Ekonomia eta Ogasun Saila

Arautegia

Inprimatu

360/2013 DEKRETUA, ekainaren 11koa, Begira / publizitate eta komunikazio ez-sexista erabiltzeko Aholku Batzordearena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Lehendakaritza
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 129
  • Hurrenkera-zk.: 3087
  • Xedapen-zk.: 360
  • Xedapen-data: 2013/06/11
  • Argitaratze-data: 2013/07/08

Gaikako eremua

  • Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua; Ekonomi Jarduerak
  • Azpigaia: Gizarte Gaiak; Gobernua eta herri administrazioa; Informazio etak komunikazioak

Testu legala

Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundea sortzeari buruzko otsailaren 5eko 2/1988 Legearen esparruan, Begira / Berdintasuna Garatzeko Iragarkien Aholkularitza sortu zuen apirilaren 27ko 78/1998 Dekretua eman zen, publizitatearen eremuan emakumeen eta gizonen berdintasun benetakoa eta eraginkorra lortzeko xedez.

Gero, beste lege-xedapen batzuek arautu dute gaia, hala nola, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoak, zeinak berdintasunaren oinarrizko alderdiak arautu baitzituen titulartasun publiko eta pribatuko gizarte-komunikabideentzat, bai eta legearen arabera diskriminatzailea den publizitatearen ez-zilegitasuna ere. Bestalde, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Defentsa Erakundea sortu zuen, aholkularitza eta laguntza emateko arlo pribatuan sexuaren zioz gertatutako bereizkeria-egoeretan, komunikazio eta publizitatearen eremuetan gertatutakoak barne direla. Defentsa Erakundearen egitekoak, egun, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariari izendatu zaizkio otsailaren 16ko 3/2012 Legearen bitartez. Otsailaren 18ko 4/2005 Legean beren-beregi arautu dira komunikabideak eta publizitatea, eta Eusko Jaurlaritzaren baitan, publizitatea kontrolatzeko organo bat egotea ere beren-beregi aurreikusita dago. Organo hori komunikabideen eta publizitate-euskarrien bitartez hedatzen den publizitatearen inguruan aholku emateaz eta publizitatea aztertzeaz arduratuko da, sexuan oinarritzen den pertsonen bereizkeria-mota oro erauzteko; halaber, komunikabide publikoek zabaldutako edukiek kode etikoak izan ditzaten zainduko du.

Beraz, indarrean den legedia kontuan hartuta, une honetan beharrezkoa da, apirilaren 27ko 78/1998 Dekretua indargabeturik, urte horretan sortutako organoa berriz arautzea, lege-esparru berrira egokitzeko, eta organoak araudi erregulatzailearekin bat datozen izendapena eta eskurantzak izan ditzan, hain zuzen ere. Araudi horrek emandako izaeraren arabera, organo espezializatua izango da, komunikabideetan publizitate-euskarriak eta publizitatea eta komunikabide publiko eta pribatuetako edukiak aztertzeaz eta aholkuak emateaz arduratuko dena.

Otsailaren 18ko 4/2005 Legearen manuz, Begira / publizitate eta komunikazio ez-sexista erabiltzeko Aholku Batzordeak publizitatera euskarria edozein izanik ere eta titulartasun publiko eta pribatuko gizarte-komunikabideetara hedatu du bere jarduera-eremua; Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeari atxikiriko kide anitzeko organoaren izaera juridikoari eutsi dio: aholku-organoa da, Euskal Autonomia Erkidegoan komunikabideen eta publizitate-euskarrien bitartez hedatzen diren publizitatea eta programa-edukiak aztertzeaz arduratuko da, eta publizitate eta komunikazioaren eremuetan sexuaren ziozko bereizkeria mota oro erauztea izango du helburu.

Ondorioz, lehendakariak proposatuta, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren irizpenarekin bat, eta nahitaezko izapide guztiak bete direla, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2013ko ekainaren 11n egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

Dekretu honen xedea da Begira / publizitate eta komunikazio ez-sexista erabiltzeko Aholku Batzordearen egitekoak, osaera eta funtzionamendua arautzea, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 27. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

Begira / publizitate eta komunikazio ez-sexista erabiltzeko Aholku Batzordea aholkuak emateko eta elkargune izateko organoa da: Euskal Autonomia Erkidegoan komunikabideen eta publizitate-euskarrien bitartez hedatzen den publizitatea aztertuko du eta aholkuak emango ditu, publizitate eta komunikazioaren eremuetan sexuaren ziozko bereizkeria mota oro erauzteko. Komunikabide publikoetako edukiei buruzko kode etikoak egon daitezen arduratuko da, eta horretaz gainera, komunikabide pribatuekin akordioak egitea sustatuko du, komunikazioa berdintasunaren printzipiora egokitzen lagun dezaten.

