Berria
19/11/2017

Saioen mugak eta beste

.
Aiora Sampedro

 

Pamielak Xabier Mina jeneral nafarraren inguruko ikerketa argitaratu du bi liburukitan. Ikerketa Kepa Larrea historialari eta filologoak egin du. Lanak azkenaldian ugaritzen ari den Saioa eta Testigantza bilduman argitaratu dira, baiki emaitza interesgarriak ari dira sortzen; kasu honetan, saioaren eta testigantzaren arteko hibridazioa gailentzen da lehen liburuan: Mina edo libertatea!; Biba Mina! Kontuak eta kantuak izeneko bigarren lanean, aldiz, hibridazioa are zabalagoa da, eta testigantzaz eta saioaz gain, fikziozko kontakizunak eta olerki-bilduma ere agertzen dira.
 
Mina edo libertatea!-k Xabier Mina jeneralaren bizitza politikoko unerik esanguratsuenak biltzen ditu, eta datuak harilkatuz, kontakizun osoa osatzen du egileak. Ikerketa lana sakona izan dela nabari bada ere, era didaktikoan azaldua dago liburua, edozein irakurlek aise jarraitzeko moduan. Larreak gibel solas modura gehitutako azken kapituluan aipatzen du Minaren inguruko ikerketek erakusten dutela «hari buruz dokumentazio ugari baina informazio gutxi dagoela» eta lan honek, hein batean, arazo hori asetzeko saioa dirudi; datu asko ematen dira, sarri gai beraren inguruko beste ikerketa-lan batzuetakoekin konparatuz eta azalpenik egokienak aukeratuz. Horri loturik, gaian jantzia ez den edonork irakurri ahal izateko moduko iruzkinak egiten dira garaiko egoera historikoaren inguruan. Kontrapuntu gisa, lehen liburukiko saioari dagokionez, testigantzak tankera epikoa hartzen du une batzuetan eta pertsonaia historikoak, pertsonaia literarioarena; eta esango nuke, alderdi horrek irakurketa errazten duela eta abiadura ematen diola.
Azkenik, iduri luke saio osoa gibel solas-erako bidea dela, bertan, Larreak testigantza osoan zehar gailendutako tesia plazaratzen baitu: Minaren inguruko «informazioa apur hori kutsatuta dagoela; hots, itxuraldatuta, testuingurutik kanpo aterata». Horrela justifikatzen da lan honen helburua; hau da, historian ahantzirik utzitako jeneral baten irudia berreskuratzea eta egindako lana aitortzea.
 
Bestalde, azpimarragarria da Biba Mina! Kontuak eta kantuak liburuan olerkiak eta fikzioa ere txertatzen direla. Bigarren liburuki hau aurreko saioaren ondoren irakur daiteke, baina Larreak olerki eta kontakizunen artean txertatzen dituen azalpenei esker, Minaren bizitzaren inguruko saiakera ezagutu gabe ere uler daiteke. Bide batez, aipatzekoa da gertakariak ilustratzeko baliatutako irudiek are gehiago aberasten dutela irakurketa, interpretazio-bideak zabaltzen baitituzte.
Olerkien eta irudien jatorria azaltzen bada ere, kontakizunen kasuan egileak ez du berdin jokatzen. Saiogileak berak aipatzen du Minaren inguruan mito asko zabaldu direla eta gehienak, ziurrenik faltsuak direla; agian horregatik ez da aipatzen istorioen egilerik edo iturririk. Edozelan ere, kontakizunak pertinenteak dira, narratzaileak ahots orojakilez kontatzen baititu pasarteak, pertsonaia historikoa humanizatzen da sakontasun psikologikoa emanez.
Orokorrean, erraz eta gustura irakurri ditudan liburuak dira. Helburu nagusia betetzen dute; pertsonaia historikoari bereak aitortzea.
 
'Mina edo libertatea!' eta 'Biba Mina! Kontuak eta kantuak'
Egilea: Kepa Larrea.
Argitaletxea: Pamiela.
Generoa: Saiakera
 
Volver