Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

Azken eguneratzea: 2013/07/19

Gaztenek-ek arrakasta izan du gazteak nekazaritzaren sektorera sartzea babesten

Gaztenek-ek funtzionamenduan 8 urte egin ondoren, 450 lagun hasi dira nekazaritza sektorean lanean.

Gaztenek sariak 2013

Gaztenek sariak 2013

Gaztenek Eusko Jaurlaritzak eta hiru foru aldundiek bultzatutako ekimena da, nekazari gazteak euskal nekazaritzaren alorrean sartu eta bertan jarraitzea ahalbidetuko duten hainbat neurri modu koordinatuan bultzatzeko helburuaz. Era berean, planarekin dagoeneko nekazaritza jardueran lanean diharduten gazteen jarraipena ere sustatu nahi da. Hori guztia, gainontzeko euskal gizartearen egoerarekin pareka daitezkeen jarduera garapenaren eta bizitza baldintzen planteamendutik abiatuz, sektorearen eta ingurunearen iraupena bermatzeko.

Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza sailburu Eduardo Aguinacok ziurtatu duenez, "programa mota hauek abian jartzean, erakundeok jarri dugun ilusiotik harantzago eta metodologiak hobetzeaz gain, egia da honek funtzionatzen badu marjina lehiakorra duen produkzio nitxoak daudelako izan dela eta, batez ere, Euskadin ordainsari bat ematen duen eta gure herrialderako estrategikoa den sektore batean etorkizuna duen enpresa jarduera bat bultzatzeko gai diren gazteak daudelako.”

2012ko ekitaldiaren itxieran (kontabilizatutako azken ekitaldia), Gaztenek plana zortzi urtez funtzionamenduan egon ondoren, EAEan 450 bat lagun hasi dira nekazaritza jardueretan.

Sartu diren guztiek laguntzak izan dituzte bai Eusko Jaurlaritzatik bai Aldundietatik. Izapidetutako espedienteen artean Eusko Jaurlaritzatik proiektuetan inbertitzeko eman diren laguntzak ia 7,5 milioi eurokoak izan dira.

Hori dena posible izan da hainbat gauzari esker, besteak beste, proiektuen monitorizazioarekin eta tutoretzarekin lotutako diseinuari esker, gazteei bere bulegora doazen unetik hiru urte igaro arte laguntzen baitie, eta kualifikazio tekniko handia eta errealitate sektoriala ondo ezagutzen duen profesional talde batek eskainitako aholkularitza pertsonal eta etengabeari esker, bai eta baldintzapeko laguntza bati esker ere –denbora tarte horretan bere proiektuaren errentagarritasun minimoa lortzea eskatzen du–, eta erakundeen arteko koordinazio egokiari esker ere.

Horretaz aparte, NPKren hurrengo erreformarekin gazteak sektorean sartzeko laguntzak indartu ahal izango dira, bai eta Gaztenek plana bera ere (laguntzak bi habeetan, PDRn azpiprograma espezifiko bati ekiteko aukera, 70.000 euro gehiagoko laguntza lehen ezarpenagatik, ustiategien transmisiorako pizgarriak, etab). Datorren 2014-2020 aldian onartu egingo da gazteen aldeko diskriminazioa erakusten duten nekazariei laguntza zuzenak ematea, eta horiei emango zaizkien laguntzak handiagoak izango dira.

Gaztenek sariak

Sari hauen helburua da Euskadiko nekazaritzaren sektorean sartu diren gazteei esker ona erakustea; oraingo honetan 3 sari eman dira (lurraldeko bat) 2009an aurkeztu eta 2012an finkatu diren 3 proiekturi. Sariak emateko hainbat irizpide hartu dira kontuan, esaterako, proiektuen izaera berritzailea, enpresa arrakasta, nekazaritza alorreko zein bestelako enpresa batzuekin sinergiak sortzeko ahalmena, eta ingurumenaren ikuspuntutik iraunkorrak diren ala ez.

