Berria
25/01/2018

Zientzia fikzioa egitera ausartu zen emakumea

Hilberria. Ursula K. Le Guin
Miren Gárate

Gaztetatik izan zuen gustuko zientzia fikziozko literatura Ursula K. Le Guinek (Berkeley, Kalifornia, AEB, 1929), baina denbora batez genero hori apartatuta ere izan zuen, maskulinoegia zela eta estereotipoz beteegia zegoela iritzita. Ez zen behin betiko erabakia izan, haatik. 1969an, The Left Hand of Darkness idatzi zuen, zientzia fikziozko liburu klasikoetako bat, 50 urtean baino gehiagoan inprentetan egon dena. Earthsea seriea ere Le Guinena da. Familiak jakinarazi duenez, astelehenean hil zen, 88 urte zituela. «Le Guin ez zen bakarrik zientzia fikziozko liburuen idazle bat; literaturako ikurretako bat zen, egile handienetako bat», idatzi zuen, besteak beste, Stephen Kingek haren heriotzaren berri izan zuenean.

Antropologoak zituen gurasoak, eta gai horri buruzko interesa maiz agertzen da haren liburuetan. Urruneko planetetara joanez, gaur egungo gizarteari, sexualitateari eta erabaki moralei buruz gogoeta eragiteko zuen gaitasuna nabarmendu izan zaio. Feminismoa, anarkismoa, ekologia eta taoismoa ere asko interesatzen zitzaizkion.

Nagusiki zientzia fikzioaren arloan aritu arren, poesia, saiakera, ipuinak eta haur literaturako liburuak ere idatzi zituen. 40 hizkuntzatara itzuli dituzte haren lanak, baita euskarara ere: armiarma.eus atarian dago irakurgai Legez kanpokoa testua, Jasone Larrinagak 2013an euskaratua.

Volver