Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila

Azken eguneratzea: 2013/11/20

Bost ikastetxe internetek dituen aukerak eta honen erabilera okerraren arriskuei buruz sentsibilizatzeko programa baten parte-hartzaile

Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak nerabeei Internetek eskeintzen dituen aukeran eta sarearen erabilera okerrak dakartzan arriskuei buruz sentsibilizatzeko programa pilotu bat aplikatuko du bost ikastetxetan.

Haurren eta Nerabeen Eskubideei buruzko Hitzarmenaren hogeita laugarren urteurrena dela-eta, Juan Maria Aburto sailburuak egONLINE proiektua aurkeztu du gaur Gasteizen. Proiektuaren xedea gazteei sare sozialen, bideo-jokoen eta telefono adimentsuen abantailak eta desabantailak ezagutaraztea da, baita horien gainean sentsibilizatzea ere.

Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak antolatutako haurren eskubideei buruzko jardunaldi batean, Aburtok haurrak eta nerabeak Interneten aurrean babesteko sare bat edukitzearen premia nabarmendu du, eta, horretarako, Jaurlaritzako beste sail batzuekin eta arloko eragile sozialekin elkarlanean jardun behar dela adierazi du.

Ekimenaren oinarrian tresna horiek aukera mugagabeak eskaintzen dituzten kontzeptua dago. Hori bai, arriskuak ager daitezke oker erabiliz gero. Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailburua den Juan Maria Aburtoren iritzian, «Internet komunikabide eta informazio-bide bikaina da, baina arazoak sor ditzake informazio horren metodologia eta tratamendua ez badira egiten modu arduratsuan».

Arrisku horiek saihesteko, datozen bost hilabeteetan euskal sare publikoko bost ikastetxetako DBHko 1., 2. eta 3. mailako 200 ikasle inguruk eta beren hezitzaileek esperientzia pilotu honetan parte hartuko dute. Lehen fasean, nerabeek Interneten nabigatzeko dituzten ohiturak eta moduak ikertuko dituzte, baita zer tresna erabiltzen dituzten gehien ere; hala nola horiek erabiltzean jokoan jarritako komunikazio-elementuen gaineko pertzepzioa. Era berean, sareaz kanpoko errealitatearen eta sare barrukoaren arteko antzekotasunak eta desberdintasunak aztertuko dira (lagunak, arau moralak, datu pertsonalak, eta abar).

Bigarren fasean, ikasleak teknologia berrien erabilera okerrak sor ditzakeen arriskuei buruz sentsibilizatuko dira, eta sarean nabigatzeko esparru seguru bat eraikiko da; esaterako, sareko indarkeria prebenitzen eta aurre egiten irakatsiko zaie.

«Sarea ez da ona edo txarra; abantailak eta desabantailak erabileraren araberakoak dira», adierazi du Juan Maria Aburto Sailburuak. Horrenbestez, Enplegu eta Gizarte Politiketako arduradunen iritzian, ikastetxeak funtsezko elementuak dira ikaskuntza teknikoak eskuratzeko. Era berean, Internet modu egokian erabiltzea ekarriko duen garapen etiko eta morala bermatu behar dute.

Ikastetxe bakoitzak programa egiteko blog bat izango du. Azkenik, sareko segurtasunari buruzko azterketa- eta eraikuntza-prozesu horrek guztiak Interneteko tresna berri bat ekarriko du, egON LINE plataforma, parte-hartzaileek lansaioetan hautatutako edukiak argitaratuko dituzten webgunea izango dena. Horrez gain, plataformak hainbat atal ireki izango ditu (foroa, bideoak, eta abar) eta gainerako ikastetxeek haren edukia aberasteko aukera izango dute.

 

Babeserako euskal sarea

Arlo horretan bertan, eta Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak bultzatuta, haurrak eta nerabeak babesteko euskal sarea sortzea aurreikusi da. Eragile publikoz eta pribatuz osatuta egongo da (herri-administrazioa, telefono-konpainiak, Interneteko bilatzaileen enpresak, eta abar), eta Interneteko arriskuen aurreko babesa eskainiko dute hainbat mailatan.