  1. Begira / publizitate eta komunikazio ez-sexista erabiltzeko Aholku Batzordearen jarduera-eremua publizitatea euskarria edozein delarik ere eta komunikazioa dira, nola titulartasun publikoak hala pribatukoak.

  2. Publizitatea eta komunikazioaren eremuetako jarduerei dagokienez, honako hauek hartuko dira kontuan: Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza duten pertsona fisikoek eta juridikoek egindakoak; egoitza autonomia erkidego horretan duten pertsonen edo erakundeen komunikabideen eta/edo publizitate-euskarrien bidez ematen direnak, edo beste eremu bateko komunikabideek Euskadin dituzten ordezkaritzaren bitartez zabaltzen direnak. Gizarte-komunikabideen jarduerak Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumen-eremua gainditzen badu, Batzordeak lurraldearen arabera eskudun diren erakundeetara bideratuko du gaia.

  1. Publizitatearen eremuan, Begira / publizitate eta komunikazio ez-sexista erabiltzeko Aholku Batzordeak helburu hauek izango ditu:

    1. Publizitatea emakumeen eta gizonen berdintasunaren printzipiora egokitu dadin sustatzea, eta publizitatean sexuaren ziozko bereizkeria eta desberdintasun mota oro ekiditeaz arduratzea.

    2. Komunikabideetan eta publizitate-euskarrietan publizitate-iragarkiak egin, igorri eta hedatzerakoan, pertsonek sexu batekoak edo bestekoak izateagatik giza duintasun txikiagoa edo handiagoa dutela eta objektu sexual soilak direla adieraz ez dadin sustatzea, eta horietan emakumeenganako indarkeria justifikatu, hutsaldu edo horretara bultzatzen duen iragarkirik egon ez dadin bermatzea.

    3. Erakundeen arteko lankidetza-mekanismoen bidez, Autonomia Erkidegoaren titulartasun publikoko komunikabideetan sarbidea ematea Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Erakundearteko Batzordeak emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzeko eta desberdintasuna ezabatzeko sustatzen dituen kanpaina instituzionalen publizitate-espazioei, Euskadiko Publizitate eta Komunikazio Instituzionalari buruzko abenduaren 23ko 6/2010 Legearen arabera.

    4. Euskal administrazio publikoek, horien erakunde autonomoek eta haien mendeko edo haiei atxikiriko gainerako erakunde publikoek aurreko puntuan aipatutako kanpainak egiten dituztenean, kanpaina horiek hedatzeaz arduratzea, eta horretarako, publizitaterako diren barruko nahiz kanpoko espazio edo lekuak lagatzea, Euskadiko Publizitate eta Komunikazio Instituzionalari buruzko abenduaren 23ko 6/2010 Legearen arabera.

    5. Publizitate sexistaren gainean egindako kexak jasotzea eta aztertzea, eta, hala badagokio, komunikabidearen edo publizitate-enpresaren aurka ekitea edo jarduera zehapen-ahalmena duten organoetara bideratzea.

    6. Publizitate sexistaren alorrean ofizioz jardutea, hala badagokio komunikabidearen edo publizitate-enpresaren aurka ekiteko edo jarduera zehapen-eskumena duten organoetara bideratzeko.

  2. Komunikazioaren eremuan, Begira / publizitate eta komunikazio ez-sexista erabiltzeko Aholku Batzordeak helburu hauek izango ditu:

    1. Emakumeen eta gizonen berdintasunaren printzipioa errespetatu, ezagutu eta heda dadin sustatzea, eta komunikabidetan edozein motatako desberdintasun eta bereizkeriarik ez agertzeaz arduratzea.

    2. Emakumeen eta gizonen berdintasunaren printzipioa transmititzeari buruz, kode etikoak egoteaz eta horiek titulartasun publikoko komunikabideek aplika ditzaten arduratzea.

    3. Titularitate pribatuko komunikabideek autoerregulazio-akordioak har ditzaten sustatzea, emakumeen eta gizonen berdintasunaren alorreko legedia betetzen laguntzeko eta emakumeen eta gizonen berdintasunaren printzipioa transmititzeko, horietan garatzen diren salmenta eta publizitate jarduerak barne direla.

