Berria
09/11/2017

Sustraiak sormenaren iturburu

Herri musikan erabilitako instrumentuen bilduma osatua argitaratu du Juan Mari Beltranek
M. Unanue Irureta

 

«Guri zaharra dena gustatzen zaigu, onena da». Hala esan zion 40 urte bueltako gazte batek Juan Mari Beltrani Boisanen (Leon, Espainia). Danbolin jotzaile baten peskizan joan zen herri txiki hartara Beltran, lagun batekin, «artean pezetak erabiltzen zirela», 1998-1999 inguruan. Kamera eta audio grabagailua hartuta ibili ziren egun osoan, goizean goizetik, dianarekin hasita. Beltran, ordea, ez zegoen ados hara nolatan iritsi ziren galdezka hurbildutako harekin: «Niri ez zait zaharra dena gustatzen, berria baizik, aberatsa den hori: berrikuntzak ematen duen hori gustatzen zait».
Soinu-tresnak euskal herri musikan, 1985-2010 liburu, CD-DVDa osatu berri du musikariak. Ez dira instrumentu berriak: euskal herri musikan gaur arte iraun duten tresnak dira. Beste era batera esanda, euskal herri musikaren sustraiak dira —edo haien parte bat, behintzat—. «Maurizio Elizalderen Arizkungo sagar dantza hori Bela Bartokek konposatua izan zitekeen. Hor dago aberastasuna». Beltranentzat berria ez da soilik azkena egin den musika: berria da esku artean edukitakoarekin beste zerbait sortzea, ordura arte ez bezala erabilita. «Bat-batean, Primi Erostarbek, panderoarekin zer egin ez dakiela, ez baitu beste soinu tresnarik, moldatu behar du zeozer sortzeko kopla eta kopla artean; edo ez al da sormena Mauriziok Andre Madalen jota ere, sei buelta jotzen baditu, seiak diferente jotzea? Hori ez al da berria? Hori da niri gustatzen zaidana».
Hamasei instrumentu bildu ditu Beltranek. Ezagunak, ohikoak dira gehienak, baina beste batzuk ez hainbeste. Horien artean dago, esaterako, sunpriñua. Tresna berezia da, hurritzari azala erauzita egiten baita. Eta, gainera, ez du denboran irauten: Beltranek azaldu duenez, egunak edo, asko jota, hilabeteak iraun dezake: uretan gordetzea da sekretua, bestela lehortu egiten baita. Nafarroako Larraunen, Aralar mendian ibiltzen ziren artzainak izan ziren azken sunpriñu jotzaileak, antza. Arratsaldero, ardiak jetzi ondoren jotzen zuten artzainek, menditik etxerako bidea hartzen zutenean: herritar guztiek jakiten zuten, horrela, bueltan zihoazela. Lauzpabost kilometrotara heltzen zen hotsa.
Instrumentu bakoitzaren aurkezpen orokorra egin du Beltranek, bakoitzaren ezaugarriak eta eman zaizkien funtzioak deskribatuz. Eta hori guztia, jatorrizko sortzaileek eurek azalduta. Esaterako, panderoa eta Primi Erostarbe. Haren gurasoek taberna bat zuten Oñatiko Araotz auzoan (Gipuzkoa), eta igandero han jartzen zuten Erostarbe kantuan eta panderoari eragiten, bezeroak entretenitzen.
1980ko hamarkada erdialdera abiatutako proiektu baten hirugarren eta azken urratsa du hau Beltranek. Lehena Euskal Herriko soinu-tresnak (1985) izan zen, eta bigarrena, Orain dela 25 urteko hots abentura (2010). Lehenengoan kanpoan gelditu ziren zenbait elementu gehitu zituzten bigarrenean, eta, azken urrats honekin, guztia batzea izan dute helburu.
Transmisioa ahalbidetzea
Sormenaren eta berriaren inguruan Beltranek esandakoen harira, Negu Gorriak taldearen Gure jarrera (1991) diskoa ekarri du gogora Anjel Valdes Elkar diskoetxeko editoreak. «Sunpriñuaren sampler hori agertzen zen diskoaren hasieran: agian jendeak esango du, 'ze zaharra', baina gazteek edo taldeek berek ere lan honetan ikusi dute eboluzio bat, eta eduki inportante bat beren lanak aurrera ateratzeko eta komunikatzeko».
Transmisioa laguntzea da Elkarren «lanik inportanteena», Valdesen esanetan. «Edukia berez oso aberatsa da, eta modu integral batean ikusarazten digu atzerako bide bat, oso aberatsa eta aktuala; gure sustraiak, aktualitatea eta etorkizuna ikusteko momentuan ezinbesteko iturria da». Sustraiak ezagutzearen garrantziari tiraka, Joseba Sarrionandiaren aipu bat ekarri du gogora: «Nekez uzten du bere sorterria sustraiak han dituenak».
Volver