Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila

Etxebizitza Sailak alokairu babestuko 300 pisu kupo bidez adjudikatzeari ekingo dio Bizkaian eta Gasteizen

Argitalpen-data: 

  • 36 urtez beheko pertsonei zuzenduko zaie etxebizitzen % 34, eta gainerakoa premia bereziko kolektiboetara, kupo orokorrera eta EESra (Etxebizitzako Eskubide Subjektibora)  

Etxebizitza Sailak alokairu babestuko lehen etxebizitzak adjudikatzeko prozesuari ekingo dio hurrengo egunetan, kupo-sistemaren bitartez. Formula hori joan den abenduaren 26ko dekretu batez onartu zen, eta orain arte baliatutako barematze-sistema ordezkatuko du; bada, formularen helburua da ekonomia- eta gizarte-arloko irizpideak esklusiban aplikatzearen ondorioz etxebizitza publikoaren hurrengo sustapenetan bazterkeria eta gizarte-bazterketa egoerarik ez sortzea. Helburu horri lotuz, dekretuak gehienezko kupo batzuk ezarri zituen askotariko kolektiboentzat, bertan lehenetsiz 36 urtez beheko pertsonak, gizarte-integrazioa bultzatzeko, eta alokairu publikoko eraikinetako egoiliarren profila Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte-osotasunaren albait antzekoena izatea, 2015eko Etxebizitzaren Legean zehazten den helburuarekin bat etorriz.

Kupo bidezko lehen adjudikazioak, zazpi sustapenetan banatuak, guztira 300 etxebizitzetan aplikatzen hasiko dira: horietako sei sustapen Bizkaian daude, eta bat, berriz, Vitoria-Gasteizen. Hilak 19tik aurrera, horietarako deialdi bana argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Etxebideren erregistroan etxebizitza-eskatzaileak diren pertsonek beren eskaera egin dezaten.

Hauek dira sustapenak: gizarte-alokairuko 20 etxebizitza (horietako bi egokituak) Bilboko Uretamendi auzoan; 12 gizarte-alokairuko etxebizitza Bilbon ere, Txurdinagan; BOE alokairuko 52 etxebizitza Sestao (Galindo ibarrean): BOE alokairuko 32 etxebizitza (horietako 2 egokituak) Santurtzin (San Juan del Rompeolas); gizarte-alokairuko 84 etxebizitza (horietako 4 egokituak) Ortuellan (Peñota auzoan); eta 58 zuzkidura-bizitoki (horietako 2 egokituak) Santurtzin (San Juan del Rompeolas). Bestetik, Vitoria-Gasteizko sustapena BOE alokairuko 42 etxebizitzak osatzen dute, Zabalgana auzoan.

Adjudikazioen ehunekoak

Sustapen bakoitzerako kupoak etxebizitzen ezaugarrien eta udalerri bakoitzerako eskariaren profilaren arabera ezarri dira, dekretuan ezarritako ehunekoekin bat etorriz. 300 etxebizitzen % 34 36 urtez beheko titularra duten familia-unitateei adjudikatuko zaizkie; % 28 premia bereziko kolektiboei; % 18 etxebizitza eskuratzeko gizarte-eskubidea (EES) aitortua duten pertsonei, eta gainerako % 19a kupo orokorrean dauden pertsonei.    

Joan den abenduan onartutako dekretuan zehaztutako irizpideetan, inspirazio-iturritzat Etxebizitza Legeko filosofia hartzeaz gain, Sailak eta Alokabidek alokairuko parke publikoaren kudeaketan duten esperientzia biltzen da, baita udalen gomendioak ere.  “Bizitegi-guneen dibertsitatea, integrazioa eta gizarte-kohesioa ere Etxebizitza Legearen funtsezko helburuak dira”, adierazi zuen orduan Iñaki Arriola sailburuak. “Eta alokairuko auzotarren komunitate bakoitza Euskadiko gizarte-osotasunaren albait antzekoena izatea nahi dugu, eta legearen aplikazio mekaniko batek eremu bananduak sortzeko modurik ez ematea”.

Dekretuak ehuneko hauek ezarri zituen kupo bakoitzerako:

  • 36 urtez beherako gazteentzat, egokitu gabeko etxebizitzen % 40 gehienez.
  • Eskubide Subjektibo aitortua duten pertsonentzat, egokitu gabeko etxebizitzen % 40 gehienez.
  • Premia Bereziko kolektiboentzat, egokitu gabeko etxebizitzen % 10 gutxienez.
  • Kupo Orokorrerako, egokitu gabeko etxebizitzen % 10 gutxienez.

Kupo bakoitzean, hura osatzen dutenen lehentasuna diru-sarreren, familia-beharrizanen eta Etxebideko erregistroko antzinatasunaren arabera ezarriko da, arauz hala ezarrita baitago. Kupo bateko etxebizitzak erreserba duten kolektiboetako pertsona edo bizikidetza-unitateei adjudikatu gabe geratuz gero, kupo orokorrera pasatzen dira. Eskueran diren etxebizitza publikoko sustapen berrietan gaurdanik aplikatuta, irizpide horiexek erabiliko dira ere plaza hutsa duten etxebizitzen bigarren eta geroko adjudikazioetarako.

Bukatzeko eta berritasun gisa, COVID-19ak sortutako egoerari erantzunez, abian jarritako adjudikazio-prozesuetan, telefono-arreta hauek sartu dira indarrean sustapen bakoitzeko eskari zehatza erregistratzeko: batetik, telefono-arreta automatizatua eta, bestetik, teleoperadoreak dituena. Prozedura horren bitartez, adjudikazio-prozesu zehatz bakoitzean, segurtasunez erregistratu nahi ditugu baldintzak bete eta izena ematen duten pertsonen erabakiak, Etxebideren bulegoetara bertara joan beharrik gabe.