    4. Jarduerak egiteko eskumen-eremua Euskal Autonomia Erkidegoan duten gizarte-komunikabideen edukietan, pertsonek sexu batekoak edo bestekoak izateagatik giza duintasun txikiagoa edo handiagoa dutela eta objektu sexual soilak direla adieraz ez dadin sustatzea.

    5. Jarduerak egiteko eskumen-eremua Euskal Autonomia Erkidegoan duten gizarte-komunikabideen edukietan ez dela emakumeenganako indarkeria justifikatzen eta hutsaltzen edo horretara bultzarazten sustatzea.

    6. Gizarte-komunikabideek sexu bien irudi berdintzailea, orekatua, plurala eta edertasun-kanon eta sexu-estereotiporik gabea, eta emakumeek bizitzaren eremuetan betetzen dituzten funtzioetan duten partaidetza aktiboa berma dezaten sustatzea, bereziki kontuan hartuta haur eta gazteentzako programazioaren edukiak.

    7. Gizarte-komunikabideek hizkera ez-sexista erabil dezaten sustatzea.

Aipatutako helburuak betetzeko, Begira / publizitate eta komunikazio ez-sexista erabiltzeko Aholku Batzordeak egiteko hauek izango ditu:

  1. Emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloari dagokionez, solasaldirako eta bateratzeko organoa izatea, komunikazioaren eta publizitatearen eremuan.

  2. Titulartasun publikoko eta pribatuko komunikabideetan eta publizitate-euskarrietan igortzen den komunikazioa eta publizitatea aztertzea eta horren segimendua egitea.

  3. Komunikazioaren eta publizitate ez sexistaren alorrean prestakuntza eta aholkuak ematea titulartasun publikoko eta pribatuko komunikabideetako, publizitate-enpresa eta -agentzietako eta tartean dauden beste antolakunde batzuetako zuzendariei eta teknikariei.

  4. Sexismoari buruzko irizpideak ezartzea komunikazioan eta publizitatean, eta irizpide alternatiboak ezartzea.

  5. Herritarrek eta erakundeek jarritako kexak jasotzea eta aztertzea, eta hala badagokio, organo eskudunetara bideratzea, zehapen-espediente bat hasteko edo ekintza judizialak baliatzeko legez kontrako publizitatearen aurka, Lehia Desleialari buruzko urtarrilaren 10eko 3/1991 Legean eta Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuari buruzko abenduaren 22ko 6/2003 Legean ezarritakoaren arabera.

  6. Zehapen-prozedura bat irekitzea proposatzea, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean ezarritakoari jarraituz.

  7. Urteko txosten edo memoria bat egitea, zeina Eusko Legebiltzarrean aurkeztu beharko den.

  8. Egindako azterlanak eta jarduerak zabaltzea.

  9. Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeari proposatzea legez kontrako publizitatearen aurkako neurriak har ditzala, Publizitateari buruzko azaroaren 11ko 34/1988 Lege Orokorrean ezarritakoarekin bat etorriz.

  10. Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak izendatzen dion beste edozein egiteko.

Begira / publizitate eta komunikazio ez-sexista erabiltzeko Aholku Batzordea Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeari atxikirik dago.

  1. Begira / publizitate eta komunikazio ez-sexista erabiltzeko Aholku Batzordea batzordeburuak eta batzordekideek osatuko dute.

  2. Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko idazkari nagusia izango da batzordeburu. Egiteko hauek izango ditu:

    1. Batzordearen ordezkari nagusia izatea.

    2. Bilkuren ohiko eta ezohiko deialdiak erabakitzea eta gai-zerrenda finkatzea, gainerako batzordekideek garaiz egindako eskaerak aintzat hartuta.

    3. Bilkuretan buru izatea, eta eztabaidak moderatu eta gidatzea.

    4. Bozketetan berdinketarik gertatuz gero, kalitateko botoaz ebaztea.

    5. Arauak betetzen direla zaintzea.

    6. Batzordearen erabakien aktei eta egiaztagiriei oniritzia ematea.

    7. Batzordeburu izateak berez dakartzan egiteko guztiak.

  3. Begira / publizitate eta komunikazio ez-sexista erabiltzeko Aholku Batzordeko kideak:

    Publizitatearen alorrean Eusko Jaurlaritzaren aholku- eta kontsulta-organoko kide bat, Lehendakaritzako idazkari nagusiak izendatua.

