Berria
21/01/2018

Datorrena datorrela?

Aurten ehun urte beteko dira Rebecca Westek 'Soldaduaren itzulera' idatzi zuela. Gerrarekin lotura hertsia duen eleberri bat izan arren, pertsonaien barneko borrokek pisu handiagoa dute.
Miren Gárate

Datozen bezala hartu behar dira gauzak. Bertute bat ei du horretarako gaitasuna duenak. Ausart moduan hartzen da, indartsutzat. Ez du iritzi bera Jennyk, Soldaduaren itzulera nobelako narratzaile eta protagonistetako batek. Honela dio paragrafo batean: «Harrotasun intelektual hotz bat sumatu nion, dudarik gabe, Chrisek bere heldutasun oparoa gogoratu nahi ez hari, bere lehenbiziko amodioaren garaian ez atzera eta ez aurrera gelditu nahi hari; horrela, askoz ere zentzudunagoa zirudien berak beste guztiok baino, hain heltzen baikenion bizitzari zetorren bezala, hutsalkeriaz eta gogaikeriaz beterik».

Lehen Mundu Gerran borrokan ari zela zauritu ostean, etxera itzuli da Christopher Baldry, familia ingeles dirudun bateko semea. Amnesia du: azken hamabost urteetako oroitzapen guztiak galdu ditu. Itzultzen denean, hiru emakume dauzka zain, beso zabalik: Kitty emaztea, Jenny lehengusua eta Margaret Allington gaztetako maitea. Beste era batera esanda, arima gorputzaren mende jarri ohi duen emakume bat, arima eta gorputza maila berean jartzen dituzten horietako bat, eta arima gorputzaren gainetik jartzen duen bat.

Guztien harrigarri, soldadua ez da gogoratzen emaztearekin; gaztetan maite zuen emakumearekin akordatzen da batez ere; gainera, ez du hura berriz ikusi eta harekin egon beste grinarik. Ameto ematen diote desio horri beste bi emakumeek, hura ikusten duenean joango zaiolakoan berriro harekin elkartzeko gogoa. Izan ere, gaur egun, langile herri batean bizi den andre txiro bat da Margaret, zarpaila, batere dotoreziarik gabekoa: «Eta nik begiak estali nituen: 'Orain ikusiko ditu benetan haren aurpegia eta haren eskuak', esan nuen ozen. Luze egon nintzen begiratu ezinik, baina, halako batean ausartu nintzenean, ikusi nuen elkarri itsatsita zeudela oraindik».

Aurten ehun urte beteko dira Rebecca Westek (Kerry, Irlanda, 1892-Londres, 1983) Soldaduaren itzulera idatzi zuela. Lehen Mundu Gerran kokatzen da istorioa; hura amaitzear zela kaleratutakoa da, beraz. Gerra haren hastapenaren mendeurrenarekin bat etorriz, 2014an itzuli zuen euskarara Maialen Berasategi Catalanek (Gasteiz, 1989). EIZIEk bultzatutako Literatura Unibertsala bilduman argitaratu zuen lana, Erein eta Igela argitaletxeen lankidetzan. Liburuan oinarrituta, filma ere egin zuten 1982an, Alan Bridgesek zuzenduta.

Ez da lubakietako kontakizunik ageri nobelan; gerraren aurrera eta atzera pausoen berririk ere ez da ematen. Hala ere, gerrari estu-estu lotutako istorio bat da, testuingurua gertaera horren bueltakoa delako. Borrokara joanak dira gizonezkoak, eta haien zain daude emakumeak, etxean. Hitzaurrean, honela dio Berasategik: «Gerra trauma horrek gehiago dirudi pizgarri bat bestelako trauma batzuez mintzatzeko: gizarte sistema tradizional hertsi baten arauek sortutakoak, esaterako». Baldrytarrak «gizarte materialista tradizional patriarkal klasista baten arau zurrun aldaezinen» mende bizi direla gaineratzen du. Arau horiek lau pertsonaiei eragiten dizkieten barne gerrak dira nobelaren haria.

Westek liburua idatzi zuenetik mende bat joan den arren, pil-pilean jarraitzen dute han ageri diren hainbat gaik. Aporofobia izan daiteke horietako bat, pobrearekiko destaina, arbuioa eta aurreiritzia. Sentimendu hori gailentzen zaio Jenny lehengusu eta narratzaileari hasieran, Margaret ikusten duenean. «Zabarkeriak eta pobreziak irentsia zegoen, higuingarriro, nola ematen baitu higuingarria eskularrurik dotoreenak ere hotel bateko ohepera erori eta neskameak handik ateratzen duenean [...]». Kontakizunak aurrera egin ahala, pertsonaiek batak besteaz duten ikuspegia ere aldatuz doa, ordea. Eta nahi ote dute Chrisek memoria berreskuratzea? Komeni ote zaie?

Lehena, baina ez sonatuena

Damua, helduaroko erantzukizunak, norberaren nahimenaren eta betebeharren arteko sokatira, eta horrelako beste dualismo ugari ere jorratzen ditu nobelak, Berasategi itzultzaileak hitzaurrean jartzen duen moduan. Eta Westen beraren bizitzan ere oso presente egon ziren gai horiek. Feminista zen, eta, Erresuma Batuko emakumeen boto eskubidearen alde, sufragista moduan aritu zen. «Nik neuk ez dut sekula oso ondo jakin zer den feminismoa. Hauxe besterik ez dakit: jendeak feminista esaten didala lanpas batetik edo prostituta batengandik bereizten nauten sentimenduak adierazten ditudan aldiro», esan zuen Westek. Ama ezkongabeen estigma —bera ere halakoa zen—, bortxaketak eta sexualitatea izan ziren literaturan eta prentsan jorratu zituen gaietako batzuk. Alabaina, emakume askori gertatu izan zaien moduan, maila handiko lanak utzi arren, halakoren maitalea izateagatik edo semearekin zuen harreman kaskarragatik egin zen ezagunago; ama absolutu bati gizarteak eskatzen zizkion balioak praktikan ez jartzeagatik, kasurako.

Henrik Ibsenen Rosmersholm antzezlaneko pertsonaia bati hartu zion Rebecca West izen artistikoa Cecily Isabel Fairfield gazteak, 19 urte zituenean. Antzerkian ere zerbait aritu bazen ere, idazteko zuen abilidadeagatik nabarmendu du zen, oso gaztetatik. Bere-bereak zituen sen kritikoa eta munduan gertatzen zenarekiko interesa. Hala, literaturan eta kazetaritzan nabarmendu zen. Soldaduaren itzulera izan zen Westen lehen nobela, baina ez da haren lanik txalotuena. Black Lamb and Grey Falcon liburuari dagokio ohore hori. 1930eko hamarkada amaiera aldera, orduko Jugoslaviara egindako bidaietan ikusitako gatazken berri kontatzen du inoizko bidaia liburu onenen zerrendetan ere agertu izan den horrek. Bigarren Mundu Gerra bete-betean zela idatzitakoa da.

Hain zuzen, nazien erregimenaren aurka ere kronika zorrotzak argitaratu zituen Westek kazetari gisa egindako lanetan. Nurenbergeko epaiketen gainean New Yorker aldizkarirako idatzitako kronikek egin zuten bereziki ezagun. Gertakizunetan bakarrik oinarritu ordez, urrunago ere joaten zelako goraipatzen zizkioten artikuluak, akusatuen nortasun konplexuetan sakontzeko gai zelako. Psikoanalisia asko interesatzen zitzaion. Aipagarriak izan ziren Hegoafrikako apartheid-ari buruz idatzitako kronikak ere.

Volver