Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila

Beizamak alokairuko hamabi etxebizitza publiko izango ditu ekoizpen-jarduera berriak sortzeko eta gazteak erakartzeko

Argitalpen-data: 

  • Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitektura Zuzendaritzak “Europan 16” nazioarteko lehiaketarako aurkeztutako erronka horren talde irabazleak etxebizitza produktiboak sortzearen aldeko apustua aurkeztu du herrian.
  • Erakusketa baten bidez erakutsiko dira arkitekturako profesional gazteen bost finalistek aurkeztutako soluzioak.

Beizamak ostiralean ezagutu ditu arkitekturako profesional talde gazte batek Gipuzkoako herri horretan abian jarriko duen proposamenaren xehetasunak, horren bidez alokairuko hamabi etxebizitza publiko eraikiko dira, etxebizitza produktiboen kontzeptuaren ikuspegitik herri txikietako biztanleriaren zahartzearen arazoari heltzeko. Proiektua Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak “Europan” izeneko hiri- eta arkitektura-ideien lehiaketaren baitan proposatu zuen erronkaren emaitza da, eta herriko elizaren ondoan dagoen hektarea erdiko partzela batean eraikiko da. Lehiaketa bi urtez behin egiten da kontinente osoko arkitekturaren arloko profesional gazteei zuzenduta. 

Beizamakoa estatu-mailan Europako lehiaketarako proposatu diren zazpi kokapenetako bat da, eta bederatzi herrialdetako (Belgika, Alemania, Frantzia, Espainia, Italia, Norvegia, Suitza, Austria eta Suedia) 40 tokien artetik, Etxebizitza Sailak proposatu duen erronka da nazioartean proposamen gehien jaso dituena, aurreko edizioan Lasarte-Oriarekin gertatu zen bezala. Beizama itsasoaren mailaren gainetik 500 metroko altueran dago, Tolosatik 14 kilometrora eta Azpeititik 12 kilometrora. Mendi artean dagoen herri horrek landa-herri tradizional askoren erronkei egin behar die aurre: udalerriko gazteei eustea eta beste batzuk erakartzea bertan finka daitezen, bai ekoizpen-jarduera txikiak sortzeko, bai bertan bizitzeko eta lanera beste leku batzuetara joateko.

Gipuzkoako udalerri honetako proiektuko talde irabazlea nazioarteko epaimahai batek aukeratu zuen eta Juan Carlos Martin, Cynthia Rosalía Rabanal, Jordi Olivella, Pol Mensa, Clara Alsedà eta André del Río dira taldeko kideak. Datozen hilabeteotan sariaren 12.000 euroak jasoko dituzte, eta, horrez gainera, profesional horiek eraikuntza- eta hirigintza-proiektua idazteko eta obra zuzentzeko agindua jasoko dute. “Ongi Etorri” izenburuarekin, proposamena sustatu duten profesionalek Beizamako Natur Eskolan aurkeztu dituzte proposamenaren nondik norakoak. Jardunaldian inauguratu den erakusketan Gipuzkoako udalerrian gauzatzeko erronkan finalista izan diren bost taldeen xehetasunak erakusten dira, eta bertan izan dira Europan España erakundeko Carmen Imbernón eta Begoña Fernández-Shaw ere.

“Despopulazioarekin galdutako zerbitzuak berreskuratzeko aukera bat da”, azaldu du taldeak, “biztanle gehiago ere erakarriz eta, modu horretan, hazkunde- eta garapen-ziklo berri bat hasiz”. Proiektuak, partzelako desnibel handia libratzeko, herriko bi polo sozialak lotuko dituen bide publiko bat marrazten du. Bertan eraikiko diren 12 etxebizitzak lau eraikinetan banatuko dira, eta kaletik zuzenean izango dute sarbidea. Eraikinak baserri tradizionalarekin integratu nahi dira, baina egungo etxebizitzaren ikuspegi berri batetik, eta eremu komunak (lantegiak) izango dituzte ekoizpen-jarduerak instalatu ahal izateko. Diseinuaren helburua da etxebizitzak bizitzeko era ezberdinetara egokitzea, eta kanpoko eremuak etxeetako (baserrietako) atarien eta plaza publiko txikien erdibideko zerbait izango dira.

Pablo García Astrain Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitekturaren zuzendariak azpimarratu du proposamenak “Beizamara berariaz egokitutako tipologia bat” planteatzen duela, “baina, agian, alokairuko etxebizitza publikoaren beste kontzeptu bat gara dezake, landa-ingurunera egokitua eta gure lurraldeak berrorekatzen lagunduko duena”, erantsi du. Eusko Jaurlaritza da “Europan” lehiaketatik datozen proiektuak garatzen eta eraikitzen dituen administrazio bakanetako bat. Etxebizitza Sailak 184 etxebizitza sustatu ditu Basaurin (1991) eta 84 Mina del Morron (Bilbo, 2001). Azken deialdia 2019an egin zen, eta une hauetan Lasarte-Orian hiri-plangintza aldatzen ari da ehun bat etxebizitza babestu sortzeko. Azken proiektu honetan lantzen den etxebizitza produktiboaren alderdia, berez, berria da, eta Beizamarekin alderdi horretan sakondu nahi da, bizitzeko eta lan egiteko aukera ematen duten etxebizitza-eredu berritzaileak bilatuz. Izan ere, kontzeptu horien beharra areagotu egin da Covid 19-aren pandemiaren ondorioz.