ari da erakundea. Ildo beretik, Kontsumobideren partzialtasuna salatzen duten baieztapenak errefusatu ditu: «Konfiantza osoa dut Kontsumoko Euskal Institutuko langileak gauzatzen ari diren bitartekaritzan, eta ziur nago aurrerantzean ere beren eginkizuna ondo betetzen jarraituko dutela».

Era berean, Kontsumobideren helburuak bi izan direla eta direla nabarmendu du: alde batetik, produktu finantzarioa erostean kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubideren bat urratu zen egiaztatzea, eta ekarpenak eskuratu zituzten pertsonei emandako informazioa nahikoa izan zen eta erosten zuten produktuaren ezaugarriekin bat zetorren aztertzea.

Alde horretatik, Jon Darpón sailburuak esan du Kontsumobide lagun kaltetuen erreklamazio guztiak ebazteko eta haien eskakizunei erantzuna emateko lanean ari dela eta hala egiten jarraituko duela. Orain arte 316 erreklamazio aurkeztu dituzte, eta kopurua haziz doa egunero. Bestalde, sailburuak hauxe adierazi du: «Kaltetu guztien eskakizunak asetzen saiatuko gara, baina Kontsumobideren ardura diren beste erreklamazio batzuen kasuan bezala, badakigu beharbada ezingo dugula gure nahia bete. Edonola ere, ukaezinak dira Kontsumobideren inpartzialtasuna eta kontsumitzaile eta erabiltzaileen interesen alde egiten ari den lana».

Kontsumobideren ardura kontsumitzaileak defendatzeko eta babesteko politikak definitzea, planifikatzea, sustatzea eta gauzatzea da. Horregatik, kontsumitzaileei beharrezko prestakuntza ematen die beren eskubideak eta betebeharrak ezagut ditzaten, eta, horretaz aparte, enpresek, erakundeek eta profesionalek beren produktuak edo ondasunak saltzean eta beren zerbitzuak kontsumitzaileen eta erabiltzaileen esku jartzean dituzten betebeharrak ezagutzen eta betetzen dituztela bermatzeaz arduratzen da.