Berria
15/10/2017

«Musika eta gainerako arteak beste behar dute poesia umeek», Antonio Garcia Teixeiro, idazlea

Poesiaren botere eraldatzailean sinesten du, eta ikasgelaraino eraman behar dela aldarrikatzen. Espainiako Haur eta Gazte Literatura saria eman berri diote, 'Poemar o mar' poemarioagatik.
Amagoia Iban

 

Joan den astean zabaldu zen albistea: Antonio Garcia Teixeiroren (Vigo, Galizia, 1952) Poemar o mar poesia bildumak irabazi du aurten Espainiako Haur eta Gazte Literatura saria. «Oso-oso pozik nago», dio telefonoz etxetik. Goi mailako eskubaloi jokalari zenean, poesia liburuak eraman ohi zituen maletan. Kirola utzi, eta irakasle egin zen. Ikasgelan ikusi zuen poesiak umeei sortzen zien zirrara. Zirrara horren alde aritu da lanean ordutik. Na fogueira dos versos poemarioa IBBY nazioarteko haur eta gazte literaturako ohorezko zerrendan sartu diote; eta hainbat sari jaso ditu.
- Euskaraz, Parkeko txoko berdea (Elkar, 1989) ipuina irakur dakioke. Galegoz Noa izena zuen testu hori Joxantonio Ormazabalek itzuli zuen.
- Poemar o mar bilduma saritu berri dizute. Poesia da, haurrentzako eta galegoz.
- Egia da sari honek miraria dirudiela, eta bada, neurri handi batean, galegoz idatzitako poesiarekin halako sari bat irabazteko hamaika baldintza bete behar direlako. Beti esan izan dut umeek izugarri maite dutela poesia, eta helduek ilusioz helarazi behar dietela. Sari honek bereziki pozten nau, bolada batez poesiaz hitz egiteko beta emango duelako. Baliteke orain batzuk poesia ikasgeletara eramatera ausartzea. Urte asko dira horren alde borrokan ari naizela. Poesiagatik pozten naiz. Eta galiziar hizkuntzagatik.
- Poesia ikasgelaraino eramateko borroka hori zein fasetan ikusten duzu?
- Oraindik ere, egiteko asko dago, gutako gehienak ez ginelako poesiarekin heziak izan. Denok gara poeta, baina. Denok sentitu dugu noizbait poesia idazteko gogoa, behar dugulako. Sentiberatasun poetikoan heziak izan ez direnez, irakasle eta guraso gehienek ez diete poesia irakurtzen beren umeei. Horrek hezkuntza arazo handiak sortzen ditu. Umeek, izan ere, poesia behar dute, musika eta gainerako arteak behar dituzten neurrian.
- Hiru hamarkada dira zerorri haurrentzako olerkiak idazten hasi zinela. Zer ikasi diezu?
- Izugarri maite dutela poesia. Irakasle nintzela konturatu nintzen horretaz. Hala hasi nintzen idazten, ikasle txikiei poesia eskaintzen. Olerkien bidez pertsonen jarrera alda daitekeela ikasi diet.
- Eta ikasleen bitartez irakaslea ere alda daitekeela, akaso.
- Egia da nire ibilbidea ezin dela ulertu nire irakasle bizipenik gabe. Hori gabe ere poesia idatziko nuen, seguruena —nik poesia behar nuelako nire beldurrei eta barne deabruei aurre egiteko—, baina olerki bat idatzi nuen behin umeen aurrean, gelako arbelean, eta ume haien erantzuna, nola kantatu, marraztu eta errezitatu zuten ikusi nuenean, dena aldatu zen. Egun hartan bertan erabaki nuen sekula ez niola utziko haurrentzako poesia idazteari. 1986an gertatu zen.
- Hitza bete duzu.
- Bai. Saiakerak, narrazio lanak idatzi ditut, baina ikasleekin hartutako konpromisoa betetzen segitu dut.
- Besteri poesia helarazteari buruz ari zara. Nola heldu zen poesia zeure bizitzara?
- Musikaren bitartez. Lehenik, Bob Dylanekin. Ahots hark zerbait esaten zidan. Artean ez nekien ingelesez, baina argi neukan abesti haietan zerbait esaten zela.
- Poesiarekin benetan eta erabat hunkitu ninduena, baina, Paco Ibañez kantaria izan zen. Hura entzunez aurkitu nituen poeta asko, nire ikasle garaietan aipatu ere egiten ez zirenak. Jazarritako poetak orduan ezagutu nituen. Paco Ibañezek haien magia musikatzen asmatu zuen. Poesia hura irakurtzen hasi nintzenean, sentimenduak adierazteko nire modua aldatu egin zen. Ordurako idazten nuen, baina olerki oso txarrak ziren nireak. Irakurketak aldatu zuen nire idazketa. Horregatik, beti esango dut ezin dela ezer idatzi aurretik asko irakurri gabe. Neronek, sekula ez diot utzi irakurtzeari.
- Paco Ibañez aipatu duzu. Zure hiru poema musikatu ditu.
- Bai. Rafael Albertik aurkeztu gintuen, eta hark nire hitzak kantatzea zoragarria iruditzen zait. Oso eskuzabala da. Hainbat abeslarik musikatu dituzte nire hitzak. Zorionekoa naiz, egia esan. Alvaro Cunqueirok, bere garaian, lagundu egin zidan. Baita Luis Eduardo Autek ere...
- Eta aipatu duzun Albertik berak.
- Albertirena ezinbestekoa izan da niretzat. Itsasoarekiko nire grina poetikoa hari zor diot, haren Marinero en tierra liburuari.
- Itsasoaz mintzo den trilogia bateko alea saritu dizute, hain zuzen ere: Poemar o mar.
- Bai, trilogiako bigarren poemarioa da. Itsasoa, niretzat, bizitza eta grina da. Itsaso horretan daude nire irakurketak, kantuak, esperientziak eta gogoeta bideak.
- Hau ez duzu lehen saria. Zenbateraino lagundu dizute sariek?
- Sariek nire lana ezagutarazten, poesia gizarteratzen lagundu didate. Ateak irekitzen lagundu didate. 1996an Merlin saria irabazi izan ez banu Na fogueira dos versos poemarioarekin—Rafael Albertiren Puerto de Santa Mariako etxean bukatu nuen—, ez nintzateke egungoa izango. Sariek aurrera egiteko eta hobetzeko indarra ematen didate. Batzuetan, izan ere, oso gogorra da idaztea, eta zure lana irakurtzen dutela jakiteak asko laguntzen du.
- Zein egoeratan dago gaur egun galizierazko literatura?
- Maila bikaina daukate, gai eta edizio arloan. Idazle on eta berritzaile asko dago. Jorratzen diren gaiak, edizioaren kalitatea... oso onak dira. Oraindik ere ez da erraza galizieraz bizitzea. Borrokan segitzen dugu. Egunkarietan agertzeko ere bai: elkarrizketa galegoz egiten dizute, baina beti gazteleraz agertzen da gero. Garai zaila da, eta sari honek horretan ere lagunduko duela espero dut.
Volver