Edizio honetan honako hauek eskuratu dute saria:

Araba: Gorka Azurmendi

Gorka Azurmendi Ruiz bere anaia Ibanek duen esnetarako ardien ustiategian lanean hasi eta biok Azkarra SC eratu dute. Gorka ustiategian hastearekin bat ustiategiko azienda errolda handitu zuten 350 ardi izateraino, horien hazkuntzaz ere arduratuta, eta abereak gordetzeko ukuilu bat eraiki dute, automatikoki jezteko gela batekin eta elikatze zintekin. 

Bertan jarri duen gazta egiteko instalazioa da Gorkak Sozietate Zibilari egin dion ekarpena, instalazioan urtean Idiazabal Jatorri Izendapeneko 8400 kilo gazta egiten baitute. Ustiategiak Idiazabal Jatorri Izendapeneko gazten lehiaketetan parte hartu du eta emaitza bikainak izan ditu. Emaitza horietako bat dugu gaztarik hoberenagatik Roma Saria nazioarteko lehiaketan eskuratu zuten brontzezko domina, lehiaketan hainbat tokitatik etorritako ehunka ekoizlek parte hartu zutelarik.

Gaur egun ustiategiak bisita turistikoak eskaintzen ditu, bisitetan gazta egiten parte hartzeko aukera emanez.

Bizkaia: Arkaitz Biritxinaga

Arkaitz Biritxinaga nekazari gazte bat da eta esnetarako behien ustiategi bat dauka Berrizen (Bizkaia). Hainbat urtetan Rafael Biritxinaga bere aitarekin batera etxeko ustiategian esne ekoizpenean jardun ondoren, 2010ean aurrera pauso bat eman eta bere anaiarekin batera sozietate bat sortzea erabaki zuen, ustiategia modernizatzeko.

Gaur egun ustiategian 380 abelburu inguru ditu eta ia 2.000.000 litro esne ekoizten ditu urtean. Egindako inbertsioak direla-eta izan dituzten arazo guztiak eta aparteko ahaleginak gainditu dira eta orain aldaketak egonkortu eta etorkizuneko erronka berrietarako prestatzeko unea heldu zaie: prezio izoztuak, NPBaren aldaketa, jezteko tekniketan aldaketa…

Gipuzkoa: Nerea eta Miriam Arrizabalaga Badiola

Bien artean 2009ra arte beraien amaren esku zegoen baserriaren erreleboa hartu eta bultzada bat eman zioten baserria aurrera ateratzeko. Doniene baserria Itziarko Egia auzunean dago (Deba) eta batez ere berotegiko eta aire zabaleko baratzezaintzan jarduten dute. Ekoizpen ekologikoaren erregistroan izena emanda dauka, 1551 zenbakiarekin, eta bere produktuak kontsumo taldeen bitartez saltzen ditu, inguruetan eta Debako azokan ere bai. 2010ean instalatu ziren, Gaztenek programaren bitartez.

Gaztenek saria eman bazaie izan da baloratu delako lanera duten gaitasuna eta baserri tradizional bat aurrera ateratzeko irmoki egin duten lana; izan ere, baserriari ikuspegi modernoa ematen diote, balio tradizionalak eta oso ikuspuntu berria uztartuz, ez bakarrik produkzioari dagokionez, salmenta moduan ere bai, eguneroko lanean oinarrituta eta oso inbertsio mugatuarekin. Gainera, erakutsi dute sektorearekin oso inplikatuta daudela, foroetan eta erakundeetan oso aktiboki parte hartuz (gaur egun Miriam Biolurreko lehendakaria da), bai eta pentsaera irekia dutela ere, produktu berriak bilatuz eta beraiekin esperimentatuz eta ekoizlearen eta kontsumitzailearen arteko harremanak indartuz.

Gaztenek sariak 2013