Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila

Azken eguneratzea: 2012/06/28

Jaurlaritzak egiaztagiriak emango dizkie transexualei sexu aldaketa egiten ari diren bitartean

Eusko Legebiltzarrak Genero-nortasunarengatik ez diskriminatzeari eta transexualen eskubideak onesteari buruzko Legea onartu du gaur. Nafarroako Foru Erkidegoaren atzetik, Estatu osoan onartzen den antzeko bigarren legea da hori eta, transexualitate-izaera definitzeaz gain, sexuaren erregistro-marka eta izena aldatzeko beharrezkoak diren betekizunak arautzen dituen martxoaren 15eko 3/2007 estatuko legea zabaltzea du xede.

EAEko legean bildutako xedapen garrantzitsuenen artean, Jaurlaritzak transexualei administrazio-dokumentazio egokia ematea aipa daiteke, sexua berresleitzeko prozesuak irauten duen bitartean, prozesu osoan hobeto integra daitezen sustatzeko eta sufrimenduzko edo diskriminazioko egoerarik jasan behar izan ez dezaten.Lege hori onartzeko, Sailak LGTB (lesbianak, gayak, transexualak eta bisexualak) kolektiboen eskubideak defendatzen dituzten elkarteen adostasuna eta lankidetza izan du une oro.

Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburu Gemma Zabaleta andreak EAEko legearen premia defendatu du; izan ere, bere esanetan, “legedian oraindik ere aurki daitezkeen diskriminazioak gainditu” behar dira.

Sexu jakin batekoa izatea bere kanpo-organo genitalen antzemate bisual soila baina zerbait gehiago dela onartzea abiapuntutzat hartuz, Eusko Jaurlaritzaren proiektuak onarpen hori zabaldu egiten du, eta honako hauek barne hartzen ditu: “sexu biologikoaren eta berezkotzat sentitzen duen genero-identitatearen artean gutxienez 6 hilabetez disonantzia egonkorra eta iraunkorra mediku- edo psikologo-txosten baten bitartez egiaztatzen duena”. Era berean, “adierazten duen eta onartzeko eskatzen duen genero-identitateari dagokionez oker egotera bultzatzen duen nortasun-nahasmendurik ez duen pertsona, horri lotuta borondate egonkorra, zalantzarik gabekoa eta iraunkorra azalduz”.

Erregulazio berriarekin, Jaurlaritzak araudia egungo gizarte-errealitatera egokitu nahi du, legerian transexualen baldintza edo egoera pertsonal edo sozialaren ondorioz dirauten diskriminazio guztiak gainditzen lagunduz. Ildo horretan, proiektu horren helburua transexualek autonomia-erkidegoko herri-administrazioengandik beren premia mediko, psikologiko, juridiko eta bestelakoentzako arreta osokoa eta egokia jasotzea da, aukera-berdintasunean gainerako herritarrekin alderatuta. Era berean, transexualen askatasuna gizarte-bizitzaren esparru guztietan oro har, eta bereziki zerbitzu publiko guztietan egikarituko dutela babesten du.

Legeak, besteak beste, bermatuko du Berdindu zerbitzuak, hau da, transexualentzako, haien familiartekoentzako eta hurbilekoentzako informazio-, orientazio- eta aholkularitza-zerbitzuak bere horretan jarraituko duela.

Halaber, gerora erregelamendu bidez garatzeko aukera ere aurreikusten da eta, horren bitartez, Jaurlaritzak transexualei administrazio-dokumentazio egokia eskainiko die sexua berresleitzeko prozesuak irauten duen bitartean, prozesu osoan hobeto integra daitezen sustatzeko eta, trantsizioaldi horretan, sufrimenduzko edo diskriminazioko egoerarik jasan behar izan ez dezaten.

Aipaturiko dokumentazioa ematearen ondorioz eta, nolanahi ere, transexualak sentitzen duen sexua jasoko duen Nortasun Agiria egiten denetik aurrera, Eusko Jaurlaritzak, Foru Aldundiek, Udalek eta autonomia-erkidegoko erakunde publiko guztiek dagozkien administrazio-mekanismo egokiak modu koordinatuan prestatu beharko dituzte artxibo, datu-base eta Administrazioaren gainerako fitxategi guztietatik pertsona horren aurreko identifikazioari buruzko aipamenak edo transexual dela adierazten duen edozein datu desagerrarazteko. Salbuespen izango dira Osakidetza Euskal Osasun Zerbitzuaren kargu dauden pertsona horren isilpeko historia medikoan agertzen diren aipamenak.

 

Osasuna

Testuak, era berean, transexualek osasun-eremuan dituzten eskubideak biltzen ditu, non Osakidetzak dagoeneko baduen transexualitatearen alorreko erreferentziazko unitate bat, arreta mediko, erizaintzako, psikologiko, psikoterapeutiko eta sexologikoan profesionalak diren langileez osatua. Lege bidez araututa egoteak zerbitzu medikoaren presentzia indartzea ekarriko du.

Era berean, lan- eta hezkuntza-munduarekin erlazionatutako hainbat neurri barne hartzen ditu. Horien artean, ekintza positiboko plan egokiak landu eta aplikatzea euskal herri-administrazioetan transexualen kontratazioa eta enplegua bultzatzeko; eta, hezkuntza-esparruan transexualitatearen alorreko jardunak garatzea.

Sailburuak esan duenez, transexualek ez dute arretarik eskatzen patologia bat edo gaitz bat dutelako, “baizik eta beren eskubide oinarrizkoenak libreki garatzeko aurkitzen dituzten gizarte-eragozpenengatik, eta minak eta larritasunak eragindako zailtasun horiekin beren bizitzak betetzen dituztelako”.

“Legean”, adierazi du, “aniztasun hori aintzat hartzen da eta irizpide mediko, sozial eta psikologiko indibidualizatuak eta pertsona bakoitzaren araberakoak ezarri behar direla onartzen da, betiere transexualaren genero-nortasuna erabat errespetatuta. Giza borondatea edonolako kontsiderazio fisikori gailentzea da Legearen ardatz nagusia”.