    Eusko Jaurlaritzan kulturaren alorrean eskudun den sailaren ordezkari bat, sailburuak izendatuta.

    EITBren ordezkari bat, aipatu entitateak izendatua.

    Eusko Jaurlaritzan merkataritzaren alorrean eskudun den sailaren ordezkari bat, sailburuak izendatuta.

    Eusko Jaurlaritzan hezkuntza alorrean eskudun den sailaren ordezkari bat, sailburuak izendatuta.

    Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko komunikazioaren eremuaren ordezkari den irakasle bat, aipatu fakultateko dekanoak izendatua.

    Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko publizitatearen eremuaren irakasle ordezkari bat, aipatu fakultateko dekanoak izendatua.

    Genero-berdintasunean eta komunikazioan aditu den pertsona bat, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariak izendatua.

    Genero-berdintasunean eta publizitatean aditu den pertsona bat, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariak izendatua.

    Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko Aholku Batzordeko kide bat, Aholku Batzordeak izendatua.

    Euskadiko Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan ezarpen dituzten Kontsumitzaileen Elkarteek edo horien federazioek izendatutako pertsona bat. Izendapena urtero txandatuko da horien artean.

  4. Batzordekideei dagokie:

    1. Bilkurarako deialdia gai-zerrenda eta behar den dokumentazioarekin batera garaiz jasotzea.

    2. Batzordearen ekimenetan eta bilkuretako eztabaidetan parte hartzea.

    3. Boto-eskubideaz baliatzea eta boto partikularra ematea, eta emandako botoaren esanahia eta hori justifikatzen duten arrazoiak adieraztea.

    4. Galde-eskeak egitea.

    5. Izendatuta dituzten egitekoak betetzeko behar den informazioa lortzea.

    6. Batzordekide izateak berez dakartzan gainerako egiteko guztiak.

  5. Dekretu hau indarrean sartzen denean, erakunde interesdunek hautatu ondoren, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariak batzordekideak izendatuko ditu, bai eta hala badagokio ordezkoak ere. Hautatuek onarpena ematen dutenetik aurrera izango dute efektua izendapenek.

    Batzordekideak lau urterako izenda daitezke, nahiz eta berriz hautatu daitezkeen. Berritzea, kontrako izendapenik ezean, agintaldia amaitzearekin betera egingo da.

  6. Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko Programen Arloko arduradun teknikaria izango da Begira / publizitate eta komunikazio ez-sexista erabiltzeko Aholku Batzordeko idazkari. Ez da kide anitzeko organoaren kide izango; beraz, organoaren erabakietan ez du botorik izango. Egiteko hauek ditu:

    1. Bileretara joatea, hitzarekin baina botorik gabe.

    2. Bilkuretarako deialdia egitea, batzordeburuak aginduta, bai eta kideei zitazioak egitea ere.

    3. Kideek Batzordeari egiten dizkioten komunikazioak jasotzea, baita jakinarazpenak, datu-eskaerak, zuzenketak eta idazki orokorrak ere, jakin beharrekoak direnean.

    4. Gaiak prestatzea, eta bilkuretako aktak idatzi eta baimentzea.

    5. Batzordearen kontsulta, erabaki eta jarduera orokorrei buruzko egiaztagiriak egitea.

    6. Batzordeari dagozkion gaiak bultzatzea eta horien segimendua egitea.

    7. Batzordeak egindako jarduerak jasotzen dituzten dokumentuak artxibatu eta zaintzea.

    8. Batzordeburuak agintzen dizkion kudeaketa- eta koordinazio-ekintzak egitea.

    9. Batzordeko idazkari izateak berez dakartzan gainerako egitekoak.

  7. Batzordea trebakuntza, gaitasun eta prestakuntza egokia duten kideez osatzea eta emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua izatea sustatuko da, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 3.7 eta 23. artikuluekin bat etorriz.

  1. Begira / publizitate eta komunikazio ez-sexista erabiltzeko Aholku Batzordea urtean bi aldiz batzartuko da gutxienez, seihilean behin; ezohiko bilerak egitea ere erabaki daiteke, batzordeburuak beharrezko iritziz gero, edo batzordekideen bi herenak eskatuta, idatziz, eta landuko diren gaiak eta zergatiak adierazita.

