Berria
19/11/2017

Gose amaigabe bat

Afrikan independentzia lortzen azken herrialdeetakoa izan zen Zimbabwe. 1970eko hamarkada hartan kokatu zuen 'The House of Hunger' Dambudzo Marecherak.
Estibalitz Ezkerra

 

Izengabeko narratzailea «gosearen etxetik» alde egitear dela abiatzen da Dambudzo Marecheraren (Rusape, 1952-Harare, Zimbabwe, 1987) The House of Hunger (1978, Gosearen etxea). Gobernuan den gutxiengo zuriak aldebakarreko independentzia aldarrikatu du, eta gerrilla nazionalistak haren kontra ari dira borrokan. Narratzailea ez da agintean diren zuriekin batere fio, eta buruzagi beltzengan ez du konfiantza handiagorik. Herrialdea porroterako bidean dela iruditzen zaio. Hortik gosearen etxea izendapena. Zimbabwen «bizitza», esaten digu narratzaileak, «zerumugarantz etenik gabe luzatzen diren goseak astindutako txabola ilaren» modukoa da. Gosea errealitate material gordina da Zimbabwen, eta milaka dira haren atzaparretatik ihes egin ezin duten herritarrak. Baina alderdi metafisiko bat ere badu, nazio kontzientziaren isla ere bada-eta gosea: dena baino gehiago izan nahi du nazio kontzientzia horrek, eta horregatik da gose. Ustelkeriak eta pobreziak ez diote, ordea, gose hori asetzen uzten.
Aste honetan berriro albiste izan da Zimbabwe, militarrak altxatu eta herrialdearen kontrola hartu dutenean. 1970eko hamarkada hasieran, baina, Hegoafrikarekin batera, Afrikan independentzia lortzeko zegoen herrialde bakarra zen —garai hartan Rhodesia—. Ian Smithen buruzagitzapean, gutxiengo zuri baten esku zegoen gobernuak britainiarren aginteari amaiera eman, eta aldebakarreko independentzia aldarrikatu zuen, herrialdea errepublika izendatuz 1965ean. Jarraian, lege bidegabeak, segregazioa, atxiloketa arbitrarioak eta bestelako jazarpen neurriak hartu zituzten herritar beltzen populazioa kontrolpean mantentzeko. Erantzun moduan, nazionalista beltzek, ildo marxista-sozialistak jarraitzen zituzten Zimbabweko Afrika Nazionalaren Batasuneko Robert Mugaberen eta Afrikako Herritarren Batasuneko Joshua Nkomoren gidaritzapean, sasitara jo, eta hortik askapenerako borroka abiarazi zuten. Gerrilla nazionalisten erasoek eta nazioarteko erakundeen presioak gobernua gehiengo beltz baten esku uztera behartu zuten Ian Smith 1980an. Hamabost urteko indarkeriak, ordea, zauri sakonak eragin, eta herritarrak banatu egin zituen. Independentziak ez zuen aginte autoritarioaren amaiera ekarri, ezta estatu indarkeria zein ustelkeria desagerrarazi ere. Fanonek iragarri bezala, aginte kolonialari diktadura batek hartu zion lekukoa.
Bidean dela, taberna batera sartu, eta lagunekin —Harry lehenengo, Julia ondoren— topo egiten du narratzaileak. Hortik aurrera, ezegonkortasun eta mehatxuzko giro orokorraren erdian, narratzailearen tokiz kanpokotasuna azpimarratzen duten gogoetak eta atzera begirako eszenak tartekatu egiten ditu kontakizunak. Marechera bera bezala, narratzailea ez da sentitzen ez hemengo ezta hango ere. Hezkuntzarako aukerak herrikideengandik banandu egin du, aurrean duen erbesterako aukerak jaioterritik urrunduko du, arrazakeriak beste norbait bihurtuko du doan herrialdean, eta itzulerak ez du egindako distantzia laburtuko. Hala ere, narratzaileak ez du amore emango, eta izateko eskubidea azpimarratuko du. «Tangentetik irteteko duzun eskubidea azpimarratu. Boikoterako zure eskubidea. Etiketatua izateari uko egiteko eta besteek espero bezala ez jokatzeko zure eskubidea azpimarratu. Plazeragatik soilik ezetz esateko zure eskubidea. Teoria psikologiko, erlijioso, historiko, filosofiko, politiko eta abarren arabera giza inpultsoak arautzeko eskatzen duten horiek nahasteko zure eskubidea azpimarratu. Desioen garrantzi handia azpimarratzeko zure eskubidea azpimarratzeko zure eskubidea azpimarratu».
Edertasun eta itxaropen ikuspegiz hasi eta bukatzen da House of Hunger, baina nobelaren oinarrian dagoen etsipenak adierazten du aldizkako poztasun une hauek errealitate bortitzak birrindutako baikortasunaren hondarrak direla.
«Garrasi bat entzutea bezala». Hala deskribatu zuen Doris Lessingek The House of Hunger irakurtzearen esperientzia. Marecherak berak «literatur shock terapia» moduan deskribatu zuen kontzientzia jario, kanpoko gertakari eta buru barruko prozesuen arteko txandakatze etengabe zein groteskoa denarekiko liluran oinarritzen den nobelako idazkera. Ingelesez, hots, bere bigarren hizkuntzan —Shonera zuen lehen hizkuntza— idazteari ere egozten zion efektu hori. Ingelesez idaztea agintearen kontra borrokatzearen pare begitantzen zitzaion, «gramatika alboratu, sintaxia zaborretara bota, irudiak barrutik irauli, erritmoaren danborrak eta tinbalak jo, ironia eta sarkasmo tortura ganberak zein mugagabeko erresonantzia beltzen gas-labeak garatzeko» prozesua zen aldetik.
Kritikak ere bai
Goraipamenak ez ezik, kritika gogorrak ere jaso zituen The House of Hunger-ek. Lanarekin kritiko agertu zirenek, haien artean Julia Okonkwok, borroka antikolonialari begira, traiziotzat jo zuten Marechera europar modernismoaren teknikekin lerrokatu izana. Zimbabweko egilearen obraren bultzatzaile Annie Gagiano kritikariak azaltzen duenez, «Marecheraren laneko afrikar kosmopolitanismoa edo afrikar modernismoarekiko kritikari batzuen aztoramena Ngugi wa Thiong'o-ren Decolonising the Mind (1986, Adimena deskolonizatuz) saio bilduma garrantzitsuaren pasarte batekin lot daiteke: 'Mintzaira arrotzeko pentsaera prozesuak eta balioak bere eginda, [afrikarrak] ama mintzairaren edo masen mintzairaren balioetatik alienatu egiten du bere burua'».
Marecherak esaldi bakar batekin erantzun zien salaketa horiei: «Nazio edo arraza jakin batentzako bakarrik idazten baduzu, bada izorra zaitez».
 
Volver