  2. Batzordeak Osoko Bilkuratan jardungo du. Lan-talde edo -batzordeetan ere jardun dezake, zenbait gai aztertu eta proposatzeko hala komeni denean.

  3. Batzordea legez eratutzat joko da, baldin eta lehen deialdian, batzordeburuaz gain edo horren ordezkoaz gain, gutxienez kideen erdiak badaude. Lehen deialdian aipatu pertsona kopura biltzen ez bada, Batzordeak bigarren deialdia egingo du: bilera hasteko jarritako ordua baino ordu erdi geroago egingo da, eta nahikoa izango da kideen herenak egotea, batzordeburua edo ordezkoa barne.

  4. Erabakiak gehiengo soilez hartuko dira; berdinketarik egonez gero, batzordeburuaren kalitateko botoaz ebatziko dira. Batzordeko kide guztiek, idazkariak izan ezik, boto bat izango dute.

  5. Batzordeko edozein kidek gehiengoaren erabakiaren aurka boto partikularra aurkez dezake edo aurkeztuko duela iragarri, bilkura amaitu baino lehen, betiere. Horrelakoetan, idatziz bidaliko dio batzordeburuari, hiru eguneko epean, gehienez ere. Emandako epean boto partikularraren testua aurkeztu ezean, uko egin zaiola esan nahiko du.

  6. Gai-zerrendan ez dauden gaiei buruzko erabaki baliozkorik ezingo da hartu, kide guztiak presente daudela gaia premiazkoa dela gehiagoz erabakitzen denean salbu. Erabakiak botoen gehiengoz hartuko dira.

Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeari dagokio laguntza teknikoa eta administratiboa ematea Begira / publizitate eta komunikazio ez-sexista erabiltzeko Aholku Batzordearen funtzionamendurako eta batzordearen baitan sortzen diren batzordeen funtzionamendurako. Horretarako behar diren baliabideak Erakundearen aurrekontuetan kontsignatu behar dira.

Begira / publizitate eta komunikazio ez-sexista erabiltzeko Aholku Batzordeko kideek dagozkien kalte-ordainak jasotzeko eskubidea dute, zerbitzuen ondoriozko kalte-ordainei eta dietei buruzko araudian ezarritakoarekin bat etorriz.

Batzordekideak izendatzea, Begira / publizitate eta komunikazio ez-sexista erabiltzeko Aholku Batzordea eratzeko.

Dekretu hau indarrean sartzen denetik hilabeteko epean, Begira / publizitate eta komunikazio ez-sexista erabiltzeko Aholku Batzordean ordezkatuta dauden instituzio, erakunde eta antolakundeek dagozkien kideak eta ordezkoak izendatuko dituzte, dekretu honen 6.3 artikuluaren arabera.

Indargabetuta geratzen da apirilaren 27ko 78/1998 Dekretua, Begira / Berdintasuna Garatzeko Iragarkien Aholku eratzekoa.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA. Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen egitura organikoa eta funtzionala ezarri zuen urriaren 31ko 214/2006 Dekretua aldatzea.

  1. Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen egitura organikoa eta funtzionala ezarri zuen urriaren 31ko 214/2006 Dekretuaren 3. artikuluaren 2. paragrafoaren c) idatzi-zatia honela geratuko da:

    1. Begira / publizitate eta komunikazio ez-sexista erabiltzeko Aholku Batzordea

  2. Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen egitura organikoa eta funtzionala ezarri zuen urriaren 31ko 214/2006 Dekretuaren 18. artikuluaren 2. paragrafoaren f) idatzi-zatia honela geratuko da:

    1. Begira / publizitate eta komunikazio ez-sexista erabiltzeko Aholku Batzordeko batzordeburu izatea eta haren administrazio-kudeaketaz arduratzea.

    AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA. Ordezko araubidea.

    Dekretu honetan aurreikusi gabekoari azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 22. artikuluan eta hurrengoetan kide anitzeko organoei buruz xedatutakoa aplikatuko zaio (30/1992 Legea, Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearena).

    AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA. Erregelamendu bidezko garapena.

    Dekretu hau garatu eta aplikatzeko beharrezko diren beste xedapen emateko ahalmena ematen zaio Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariari.

    AZKEN XEDAPENETATIK LAUGARRENA. Indarrean sartzea.

    Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

    Vitoria-Gasteiz, 2013ko ekainaren 11.

    Lehendakaria,

    IÑIGO URKULLU RENTERIA.